222. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen 19. ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2021eko maiatzaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea 19. arau fiskalean, Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen baititu. Erabaki hori 2021eko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Antsoainen, 2021eko irailaren 3an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

UDALAREN MUSIKA ESKOLAKO IKASTAROETAN IZENA EMATEKO ETA PARTE HARTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ARAUA

19. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraikiz eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Sortzapena

2. artikulua. Ordaindu beharra ikastaroetan izena ematen den unean berean sortzen da eta hartan parte hartzen dutenek ordaindu beharko dute.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

3. artikulua. Izena emateko kuota edo matrikula ordaindu beharko da hura formalizatu baino lehen, matrikulatzeko epearen barnean betiere. Udalak bankuetan dituen kontuetako batean dirua sartuz eginen da ordainketa.

Udalak ikastaroa bertan behera uzten duenean baizik ez da bidezko izanen matrikularen prezioa itzultzea, edo eskaera egin duten ikasleek eskainitako espezialitateetan lekurik erdietsi ez dutenean.

Musika Eskolaren beste aldi batzuetan kuotak ez ordaintzeagatik Antsoaingo Udalarekin zorrak dituzten ikasleek ezin izanen dute izena eman, ez eta matrikula egin ere.

4. artikulua. Tarifetan ikastarorako ezartzen diren kuotak, ematen den irakaskuntzaren edo saioen araberakoak, hiru epe berdinetan igorriko dira: lehen epea irailean; bigarrena, abenduan, eta hirugarrena, martxoan. Horri dagokionez, ordainagirien ordainketa banku-kontu batean helbideratu behar da; kontu horren datuak matrikula egitean adieraziko dituzte matrikulatzen direnek.

5. artikulua. Eskolan ikastaroa hasitakoan onartzen diren ikasleek matrikula osoa ordainduko dute, eta irakaskuntzari dagozkion tarifak, berriz, ikastaroari falta zaizkion hilabeteen arabera, izena zer hilabetetan ematen den, hura barne dela.

Jadanik matrikulaturik egonik beren borondatez Eskola utzi nahi duten ikasleek idatziz eskatu beharko dute, ez baita ahozko eskaerarik onartuko. Eskola uzteak honako ondorio hauek ekarriko ditu:

a) Ez zaie inondik ere itzuliko matrikulagatik ordaindutako zenbatekoa.

b) Uzteko eskaera irailaren 5a baino lehen egiten bada, ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu diren epeen kuota bat ere.

c) Uzteko eskaera egiten bada irailaren 5aren ondoren eta abenduaren 1a baino lehen, lehen epea baizik ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

d) Uzteko eskaera abenduaren 1aren ondoren eta martxoaren 1a baino lehen egiten bada, lehen eta bigarren epeak baizik ez dira ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

e) Uzteko eskaera martxoaren 1aren ondoren egiten bada, ordaindu beharko dira 4. artikuluan aipatu hiru epeak.

6. artikulua. Ikasle berriak erroldaren arabera onartzea.

I. mailarako (Musika Hastapena) Antsoainen erroldatu gabeko ikasleak onartzen ahalko dira, betiere Antsoainen erroldatutako ikasle berriak matrikulatzeko epearen ondoren leku hutsik gelditzen bada.

II. eta III. mailetarako eta aurreko musika ezagutzak dituzten helduentzat, hasiera batez, Antsoainen erroldatutako ikasle berriak bakarrik onartuko dira. Antsoaingo Musika Eskolan ikasi nahi duten erroldatu gabeek eskaera egin beharko dute matrikulaziorako ezarritako epean. Zentroak aztertuko du horiek onartzen dituen ala ez instrumentu-espezialitateetan bete gabe dauden lekuen arabera, ikasle ohiei eta erroldatuta dauden ikasle berriei instrumentu-espezialitateak onartu eta esleitu ondoren.

