226. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

107/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 26koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2021. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak ematea arautzen duten oinarriak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu zenetik, Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluan ezarritakoa betearaztera jo du, artikulu horren bidez botere publikoen esku uzten baita gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean modu libre eta eraginkorrean parte-hartzeko baldintzak sustatzea.

Apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak, aitortza emateko gazteriaren arloan zerbitzuak ematen eta jarduketa nabarmenak betetzen egindako ibilbide bati, berdin pertsonek, elkarteek, instituzioek eta erakunde publiko zein pribatuek egina izan.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak xedatzen duenez, “gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteriaren arloko sari eta golardoak emanen dira horretarako”.

Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak eratzen dituen apirilaren 6ko 125/1998 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariari behar diren xedapenak eman ditzan dekretu hau garatu eta betearazteko; departamentuen egitura berria eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egungo atxikipena kontuan harturik, eskudantzia hori Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ematen zaiola ulertu behar da.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak sortu zuen Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa eta haren estatutuak onetsi zituen, non azaltzen baita, 2. artikuluan, erakundea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak emandako plangintza eta politika orokorreko jarraibideen menpe dagoela.

2021ean gazteriaren arloko golardoak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2021. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak ematea arautzen duten oinarriak, zeinak foru agindu honen eranskinean ageri baitira.

2. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutura eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera.

Iruñean, 2021eko uztailaren 26an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

I. ERANSKINA

2021. urtean Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak ematea arautzen duten oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak 2021. urtean emateko araubidea ezartzea.

2. Helburua.

Golardoen helburua norbanakoen edo taldeen lana eta ibilbidea goraipatzea da. Hala, sarituak izan daitezke Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia, berdintasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz lanean ari diren pertsonak, elkarteak eta taldeak, instituzioak eta erakunde publiko zein pribatuak.

3. Esparrua.

Gazteriaren arloko golardoak I. eranskin honen 2. oinarrian aipatzen diren pertsonek edo taldeek jaso ditzakete.

4. Golardoa.

Honako golardo kategoria hauek ezarri dira:

–Golardoa gazteari.

–Golardoa parte-hartze sozialari.

–Golardoa instituzio edo erakundeari.

Golardo gisa, gizartearen aitortza irudikatzen duen bereizgarri bat eta egiaztapen diploma bat emanen dira.

4.1. Golardoa gazteari.

Golardo horren bidez 14 urtetik 30 urte bitarteko gazte nafar bat goretsiko da, haren ibilbide pertsonala gainerako gazteentzat eredugarria delako eta estuki lotuta dagoelako gizarte modernoen berezko balioekin (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, etab.).

Golardo bat edo bi eman daitezke: bata, balio guztiak biltzen dituen gaztea nabarmentzeko, eta bestea, berariazkoagoa, azpimarratu nahi den balio jakin bat goraipatzeko.

4.2. Golardoa parte-hartze sozialari.

Golardo horren bidez, aitorpena Nafarroan izanik, baldintza hauek betetzen dituen talde edo elkarte baten lana goretsiko da: gazteriak parte hartzeko ekintzak bideratzeko tresna izatea eta eginkizun horretan jardun handikoa izatea, bideak bermatzea gazteek eraginkortasunez parte har dezaten Nafarroako garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, eta, azkenik, Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, edo, beste lurralde batean jardun arren, haren lana eta irudia, zalantzarik gabe, Nafarroarekin loturik izatea.

4.3. Golardoa instituzio edo erakundeari.

Golardo honen bidez, erakunde edo entitate publiko edo pribatu baten lana goretsiko da, gazteen aldeko lanarengatik nabarmentzen dena eta bideak eskaintzen dituena gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko. Instituzio edo erakunde horrek berezko nortasun juridikoa izan beharko du, Nafarroan helbideraturik egon beharko du eta haren jarduera eremu bakarrak, edo lehentasunezkoak behinik behin, gazte nafarrek osatzen duten multzoa izan beharko du.

4.4. Nafarroako Gazteriaren Institutuak aukera izanen du golardo bat edo gehiago emateko, aipamen berezi gisa, gazteen arloan eragina duten gertakari azpimarragarriak goraipatzeko.

4.5. Laugarren oinarri honetan aipatutako golardo bat edo gehiago eman gabe utz daiteke.

5. Agiriak eta aurkezteko epea.

5.1. Golardoak emateko proposamenak deialdi honekin batera (II. eranskina) argitaratzen den eskabidean aurkeztuko dira. Inprimakia Nafarroako Gazteriaren Institutuko web orrian egonen da eskuragai. (www.juventudnavarra.es/eu). Eskabide-orria oso-osorik bete beharko da. Hala egiten ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala eskatuko da zuzenketa.

Honako hauek proposatzen ahal dituzte Nafarroako Foru Komunitateko gazteriaren arloko golardoak jasotzeko hautagaiak: Nafarroako Foru Komunitateko Gazte Entitateen Zentsuan inskribaturik dauden gazte erakundeek, Nafarroako Gazte Kontseiluak, Nafarroako toki entitateek, Nafarroako Foru Komunitatean dauden unibertsitateek eta hedabideek eta gazteriaren arloko esparru sozialean jarduten duten erakunde publiko edo pribatuek.

5.2. Sariak emateko proposamenak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, 2021eko urriaren 31 arte. Proposamenak, ahal dela, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira.

Horrez gain, eskabidea aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

6.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko duen batzorde teknikoak aztertuko du jaso diren proposamenen egokitasuna, golardo bakoitzarentzat ezarritako ezaugarrien arabera, eta golardo bakoitzarentzat gehienez bost proposamen aukeratuko ditu, azkeneko hautagaiak izanen direnak, aholku batzordeak erabaki dezan.

7. Aholku batzordea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailek izendatuko ditu aholku batzordea osatuko duten kideak, web orrian eta gardentasun atarian argitaratuko den ebazpen baten bidez. Gazteriaren esparru sozialean aritzen diren norbanakoek eta entitateek osatuko dute batzorde hori, zeinak gazteriaren golardoak emateko azken proposamena igorriko baitio zuzendari kudeatzaileari.

Batzordeak bere barne arau berariazkoei jarraikiz jardunen du. Batzordeko buruak kalitateko botoa izanen du.

8. Ebazpena.

Gazteen arloko golardoak nori eman Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsiko da. Ebazpena jakinaraziko zaie sarituei eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian argitaratuko da. (www.juventudnavarra.es/eu).

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2111645