226. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

101E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita “Beken deialdi orokorra, 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat” dirulaguntza deialdia. DDBN identifikazioa: 581800.

Ikusirik departamentu honetako Unibertsitateko Zerbitzuaren buruak 2021-2022 ikasturterako beken deialdi orokorrari buruz aurkeztutako txostena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzak emateko deialdi hau: Beken deialdi orokorra, 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 3.300.000,00 euroko gastua baimentzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren 2021eko aurrekontuko G10001 G1110-4800-323100 partidaren (“Suspertu Plana. Unibertsitateko ikasketetarako bekak eta laguntzak”) baliokide izateko asmoz 2022ko gastuen aurrekontuan horretarako sortuko den partidaren kargura finantzatuko dena, horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

Salbuespenez, aurkezten diren eskaera kopurua kontuan izanik, 100.000 euroraino handitzen ahalko da deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, foru agindu bitartez, deialdi berririk egin beharrik gabe, baldin eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateko Zerbitzura, Unibertsitateko Atalera eta Araubide Ekonomikoaren Atalera.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Sarrigurenen, 2021eko abuztuaren 31n.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

Beken eta laguntzen deialdi orokorra, 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat

Hizkera ez sexistaren adierazpena.

Agiri honetan pertsona, gizatalde edo kargu akademikoak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikala dela ulertzen da, eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.

1. oinarria.–Deialdiaren izaera.

1.1. Nafarroako Gobernuak ikasketetarako eskaintzen dituen beka eta laguntzak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak dei egindakoen osagarri dira. Beken eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari aurkeztutako eskaerak eman edo ukatu diren.

1.2. Aurrekontu-kreditua izateak mugatzen du deialdi honen bidez araututako bekak eta laguntzak onartu eta ordaintzea. Hori horrela, ematen diren beka guztiak ordaintzeko aurrekontu krediturik aski ez badago, familiaren per capita errenta erabilgarriaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienerako ordenan, kreditua bukatu arte. Kreditu ezagatik ordaindu ezin diren eskaerak ukatutzat joko dira.

1.3. Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Espainiako unibertsitateetan matrikulatutako ikasleei, Estatuko lurralde osoan balioa duten ikasketa ofizialak egiteko.

Onuraduna izaten ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 e) artikuluan ezartzen diren baldintzak bete gabe ere.

2. oinarria.–Deialdian sartzen diren ikasketak eta zentroak.

Deialdi honek arautzen dituen laguntzak eskatzen ahalko dituzte 2021-2022 ikasturtean oinarri honetan ezarritako ikasketetan eta zentroetan matrikulatuta dauden ikasle guztiek.

2.1. Ikasketak.

Deialdi honetan sartzen diren bekak edo laguntzak ondoko ikasketa hauetarako eman daitezke:

–Unibertsitate ikasketak, graduko eta masterreko titulu ofizialak lortzera bideratutakoak.

–Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako eta 45 urtetik gorakoentzako prestakuntza ikastaroak, UHUNek emanak.

Ez da laguntzarik ematen honetarako:

–Ikasketak aldatzeko, horrek ikasmailetan gora egitea ez badakar.

–Eskatzaileak bekaren xede diren ikasketen maila bereko edo goragoko titulu bat duenean, edo hori lortzeko legezko baldintzak betetzen dituenean.

2.2. Unibertsitateak.

Ikasketak egin beharko dira Espainiako lurraldean dauden eta Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan inskribatuta dauden unibertsitate publiko edo pribatuetan, baldintza hauetan:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoa, titulazio ofizialetan.

–Nafarroako Unibertsitatea, titulazio ofizialetan.

–Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateetan, kasu hauetan:

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen ez dituen titulazio ofizialetan.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazio ofizialetan, bertan ikaspostua lortu ez denean ez delako lortu onartua izateko eskatzen den nota.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazio ofizialetan, baldin eta ikaslearen etxea gertuago badago matrikulatutako zentrotik, Nafarroako Unibertsitate Publikotik baino.
  • Euskaraz ematen diren titulazio ofizialak badira eta Foru Komunitatean eskaintzen ez badira.

–Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, titulazio ofizial guztietan.

3. oinarria.–Ematen diren beka edo laguntza motak.

Bekak edo laguntzak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:

–Matrikula.

–Egoitza.

–Garraioa.

–Jantokia.

–Ikasketa espedientea.

–Berezia.

–Digitalizaziorako laguntza.

4. oinarria.–Baldintzak.

4.1. Baldintza orokorrak.

Eskatzaileak eta familia-unitatean kontuan hartzen ahal diren gainerako kideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroan erroldatuta egotea eta Nafarroan bizitzea 2020ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, baita beka eskatzen duenean ere.

–2020. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitortzera behartua badago.

–Laguntza eskatzen duen ikasleak bere zerga-betebeharrak egunean izan behar ditu Foru Komunitateko Administrazioarekin.

–Familia-unitatean kontuan hartzen ahal den kideren batek, 2021eko urriaren 31n, aurreko ikasturteetako beka edo laguntzen zenbatekoak itzultzeke ez izatea.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari beka eskatu izana, 2021-2022 ikasturterako, horretarako baldintzak edukiz gero, deialdia arautzen duten oinarrien arabera, eta beka ukatua ez izatea ondoren aipatzen diren arrazoi hauetako batengatik:

  • Deialdi horretan agiriak aurkezteko ezarritako epeak ez betetzea.
  • Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa ez aurkeztea, eskatu bazaio ere.

–Eskatzaileak, edozein egoera zibil duela ere, independentzia familiarra eta ekonomikoa duela alegatzen badu, modu sinesgarrian frogatu beharko ditu ondoko hauek:

  • Independentea izateko baliabide propio aski duela.
  • Ikasleak bizileku duen etxebizitzaren titulartasuna edo errentamendua; deialdi honen ondorio guztietarako, bizilekua izanen da ikasleak ikasturtean zehar bizitzeko erabiltzen duena.
  • Bizilekuari dagokion udalaren erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2020. urteari dagokiona.

Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da eskatzailea independentea dela, familia-unitateko kide bakarra denean.

4.2. Betebehar akademikoak.

4.2.1. Matrikulatu beharreko gutxieneko kredituak.

Deialdi honen ondorioetarako, 2021-2022 ikasturtean ikasleak 60 kreditutan matrikulatu beharko du gutxienez.

Matrikularen kreditu kopurua 30 edo hortik gorakoa eta 60tik beherakoa bada, egoera horri matrikula partziala deituko zaio.

Ez da matrikula partzialtzat joko:

–Matrikularen kreditu kopurua 60tik beherako denean, unibertsitatearen beraren araudiaren arabera.

