229. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2021 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzak emateko deialdi bat, Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei zuzendua, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte. DDBN identifikazioa: 582677.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) eskumena du gai honetan, eta modu espezifikoan hel diezaioke gazteriaren arloari; halaxe xedatu baita azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak. Institutuaren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta dirulaguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak helburu du gazteen elkartegintza sustatzea, horrek bide ematen baitu gazteak gizarte-bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten. Horretarako, laguntza eman nahi zaie entitate horiei, gazteentzako programak presta ditzaten eta ekipamendua eskuratu dezaten beren egoitza eta jardueretarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko deialdia, gazteriaren arloko programak garatu eta ekipamendua eros dezaten 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 193.000,00 (ehun eta laurogeita hamahiru mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09120-4819-232100: (E) Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak

2021eko partidaren baliokidea

2022

183.000,00

090002-09120-7819-232105: Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza

2021eko partidaren baliokidea

2022

10.000,00

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2021eko irailaren 1ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea dirulaguntzak eman dakizkien Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte.

Deialdi honetara bideraturiko aurrekontua, proiektuen apartatuan, 183.000 eurokoa izanen da gehienez, 2022ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2021eko gastu aurrekontuko 090002-09120-4819-232100 (E) partida, “Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izenekoa. Horrez gain, 10.000 euro izanen dira ekipamendua erosteko apartatuan, 2022ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2021eko gastu aurrekontuko 090002-09120-7819-232105 partida, “Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza” izenekoa.

2. Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da laguntza ematea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, partez finantzatuz gazteriaren arloko programak gauzatzeko eta ekipamendua erosteko xedez egiten dituzten gastuak, 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartekoak.

Deialdiak onura publikoa dakar, gizartearentzat interesgarria delako gazteen elkartegintza sustatzea, eta bide bat sortzen delako gazteek parte har dezaten beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan.

3. Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden entitate guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, baldin eta legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1. Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duten entitate baten mende ez egotea, ekonomikoki zein instituzionalki.

3.2.2. Estatutuetan, gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea erakundearen xedea dela agertzea.

3.2.3. Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4. Proiektuen eta ekipamendu gastuen kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Proiektuen edukia:

Proiektuak hamalautik eta hogeita hamar urtera bitarteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

Proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, eta lortu nahi diren helburuak erdiestera bideratuak izan beharko dute, plan egituratu bati jarraikiz.

Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero perspektiba kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

k) Zerbitzuen ikaskuntzako proiektuak.

Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea helburu dutenak ere.

Proiektu horiek 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

4.2. Ekipamendu gastuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, dirulaguntzak lor ditzakete ekipamenduaren gastuetarako, baldin eta gazteen jardueren atalerako eskatzen badute dirulaguntza, eta haren onuradun badira. (4.1 oinarria).

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek eska dezakete dirulaguntza, entitatearen jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamendua erosteko gastuetarako, 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartekoak badira.

5. Kontzeptu eta gastu diruz lagungarriak.

5.1. Proiektuak egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzaren herritik kanpo gutxienez ere gau bateko ostatua behar duten jarduerak. Ikusirik egungo egoera berezia dela-eta COVID-19ak salbuespena ekarri duela osasun arloan, irtenaldietako mantenu gastuak ordainduko dira nahiz eta gaua kanpoan ez pasatu, eta onartuko da jarduera udalerri barnean egitea. Horretarako, arrazoi aski sendoa izan beharko da, eta baimena beharko da.

–Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik aurkeztutako plangintza nabarmen aldatzen denean, egin nahi den aldaketari buruzko eskaera bat aurkeztu beharko da, behar bezala argudiatuta, eta baimena beharko da.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedakuntzan egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, halako proiektuetan non, beren berezitasunengatik, kontratatu behar baitira gauzatuko den proiektuaren arloan adituak diren teknikari profesionalak.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

–COVID-19aren prebentziorako materiala: Osasun eta prebentziorako materiala erostea, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta.

5.2. Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte ekipamendu inbentariagarriaren eta ekipamendu informatikoaren erosketa-gastuen kontzeptuengatik.

Ekipamendu inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak (esate baterako, mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak eta abar).

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsikorrak; esate baterako, orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar.