–Musika arloko ezagutzarik ez duten helduentzat, hasiera batez, Antsoainen erroldatutako ikasle berriak bakarrik onartuko dira. Antsoaingo Musika Eskolan ikasi nahi duten erroldatu gabeek eskaera egin beharko dute matrikulaziorako ezarritako epean. Zentroak aztertuko du horiek onartzen dituen ala ez instrumentu-espezialitateetan bete gabe dauden lekuen arabera, ikasle ohiei eta erroldatuta dauden ikasle berriei instrumentu-espezialitateak onartu eta esleitu ondoren.

Eskolako gainerako aukeretarako (Banda, Big Banda, Abesbatza, Eskolania eta Gitarra Taldea) Antsoainen erroldatu gabeko ikasleak onartzen ahalko dira, baldin eta leku hutsik gelditzen bada.

Ordenantza honen ondorioetarako, erroldatutzat hartuko dira matrikula egiteko garaian Antsoaingo Udalaren erregistroan izena emana dutenak, bai eta gurasoak banantzearen edo dibortziatzearen ondorioz erroldaturik ez daudenak ere, gurasoetako bat erroldaturik badago. Inguruabar hori frogatu egin beharko da.

7. artikulua. Instrumentu-lekuen esleipena.

Musika Eskolak ikasturte bakoitzean, zentroaren musika beharren arabera, leku kopuru bat ezarriko du dauden instrumentu-espezialitateetan.

Leku horien esleipena honela eginen da:

a) II. mailako 1. ikasmailan hasten diren ikasleak:

1. 1. zozketa: Musika Hastapeneko 4. ikasmaila zentroan bukatu duten eta gutxienez Musika Hastapeneko bi maila Antsoaingo Musika Eskolan egin duten ikasle ohiak; eta II. mailako 1. ikasmaila Antsoaingo Musika Eskolan egin eta instrumentua aldatu nahi duten ikasleak.

2. 2. zozketa: Musika Hastapeneko 4. ikasmaila zentroan bukatu duten eta ikasmaila hori Antsoaingo Musika Eskolan bakarrik egin duten ikasle ohiak.

3. Antsoainen erroldatutako ikasle berriak.

4. Antsoainen erroldatu gabeko ikasle berriak.

–Ezartzen diren zozketetan parte hartzeko, nahitaez bertaratu behar du ikasle bakoitzak edo haren ordezkariak. Bertaratua edo ordezkatua ez dagoen ikaslea ez da zozketan sartuko eta instrumentu-espezialitatea hautatuko du zozketa egin ondotik bete gabe gelditu diren lekuen artean.–Ikasle berrientzako zozketak eginen dira, espezialitate berberak eskatuz gero “lekuaren eskabidean”.

b) II. mailako 2. ikasmailatik goragoko batean sartzea eskatzen duten ikasleak eta aurreko musika ezagutzak dituzten helduak:

Lekuen esleipena ikasmaila apalenetik gorenera eginen da, bai ikasle berrientzat, bai bigarren instrumentua ikasi nahi duten ikasle ohientzat. Ikasle horiek mailakatze proba bat gainditu beharko dute, eta onartuko dira zentroak lekua eskaintzen ahal badie egin behar dituzten nahitaezko irakasgai guztietarako; arau honen “ikastaroak, irakasgaiak eta prestakuntza saioak” izeneko atalean azaltzen dira.

c) Aurreko musika ezagutzarik ez duten ikasleentzat:

Aurreko musika ezagutzarik ez duten helduek lekua eskatzen ahalko dute ikasturte bakoitzerako ezarritako matrikulazio-epean, eta ikasle ohiek nahiz b) apartatuan aipatuek matrikulatu ondotik hutsik gelditzen diren lekuak betetzen ahalko dituzte.

–Instrumentu-eskola baino egin nahi ez duten ikasle helduei (musika ezagutzak izan zein ez) eskaintzen zaizkien lekuek ezin izanen dute gainditu ikasturte bakoitzean eskaintzen diren instrumentu-lekuen %8.

Tarifen aplikazioa

8. artikulua. Ordaindu beharreko tarifak arau honen eranskinean agertzen dira, eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne hartzen dute, hala badagokie.