–Ikaslea matrikulatzen denean titulazioa lortzeko falta zaizkion kreditu guztietan, nahiz eta aurreko puntuetako minimora ez iritsi, eta baldin gutxienez 30 kreditutan matrikulatzen bada.

–Ikaslea gutxienez 30 kreditutan matrikulatzen bada graduko edota masterreko ikasketetan, irakaskuntza ez-presentzialetan.

Inoiz ere ez dira izanen aurreko apartatuetan aipatzen diren minimoen parte ikasketa planetan sartuta ez dauden irakasgaien kredituak, edo tituluak ezarrita duen iraupena gainditzen dutenak. Ez dira kontuan hartuko, ezta ere, irakasgai edo kreditu baliokidetuak, egokituak, transferituak edo antzekoak.

%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleek %50era arte murrizten ahalko dute eskola-karga.

Matrikulan aldaketak egin edo hura zabalduz gero, dokumentu bidez frogatu beharko da Unibertsitateko Zerbitzuan.

4.2.2. Masterreko lehenbiziko mailako ikasleak.

Master ofizialetako ikasketetako lehenbiziko mailarako beka eskatzen dutenek frogatu beharko dute 6,50 puntuko batez besteko nota dutela masterra egiteko aukera ematen dieten unibertsitate ikasketetako espediente akademikoan. Masterrak lanbide arautu batean jarduteko gaitzen badu, batez besteko nota 5,00 puntukoa izanen da. Horretarako, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketen batez besteko notak 1,17 koefizientearekin biderkatuko dira.

Masterrera sartzeko batez besteko nota kalkulatzeko, I. eranskinean ezarritako arauak aplikatuko dira.

4.2.3. Bigarren eta ondorengo mailetako ikasleak.

Bigarren eta ondorengo mailetarako beka eskatzen dutenek honako hauek frogatu beharko dituzte:

–Zientzien eta Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren adarretako graduko ikasketetan matrikulatutako ikasleek frogatu beharko dute deialdi arruntaren eta bereziaren artean, 2020-2021eko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztien %65 gutxienik gainditu dutela, eta gainerakorako %80 gutxienik gainditu dutela.

–Titulazio bikoitzak ikasten ari direnentzako, bi titulazioak jakintza arlo berekoak ez badira, beka lortzeko behar den errendimendu akademikoa izanen da eskakizun akademiko txikiena duen arlorako ezarritakoa.

–Masterreko ikasketetan matrikulatutako ikasleek frogatu beharko dute lehenbiziko mailan matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela.

–Ikasketa ez-presentzialetan matrikulatutako ikasleek aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko dituzte, edo oro har ezarritako ehunekoa, ikasmaila osoko matrikula egin bada.

–Hurrengo ikasturtean beka mantentzeko, matrikula partziala duten ikasleek matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko dituzte.

–%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleek beka berritzen ahalko dute, aurreko ikasturtean matrikulatutako kredituen %50 gainditzen badute.

Kasu guztietan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egiten badio, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira.

4.3. Bekadun izaeraren iraupena.

–Unibertsitateko graduko ikasleek, Zientzietako, Ingeniaritzako eta Arkitekturako adarretakoek, ikasketa planean ezarritako urteetan baino bi urte gehiagotan lortzen ahalko dute beka.

–Unibertsitateko graduko ikasleek, gainerako adarretakoek, ikasketa planean ezarritako urteetan baino urtebete gehiagoan lortzen ahalko dute beka.

–Masterreko ikasketen kasuan, beka lortzen ahalko da ikasketa planak dituen ikasturteak adina deialditan.

–Titulazio bikoitzetarako, ikasketa planaren ikasmailak zenbat, horrenbeste urtetan eskuratzen ahalko da beka. Hala ere, titulazio bat (edo biak) Ingenieritzako eta Arkitekturako edo Zientzietako adarretakoa bada, urte bat gehiagoz izaten ahalko da beka.

–%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua izan eta eskola-karga murriztea erabaki duten bekadunek kasuan kasuko ikasketa planak ezarritako iraupena baino bi urte gehiagotan lortzen ahalko dute beka, Ingeniaritza eta Arkitekturako adarraren kasuan izan ezik, horietan epe hori lau urtekoa izaten ahalko baita.

–UHUNek hogeita bost urtetik edo berrogeita bost urtetik goitikoak unibertsitatera sartzeko antolatzen duen prestakuntza ikastaroa egiten duten ikasleek urte bakarrean izaten ahalko dute ikastaro horretarako beka.

Beka ezin izanen da eman baldin eta beka eman den deialdietan matrikulatutako kreditu-kopuruaren baturak gainditzen badu ikasketa planean jasotako kreditu-kopurua.

5. oinarria.–Betebehar ekonomikoak.

5.1. Familiaren errenta erabilgarria.

Beka edo laguntza ematea lotuta dago familiaren errenta erabilgarriarekin. Errenta kalkulatzen da deialdi honen III. eranskinean ezartzen den prozedurarekin. Kalkulua egiteko, kontuan hartzen dira familiaren kide bakoitzaren banakako errenta, kenkariak kontuan hartuta. Horrez gain, beka emateko kontuan hartuko dira eranskin horretan aipatzen diren familiaren ondarearen adierazleak.

Eskatzaileak bere kargura ahaiderik badu (guraso eta/edo senideak), horiek elementu zatitzaile izanen dira, baldin egoera hori agiri bidez frogatzen baldin badu, eta bere karguko ahaideen diru-sarrerak batu eginen dira errenta kalkulatzeko.

Baldin eta 2020. urteari buruz aitortutako inguruabar ekonomikoak, familia-unitate osoari dagozkionak, modu egiaztagarrian eta larrian urritu badira beka edo laguntza aurkezteko datan, familia-unitateko kide errenta-hartzaileren bat hil delako edo lanerako desgaitasunaren edo langabeziaren egoerara iragan delako, edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE-ERTE) sartu delako, aurten COVID-19a dela-eta deklaratu den alarma egoerarengatik, eskatzaileak espresuki adieraziko du eskaeran, eta nahitaez erantsi beharko dizkio egoera hori frogatzen duten agiriak, baita 2020. urteko diru-sarrerei dagokien PFEZaren aitorpenaren kopia osoa ere.

Inguruabar ekonomikoen aldaketa gertatzen baldin bada beka eskaera aurkezteko epea bukatu ondoren eta 2021eko abenduaren 31 baino lehen, berdin jokatuko da, eta interesdunak eskabide bat aurkeztu beharko du, Unibertsitateko Zerbitzuari zuzendua. Egun horren ondoren ez da onartuko 2020. urtean diru-sarrerak larri urritu direla frogatzeko beste dokumentaziorik.

