229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

996/2021 EBAZPENA, irailaren 13koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena 2021. urterako Nafarroako toki-erakundeei dirulaguntzak eman dakizkien lagun egiteko animalien babeserako jarduketak egin ditzaten Nafarroan. DDBN identifikazioa: 583630.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes- eta ongizate-maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea.

2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro bada ere, gure lurraldean txakurren eta katuen abandonua arazo larria da oraindik. Egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera ez da populazio horien tamaina eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, sarritan, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.

Horri loturik, foru legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu-koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege honen 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo desagertutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu-koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.

Toki-erakunde gehienek ez dute oraindik eginbehar horiek betetzeko beharko luketen azpiegiturarik edo bitarteko materialik, eta dituztenek aseta izaten dute beti zentroen edukiera. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk alternatiba bila dabiltza beren gain hartzeko lagun egiteko animaliak babesteko duten erantzukizuna. Hori horrela, Abeltzaintzako Zerbitzuaren ustez funtsezkoa da toki-erakundeek ildo horretan lanean jarraitzea, horrela arreta egokia ematen ahalko baitzaie bai abandonatutako animaliei, bai haien udalerrietan aske bizi diren katuei, hori bai, ahaztu gabe harrera zentroetako txakur eta katuen identifikazioak eta esterilizazioak, eta katu-kolonien ezarpenak berebiziko garrantzia dutela populazioen kontrolerako, abandonuaren prebentziorako eta animalien arteko bizikidetza errazteko neurri eraginkor gisa.

Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntzen lerroa ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2021. urterako aurrekontuetan toki-erakundentzako dirulaguntzen partida bat aurrekusi da animalien babesera bideratzeko, 186.000 euroko zenbatekoarekin. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki-erakundeei abandonatutako eta desagertutako animaliak jaso eta mantentzeari buruz 19/2019 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko xedez, eta haien udalerrietan aske bizi diren katuen kudeaketari begira ezartzen dizkien betebeharrak bete ditzaten, lege horrek berak animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkien eskumenak baliatuz.

Ebazpen honen xedea da laguntza zehatz batzuen oinarri arautzaileak ezartzea, lagun egiteko animalien babesa sustatzera bideratzeko Nafarroan. Horretarako, toki-erakundeei laguntza emateko zenbait laguntza lerro ezarri dira: lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden txakur eta katuen esterilizazio, identifikazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako laguntzetarako batetik, eta bestetik, haien udalerrietan aske bizi diren katu-populazioen babes eta kontrol jardueretarako laguntzak. Beste alde batetik, animalien harrerarako zentroak dituzten toki-erakundeek etengabeko egokitzapenak egin behar izaten dituzte zentroetan, han hartzen dituzten animalien ongizatea hobetzeko edo eskura dituzten plazak gehitzeko, zentroek gainezka egin ez dezaten. Hori horrela, xede horretarako berariazko laguntzen lerroa ere ezarri da.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Animalien Ongizatearen Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdia, 2021. urtean lagun egiteko animalien babeserako jarduketak gauzatu ditzaten Nafarroan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

3. 186.000 euroko gastua baimentzea 2021erako aurrekontu orokorretako “Udalentzako eta animalien babeserako entitate laguntzaileentzako laguntzak” izeneko 710004-71350-4609-412200 partidaren kargura, deialdi honen bidez hartutako konpromisoei erantzute aldera.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari jakinaraztea (BDNS).

5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko irailaren 13an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroan lagun egiteko animalien babesa sustatzeko ekintzak gauzatzeko Nafarroako toki-erakundeetara 2021. urtean bideratutako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta helburua

1.1. Deialdi honen xedea da, Nafarroako toki-erakundeei 2021. urtean dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko arauak ezartzea, lagun egiteko animalien harrera-zentroetan ostatatuta dauden txakur eta katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako, zentro horien handitze-, hobekuntza- eta ekipamendu-lanen gastuetarako, eta aske baina giza-ingurune baten mende bizi diren katuen populazioa babestu eta kontrolatzera bideratutako jarduketetarako.