–Erroldatuta dagoen ikasle batek errolda beste udalerri batera aldatzen badu ikasturtean, erroldatu gabeko ikasleentzat ezarritako kuota ordaindu beharko du zuzenean.

–Erroldatu gabeko ikasle batek errolda Antsoainera aldatzen badu ikasturtea hasi ondoren, tarifa aldatuko da erroldatuaren kuotara, ikaslea noiz erroldatzen den, horren ondoren Udalak igortzen duen hurrengo ordainketatik aurrera, eta arau honen 4. artikuluan ezarritako hilabeteen arabera.

–Ikasleren batek ikasturte batean zehar bere musika prestakuntza eten nahi badu Antsoaingo Eskolan, Nafarroatik kanpo ikasketak dituelako, izena eman eta matrikula egiteagatik dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, lekua gordetzeagatik. Ikasturte bat igarota, ez badu berriz sartzeko eskaera egiten matrikulazio aldian, ez da hartuko ikasle ohi gisa.

9. artikulua. Arau honen tarifen eranskineko G epigrafean dauden murriztapenei heldu nahi dietenek, ikasturte bakoitzaren matrikulazio aldian, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte nahitaez:

–Familia unitateko kideen PFEZaren aitorpena, hura egitera behartuta daudenena, bederen, buruturiko azken zergaldiari dagokiona.

–Familia unitateko kideetan PFEZaren aitorpena egitera behartuta ez daudenek urtean jasotako diru-sarrera gordinen aitorpen justifikatua, eta horrekin batera, Foru Ogasunaren ziurtagiria, aitorpen hori egitera behartuta ez daudela dioena.

10. artikulua. Familia unitatearen urteko diru-sarrera gordinak izanen dira aurkezturiko PFEZaren aitorpenetan ageri diren hauen batura: zerga-oinarriaren atal orokorra, aurrezkiaren oinarri likidagarri berezia eta errenta salbuetsiak, gehi aitorpen horietan sartu gabeko urteko diru-sarrera gordin justifikatuak.

11. artikulua. Familia unitatearen per capita errenta da diru-sarrera gordinen baturaren eta hura osatzen duten kideen kopuruaren arteko zatidura.

12. artikulua. Tarifak aplikatzeari dagokionez, familia unitatea da definitzen dena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan. Hura 2008ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30ean.

IKASTAROAK, IRAKASGAIAK ETA PRESTAKUNTZA SAIOAK

A epigrafea.–I. mailako ikastaroak:

I. mailan Musika Hastapena irakasgaia baizik ez da ikasten, hiru-lau urtetik sei-zazpi urte bitarteko ikasleei zuzendua. Irakasgai honek honako eskola-denbora hauek ditu:

1. ikasmaila, 3-4 urte. Musika Hastapena

Astean 2, 40 minutukoak

2. ikasmaila, 4-5 urte. Musika Hastapena

Astean 2, 45 minutukoak

3. ikasmaila, 5-6 urte. Musika Hastapena

Astean 2, 45 minutukoak

4. ikasmaila, 6-7 urte. Musika Hastapena

Astean 2, 45 minutukoak

–Taldeek gutxienez ere sei lagun izanen dituzte, eta gehienez ere, hamabi.

–Ikasleek hala eskaturik, eta taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua badago, euskaraz ematen ahalko dira Musika Hastapeneko eskolak.

B epigrafea.–II. mailako ikastaroak.

Maila hau zuzentzen zaie zazpi-zortzi urtetik hamabi-hamahiru urtera bitarteko ikasleei. Haren ezaugarria da instrumentu-praktika egitea, banaka nahiz taldean, bai eta, harekin batera, musikaren prestakuntza globalizatua ere ematea, musika hizkuntzaren bitartez.

1. ikasmaila, 7-8 urte

–Musika Hizkuntza + Abesbatza integratua: astean 2 saio, 55 minutukoak.

–Instrumentua: astean eskola bat, 25-60 minutukoa.

Prestakuntza osagarria (borondatezkoa): Abesbatza - Astean saio bat, 45 minutukoa.