5.2. Familia-unitatea zer den.

Deialdi honen ondorioetarako konputagarri diren familia-unitateko kide guztiek eskaeran sarturik egon behar dute, bertan eskatzen diren baldintzak betez gero.

–Bekarako, familia-unitateko kide konputagarriak dira: ikaslea, haren aita eta haren ama eta senide ezkongabeak, 2020ko abenduaren 31n 30 urtetik beherakoak badira eta egun horretan familiaren etxean bizi baziren, edo zaharragoak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

Gurasoak dibortziaturik edo legez banandurik egonez gero:

–Seme-alaben zaintza partekatua delarik, kide konputagarriak izanen dira: beka eskuratu behar duen ikaslearen aita eta ama, eta elkarrekin izan dituzten seme-alabak, aurrekoen bizitoki berean bizi direla frogatzen badute dagokion udal erroldako ziurtagiriaren bidez.

–Eskatzailearen gurasoek zaintza partekatua ez badute, ez da konputagarritzat hartuko ikaslearekin bizi ez den gurasoa. Hala ere, halakoetan, senar-emazte berria edo gisako harremanez loturiko pertsona bai hartuko da kide konputagarritzat edota sostengatzaile nagusitzat, baita elkarrekin izan dituzten seme-alabak ere.

–Alargunak edo dibortziatuak berriz ezkonduz gero, ezkontide berria familia-unitateko kidetzat hartuko da ondorio guztietarako. Bikote egonkorra eratuz gero berdin jokatuko da.

–Beka eskuratu behar duen ikaslea harreran dagoen adingabea bada, aurreko paragrafoetan xedatu dena aplikatuko zaio harrerako familiari.

–Harrerako familien kasuan, adinez nagusia bada, familia-unitatean integratutzat hartuko da ondorio horietarako.

–Ikaslea ezkondua bada edo bikote egonkorra eratu badu, familia-unitatea beraiek osatuko dute, bai eta seme-alaba ezkongabeek ere, halakorik badute, baldin eta adinari, bizikidetzari eta desgaitasunari buruz aipatu diren baldintzak betetzen badituzte. Kasu horretan, eskatzailea independentea dela ulertuko da, eta 4.1. oinarria aplikatuko da.

5.3. Errenta tarteak.

5.3.1. Errenta tarteak familia-unitateko.

Beka edo laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskaerak familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordenatuko dira, tarte hauek eginez:

KIDE KOPURUA

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

1

8.843

9.264

11.035

13.777

2

14.144

18.528

22.069

27.554

3

21.216

27.792

33.104

41.331

4

28.288

37.056

44.138

55.108

5

35.360

46.320

55.173

68.885

6

42.432

55.584

66.207

82.662

7

49.504

64.848

77.245

96.437

8

56.576

74.112

88.283

110.213

Hortik gorako kide bakoitzeko

5.840

7.649

9.110

11.375

5.3.2. Independenteak direla adierazten duten izangaiek egiaztatu beharko dute urtean 3.538 eurotik gorako gutxieneko diru-sarrerak dituztela.

6. oinarria.–Ordaindu beharreko zenbatekoaren zehaztapena.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ordainduko duen bekaren zenbatekoa kalkulatuko da, kasu bakoitzean, prozedura hauen arabera:

6.1. Eskatzaileak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren beka bat baldin badauka:

–Ulertuko da Ministerioak emandako zenbatekoa dela kontzeptu guztiengatik emandako zenbatekoen batura, matrikulagatiko laguntza barne, eta alde batera utzita bikaintasun akademikoari lotutako zenbateko finkoa (IMIN).

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren irizpideei jarraikiz legokiokeen bekaren zenbatekoa zehaztuko da.

–Nafarroako Gobernuaren deialdian kalkulatutako zenbatekoaren eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandakoaren arteko diferentzia kalkulatuko da (kontuan hartzen da Ministerioak unibertsitateei ematen dien matrikulagatiko laguntza). Hau da zenbateko osagarria: ZOSAG = MINZ-NGZ.

Diferentzia zero denean, edo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren beka txikiagoa bada Ministerioarena baino (ZOSAG ≤ 0), onuradunari ordainduko zaion zenbatekoa izanen da kontzeptu hauei dagokien zenbatekoen batura: laguntza berezia, espediente akademikoarena eta digitalizaziorako laguntza. Osorik ordainduko dira, deialdiaren irizpideekin bat.

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren beka handiagoa denean Ministeriokoa baino (ZOSAG ≥ 0), onuradunari zenbateko osagarria ordainduko zaio.

Diferentzia hori kalkulatzeko beste xederik gabe, berdintzat joko dira Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak matrikularengatik ematen duen bekaren zenbatekoa eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioarena, Nafarroako Unibertsitatean matrikulaturiko ikasleen kasuan izan ezik. Haien kasuan, 7.1.2 oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

6.2. Eskatzaileak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren bekarik ez badu:

Deialdi honen irizpideen arabera dagokion zenbatekoa ordainduko zaio.

6.3. Ikasketarako laguntza edo beka lortzen duten ikasleei, 2020-2021 ikasturtetik kredituren bat gainditu gabe gelditu bazaie matrikulatuta zeudenetarik, bakarrik %70 ordainduko zaie eskubidea duten kontzeptu guztietan. Salbuespen bakarra matrikularako beka izanen da, hori osorik emanen baita.

7. oinarria.–Beken eta laguntzen zenbatekoak.

7.1. Matrikularako beka edo laguntzak.

Matrikularako laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

–Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren prezio akademikoa aipatzean, ulertuko da ekainaren 29ko 471/2021 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoaren arabera zehaztutako zenbatekoa. Errege dekretu horrek errentaren eta familia ondarearen tarteak eta beken eta ikasketetarako laguntzen zenbatekoak ezartzen ditu 2021-2022 ikasturterako.

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren prezio akademikotzat joko da Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak maiatzaren 13ko 47E/2021 Foru Aginduan ezarritakoa. Foru agindu horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2021-2022 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen ditu.

–Edozein kontzeptu dela-eta, matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek matrikularengatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira, salbuespen hauekin: Nafarroako Unibertsitatearen prezioak sustatzeko planarengatik egindako deskontua, familia ugarikoa izateagatik egindako murrizketak eta ohorezko matrikulak ateratzeagatik egindako murrizketak.

–Matrikula bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko administrazio zerbitzu hauen prezioak: espedientea irekitzea ikasketak hasteagatik, lekualdaketak, identitate txartelak egitea, baliokidetzeak, egokitzapenak eta abar.

Nolanahi ere, matrikularako emandako zenbatekoa ezin izanen da matrikularen benetako kostua baino handiagoa izan.