1.2. Diruz lagunduko diren jarduera horiek onura publikoko helburua dute; izan ere, abandonatutako txakur eta katuen inpaktua ahalik eta txikiena izatea dute xede eta lagun egiteko animalien babesa sustatzea, horretarako haien udalerrietan bizi diren katu-populazioaren gaineko kontrola gauzatuz. Jarduketa horiek guztiak toki-erakundeen eskumenekoak dira izan, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa apirilaren 4ko 19/2019 Foru legearen arabera.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

Toki-erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

Hauek izanen dira dirulaguntzetarako modalitateak eta horietako bakoitzerako jarduketa diruz lagungarriak:

a) 1. modalitatea, lagun egiteko animalien harrera-zentroak: animaliei harrera egiteko instalazioak handitu, hornitu edo hobetzeko jarduketak, horretarako obra zibilik egin behar ez bada betiere, eta bertan hartzen diren animaliak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurka txertatzeko, desparasitatzeko eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako jarduketak. Zentro horiek toki-erakundeen titulartasuneko lagun egiteko animalien harrera zentro baimenduak izan beharko dute eta Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistratuta egon beharko dute dirulaguntzen deialdi hau argitaratzen den egunean.

b) 2. modalitatea, abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako animaliak jasotzearekin eta haiei mantenua ematearekin zerikusia duten jarduketak: dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak edo galduak aldi baterako hartzeko beren zerbitzua propioa duten toki-erakundeek gauzatutako jarduketak, animalia horiek jabeari edo lagun egiteko animalientzako harrera-zentro baimendu eta erregistratu batean entregatu bitartean.

c) 3. modalitatea, katu-kolonien ezarpenarekin eta kudeaketarekin zerikusia duten jarduketak: dirulaguntzen eskaera aurkezteko egunean haien udalerrietan aske bizi diren katu populazioen babeserako eta kontrolerako neurri gisa beren zerbitzu propioa edo itundua duten toki-erakundeen jarduketak.

4. oinarria.–Betebeharrak.

4.1. Nafarroako toki-erakundeek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko unean:

1. 1. modalitatea:

Lagun egiteko animaliak hartzeko zentro baimendu bat izatea, eta hura Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.

2. 2. modalitatea:

1.–Bere zerbitzu propioa edo itundua izatea abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako lagun egiteko animaliak jaso eta haiei aldi batean mantenua emateko.

3. 3. modalitatea:

1.–Katu-kolonien ezarpenerako bere zerbitzu propioa edo itundua izatea, haien udalerrietan aske bizi diren katuen babes eta kontrolerako neurri gisa.

4.2. Toki-erakundeek diruz lagungarriak diren jarduera horietako edozein zeharkako kudeaketa bidez eta/edo lankidetza hitzarmen bidez gauzatzen badute, modu sinesgarrian egiaztatu beharko dute aldeen artean dagoen harremana, iraupena, hala nola, zerbitzua emateko bien artean adostutako baldintza guztiak betetzen direla.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

5.1. Diruz lagungarriak dira 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu eta ordaindutako jarduketak.

5.2. 1. modalitaterako eskaera aurkezten duten toki-erakundeek ezin izanen dituzte eskatu 2 modalitaterako dirulaguntzak.

5.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

5.3.1. 1. modalitatea, Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistraturik dauden lagun egiteko animaliak hartzeko zentro baimenduak.

a) Beharrezko ekipamendurako ondasunak eskuratzeko gastuak, ondasun horiek zentroaren edukiera handitzeko, bertan hartutako animalien ongizatea hobetzeko eta animalien zaintza eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen beste zernahitarako badira.

b) Harrera-zentroan hartutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastuak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie harreran hartzen dituztenei ordainarazten.