2. ikasmaila, 8-9 urte

3. ikasmaila, 9-10 urte

4. ikasmaila, 10-11 urte

–Musika Hizkuntza: astean 2 saio, 55 minutukoak.

–Instrumentua: astean eskola bat, 25-60 minutukoa.

–Instrumentu-espezialitateari dagokion instrumentu-taldea: astean 45-60 minutu.

Prestakuntza osagarria (borondatezkoa): Abesbatza - Astean saio bat, 45 minutukoa.

5. ikasmaila, 11-12 urte

6. ikasmaila, 12-13 urte

1. II. mailan nahitaezko irakasgai hauek daude:

a) Musika Hizkuntza: taldean gehienez ere 12 ikasle izanen dira, eta gutxienez ere, 6; kopurua txikiagoa baldin bada, eskola-denbora izanen da ikasle kopuruaren araberakoa.

–Adina dela eta, Musika Hizkuntzako 2., 3., 4., 5. edo 6. ikasmaila ikasi behar duten ikasle berriek sarrera proba bat gainditu beharko dute.

–Aurreko musika ezagutzarik ez badute, talde berria (sarbideko ikastaroak) eratzen baldin bada baizik ez dute lekua lortuko. Talde horrek betiere ezarritako gutxienekoa bete beharko du (6 ikasle).

b) Instrumentua, modalitate hauek daudela:

–1., 2. eta 3. ikasmailetan, ikasleek astean 45-60 minutuko eskolak hartuko dituzte (2-3ko taldetan, instrumentu-espezialitatearen arabera).

–Musika Eskolako ikastaroetan, 4., 5. eta 6. ikasmailetan, ikasleek astean 45-60 minutuko eskolak hartuko dituzte (2-3ko taldetan, instrumentu-espezialitatearen arabera).

–4. ikasmailako Kontserbatoriorako Prestakuntzako ikastaroan, ikasleek astean 30 minutuko eskola bat hartuko dute, banakakoa.

–Kontserbatoriorako Prestakuntzako ikastaroetan, 5. eta 6. ikasmailetan, ikasleek astean 40 minutuko eskola bat hartuko dute, banakakoa.

c) Espezialitate bakoitzari dagokion instrumentu-taldea.

–Irakasgai hau eginen da II. mailako 4. ikasmailatik aurrera (astean 60 minutu, gutxienez 6 ikaslerentzat).

–Instrumentu-taldea ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, eskola-denbora izanen da ikasle kopuruaren araberakoa.

2. II. mailan borondatezko eta hautazko irakasgai hauek daude:

a) Abesbatza-Eskolania.–Taldekako espazio eta irakasgaia da, xede nagusitzat duena gutxieneko ezagutzak eskuratzea ahots teknikaren arloan. Abesbatzaren bidez, taldekako interpretazio-praktika ere eskuratzen du ikasleak.

–1., 2. eta 3. ikasmailetako ikasle guztiek eginen dute Abesbatza irakasgaia, Musika Hizkuntzan integratua baitago.

–Borondatez: 4., 5. eta 6. ikasmailetako ikasleek Eskolania irakasgai hau hartzen ahalko dute (talde honetan sartzen ahalko dira 1., 2. eta 3. ikasmailetakoak, irakasgaia indartu nahi badute).

b) Bigarren instrumentu-espezialitatea:

–Ikasle ohiek baino ez dute izanen bigarren instrumentu-espezialitate bat egiteko aukera.

–Bigarren instrumentu bat ikasi gogo duen ikasleak dagokion eskaera aurkeztu beharko du, matrikula berritzeko dokumentazioarekin batera. Zentroak hori egiteko aukera aztertuko du, antolaketaren eta hutsik gelditzen diren lekuen arabera, arau honen 7. artikuluan jaso bezala.

–Eskola-denborak izanen dira ikasiko den instrumentuaren ikasmailaren arabera lehendik ezarritakoak.