7.1.1. Ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateetan egiten direnean, 2.2 oinarrian biltzen diren kasuetan, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %100.

2. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %80.

3. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %60.

4. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %50.

7.1.2. Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egiten badira, Iruñeko egoitzan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez baditu ikasketa horiek ematen edo, bestela, nahiz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere eman, ikasleek bertan ikasteko posturik lortu ez dutela egiaztatzen badute, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 4.

–2. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 2,7.

–3. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,5.

–4. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,3.

7.1.3. Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egiten badira, 2020-2021 ikasturtean, eta aurreko kasuaren baldintzak betetzen ez badira, edo eskatzaileek beren ikasketak beste unibertsitate batean hasi badituzte, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %100.

–2. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %80.

–3. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %60.

–4. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren %50.

7.1.4. Erregimen iragankorra, aplikatzen ahal zaiena beren ikasketak 2016ko urriaren 31 baino lehenago Nafarroako Unibertsitatean hasi eta ikasketa horietan beretan segitzen dutenei. Halakoetan, errenta tarteen arabera hauek izanen dira beka edo laguntzak:

–1. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 4,8.

–2. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 3,5.

–3. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 2,5.

–4. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,5.

7.2. Bizitegirako bekak edo laguntzak.

Osagai hau jasotzen ahalko dute baldintza orokorrak betetzen dituzten eskatzaileek, baldin eta egiaztatzen badute ikasturtean zehar familiaren etxetik kanpo bizi behar dutela, familiaren etxearen eta ikastetxearen arteko distantziagatik, garraiobideen eskasiarengatik eta eskolen orduak aldatzeko aukera ezagatik. Ikasturtean izanen duen helbidea egiaztatzeko, eskatzaileak alokairu edo bizitegi kontratua aurkeztu beharko du.

Ezin izanen dute osagai hau jaso:

–Deialdi honetako jantokirako edo garraiorako laguntzaren onuradun direnek.

–Matrikula partziala duten ikasleek.

–Independenteak direla adierazten duten ikasleek.

–Erabat presentzialak ez diren irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek.

–Ministerioaren laguntzen onuradunek, deialdian halakorik eskatu ez badute, horretarako baldintza ekonomikoak bete arren.

Bizitegirako laguntzaren zenbatekoa izanen da: 2.342 euro, 1. errenta-tartea duten eskatzaileentzat; 1.874 euro, 2. tartekoentzat; 1.405 euro, 3. tartekoentzat eta 1.171 euro, 4. tartekoentzat.

Graduko ikasketetan eta titulazio bikoitzetan, ikasketa planaren iraupen ofizialetik kanpoko epe gehigarrian, laguntzaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

Bi ikasturtetako masterreko ikasketetan, 120 kreditu baino eskola-karga txikiagoa dutenetan, bigarren urtearen bekaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duen ikasleak ez badu erabiltzen matrikula murriztua, bekaren zenbatekoa %50 handiagoa izanen da.

Bizitegiari dagokionez, egiaztatutako egonaldia ikasturte osoa ez bada, emandako laguntza aldi horren proportzionala izanen da.

7.3. Garraiorako bekak.

Garraiorako laguntzak eman daitezke familiaren bizilekutik ikastetxearen herrira 5 km edo gehiago badira eta astean gutxienez 4 bidaia (bi joateko eta bi etortzeko) egiten badira.

Garraioaren kostua kalkulatzeko, herrien arteko distantzia (km) bider astean egin beharreko bidaia kopurua (joan-etorriak) eginen da. Eta gero, hortik ateratzen dena bider 2,8 eginen da.

Pirinio aldeko ikasleen kasuan (Erronkaribar, Zaraitzu, Erroibar eta Aezkoa ibarretakoak, eta Luzaide, Auritz eta Orreaga udalerrietakoak), bider 3,1 eginen da.

Ordaindu beharreko zenbatekoa ateratzeko, kalkulatutako kostuari familiaren errenta erabilgarriaren tarteari dagokion koefizientea aplikatuko zaio:

1. tartekoei, zenbatekoaren %100; 2. tartekoei, %80; 3. tartekoei, %60 eta 4. tartekoei %50.

Graduko ikasketetan eta titulazio bikoitzetan, ikasketa planaren iraupen ofizialetik kanpoko epe gehigarrian, laguntzaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

Bi ikasturtetako masterreko ikasketetan, 120 kreditu baino eskola-karga txikiagoa dutenetan, bigarren urtearen bekaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duen ikasleak ez badu erabiltzen matrikula murriztua, bekaren zenbatekoa %50 handiagoa izanen da.

Matrikula partziala daukaten ikasleek ere jasotzen ahalko dute osagai hau.

Ezin izanen dute osagai hori jaso deialdi honetako bizitegirako laguntzen onuradunek.

7.4. Jantokirako bekak.

Jantokirako bekak edo laguntzak emanen dira, ikasleak astean bi egunetan edo gehiagotan, eskola ordutegia dela kausa, etxetik kanpo bazkaldu behar badu, eta ikastetxea dagoen herritik familiaren etxea dagoen herrira gutxienez 5 km-ko tartea badago.

Osagai honen eskatzaileek agiri bidez frogatu beharko dute etxetik kanpo jan beharra dutela (eskola ordutegiak, praktiketakoak, etab.).

Emanen den zenbatekoa izanen da asteko bazkariak bider errenta tarte bakoitzari dagokion zenbatekoa: 180 euro, 1. errenta-tartea duten eskatzaileentzat; 144 euro, 2. tartekoentzat; 108 euro, 3. tartekoentzat eta 90 euro, 4. tartekoentzat.

Ezin izanen dute osagai hau jaso:

–Deialdi honetako bizitegirako laguntzen onuradun direnek.

–Matrikula partziala duten ikasleek.

–Independenteak direla adierazten duten ikasleek.

–Erabat presentzialak ez diren irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek.

Graduko ikasketetan eta titulazio bikoitzetan, ikasketa planaren iraupen ofizialetik kanpoko epe gehigarrian, laguntzaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

Bi ikasturtetako masterreko ikasketetan, 120 kreditu baino eskola-karga txikiagoa dutenetan, bigarren urtearen bekaren zenbatekoa egokitu zaionaren %50 izanen da.

%65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duen ikasleak ez badu erabiltzen matrikula murriztua, bekaren zenbatekoa %50 handiagoa izanen da.

7.5. Beka, ikasketa-espedientearengatik.

Laguntza hau jasotzen ahalko dute graduko ikasleek, egiaztatzen badute 8,5 puntu edo hortik gorako nota lortu dutela honako hauetan:

–Gradura sartzeko proba.