5.3.2. 2. modalitatea, abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako lagun egiteko animaliekin zerikusia duten jarduketak, animalien aldi baterako harrera eta ostatu ematea bere zerbitzu propioaren bidez edo zerbitzu itunduaren bidez egiten bada.

a) Beharrezko ekipamendurako ondasunak eskuratzeko gastuak, ondasun horiek animalien zaintza eta ongizatearekin zerikusi zuzena duten aldi baterako harrera eta mantenua kudeatzeko badira.

b) Abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto eta desparasitazio gastuak, hala nola albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindakoak, baldin eta galdutako animaliak direlako horiek ordaintzea haien jabeei ez badagokie, edo ez bazaizkie harreran hartzen dituztenei ordainarazten.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira 1. modalitatean adierazi diren erregistratutako harrera-zentro baimenduekin itundutako zerbitzuak.

5.3.3. 3. modalitatea, katu-kolonien ezarpena, bitarteko propioekin edo zerbitzua hirugarrenekin itunduta, aske bizi diren katuen populazioen babeserako eta kontrolerako neurri gisa.

a) Katu-kolonien ezarpenerako beharrezkoa den eta animalien zainketarekin zerikusi zuzena duten ekipamenduko ondasunak eskuratzeko gastuak.

b) Ezarri gogo den koloniako katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduek eragindako gastuak.

5.3.4. Honako hauek hartuko dira harrera-zentroaren edukiera handitzeko edo lehendik dauden instalazioak hobetzeko beharrezkoa den ekipamendua eskuratzeko gastu diruz lagungarritzat:

a) Boxak, etxolak edo gisakoak eskuratzea, bai eta janleku eta edanlekuak ere, dela zentroaren edukiera handitzeko, dela lehengoak ordezteko hondatuta daudenean.

b) Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.3.5. Honako hauek hartuko dira animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastu diruz lagungarritzat:

a) Mikrotxip irakurgailuak.

b) Lakioak edo animaliak harrapatzeko kaiola moduko tranpak. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.

c) Katu-kolonien ezarpenaren kasuan, janlekuak, edanlekuak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.

d) Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola, sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.

e) Uhalak edo arnesak.

f) Toki-erakundeek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.3.6. Identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, honako hauek:

a) Mikrotxip homologatuak erosi eta jartzea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

b) Amorruaren aurkako txertoak eta parasito-kontrakoak erosi eta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

c) Animalia bat esterilizatzea edo hari albaitaritzako larrialdiko arreta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.

Gastu hauek animalia zehatz bati lotu beharko zaizkio; kasuan kasu esku hartu duen albaitariak ziurtatu beharko du hori.

Albaitaritzako larrialdiko tratamendutzat hartuko da abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako lagun egiteko animalia bati zaurituta dagoelako, istripua izan duelako edo beste edozein kausa larrirengatik harrera-zentroan sartu aurretik edo sartzeko unean ematen zaion arreta, betiere gastu horiek ez bazaizkio haren jabeari ordainarazten, jaberik izatekotan. Halakotzat hartzen dira halaber, katu multzo batekoak izanik tratamendu hori albaitaritzako lehenbiziko artan jasotzen duten katuak ere.

5.4. Gastu-kontzeptu bakoitzean diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Gehienez ere, eskuratutako ekipamendu ondasunei dagokien gastuaren %70 diruz lagunduko da.

b) Gehienez ere, esterilizazioari, identifikazioari, amorruaren aurkako txertoari, desparasitazioari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduari dagozkion gastuen %80 diruz lagunduko da, betiere, animalia bakoitzeko gehieneko muga hauek gainditu gabe:

–Txakur espezieko animalien esterilizazioa: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.

–Katu espezieko animalien esterilizazioa: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.

–Identifikazioa: 25 euro gehienez ere.

–Amorruaren aurkako txertoa: 15 euro gehienez ere.

–Desparasitazioa: 6 euro gehienez barneko desparasitazio bakoitzeko, eta 8 euro gehienez kanpoko desparasitazio bakoitzeko.

–Larrialdiko albaitaritzako tratamenduak: 300 euro gehienez ere.

5.5. Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.

5.6. Toki-erakundeak zerbitzuak hirugarren batekin itunduta baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da izan toki-erakundeak entitate kudeatzaileari zerbitzu horiek egiteagatik ordaindu dion kopurua baino handiagoa.