Ikasleek hala eskaturik eta instrumentu-espezialitateko irakaslea elebiduna baldin bada, banakako eskolak euskaraz nahiz gaztelaniaz ematen ahalko dira.

Instrumentu-eskolak pareko adin eta instrumentu-mailen arabera antolatuko dira.

Honelakoetan baizik ez da emanen banakako instrumentu-eskola, astean 25 minutukoa (30 minutu astean II. mailako 2. zikloan, hots, 4., 5. eta 6. ikasmailetan):

–Ikasle bakarra badago ikastaroan matrikulatua.

–Irakasleek halako ikasle batez emandako orientabide baten kariaz, haren prestakuntzaren mesedetan, pedagogikoki arrazoiturik eta zuzendaritza taldeak oniritzia ematen badu.

–2. ikasmaila edo goragokoa ikasi behar duten ikasle berriek mailakatze proba bat egin eta Musika Hizkuntzako talde baterako lekua erdietsi ondoan, irakasleek uste badute instrumentu-mailan ez dela pareko ikaslerik taldekako eskolak antolatzeko.

Zer eskari dagoen, horren arabera baloratuko da instrumentu berriak sartzea, gutxienez ere 4 lagun badaude espezialitate berean interesaturik. Espezialitate hori ezarriko da, baldin eta interesaturik dauden 4 lagunek (gutxienez) dagokion matrikula formalizatzen badute.

C epigrafea.–III. mailako ikastaroak:

Maila hau zuzentzen zaie hamahiru-hamalau urtetik hamazazpi-hemezortzi urtera bitarteko ikasleei. Ikasleak dira II. maila zentroan gainditu dutenak edo matrikula egin aurretik sarrera proba bat gainditu dutenak.

Instrumentuak taldean jotzea bultzatzen da maila honetan eta helburua da ikasleak musika-autonomia izatea.

1. ikasmaila, 13-14 urte

–Konboa-musika modernoko taldeak (60 minutu astean).

–Instrumentua, 25-60 minutuko eskola astean.

–Espezialitateari dagokion instrumentu-taldea (60 minutu astean).

2. ikasmaila, 14-15 urte

3. ikasmaila, 15-16 urte

4. ikasmaila, 16-17 urte

5. ikasmaila, 17-18 urte

1.–III. maila honetako nahitaezko irakasgaiak:

Ikasleak atal honetan azaltzen diren nahitaezko irakasgaiak eginen ditu, ikasturte bakoitzean hartzen duen prestakuntza aukeraren arabera:

–1. aukera: Instrumentua + Konboa + Instrumentu-taldea (Big Banda, Perkusio Taldea, Gitarra Taldea).

–2. aukera: Instrumentua + Konboa.

–3. aukera: Instrumentua + Instrumentu-taldea (Big Banda, Perkusio Taldea, Gitarra Taldea).

a) Konboa, taldean gehienez ere 8 ikasle izanen dira, eta gutxienez ere, 4; kopurua txikiagoa baldin bada, eskola-denbora izanen da ikasle kopuruaren araberakoa.

b) Instrumentua:

–Ikasleek astean 45-60 minutuko eskolak hartuko dituzte (2-3ko taldetan, instrumentu-espezialitatearen arabera).

c) Espezialitate bakoitzari dagokion instrumentu-taldea.

–Irakasgai hau eginen da II. mailako 4. ikasmailatik aurrera (astean 60 minutu, gutxienez 6 ikaslerentzat).

–Instrumentu-taldea ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, eskola-denbora izanen da ikasle kopuruaren araberakoa.

2.–III. maila honetako borondatezko eta hautazko irakasgaiak.

Maila honetako ikasle guztientzat, irakasgai hauek ezartzen dira:

a) Eskolania.

–Taldekako espazio eta irakasgaia da, xede nagusitzat duena ezagutzak garatzea ahots teknikaren arloan. Eskolaniaren bidez, taldekako interpretazio-praktika ere eskuratzen du ikasleak.

–Borondatezko irakasgaia.

b) Bigarren instrumentu-espezialitatea:

–Ikasle ohiek baino ez dute izanen bigarren instrumentu-espezialitate bat egiteko aukera.