Batxilergotik datozen ikasleentzako, formula honekin kalkulatuko da: Sarrera nota = 0,6 BBN + 0,4 USBE. (BBN = Batxilergoko batez besteko nota, eta USBE = Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa).

–Gainerako sarbideetarako, graduan sartzeko behar izan duten nota.

–Graduko bigarren eta hurrengo ikasmailetara pasatu ahal izateko aurreko ikasmailan atera duten batez besteko nota.

Batez besteko nota kalkulatzeko, II. eranskinean ezartzen den prozedura erabiliko da.

Osagai honen zenbatekoa hauxe izanen da: 400 euro, 1. errenta-tartea duten eskatzaileentzat; 300 euro, 2. tartekoentzat; 200 euro, 3. eta 4. tartekoentzat.

Matrikula partziala daukaten ikasleek ezin izanen dute osagai hau lortu.

7.6. Laguntza berezia.

Laguntza hau jasotzen ahalko dute behar ekonomiko larria aitortu eta frogatzen duten familia-unitateek, deialdiaren baldintza orokorrak betetzen badituzte.

Laguntza bereziak 1.800 eurokoak izanen dira.

Laguntza berezia jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoa izanen da familiaren per capita errenta erabilgarria 4.260 eurotik beheiti izatea. Gainera, beharrezkoa izanen da ondoko baldintzetariko bat gutxienez betetzea:

–Errenta hartzaile nagusia 2020. urte osoko 10 hilabetetan langabezian eduki duten familiak.

–Erabateko umezurtzak.

–Aita edo ama ezkongabeen edo dibortziatu edo legez bereizitako ezkontidearen seme-alabak, diru-sarrera bakarra kasu bakoitzean mantenu-sariengatik sortutako pentsioak direnean.

–Familian, ikaslearen gurasoek edo seme-alabaren batek, edo ikasleak berak %33ko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua dutenean.

–Errenta-hartzaile nagusia pentsioduna duten familiak.

–2020an errenta bermatua jaso duten familiak.

Aurreko baldintzak frogatzen dituzten agiriekin batera, txosten sozial bat aurkeztu beharko da, gizarte-langile batek prestatua (txosten hori ez da beharrezkoa izanen errenta bermatuaren hartzaile direnentzat).

7.7. Digitalizaziorako laguntza.

Laguntza honen helburua da ikasleak irakaskuntza eta ikaskuntza digitaleko metodologietara egokitzeko bere gain hartzen dituen gastuetan laguntzea.

200 euroko laguntza emanen zaie, baldintza orokorrak bete eta 1. errenta-tartean dauden eskatzaileei (5.3.1 oinarria).

7.8. Emandako gehieneko zenbatekoa.

Beka edo laguntzaren kontzeptu guztiak baturik, guztira ordainduko den kopurua ez da izanen lanbide arteko gutxieneko soldatak deialdia argitaratzen den egunean egiten duen kopurua baino handiagoa.

Garraiorako eta jantokirako laguntzen zenbatekoen batura ezin da bizitegirako laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa izan; salbuespenez, garraiorako beketan Pirinio aldeko ikasleei ematen zaien zenbatekoa muga horren %10eraino handitzen ahalko da.

Edozein kontzepturengatik emandako zenbatekoa ez da izanen haren kostua baino handiagoa.

7.9. Beken araubidea genero-indarkeriaren eta terrorismoaren biktimentzat.

Familia-unitatearen kideren batek genero indarkeriaren biktima izan dela aitortua duenean, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legean xedatutari jarraituz, edo ekintza terrorista baten ondorioz ikaslearentzat berarentzat edo bere gurasoentzat, tutoreentzat edo zaintzaileentzat kalte pertsonalak eratorri badira, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legean ezarritakoarekin bat, deialdi honetan agertzen diren bekak jasotzen ahalko ditu irizpide hauei jarraituz:

–Ez zaizkie aplikatuko betekizun hauek: gainditutako eskola-kargaren betekizuna, lorturiko batez besteko nota edo ikasturtean matrikulatutako kreditu edo irakasgaien gutxieneko kopurua.

–Beste betekizun akademiko hauek ere ez zaizkie aplikatuko: ikasketa aldaketarena, bekadun izandako urteen muga, kredituen edo irakasgaien ehuneko jakin bat gainditu beharra.

8. oinarria.–Eskaerak aurkeztea: epea eta eskatutako dokumentazioa.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2021-2022 ikasturteko beketarako edo laguntzetarako eskaerak “nafarroa.eus” web atariko datu-orria betez egiten ahalko dira soilik. Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Beka jasoko duen ikasleak berak eginen du eskaera. Legezko ordezkariak egin behar badu eskaera, aldez aurretik bete beharko da ordezkaritzaren egiaztagiria, izapidetze-prozeduran aurreikusi bezala.

Beka eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako. Ez da beharrezkoa eskaera hori fisikoki inon aurkeztea.

Ez dira kontuan hartuko telematikoa ez den beste bide batetik betetako eskabideak.

Eskatutako dokumentazioa erantsiko da eskabide orriaren bitartez, adierazitako formatuetan.

8.1. Datuak egiaztatzeko baimena.

Eskatzaileak eta deialdi honen ondorioetarako konputagarriak diren gainerako kideek baimena ematen ahalko dute Estatuko Administrazio Orokorrean eta beste administrazio publiko batzuetan eskuragarri dauden datuen kontsulta telematikoa egiteko. Horren xedea da zehaztu, ezagutu eta egiaztatu ahal izatea bekaren eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datu guztiak, inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak, eta errenta eta ondarea. Horretarako, berariaz adierazi beharko dute eskabidean.

8.2. Kontsulta egiteko baimenik eman ez duten eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

–IFZa egiaztatzea ahalbidetzen duen ziurtagiria.

–Familia-unitatearen 2020ko diru-sarrerak eta ondarea frogatzen dituzten agiriak.

–Zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiria, eskatzailearena edo familia-unitateko edozein kiderena.

–Erroldatze-ziurtagiria.

–Familia ugariaren ziurtagiria.

–Unibertsitateek emandako C2 (graduko ikasketak) edo C3 (master ikasketak) ziurtagiriak, ikasturtearen informazio akademikoarekin (matrikulatutako kredituak, gainditutakoak eta abar), Nafarroatik kanpoko unibertsitateetan matrikulatutako ikasleen kasuan.

–30 urtetik beherako anai-arreba unibertsitarioen matrikula egiaztatzen duen agiria, Nafarroatik kanpo ikasten ari badira eta Ministerioaren laguntza eskatu ez bada.

–Bidezkotzat jotzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.

8.3. Eskatzaile guztiek aurkeztu beharreko dokumentazioa, bakoitzaren egoeraren arabera.

–Guraso bakarreko familia izatea egiaztatzen duen agiria.

