231. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.6. NAFARROAKO KONTSEILUA

109/2021 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez modu esperimentalean ezartzen baita Genero-berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modular bat, eta ezartzen baitira 2021-2022 ikasturterako onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak, eta antolaketako zenbait alderdi, Nafarroako Foru Komunitatean.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1. eta 2. artikuluetan ezartzen du Lanbide Heziketako sistemaren helburuetako bat dela funts publikoekin ordaintzen den prestakuntza-eskaintzak aukera ematea prestakuntza bizitza osoan zehar jasotzeko, betiere aurreikuspen eta egoera pertsonal eta profesional desberdinetara egokituta, eta eraginkortasunez erantzunda eskaera sozial eta ekonomikoei prestakuntza modalitateen bidez.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 40. artikuluan ezartzen du zein diren Lanbide Heziketaren helburuak hezkuntza sisteman, eta adierazten du, besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko benetako aukera berdintasuna sustatzen lagunduko duela, mota guztietako lanbide-aukerak izan eta gauzatu ahal izateko. Ildo beretik garatu zen 1147/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, 3.2 artikuluan hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

Genero berdintasunaren sustapenerako Lanbide Heziketako eskaintza modularraren ezarpena apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 35.1 artikuluan xedatutakoaren barnean sartzen da, izan ere, genero arloko prestakuntza bermatzen baitu Lanbide Heziketako goi mailako teknikarientzat batez ere; gainera, Nafarroako Lanbide Heziketak horren bidez bat egiten du Garapen Jasangarrirako 5. Helburuarekin, genero-berdintasunari buruzkoarekin, alegia. Eta bukatzeko, Lanbide Heziketari bultzada emateko plan estrategikoan jasotzen den Lanbide Heziketako eskaintza birmoldatzeko jarduketa esparruan ere sartzen da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 20. Osagaiaren barnean sartzen baita plan hori.

Genero berdintasunaren sustapenerako gaitasunak eta prestakuntza dituzten langileen eskaria dela eta, hezkuntza-administrazioak malgutasunez jokatu beharra dauka arlo horretako gaitasun profesionalak eskuratzera bideratutako prestakuntza-ereduak garatzeko orduan. Malgutasun hori arloan gaitasun maila handiagoa emanen duten prestakuntza-ereduen bidez garatu behar da, eta horretarako, ezinbestekoa da Nafarroako Lanbide Heziketaren eskaintzak eskakizun berri horiei heltzea.

Horrenbestez, ikusita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena, Lanbide Heziketako eskaintza modularraren ezarpenari dagokionez, eta 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean ikastaro horiek antolatzeko alderdien eta onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak ezartze aldera.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2021-2022 ikasturterako modu esperimentalean ezartzea Lanbide Heziketako eskaintza modular bat, ebazpen honen 1. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

2. Onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak onestea, baita eskaintza modularra antolatzeko zenbait alderdi ere, ebazpen honen 2. eta 3. eranskinetan zehaztutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 21ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Lanbide Heziketaren eskaintza modularra. 2021-2022 ikasturtea

1.–Eskaintza.

1. Lanbide Heziketaren eskaintza modularra hurrengo taulan zehazten diren moduluetako unitate batekoa da. Eskaintza modular hori sekuentziatua da, eta moduluak bata bestearen segidan eskainiko dira ondoren adierazten den hurrenkeran:

LANBIDE MODULUA

ECTS KREDITUAK

LANBIDE ARLOA

IKASTETXE BATERATUA

1404. Berdintasuna sustatzeko esku-hartze esparruak

9

Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

Hezitzaile Eskola II

1405. Emakumeen parte-hartze soziala

7

1402. Genero indarkeriaren prebentzioa

12

1401. Genero ikuspegia informazioan eta komunikazioan

12

1402. Emakumeen enpleguaren sustapena

12

2. Talde bakoitzaren ratioa hogeita bost ikaspostukoa da, oro har.

2. ERANSKINA

Lanbide Heziketako eskaintza modularraren onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak. 2021-2022 ikasturtea

Eranskin honetan ezarritako egutegia eta jarraibideak Lanbide Heziketako eskaintza modularrean aplikatzeko dira.

1.–Betebeharrak.

Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide moduluetan ikaspostua eskatzen ahalko dute Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko ezarritako baldintzetako bat betetzen dutenek.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Zerrenda bat eginen da Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide-moduluetan izena eman duten ikasleekin, eta hurrenkeran jarriko dira, honako irizpide hauei jarraituz:

–Lehenik: Gizarte eta kultur eta komunitatearentzako zerbitzuak lanbide arloko goi-mailako teknikari titulua edo baliokidea dutenak, eta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrenik: beste edozein lanbide arlotako goi mailako teknikari titulua edo baliokidea dutenak eta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Hirugarrenik: aurreko bi egoeretan egon ez arren Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenak.

2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren hiru taldeetako bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenbizikoa: Eskaintzen diren moduluen artetik gaindituta dituztela egiaztatzen duten modulu kopuruaren arabera, gainditutako lanbide-modulu kopuru handienetik txikienera ordenatuta; inskripzio egunean modulu horietakoren bat egiten ari badira modulu hori gainditutzat emanen da.

–Bigarrena: Lehenbiziko bi taldeen kasuan, Lanbide Heziketako goi mailako teknikari tituluan agertzen den notaren arabera, eta hirugarren taldearen kasuan sartzeko baldintzetan egiaztatutako notaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta, dagokionaren arabera.

Espedientetik edo ziurtagiritik batez besteko nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Hirugarrenik: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan aplikatzeko egindako zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da.

3.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakar bat dago Lanbide Heziketako eskaintza modularraren lanbide moduluetan onartua izateko: epe arrunta. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Onarpen prozesuaren epe arruntean lanbide modulu bakoitzean parte hartuko dute modulu horietan sartzeko izena eman eta sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonek, edo bestela onartuak izateko irizpideak frogatzeko egoeran daudenek. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, ikastaroaren hasiera egunetik 5 eguneko epean ikastaroa hasten ez dutenei baja ofizioz emateagatik.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

4.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak inskripzio-orri bakarra aurkeztu beharko du, behar bezala beteta, lanbide modulu bakoitzerako izena emateko ezarritako egunetan. Inskripzio-orri hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko ‘Lanbide Heziketako eskaintza modularra: sustapena eta genero-berdintasuna’ tramiteen fitxan ageri denaren araberakoa izanen da. Hezkuntza Departamentuaren webguneko helbide honen bidez eskura daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/formacion-profesional

2. Lanbide Heziketako eskaintza modularraren lehen moduluko inskripzio-orria aurkezteko epea 2021eko urriaren 4tik 8ra arte da (14:00ak arte, aurrez aurre aurkezten diren eskaeren kasuan, 23:59 arte, era telematikoan aurkezten diren eskaeren kasuan).

Eskaintza modularraren gainerako lanbide moduluetarako hurrengo inskripzio epeak, eskaintza non ezarri den, ikastetxe bateratu haietan iragarriko dira, hasi baino astebete lehenago gutxienez.

Eskaintza modularra non ezarri den, ikastetxe haietako bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskripzio-orria.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Erregistro telematikoa, “Educa” atariaren bidez, eranskin honen 4.1 jarraibidean aipatzen den Tramiteen fitxako ‘Lanbide Heziketako Eskaintza modularra: sustapena eta genero berdintasuna’ lotura baliatuz, aukeratutako eskaintza modularreko lanbide modulua ematen duen Lanbide Heziketako ikastetxeari zuzendua.

b) Aurrez aurre, aukeratutako eskaintza modularreko lanbide modulua ematen duen Lanbide Heziketako ikastetxean.

3. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, sartzeko ezarritako baldintzak, eta hala badagokio, onartuak izateko baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

4. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskribatzeko-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzeko dokumentazioa.

–Sartzeko aurkeztutako Lanbide Heziketako tituluaren batezbesteko nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Hala badagokio, eskaintzen diren modulu profesionaletatik gaindituta daudenak frogatzeko agiriak.

–Hala badagokio, goi mailako teknikariaren titulua (sartzeko frogatu den baldintza bada, ez dago bigarren aldiz aurkeztu beharrik).

–Hala badagokio, Nafarroako errolda edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 6. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

6.–Laneko esperientzia eta Nafarroako errolda frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangaiaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

7.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

8.–Zozketa.

2021-2022 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2021eko maiatzean egin zen.

9.–Onarpena.