–Bigarren instrumentu bat ikasi gogo duen ikasleak dagokion eskaera aurkeztu beharko du, matrikula berritzeko dokumentazioarekin batera. Zentroak hori egiteko aukera aztertuko du, antolaketaren eta hutsik gelditzen diren lekuen arabera, arau honen 7. artikuluan jaso bezala.

–Hautazko irakasgaia.

–Eskola-denborak izanen dira ikasiko den instrumentuaren ikasmailaren arabera lehendik ezarritakoak.

Ikasleek hala eskaturik eta instrumentu-espezialitateko irakaslea elebiduna baldin bada, banakako eskolak euskaraz nahiz gaztelaniaz ematen ahalko dira.

Instrumentu-eskolak pareko adin eta instrumentu-mailen arabera antolatuko dira.

Honelakoetan baizik ez da emanen banakako instrumentu-eskola, astean 30 minutukoa:

–Ikasle bakarra badago ikastaroan matrikulatua.

–Irakasleek halako ikasle batez emandako orientabide baten kariaz, haren prestakuntzaren mesedetan, pedagogikoki arrazoiturik eta zuzendaritza taldeak oniritzia ematen badu.

–Ikasle berriek mailakatze proba bat egin eta Musika Hizkuntzako talde baterako lekua erdietsi ondoan, irakasleek uste badute instrumentu-mailan ez dela pareko ikaslerik taldekako eskolak antolatzeko.

Zer eskari dagoen, horren arabera baloratuko da instrumentu berriak sartzea, gutxienez ere 4 lagun badaude espezialitate berean interesaturik. Espezialitate hori ezarriko da, baldin eta interesaturik dauden 4 lagunek (gutxienez) dagokion matrikula formalizatzen badute.

D epigrafea.–Taldekako instrumentu-praktika (Banda eta Big Banda).

–Instrumentu-taldeak, instrumentu-praktika taldeka lantzea eta hartan atsegin hartzea xede dutenak.

–11 urtetik gorako ikasleentzat; aldez aurreko instrumentu ezagutzak izan beharko dituzte, eta frogatu, eta/edo mailakatze proba bat egin, matrikulatu aurretik.

–Irakasgai hori bakarrik eginen dute prestakuntza aukera gisa.

–Ikasleak bi instrumentu-talde horietan banatzeko, irakasleak haietako bakoitzaren musika maila hartuko du kontuan.

E epigrafea.–Haur Abesbatza eta/edo Eskolania.

–Ahots-taldeen irakasgaien xede nagusia da ahots teknikaren gutxieneko ezagutza batzuk eskuratzea, bai eta, beste abesbatza batzuetan kantatu duten ikasleen kasuan, berriz heztea ahotsaren kolokazioa eta igorpena.

–9-10 urtetik gorako ikasleentzat, aurretik beste ahots talde batzuetan arituak izan beharko baitute (frogatu beharko dute, eta/edo mailakatze proba bat egin, matrikulatu aurretik), eta zentroko ikasleentzat, prestakuntza aukera horrekin bakarrik jarraitu nahi badute.

F epigrafea.–Helduentzako prestakuntza aukerak.

a) Musika ezagutzarik ez duten ikasleentzat:

–Gitarra taldea: gutxienez ere 4 lagun; 60 minutuko saioa astean. Ikasle matrikulatuen kopurua ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, saio bakoitzerako denbora izanen da kopuru horren araberakoa.

–Instrumentu-eskola (*).

b) Aurreko musika ezagutzak dituzten ikasleentzat: 17-18 urtetik gorako ikasleak, Antsoaingo Musika Eskolan III. maila egin badute edo mailakatze proba bat egin ondoren, zentroan uste badute aukera hauetako batean matrikulatzen ahal direla:

1. Instrumentua bakarrik (*).

2. Ikaslearen espezialitateari dagokion instrumentu-taldea bakarrik.

3. Konboa bakarrik.

4. Instrumentua (*) eta ikaslearen espezialitateari dagokion Instrumentu-taldea.

5. Instrumentua (*) eta Konboa.

6. Instrumentua (*), ikaslearen espezialitateari dagokion Instrumentu-taldea eta Konboa.

(*) Instrumentu-eskolarako ezarritako denborak honako hauek izanen dira:

–Banakako eskola: 30 minutuko saioa astean.