6. oinarria.–Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Laguntza modalitate bakoitzerako aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:

a) 1. modalitatea: 56.000 euro.

b) 2. modalitatea: 60.000 euro.

c) 3. modalitatea: 70.000 euro.

Modalitate bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida dirulaguntzaren xedeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe agortzen bada, 9. oinarrian ezarri bezala, modalitate bakoitzera bideratutako zenbateko osoa aurkeztutako eskaeren artean eta eskatutako proportzioaren arabera hainbanatuko da.

Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

6.2. Eskatzaile bakoitzeko dirulaguntzetarako gehieneko zenbateko hauek ezarri dira, dirulaguntza modalitatearen arabera, aurkeztutako jarduketaren kostu osoa handiagoa den ala ez alde batera utzita:

a) 1. modalitatea: 28.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko

b) 2. modalitatea: 6.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko

c) 3. modalitatea: 7.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko

6.3. 9. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua eta epea, eskatzen diren agiriak eta baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkezteko modua:

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), “Tramitatu” aukeratuz.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Abere Ekoizpenaren Atalera bideratuko dira.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eta toki-erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Toki-erakunde eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: https://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

7.3. Aurkeztu beharreko agiriak: Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da dirulaguntza modalitatearen arabera:

7.3.1. 1. modalitatea:

a) Animalien harrerarako zentro baimenduaren identifikazio datuak.

b) 3.a) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien aurrekontu xehatua eta horien kostua, eta horiekin batera, aurrekontua justifikatzeko memoria, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena.

c) Laguntza txakur eta katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen kontzeptuetan eskatzen bada, honako hauek zehaztu beharko dira aurrekontuan:

–Diruz lagun daitekeen aldian zenbat txakur eta katu identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu, desparasitatuko direla aurreikusten den, eta albaitarien larrialdiko tratamendua zenbatek jasoko dutela uste den. Datuok kontzeptuaren arabera diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako kategorietan banakatuta emanen dira. Kalkulua egiteko erabili den irizpidea ere azaldu beharko da, eta aurreko bi urteetan eginiko jarduketen berri emanen da.

7.3.2. 2. modalitatea:

a) 3.b) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien aurrekontu xehatua eta horien kostua, eta horiekin batera, aurrekontua justifikatzeko memoria, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, eta horietako bakoitzaren banakako kostua.

b) Laguntza txakur eta katuen identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txerto, desparasitazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen kontzeptuetan eskatzen bada, honako hauek zehaztu beharko dira aurrekontuan:

–Diruz lagun daitekeen aldian udalerrian identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurkako txertoa jartzeko, desparasitatzeko eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egiteko zenbat katu eta txakur biltzea aurreikusten den. Datuok kontzeptuaren arabera diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako kategorietan banakatuta emanen dira. Aurreikuspena zehazteko jarraitu diren irizpideak ere azaldu beharko dira, eta aurreko bi urteetan eginiko jarduketen berri emanen da.

7.3.3. 3. modalitatea:

a) 3.c) oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarrien aurrekontu xehatua eta horien kostua, eta horiekin batera, aurrekontua justifikatzeko memoria, eskuratu nahi den materialaren zerrenda xehatua, eta horietako bakoitzaren banakako kostua.

b) Laguntza katu-kolonietan ezarritako animalien identifikazio, esterilizazio, desparasitazio, amorruaren aurkako txerto eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen kontzeptuengatik eskatuz gero, aurrekontuak argi eta garbi zehaztu behar du kontzeptu bakoitzeko eta animalia mota bakoitzeko banakako gastua, eta horrekin batera honako informazio hau eman beharko du gutxienez:

–Diruz lagun daitekeen aldian ezarritako katu-kolonia bakoitzetik edo herrian dauden katu multzoetako bakoitzetik zenbat katu identifikatzea, esterilizatzea, desparasitatzea, amorruaren aurka txertatzea eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak zenbati egitea aurreikusten den. Datuok kontzeptuaren arabera diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoetan aurreikusitako kategorietan banakatuta emanen dira. Aurreikuspena egiteko jarraitu den irizpidea ere azaldu beharko da, eta aurreko bi urteetan eginiko jarduketen berri emanen da.