–Umezurztasun absolutua justifikatzen duen agiria.

–Zaintza partekatua justifikatzen duen agiria.

–Kaudimen ekonomikoaren agiria, independenteak direla adierazten duten eskatzaileen kasuan.

–Ohiko bizitokia den etxebizitzaren titulartasuna edo errentamendua egiaztatzen duen agiria, independenteak direla adierazten duten eskatzaileen kasuan.

–Laguntza berezia ematea justifikatzeko behar den dokumentazioa (ikus 7.6 oinarria).

–Diru-sarreren murrizketa larria justifikatzen duen dokumentazioa: 2020ko eta 2021eko errenta-aitorpenak, eskabidean hala adierazi bada.

–Alokairu/bizitegi kontratua, bizitegirako laguntza eskatu bada.

–Garraiorako laguntzaren beharra frogatzen duten agiriak.

–Jantokirako laguntzaren beharra frogatzen duten agiriak.

–Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima dela frogatzen duen agiria.

–Bidezkotzat jotzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.

8.4. Kontsulta egitea baimentzen den kasuan aurkeztu beharreko agiriak, baldin eta Ministerioaren beka eskatu ez bada.

–Unibertsitateek emandako C2 (graduko ikasketak) edo C3 (master ikasketak) ziurtagiriak, ikasturtearen informazio akademikoarekin (matrikulatutako kredituak, gainditutakoak eta abar), Nafarroatik kanpoko unibertsitateetan matrikulatutako ikasleen kasuan.

8.5. Aurkeztu beharreko informazio ekonomikoa, familia-unitatea PFEZaren aitorpena egitera legez behartuta ez badago. Dokumentazio hau aurkeztu beharko dute datuen kontsulta baimentzen duten eskatzaileek eta baimentzen ez dutenek.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2020. urteari dagokiona, udalak luzatua.

–Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2020. urtean izandako diru-sarreren frogagiria.

–Enpresaburu edo profesional liberalen kasuan, 2020. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

–Kenkarien frogagiri eguneratuak (desgaitasuna...). III. eranskineko 1.c.3 apartatuan sartutako kenkarien kasuan, hartan aipatzen diren matrikulak.

9. oinarria.–Datuak bildu eta lagatzea.

Eskatzaileek eskaerak aurkezteak honako hau esan nahi du:

–Onartzen dituela deialdiaren oinarriak.

–Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko frogagiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

–Jakinaren gainean dagoela, deklaratutako inguruabarretan zerbait zuzena ez bada, egia ez bada, edo ezkutatu bada, beka ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela.

–Badakiela deialdi hau Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren deialdiaren osagarria dela, eta deialdi horretan laguntza jasotzen badu Unibertsitateko Zerbitzuari jakinarazi beharko diola.

–Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan eskuratzeari, eskaeran horretarako adierazi duen posta elektronikoaren bidez.

–Eskatzailea dela bekaren ordainketa eskuratzeko adierazitako kontu korrontearen titularra edo titularkidea.

–Baimena ematen diola Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari jendaurrean jartzeko bekadunen zerrendak, haien datu identifikagarriak eta emandako laguntzen zenbatekoak zehaztuta, dirulaguntzei buruzko oinarrietan eta datu pertsonalen babesari buruzko arauetan ezarritakoarekin bat.

Eskabidean jarritako datu pertsonalak, eta bekak edo laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean jasoko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

10. oinarria.–Ematea eta ukatzea.

Beka edo laguntzaren kontzesioa ikaslearen alde eginen da legezko ondorio guztietarako.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateen Zerbitzuari dagokio espedientearen instrukzioa.

Onartu eta ukatzen diren beka eta laguntzen behin-behineko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateen Zerbitzuak proposatuta, eta “nafarroa.eus” atarian argitaratuko da. Banaka ere kontsultatzen ahalko da, bekak kudeatzeko aplikazioaren bidez.

Behin-behineko zerrenda horrekin bat heldu ez diren eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari. Horretarako hilabeteko epea izanen da, ebazpena “nafarroa.eus” atarian argitaratzen denetik hasita. Zerbitzu horrek, hala berean, ofizioz berrikusten ahalko ditu espedienteak, deialdian aurreikusitakoaren aurkako arau-hausterik edo akatsik baldin bada.

Unibertsitateen Zerbitzuak proposatuko du deialdiaren behin betiko ebazpena, Beken Batzordearekin kontsultatu ondoren. Batzorde horrek proposatzen ahalko du, deialdiko baldintza guztiak bete ez arren, batzordearen ustez beka edo laguntza jasotzeko merezimendu aski dituzten ikasleei ere bekak ematea, merezimendu horiek behar bezala justifikatuz gero.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta, onetsiko da eman eta ukatzen diren beka eta laguntzen zerrenda, baldin eta ofizio bidezko berrikuspenak, edo interesdunak hala eskatutakoak, behin-behineko ebazpenean aldaketak ekarri baditu. Emandako eta ukatutako beka eta laguntzen zerrenda zuzendua behin betikoa bilakatuko da, lehen aipatutako ebazpena “nafarroa.eus” atarian argitaratzen den egunean berean. Halaber, epe berean behin betikoak bilakatuko dira behin-behinean emanak ziren gainerako laguntza eta bekak, aipatutako zuzenketen zerrendan agertzen ez direnak. Emandako eta ukatutako beken behin betiko zerrenda “nafarroa.eus” atariko beken fitxan argitaratuko da. Banaka ere kontsultatzen ahalko da, bekak kudeatzeko aplikazioaren bidez.

11. oinarria.–Beken edo laguntzen ordainketa.

Ikaslearen aldeko beka edo laguntzen ordainketa eginen da eskaeran adierazi den banketxearen bidez. Banketxeko kontua aktibo egon beharko da, laguntza emateko prozedura bukatu arte.

12. oinarria.–Laguntzak itzultzea eta baliogabetzea.

–Ebazpen honen bidez deitutako ikasketetarako beka edo laguntzen onuradunak beharturik daude beka edo laguntza eman den xederako erabiltzera, hots, matrikula egitera, klasera joatera, azterketetara aurkeztera eta, gastuak, zeinetarako ematen baita laguntza, ordaintzera. Horren ondorioetarako, beka edo laguntza eman zaion helburuetarako ez duela erabili ondorioztatuko da ondoko kasuren bat gertatzen bada:

1.–Matrikula deuseztatzea.

2.–Beka zer ikasmailatarako eman zaion eta hartan zer kreditutan matrikulatu den, orokorrean gutxienez ere horien %50 ez gainditzea. Zientzietako, Osasun Zientzietako eta Ingeniaritza eta Arkitekturako adarretan, %40 izanen da. Ehuneko hori kalkulatzeko aparte utziko dira kreditu baliozkotuak, aitortuak, egokituak, transferituak edo gisakoak.