Pertsona bat Lanbide Heziketako eskaintza modularreko lanbide modulu batean onartuz izan dela ulertuko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 3. jarraibidean ezarritako kasuen ondorioz.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda hauek argitara emanen dira Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide moduluak irakasten dituzten ikastetxeetan eta eranskin honen 4.1 eranskinean aipatzen den Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko ‘Lanbide Heziketako eskaintza modularra: sustapena eta genero berdintasuna’ izeneko fitxan.

2. Lanbide Heziketako eskaintza modularraren lehen moduluan onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda 2021eko urriaren 13an argitaratuko da. Gainerako moduluetako bakoitzeko behin-behineko zerrenda Lanbide Heziketaren eskaintza modularra egiten duen ikastetxe bateratuak erabakitako egunetan argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio-orria, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akatsak zuzentzeko, 2021eko urriaren 13tik 15era bitarte (14:00ak arte), eskaintzaren lehen moduluaren kasuan. Gainerako moduluetako bakoitzeko erreklamazio-epea Lanbide Heziketaren eskaintza modularra egiten duen ikastetxe bateratuak erabakitako egunetan argitaratuko da.

4. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren ikasleen behin betiko zerrenda 2021eko irailaren 18an argitaratuko da, onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den toki beretan, eskaintzaren lehen moduluaren kasuan. Gainerako moduluetako behin betiko zerrendak Lanbide Heziketaren eskaintza modularra egiten duen ikastetxe bateratuak erabakitako egunetan argitaratuko dira.

5. Onartuek 2021eko urriaren 18tik 20ra bitarte egin beharko dute matrikula, ikaspostua lortu duten ikastetxean bertan, eskaintzaren lehen moduluaren kasuan. Gainerako moduluetako bakoitzean matrikula egiteko epea Lanbide Heziketaren eskaintza modularra egiten duen ikastetxe bateratuak erabakitako egunetan argitaratuko da.

6. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

7. Matrikula Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide moduluetan egin duten ikasleak, arrazoirik azaldu gabe, ikastaroa hasten denetik 5 eguneko epean klaseetan hasten ez badira, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

8. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horri buruzko datuak: eskaintza modularreko lanbide modulua; hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira legezko balioa duen identifikazio dokumentazioan agertzen direnekin.

–Ikastetxeak bestelako dokumentazio gehigarriak eska diezazkieke ikasleei.

2. Matrikulazioa egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

3. Matrikulak eginda eskaintza modularraren lanbide modulu bakoitzean amaierako ebaluazioko deialdi arrunt baterako eskubidea izanen da.

12.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

13.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikastaroaren hasiera-egunetik 5 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

14.–Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

15.–Matrikulen bateraezintasuna.

2021-2022 Lanbide Heziketako eskaintza modularraren lanbide modulu batean matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

–2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko irakaskuntzen ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, izan ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.

–2021-2022 ikasturtean Nafarroan Lanbide Heziketan matrikulatzearekin, eskaintzaren edozein modalitatetan.

16.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

17.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

18.–Komunikazio bideak.

–Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide modulua ematen duen ikastetxea.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoak: 848 426628 - 848 426036.

–Faxa: 848 426987.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es

19.–Lanbide Heziketaren eskaintza modularraren antolaketari dagozkion alderdiak.

19.1. Modu esperimentalean ezarritako Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko moduluen ikasketen egutegia.

–2021eko urriaren 20an emanen zaie hasiera eskaintzako lehen lanbide moduluko eskolei, eta azken lanbide moduluko eskolak 2022ko ekainaren 22an bukatuko dira.

–Ikastetxe bateratuak erabakiko du lanbide modulu bakoitzaren hasiera eta amaieraren sekuentziazioa, lanbide modulu bakoitzeko ECTS kredituetarako baliokidetza aintzat hartuta.

–Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide moduluen iraupena kontuan izanik, 12 ECTS kredituren baliokidea gehienez ere, ikastetxeek programatuko dituzten ikasketa-jarduerek 30 eskolalditik beherako eskola-karga izanen dute.

–Ikastetxe bakoitzak izena emateko epe arrunta hasi baino lehenago eman beharko du lanbide modulu bakoitzerako programatutako eskola-ordutegiaren berri.

19.2. Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko prestakuntza jardueraren ezaugarriak.

–Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide moduluen prestakuntza jarduera garatuko da dagokion curriculuma ezartzen duen araudian xedatuarekin bat.