–Taldekako eskola:

–2 ikasle: 45 minutuko saioa astean.

–3 ikasle: 60 minutuko saioa astean.

–Instrumentu-taldeentzako asteko saioen denbora ezarriko da II. eta III. mailetan bezala.

–Musika eskolak matrikulazio aldian eskaintzen dituen instrumentu espezialitateak egiten ahalko dituzte ikasleek, eta beteko dituzte I., II. eta III. mailetako ikasleak onartu ondotik gelditzen diren leku hutsak.

TARIFEN ERANSKINA

A epigrafea.–I. mailako ikastaroak:

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

1., 2., 3. eta 4. ikasmailetako irakasgaien irakaskuntzagatik: 347,06 euro ikastaro bakoitzeko erroldatuentzat, eta 577,78 euro erroldatu gabeentzat.

B epigrafea.–II. mailako ikastaroak:

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

1., 2. eta 3. ikasmailetako irakasgaien irakaskuntzagatik: 699,89 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 1.118,15 euro erroldatu gabeentzat.

Musika Eskolako 4., 5. eta 6. ikasmailetako irakasgaien irakaskuntzagatik: 699,89 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 1.118,15 euro erroldatu gabeentzat.

Kontserbatoriorako Prestakuntzako 4., 5. eta 6. ikasmailetako irakasgaien irakaskuntzagatik: 773,62 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 1.235,95 euro erroldatu gabeentzat.

Bigarren instrumentu espezialitate baten irakaskuntzagatik: 373,32 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 596,28 euro erroldatu gabeentzat.

Hezkuntza premia berezietara (“Aniztasunari erantzutea”) egokituriko musika irakaskuntzagatik: 607,82 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 970,84 euro erroldatu gabeentzat. Hasiera batez, Instrumentuko eta Instrumentu-taldeko eskolak hartuko dituzte.

C epigrafea.–III. mailako ikastaroak:

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

1., 2., 3., 4. eta 5. ikasmailetako irakasgaien irakaskuntzagatik:

  • 1. aukera: Instrumentua + Konboa + Instrumentu-taldea: 699,89 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 1.118,15 euro ikastaro bakoitzeko erroldatu gabeentzat.
  • 2. aukera: Instrumentua + Konboa: 622,20 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 924,12 euro ikastaro bakoitzeko erroldatu gabeentzat.
  • 3. aukera: Instrumentua + Instrumentu-taldea: 570,36 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 846,18 euro ikastaro bakoitzeko erroldatu gabeentzat.

Bigarren instrumentu espezialitate baten irakaskuntzagatik: 373,32 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 596,28 euro erroldatu gabeentzat.

Hezkuntza premia berezietara (“Aniztasunari erantzutea”) egokituriko musika irakaskuntzagatik: 607,82 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 970,84 euro erroldatu gabeentzat. Hasiera batez, Instrumentuko eta Instrumentu-taldeko eskolak hartuko dituzte.

D epigrafea.–Taldekako instrumentu-praktika (Banda eta Big Banda):

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

Ikastaroan egiten diren instrumentu praktikako saio guztiengatik: 141,18 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 209,68 euro erroldatu gabeentzat.

E epigrafea.–Abesbatza eta Eskolania:

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

Ikastaroan egiten diren abesbatza saio guztiengatik: 141,18 euro erroldatuentzat, eta 209,68 euro erroldatu gabeentzat.