Edozein modutan, dirulaguntzaren 3. modalitateetako zeinahi aukeratzen dela ere, toki-erakundeek transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen badizkiote.

7.4. Toki-erakundeak zerbitzua hirugarrenekin itundua badu, entitate horrekin izenpetutako hitzarmenaren edo kontratuaren kopia erantsi beharko du, bertan zehazturik itundutako jardueraren nondik norakoa eta hirugarrenen bidez emandako zerbitzuaren kudeaketa arautzen duten baldintza ekonomikoak.

7.5. Eskaerak emateko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 1. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2021. urterako.

–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, tokia, data eta iraupena adierazita.

–Azken bi urteetan instalazioak handitzeko, hobekuntzak egiteko edo moldatzeko eginiko obrak, honako hauek adierazita: noiz egin diren, egindako jarduketen azalpena, jardueraren kostua, gauzatzeaz arduratu den entitatea.

–Azken bi urteetan harreran eman diren animalien kopurua, urteka bilduta.

b) 2. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2021. urterako.

–Badituela udal instalazioak animalien harrerarako eta aldi baterako ostatu emateko.

–Animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta lagun egiteko animalien abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek egin dituen eta jardueraren deskribapena.

–Azken bi urteetan jasotako eta animalien harrera-zentroetara bideratutako animalien kopurua, urteka bilduta.

–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua:

c) 3. modalitatea: Toki-erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Badagoela lagun egiteko animaliak babesteko jarduerak finantzatzera bideratutako partida edo aurrekontuko diru-izendapen erabilgarririk 2021. urterako.

–Toki-erakunde eskatzailean aske bizi diren katu multzoen kopurua.

–Azken bi urteetan animalien defentsarako elkarteekin katu-kolonien ezarpenerako edo aske baina giza-ingurune baten menpe bizi diren katuen kudeaketarako eginiko lankidetza hitzarmenak: sinatutako hitzarmenen kopurua, data, indarraldia eta zein elkarterekin izenpetu diren.

–Giza-ingurune baten menpe bizi diren katu populazioen babes eta kontrolari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak, zehaztuz, tokia, data eta iraupena, zein entitatek gauzatu duen eta jardueraren deskribapena.

–Toki-erakunde eskatzaileko biztanle kopurua:

7.6. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesduna haiek kontsultatzearen aurka agertu ez bada.

7.7. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalari esleitu zaizkio.

8.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.

9. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

9.1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

9.2. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.

9.3. Laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak honako puntuazioa lortu beharko du gutxienez modalitatearen arabera:

9.3.1. 1. modalitatea: 4 puntu.

9.3.2. 2. modalitatea: 3 puntu.

9.3.3. 3. modalitatea: 4 puntu.

9.4. Modalitate bateko aurrekontua ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

9.5. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

10. oinarria.–Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2021eko azaroaren 15ean, beranduenez:

11.2.1. Jarduketak justifikatzeko memoria; eskatutako modalitatearen eta egindako jarduketen arabera, honako informazio hau eman beharko du:

a) 1. modalitatea: diruz lagun daitekeen aldian eginiko jarduketak justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuko dituena eginiko jarduketen arabera:

a. Instalazioetan egindako hobekuntzak edo gehitutako plazak, berariaz adierazita haien erabilgarritasuna eta animalien ongizaterako zer helburu lortu nahi diren,

b. Zentrorako eskuratutako ekipamendua,

c. Aldi horretan bertan harrera-zentroan identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu edo albaitaritzako larrialdiko tratamendua jaso duten txakur eta katuen kopurua, espeziearen arabera eta jarduketa diruz lagungarriaren arabera xehatuta.