Ekipamendu informatikorako gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak. Alde horretatik, honako hauek lagunduko dira diruz:

Ekipamendu infomatikoa erostea: ordenagailua, inprimagailua, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak (telefono mugikorrak, argazki eta bideo makinak, USBak, GPSak...) eta beste gailu digital batzuk. Erositako informatikako ekipamenduek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Ondasun inbentariagarriak erostean bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa:

“4. Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, honako araua hauek beteko dira:

a) Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunok dirulaguntzaren xederako. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko letran ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan”.

Bi urteren ondoan, elkarte onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, baieztatzeko betetzen dutela, oraindik ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan xedatutakoa.

Diruz lagungarriak izateko, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2021eko aurriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren kontzeptuak eta gastuak.

Deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira honako hauek:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen entitateen berezko jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Hiri kanpaldietako mantenu gastuak.

–Elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteko langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera-eremua gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpaldietara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Entitatearen ibilgailuen aseguruen ordainketa.

–Sariak eta opariak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Dirulaguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzenean lotu gabeko gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako haborokin edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

7.1. Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 183.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.1.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.1.2. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du dirulaguntza entitate bakoitzeko, 11.1.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuari helduko litzaioke, eta behar gutxieneko puntuazioa lortzen dutenean, puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte.

7.1.3. Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 4.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Egoitzaren herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 29 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

Salbuespenez irtenaldiak egiten badira gaua kanpoan pasatu gabe, prezioa 10 eurokoa izanen da gehienez, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko Arrazoi aski sendoa izan beharko da horretarako, eta baimena beharko da.

c) Hala behar duten proiektuentzat, profesionalen zerbitzuak kontratatzeko gastuetan, kontratazio horretan egiten den gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da, gehienez ere.

7.2. Ekipamendua.

Xede honetarako gehieneko kreditua 10.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.2.1. Ekipamendua erosteko dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez (1.000,00 euro gehienez ere).

8. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1. Gazte entitateak NGIra zuzenduko ditu dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak, eta telematika bidez aurkeztu beharko ditu nahitaez, dagokion esteka erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

Eskaera NGIra zuzendu beharko da eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoko berariazko fitxan jaso daitezke.

9. Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Dirulaguntzarako eskaerak aurkezteko, xedea edozein izanik ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuak emanen dituen ereduak erabiliko dira, edo www.juventudnavarra.es web-orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskura daudenak (II. eranskina - 1-5 fitxak), entitateko legezko ordezkariak sinatuak, agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1.–Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2.–Elkarteak edo entitateak dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3.–Azken zuzendaritza batzordearen erregistroko idatzoharra. (Zuzendaritza batzordeak eguneratuta egon behar du).

4.–Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

5.–Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskabidea sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

6.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, dirulaguntza eskatzen den lehenengo aldia baldin bada edo datuak aldatu baldin badira.

b) Eskaera guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

9.1.1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri hori izanen da hilabete lehenago emana, gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

9.1.2. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

9.1.3. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik. II. eranskina - 1. fitxa.

9.1.4. Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiko ziurtagiri negatiboa (Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua), baldin eta egin beharreko jarduerek adingabeekin harremana izatea badakarte. Hori guztia adingabeekin harremana duten boluntario eta/edo profesional guztiei eskatuko zaie.

Ziurtagiri horrek izan beharko du deialdiaren urte natural berean emana.

9.1.5. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua eta jarduerak. Inprimaki hauek osorik bete beharko dira, eta inprimaki bat aurkeztuko da egiten den proiektu eta jarduera bakoitzeko. (II. eranskina - 1-4 fitxak).

9.1.6. Elkarteak proiektuak prestatzen eta/edo jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duten agiriak.

9.2. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera aurkeztuko dira, batetik, enpresa hornitzaileen aurrekontua(k), non azalduko baita zer material erosi nahi den, eta, bestetik, 9.1.3 oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpena. (II. eranskina - 5. fitxa).

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, NGIk entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere. Datu faltsuak dituztenean, bidezko erantzukizuna eska daiteke.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira, eta denak batera baloratuko dira:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu gehienez).

–Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu gehienez).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu gehienez).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

–Bazkideen %71 - %100: 10 puntu.

–Bazkideen %41 - %71: 7 puntu.

–Bazkideen %21 - %41: 4 puntu.

–Bazkideen %1 - %21: 1 puntu.

–Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

11.2. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 4.2 eta 7.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

12. Dirulaguntza ebatzi, justifikatu eta ordaintzea.

12.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

12.1.1 NGIko zuzendari kudeatzaileak, behin ikusita instrukzio organoaren proposamen txostena, emateko ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Dirulaguntza eskuratzen duten entitate eskatzaileen zerrenda eta ezesten diren eskaeren zerrenda agertuko dira ebazpenean. Arrazoietan oinarrituz sartuko dira eskatzaileak bi zerrendetan.

12.2. Dirulaguntza justifikatu eta ordaintzea.

12.2.1. Dirulaguntza justifikatzeko agiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz. (III. eranskina).

Egiaztagiria NGIri zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

12.2.2. Diruz lagundutako gastu guztia justifikatu beharko da. Justifikazioak aurkezteko epea 2022ko urriaren 7an bukatuko da. Epez kanpo aurkezten diren frogagiriak ez dira onartuko, ez eta datu faltsutuak dituztenak ere.

12.2.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen izapideen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

12.2.4. Proiektuak.

a) Proiektuaren memoria orokorra, proiektuaren helburu nagusiei eta horien betetze mailari buruzko informazioa ekarriko duena, proiektuaren ebaluazioa eta programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa (III. eranskina - 1. fitxa).

b) Jarduera bakoitzaren amaierako memoria, informazio deskriptibo hau ekarriko duena: jardueraren emaitzak, jarduera zer tokitan gauzatu den, zer egunetan, parte-hartzaileak, jardueraren ebaluazioa (erabiltzaileek egindakoa eta monitoreek egindakoa), ondorioak, etorkizunean egin daitezkeen jarduketetarako oharrak eta gomendioak; eta ekintza bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraka banakaturik. (III. eranskina - 2. fitxa).

12.2.5. Ekipamendua.

a) Ordaindutako gastu guztietatik dirulaguntzaren xede diren horien fakturen eta frogagirien zerrenda zehatza eta zenbakitua, 7.2 oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Honako hauek jasoko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa (III. eranskina. 3. fitxa).

12.2.6. Kasu guztietan (12.2.4 eta 12.2.5 oinarriak):

a) Gastuak justifikatzeko, jarduera antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten entitateek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Agiriak honela aurkeztuko dira:

Karpeta batean, justifikazioan eskatzen diren agiri guztiak, eta ekintzen fitxak, dataren arabera ordenatuak, fakturekin eta dagozkien ordainagiriekin batera. Fakturak eta beren ordainagiriak ordenan egonen dira, eta zenbakiak izanen dituzte Excel orriaren arabera (fakturak eta ordainagiriak, baldin horrelakorik bada, zenbaki bera izanen dute), aurkibide batekin, jarduera zehatz bakoitzerako.

b) Egindako gastuen zerrenda, jarduerak sortutako fakturak xehakaturik. Dokumentu hori Excel formatuan aurkeztu beharra dago. (III. eranskina - 4. fitxa).

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko zer beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide lortu diren, zehaztuta zer kopuru eskatu den, entitateen izena eta emandako zenbatekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin bat (III. eranskina).

d) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.2.7. Dirulaguntza Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ordainduko da, behin proiektu teknikoa justifikatu eta, hala dagokionean, diruz lagundutako ekipamendua erosi ondoren.

a) Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, entitate onuradunak edo, hala dagokionean, entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu.

Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, foru lege honen 14. artikuluko 1. apartatuko p) letran aipatutako irizpideak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikulua erabiliko dira itzuli behar duten zenbatekoa zehazteko.

b) Gastuen justifikazioan, fakturen bidez egindakoan, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko da noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren, eman baziren, edo zeinetan dauden jasota, baldin bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.7. Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak jakinarazpen elektronikoa gaitutako helbide elektronikora igorriz jakinaraziko dira.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

13. Betebeharrak.

13.1. Xedea bete, proiektua gauzatu eta material inbentariagarria erostea, dirulaguntza emateko arrazoia baita.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

13.2. Dirulaguntzen onuradun den entitateak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.3. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala. II. eranskina.

13.4. Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera).

Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren dirulaguntza izan dela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, ardurakidetzari eta rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

13.5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean. III. eranskina.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13.6. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, erabiliko da hizkuntza berdinzalea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari erantzukidetasunari eta berdintasunezko parte-hartzeari lotutako baloreak sustatuko dira.

13.7. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

13.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz. III. eranskina.

15. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, dirulaguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz kalkulatuta, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak.

Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Entitate onuradunek bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

17.3. Apartatu honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, apartatu honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabidea.

III. eranskina.–Dokumentazioa.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113436