3.–Ikastetxeak emandako zerbitzuak ez ordaintzea, beka zerbitzu horiek finantzatzeko eman bazen.

1. kasuan, beka zer kontzeptutarako eman zaion, horiek guztiak itzuli beharko ditu.

2. kasuan, beka zer kontzeptutarako eman zaion, horiek guztiak itzuli beharko ditu, matrikularako beka izan ezik.

3. kasuan, ordaindu gabeko zerbitzuei dagozkien kontzeptuak itzuli beharko ditu.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak noiznahi agintzen ahal du beka edo laguntza ematean oinarri izan ziren eskaera espedienteak berrikusteko, horietan ezarritako datuak egiazkoak ote diren ziurtatzeko.

Bekadunei noiznahi baliogabetzen ahalko zaie emandako laguntza, Administrazioaren egintza arrazoitu baten bitartez, galarazi gabe bidezko instantzien aitzineko ekintzak, aldez aurretik espedientea irekita deialdi honetako arauek aipatzen dituzten inguruabarrak frogatzeko. Espediente hori Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ireki eta ebatziko du.

Era berean, laguntzak baliogabetuko dira onuradunek uko egiten badiote ikerketa-prozesuan laguntzeari, ez badute aurkezten eskatutako informazioa eta dokumentazioa, edo ezkutatzen badituzte datu akademikoak, ekonomikoak eta/edo zirkunstantzialak.

Espediente baten ondorioz laguntza baliogabetzen bada, jasotako dirua itzuli beharko da, baztertu gabe eskatzaileak edota laguntza jaso duen ikasleak izan ditzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Ikaslea ikasturtean zehar hiltzen bada, ez da baliogabetuko emandako beka edo laguntza.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bekak eta laguntzak emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena eta haren eranskinak “nafarroa.eus” atarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

14. oinarria.–Beken Batzordea.

Beken Batzordeak kide hauek izanen ditu:

Burua: Unibertsitateko zuzendari nagusia.

Buruordea: Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendaria.

Kideak:

–Unibertsitateen Atalaren ordezkaria.

–Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Goi Mailako Ikuskatzailetzaren Arlo Funtzionaleko zuzendaria.

–APT bat (arlo ekonomikoa), Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.

–Ogasun ikuskatzaile, kudeatzaile edo teknikari bat, Ekonomia eta Ogasun Departamentukoa.

–Ikasleen gurasoen elkarteen bi ordezkari.

–Unibertsitate mailako bi ikasle, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa.

–Unibertsitateetako bi ordezkari, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa.

–Idazkaria: APT bat (arlo juridikoa), Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.

I. ERANSKINA

Masterreko batez besteko nota kalkulatzeko arauak

Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, arau hauek aplikatuko dira masterrean sarbide izateko batez besteko nota kalkulatzeko:

a) Masterra egiteko aukera bigarren ziklokoak bakarrik diren titulazioak gainditzeari esker lortu bada, batez besteko nota kalkulatzeko, aurretik egindako lehen zikloko kalifikazioak ere hartuko dira kontuan.

b) Kalifikazioak baremo honen arabera kontatuko dira:

Ohorezko matrikula (bikain eta aipamena) = 10 puntu.

Bikain (9-10 puntu) = 9 puntu.

Oso ongi (7-8,9) = 7,5 puntu.

Nahikoa edo gai (5-6,9) = 5,5 puntu.

c) Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, guztira lorturiko puntuak irakasgai guztien artean zatituko dira.

d) Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatu eta gero lortzen den puntuazioa haztatuko da irakasgaiaren kreditu kopurua kontuan hartuta, formula honi jarraikiz:

B = (P × IKK) / EKK

B = Irakasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.

P = Irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko puntuko baremoa kontuan hartuta.

IKK = Irakasgaiaren kreditu kopurua.

EKK = Eginiko kredituen kopurua; ebazpen honen arabera konputagarriak direnak hartuko dira kontuan.

Formula horren aplikazioaren ondoriozko balioak batu eginen dira. Horren emaitza izanen da azken batez besteko nota.

e) Baliozkotu, egokitu eta parekatutako irakasgai edo kredituak emanen dira abiapuntuko ikastetxean lortutako kalifikazioari dagozkion puntuetan. Kalifikazio hori ez dagoenean nahikotzat joko da (5,5 puntu).

f) Kalifikaziorik ez daukaten irakasgai eta kreditu aitortuak ez dira espedientean sartuko.

g) Atzerriko unibertsitateetatik datozen espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, Espainiako hamartar sistemara egokituko da, irakasgaiz irakasgai, kontuan hartuz jatorrizko kalifikazioan gainditzeko behar den gutxieneko nota eta gehieneko nota eta horren arabera Espainiako hamartar kalifikazioko sisteman dagokiena.

II. ERANSKINA

Ikasketa-espedienteagatik laguntza eskuratzeko batez besteko notaren kalkulua

Gainditu ez diren irakasgaien edo kredituen kalifikazioak ere sartzen dira, halakorik bada.

1. Batez besteko nota kalkulatzeko, ikasleen ikasturteko zenbakizko kalifikazioak erabiliko dira, 0tik 10erako eskalan. Aurkeztu gabeko irakasgaietan 2,50 puntuko nota jarriko da.

2. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:

a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.

b) Bikain = 9 puntu.

c) Oso ongi = 7,5 puntu.

d) Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

e) Ez gainditua, ez aurkeztua edo ez gai = 2,50 puntu.

3. Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, guztira lorturiko puntuak irakasgai guztien artean zatituko dira.

4. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, irakasgai bakoitzean lortzen den puntuazioa haztatuko da irakasgaiaren kreditu kopurua kontuan hartuta, formula honi jarraikiz:

B = (P × IKK) / EKK

B = Irakasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.

P = Irakasgai bakoitzaren puntuazioa.

IKK = Irakasgaiaren kreditu kopurua.

EKK = Eginiko kredituen kopurua; ebazpen honen arabera konputagarriak direnak hartuko dira kontuan.

Zenbateko hau adjudikatzeko, unibertsitateko graduetako bigarren, hirugarren edo laugarren ikasmailetan matrikulatutako ikasleen kalifikazioaren kasuan, 1,17ko koefiziente zuzentzailea aplikatuko da arkitektura edo ingeniaritzaren arloko ikasketetatik datozen kalifikazioen kasuan, 1,11koa zientziaren arlotik datozenentzat, eta 1,05ekoa osasun zientzien arlotik datozenentzat.