Memoriari animaliak hartzeko zentroan zerbitzua ematen duen albaitaritzako fakultatiboaren ziurtagiria erantsi beharko zaio; ziurtagiri horrek 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zerrenda bat jaso beharko du, honako hauek adieraziko dituena: espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip zenbakia, honako animalia hauena:

–Esterilizazio kirurgikoa egin zaienena.

–Identifikaziorako mikrotxipa ezarri zaienena.

–Parasitoen kontrako tratamendua egin zaienena.

–Amorruaren aurkako txertoa jarri zaienena.

–Albaitaritzako larrialdiko tratamendua jaso dutenena.

b) 2. modalitatea: diruz lagun daitekeen aldian eginiko jarduketak justifikatzeko memoria, honako alderdi hauek zehaztuko dituena eginiko jarduketen arabera:

a. Eskuratutako ekipamendua,

b. Aldi horretan bertan harrera-zentroan identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu edo albaitaritzako larrialdiko tratamendua jaso duten txakur eta katuen kopurua, espeziearen arabera eta jarduketa diruz lagungarriaren arabera xehatuta.

Memoriari animaliak hartzeko zentroan zerbitzua ematen duen albaitaritzako fakultatiboaren ziurtagiria erantsi beharko zaio; ziurtagiri horrek 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zerrenda bat jaso beharko du, honako hauek adieraziko dituena: espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip zenbakia, honako animalia hauena:

–Esterilizazio kirurgikoa egin zaienena.

–Identifikaziorako mikrotxipa ezarri zaienena.

–Parasitoen kontrako tratamendua egin zaienena.

–Amorruaren aurkako txertoa jarri zaienena.

–Albaitaritzako larrialdiko tratamendua jaso dutenena.

c) 3. modalitatea: diruz lagun daitekeen aldian eginiko jarduketak justifikatzeko memoria, eginiko jarduketen arabera honako alderdi hauek zehaztuko dituena katu-kolonia edo multzo bakoitzerako: kolonia ezartzeko edo haren baldintzak hobetzeko eskuratutako ekipamendua, albaitaritzako larrialdiko tratamenduak egin behar izan zaizkien katuen kopurua, identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu eta desparasitatutako katuen kopurua, eginiko jarduketaren arabera xehatuta.

Memoriari katu-kolonia kudeatzen duen entitaterentzat lan egiten duen albaitaritzako fakultatiboaren ziurtagiria erantsi beharko zaio; ziurtagiri horrek honako hauek jaso beharko ditu:

Toki-erakunde bakoitzean 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte, kolonia bakoitzean identifikatu diren katuen kopurua, haien sexua adierazita, hauena zehazki:

–Esterilizazio kirurgikoa aplikatu ziaienena.

–Identifikatzeko mikrotxip bat ezarri zaienena.

–Parasitoen kontrako tratamendu bat egin zaienena.

–Amorruaren kontrako txertoa jarri zaienena.

–Albaitaritzako larrialdiko tratamendua egin zaienena.

11.2.2. Jarduera diruz lagungarriak erreferentziako aldian egiteko beharrezkoak izan diren gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

Diruz laguntzen diren jarduketen guztirako gastuaren justifikazioa honela egin ahal izanen da: toki-erakundeko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak xehatuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Ziurtagiriarekin batera zerrenda bat aurkeztuko da, kalkulu-orri formatuan, honako hauek jasoko dituena: fakturen zerrenda zehatza, diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta, eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, III. eranskineko ereduarekin bat

Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 40.000 eurotik gorakoa obrak gauzatu direnean, toki-erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

11.2.3. Jarduera diruz lagungarriak zerbitzua hirugarren batekin itunduz egiten badira, eta hirugarren horri izenpetutako hitzarmenaren arabera hilero zenbateko bat ordaintzen bazaio, eta kontuaren kudeaketaren ondoriozko gastuak kudeaketa egiten duen erakundearen kontura eta kargura badira, honek 11.2.1 apartatuan aurreikusten den jarduketen memoria egin ahal izanen du. Bertan diruz lagungarriak diren jarduketetako bakoitzean eginiko gastuak eta dagozkien fakturak eta ordainagiriak zehaztuko ditu, kasua bada, kontratatutako albaitariei dagozkien nominak ere sartuta. Toki-erakundeak memoria hori baliozkotu eta onetsi egin beharko du, eta harekin batera Idazkaritzako ziurtagiria erantsiko du, bertan adierazirik jarduketen onespena eta toki-erakundeak diruz lagun daitekeen aldian kudeaketak eragindako gastuak ordaintzera bideratu dituen kopuruak.