–Lanbide Heziketa modularreko lanbide moduluen prestakuntza jarduera hala ikastetxean nola ikastetxez kanpoko beste toki batzuetan egin daiteke.

–Kontuan izanik Lanbide Heziketaren eskaintza modularraren izaera esperimentala, eta irakatsiko dituzten ikastetxe bateratuen baliabideak zein diren, ikasketarako metodologia aktiboak erabiliz antolatzen ahal dira lanbide moduluak.

19.3. Koordinazioa eta tutoretza.

Ikastetxe bateratuko zuzendaritzak Lanbide Heziketaren eskaintza modularraren koordinatzaile bat izendatuko du ikastetxeko irakasle taldeko kideen artetik. Hark taldeko tutoretzaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, koordinazioaz eta tutoretzaz indarreko araudian aurreikusten diren eginkizunekin.

19.4. Irakasleak.

Lanbide moduluak modulu horietan irakaskuntza-eskumena duten espezialitateetako irakasleek irakatsiko dituzte, bat etorriz curriculuma ezartzen duen oinarrizko araudian xedatuarekin.

19.5. Lanbide Heziketaren eskaintza modularraren urteko memoria.

Ikastetxe bateratuak urteko memoria prestatuko du 2022ko uztailaren 31 baino lehenago; bertan Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak zehazten dituen alderdiak zehaztu beharko dira.

19.6. Ezarpen esperimentalaren jarraipena eta ebaluazioa.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren bidez, jarraipena eginen dio Lanbide Heziketaren eskaintza modularraren ezarpen esperimentalari.

19.7. Curriculumaren antolaketa eta ikasleen ebaluazioa.

Ebazpen honetan curriculumaren antolaketaz eta ebaluazioaz jasotzen ez diren alderdi guztiek bete beharko dituzte Nafarroako hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak oro har erregulatzen dituzten arauak.

19.8. Ziurtapena.

Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide modulu bat gainditzen duenak ikasketen ziurtagiri ofiziala eskuratuko du. Ziurtagiri horrek froga balioa izanen du Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalean. Halaber, dagokion egiaztapen partzial metagarria egin dakion eskatzen ahalko du.

Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko lanbide modulu guztiak gainditzen dituenak praktiken modulua egin ahal izanen du, eta hura gaindituta, dagokion Profesionaltasun ziurtagiria eskatzen ahalko du.

20.–Finantzaketa.

Ebazpen honen babesean Lanbide Heziketaren eskaintza modularra ezartzea jarduera finantzagarrietako bat da Lurralde arteko Lankidetza Programa Bereziaren barnean (Hazkunde ekonomiko eta sozialerako eta enplegagarritasunerako Lanbide Heziketako Planaren jarduketetarako), eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatuta daude.

3. ERANSKINA

Lanbide Heziketaren eskaintza modularreko ikasleen onarpen eta matrikulazio prozesuaren egutegia. 2021-2022 ikasturtea

EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

1404 LANBIDE MODULUA. Berdintasuna sustatzeko esku-hartze esparruak

Inskribatzeko eskaerak jasotzea.

(Inskribatzeko epea)

2021eko urriaren 4a

2021eko urriaren 8a

(Aurrez aurre: 14:00ak arte / telematikoa: 23:59 arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2021eko urriaren 13a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea

2021eko urriaren 13a

2021eko urriaren 15a

14:00ak arte

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

2021eko urriaren 18a

Ikastetxean ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa

2021eko urriaren 18a

2021eko urriaren 20a

EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

GAINERAKO LANBIDE MODULUAK

1405. Emakumeen parte-hartze soziala

1402. Genero indarkeriaren prebentzioa

1401. Genero ikuspegia informazioan eta komunikazioan

1402. Emakumeen enpleguaren sustapena

Ikastetxe bateratuak erabakiko ditu lanbide modulu bakoitzean izena emateko, zerrendak argitaratzeko eta matrikula egiteko egunak.

DATA GARRANTZITSUAK

Lehen lanbide moduluko eskolen hasiera

2021eko urriaren 20an

Azken lanbide moduluaren amaiera

2022eko ekainaren 22an

Lanbide moduluen eta eskolen ordutegia eta egutegia

Lanbide Heziketaren eskaintza modularra ematen duten ikastetxe bateratuek zehazten dituzte

Iragarkiaren kodea: F2114043