III. ERANSKINA

Datu ekonomikoak

1.–Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.

a) Familia-unitateko kide bakoitzaren banakako errenta nola kalkulatu.

Konputagarriak diren familia-unitateko kideen kasuan, 2020ko PFEZaren aitorpena aurkezteko betebeharra badute, hau hartuko da banakako errentatzat:

–Zerga-oinarriaren zati orokorra.

–Ken ezkontidearen alde konpentsazio pentsioagatik ordaindutako kantitateak eta elikatzeko urteko sariak, biak ere epailearen erabakiz ezarriak, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako kantitate legez galdagarriak.

–Gehi zerga-oinarriaren aurrezkiaren zati berezia, kenduta 2016tik 2019ra bitarteko ondareko irabazi eta galeren saldo garbi negatibo guztiak eta aurrezkiaren zerga oinarrian sartu beharreko 2016tik 2019ra bitarteko kapital higigarriaren etekinen saldo garbi negatiboa.

–Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsitzat (*) jotzen diren gainerako errenta eskuratuak, hala nola baliaezintasun iraunkor absolutuko pentsioak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, aitak edo amak seme-alaben mantenurako ematen dituen urteko sariak, kontuan hartu gabe jasotako ikasketa beka edo laguntzak.

Ondorio praktikoetarako, banakako errenta kalkulatuko da 2020ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukitxoekin eragiketa hauek eginez:

507. laukia - 511. laukia - 822. laukia + 8808. laukia - 8020. laukia - 8100. laukia + 8810. laukia - 8880. laukia - 8830. laukia + 529. laukia.

(*) Arestian aipatutako errenta salbuetsiak ez dira kontuan hartuko haien batura, familia-unitateko kide guztiak kontuan izanda, ez bada 10.000 eurora iristen.

PFEZaren aitorpena egitera beharturik ez dauden familia-unitateko kideen kasuan, bakoitzaren errenta honela kalkulatuko da: 2020. urtean eskuratutako diru-sarrera gordinen batura, edozein dela ere beren iturria, barnean sarturik ondasun higiezinak alokatzeagatik jasotako errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko etekin garbiak. Ateratzen den zenbatekotik kendu beharko dira besteren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak.

b) Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.

Familiaren errenta erabilgarritzat hartuko da sostengatzaile nagusien banakako errenten batura, gehi familia-unitateko gainerako kideen banakako errenten %50, aurreko atalean adierazi bezala kalkulaturik. Guztira ateratzen den zenbatekoari kenduko zaio aurretiazko kuota diferentziala, familia-unitateko kide konputagarrien 2020ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenetakoa (578 laukia).

c) Familiaren errenta erabilgarriaren kenkariak.

Bekaren ondorioetarako familiaren errenta erabilgarria arestian ezarri denaren arabera kalkulaturik, errenta horretatik kontzeptu hauei dagozkien zenbatekoak kentzen ahalko dira:

1.–Familia ugaria:

• Orokorra. Familia-unitateko seme edo alaba konputagarri bakoitzeko, 654 euro.

• Berezia. Familia-unitateko seme edo alaba konputagarri bakoitzeko, 874 euro.

Familia ugariak dira halakoak direnak eta titulu ofizialaren bidez frogatzen dutenak, bat etorriz Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritakoarekin.

2.–Familia-unitateko kideren baten desgaitasun aitortua:

• 2.078 euro, %33ko edo hortik goitiko desgaitasun aitortua duen kide bakoitzarengatik.

• 3.325 euro, %66ko edo hortik goitiko desgaitasun aitortua duen kide bakoitzarengatik.

3.–Unibertsitateko ikasketak direla eta etxetik kanpo bizi diren bi anai-arreba edo gehiago daudenean:

• 1.296 euro, egoera horretan dagoen seme edo alaba bakoitzarengatik.

4.–Kenkaria, guraso bakarreko familia dela (edo gurasobakartasun egoeran dagoela) aitortua duen familia bateko kidea izateagatik.

• 600 euro familia bakoitzak.

Nafarroako Foru Komunitatean zerga arloan aplikagarria den araudiak agintzen duenari men eginen zaio honako kontzeptu hauei dagokienez: oinarri orokorra, berezia, zerga-oinarria, likidazio-oinarria, konpentsazioak, murriztapenak, errenta salbuetsiak, pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, atxikipenak, PFEZaren konturako ordainketak, aurretiazko kuota diferentziala eta PFEZaren aitorpena egin beharra.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako PFEZaren likidazio behin-behineko edo behin betikoa badago, hori erabiliko da familiaren per capita errenta zehazteko.

2.–Familiaren ondarearen tarteak.

Alde batera utzita aitzineko zenbakietan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familiaren errenta, 2021-2022 ikasturterako beka ukatu eginen da baldin eta gainditzen badira familiaren ondarea adierazten duten atalase hauek:

–Familia-unitateko kide konputagarrien hiri finken katastroko balioen baturak, kenduta, halakorik bada, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza baten katastroko balioa, ezin izanen du gainditu 108.966 euroko kantitatea.

–Familia-unitateko kide konputagarrien landa finken katastroko balioen baturak ezin izanen du gainditu 16.675 euroko kantitatea kide konputagarri bakoitzeko.

–Familia-unitatearen kide konputagarrien ondasun higigarrien kapitalaren etekin garbiak gehi ondarearen irabazi eta galeren saldo garbi positiboaren arteko baturak, salbu etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko jasotako dirulaguntzak, ezin izanen du gainditu 2.159 euroko kantitatea (2020ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukiak: 8810 laukia + 8808 laukia - 708 laukia).

Ondarearen adierazgarri diren elementu horiek kontatuko dira 2020ko abenduaren 31n duten balioaren arabera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudian xedatutakoarekin bat.

Era berean, beka ukatuko da egiaztatzen bada familia-unitateko kide konputagarrien diru-sarrera hauen baturak 449.746 euroko zenbatekoa gainditzen duela, balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzita:

–Jarduera ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenaren bidez edo zenbatespen objektiboaren bidez zehaztuak.

–Nortasun juridikorik gabeko entitateen edo bestelako entitate juridikoen bidez garatutako jarduera ekonomikoetan familiako kide konputagarri guztiek ehuneko berrogeita hamarreko edo hortik gorako partaidetza izateagatik dituzten diru-sarrerak, behin jardueren guztizko diru-sarrerei jarduera horietako partaidetzaren ehunekoa aplikatu ondoren.

Aurreko paragrafoetan ageri diren elementuen balioaren konputuaren ondorioetarako, sostengatzaile nagusiak ez diren familiako edozein kide konputagarrirenak diren elementuen balioaren %50 kenduko da, sostengatzaile nagusienak izan ezik.

Iragarkiaren kodea: F2113390