Toki-erakundearen ekarpenen bidez gastuen fakturak zuzenean ordaindu beharrean kopuru oso bat ordainduko balitz hilero, identifikazio, txertatze, desparasitazio, esterilizazio eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduen kontzeptuko dirulaguntzen kalkulua egiteko oinarri gisa 5.4 oinarriaren b) apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoa hartuko da.

Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izanen da inola ere toki-erakundeak zerbitzua finantzatzeko egiten duen ekarpena baino handiagoa izan, aurreko paragrafoan xedatuarekin bat.

12. oinarria.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako jarduketen kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki-erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Egin asmo diren ekintzak ebazpen honetan xedatzen denari jarraikiz gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

c) Onartzea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotzen duen dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera, diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan.

i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

17. oinarria.–Arau osagarriak

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpideak

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, laguntza zein modalitatetan eskatzen den horren arabera:

1.–1. modalitatea, Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistratutako lagun egiteko animalien harrera zentro baimenduak.

1.1. Harrera-zentroko inbertsioak finantzatzera edo lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako diru-partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2021. urterako. 5 puntu.

1.2. Azken bi urteetan animalien babesaren arloan eginiko zabalkunde-, prestakuntza- eta informazio-jarduerak. 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

1.3. Aurreko bi urteetan instalazioak hobetzeko, handitzeko edo egokitzeko eginiko obrak: 2 puntu eginiko obra bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

1.4. Urte bakoitzean harreran eman diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:

–10 animalia baino gutxiago: 1 puntu.

–10 edo gehiago eta 20 baino gutxiago: 2 puntu.

–20 edo gehiago eta 30 baino gutxiago: 3 puntu.

–30 edo gehiago eta 40 baino gutxiago: 4 puntu.

–40 edo gehiago eta 50 baino gutxiago: 5 puntu.

–50 edo gehiago eta 60 baino gutxiago: 6 puntu.

–60 animalia baino gehiago: 7 puntu.

2.–2. modalitatea: abandonatutako, konfiskatutako edo galdutako animaliekin zerikusia duten jarduketak:

2.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2021. urterako. 5 puntu

2.2. Animaliak hartu eta haiei aldi baterako ostatu emateko udal instalazioak izatea. 3 puntu.

2.3. Lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz toki-erakundeak azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

2.4. Toki-erakunde eskatzailearen udal-mugartean azken bi urteetan harrera-zentro batean sartu diren animalien kopurua, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:

–0 animalia baino gehiago eta 3 baino gutxiago: 1 puntu.

–3 animalia edo gehiago eta 6 baino gutxiago: 2 puntu.

–6 animalia edo gehiago eta 10 baino gutxiago: 3 puntu.

–10 animalia edo gehiago: 4 puntu.

2.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:

a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.

b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.

c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.

d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.

e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

3.–3. modalitatea, katu-kolonien ezarpena:

3.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru-izendapenen bat izatea 2021. urterako. 5 puntu.

3.2. Katu-koloniak edo udalerrian aske bizi diren katu multzoak: 1 puntu, kolonia edo multzo bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

3.3. Animalien defentsarako elkarteekin azken bi urteetan katu-kolonien ezarpenerako eginiko lankidetza hitzarmenak: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 3 puntu.

3.4. Giza-ingurune baten mende bizi diren katu-populazioen babes eta kontrolerako azken bi urteetan eginiko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.

3.5. Eskaera egiten duen toki-erakundean erroldatutako biztanle kopurua:

a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.

b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.

c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.

d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.

e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

III. ERANSKINA

Diruz laguntzen ahal diren gastuen fakturak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113672