226. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 27a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

Oinarrizko Eskubideen gaineko 360/2021 Prozedura

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den oinarrizko eskubideen gaineko 360/2021 prozeduran, 118/2021 Autoa eman da 2021eko irailaren 1ean, eta irmo geratu da. Hona hemen haren aurrekariak eta xedapen zatia, hitzez hitz:

118/2021 Autoa.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: Raquel H. Reyes Martínez andrea.–Antonio Sánchez Ibáñez jauna.

Iruñean, 2021eko irailaren 1ean.

Aurrekariak.

Lehena.–2021eko abuztuaren 31n bidalitako idazki baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateko legelari eta aholkulari juridikoak eskatu du judizialki baimentzea edo, kasua bada, berrestea Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 31ko 32/2021 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez luzatu eta hein batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 22/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Fiskaltzari igorri zitzaion, txostena egin zezan berehala; 2021eko abuztuaren 31n berean egin zuen, prozeduran ageri den emaitzarekin, eta ebazteko zain gelditu zen.

Txostengilea Raquel H. Reyes Martínez magistratu andrea da, sala honen iritzia azalduko duena.

Xedapen zatia.

Salak erabakitzen du:

1. Baimentzea Osasuneko kontseilariaren 32/2021 Foru Aginduan erabakitako luzapena, ekainaren 29ko 22/2021 Foru Aginduaren baldintza berdinetan, 23/2021 eta 24/2021 Foru Aginduetan jasota dauden ondorengo aldaketekin batera; luzapenak 2021eko irailaren 3tik 16ra bitarte izanen ditu ondorioak, egun hori barne.

2. Administrazioak Administrazioarekiko Auzien Sala honi jakinarazi beharko dio berretsitako neurrien betearazpenean eragina duen edozein gorabehera, edo, kasua bada, neurri horiek kentzea eragiten duen beste edozein. Halaber, neurrien luzapena berresteko eskaera egin beharko du, osasun arloko administrazioak halakorik erabakitzen badu.

3. Administrazioak txosten bat igorri beharko dio auzitegi honi, zazpi egun naturaleko epean, bilakaera epidemiologikoari eta hartutako neurrien eraginkortasunari buruzkoa.

4. Eragindako prozesuko kostuak ez zaizkio inori ezartzen berariaz.

Jakinaraz bekie ebazpen hau alderdiei, aditzera emanez ez dela irmoa eta haren aurka kasazio errekurtsoa aurkezten ahal dela, Auzitegi Gorenari zuzendua, hiru egun balioduneko epean, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legearen 87. eta 87 ter artikuluarekin (8/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarria; 2021eko maiatzaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta bertan berariaz aurreikusten diren izapideekin. Horretarako, ez da nahitaezko baldintza aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea.

Hori erabaki, agindu eta sinatzen dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2021eko irailaren 10ean.–Salako Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2113630