F epigrafea.–Helduentzako irakaskuntza:

Ikastaroan izena eman edo matrikula egiteagatik (kudeaketa eta administrazio gastuak): 64,13 euro.

a) aukera. Gitarra Taldea: ikastaroan egiten diren gitarra saio guztiengatik:

267,62 euro erroldatuentzat, eta 399,62 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 1. Instrumentua bakarrik: ikastaroan egiten diren instrumentu saio guztiengatik, 497,76 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 739,38 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 2. Instrumentu-taldea bakarrik: ikastaroan egiten diren instrumentu-taldeko saio guztiengatik: 141,18 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 209,68 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 3. Konboa bakarrik: ikastaroan egiten diren saio guztiengatik, 264,44 euro Antsoainen erroldatuentzat, eta 392,74 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 4. Instrumentua eta Instrumentu Taldea: 570,35 euro erroldatuentzat, eta 846,19 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 5. Instrumentua eta Konboa: 622,20 euro erroldatuentzat, eta 924,11 euro erroldatu gabeentzat.

b) aukera 6. Instrumentua, Instrumentu Taldea eta Konboa: 699,89 euro ikastaro bakoitzeko Antsoainen erroldatuentzat, eta 1.118,15 euro ikastaro bakoitzeko erroldatu gabeentzat.

Instrumentuen irakaskuntza duten aukeretan bigarren instrumentu bat gehitzen ahalko da, II. eta III. mailetan bezala arauturik.

G epigrafea.–Kuoten murriztapenak.

Familia unitatearen per capita errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren %70 eta %100 bitartean dutenek %5eko murriztapena izanen dute.

Familia unitatearen per capita errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren %50 eta %70 bitartean dutenek %7ko murriztapena izanen dute.

Familia unitatearen per capita errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren %50etik behera dutenek %10eko murriztapena izanen dute.

Murriztapen horiek hartzen diren irakaskuntza edo saioen kuotei baizik ez zaizkie aplikatuko; ez zaie aplikatuko izen emate edo matrikulazio kuotei.

Antsoainen erroldaturik ez daudenei ere ez zaizkie aplikatuko, ez eta aurreko ikasturtean eskolen %85era baino gutxiagotara etorri direnei ere.

Oharra, aurreko epigrafe guztientzat: zehaztu diren ikastaro edo espezialitate batean baino gehiagotan matrikulatzen direnek kuota bakarra ordainduko dute “izena eman edo matrikula egiteagatik”.

Prezio publikoak

–Izen-ematea edo matrikula: 64,13 euro.

–Urteko kuota: kopuru bereko hiru zatitan ordainduko da bankuko helbideratzearen bidez, 4. artikuluan zehazten diren data eta zenbatekoen arabera.

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

I. maila

115,69 euro/ordainketa

192,60 euro/ordainketa

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

II. maila

Musika Eskola

233,30 euro/ordainketa

372,72 euro/ordainketa

Kontserbatoriorako prestakuntza

257,87 euro/ordainketa

411,98 euro/ordainketa

Bigarren instrumentua

124,44 euro/ordainketa

198,76 euro/ordainketa

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

III. maila

1. aukera

Instrumentua + Konboa + Instrumentu-taldea

233,30 euro/ordainketa

372,72 euro/ordainketa

2. aukera

Instrumentua + Konboa

207,40 euro/ordainketa

308,04 euro/ordainketa

3. aukera

Instrumentua + Instrumentu-taldea

190,12 euro/ordainketa

282,06 euro/ordainketa

Bigarren instrumentua

124,44 euro/ordainketa

198,76 euro/ordainketa

Helduak

Gitarra Taldea (a)

89,20 euro/ordainketa

133,21 euro/ordainketa

Instrumentua (b1)

165,92 euro/ordainketa

246,46 euro/ordainketa

Instrumentu-taldea (b2)

47,06 euro/ordainketa

69,89 euro/ordainketa

Konboa (b3)

88,15 euro/ordainketa

130,91 euro/ordainketa

Instrumentua + Instrumentu-taldea (b4)

190,12 euro/ordainketa

282,06 euro/ordainketa

Instrumentua + Konboa (b5)

207,40 euro/ordainketa

308,04 euro/ordainketa

Instrumentua + Instrumentu-taldea + Konboa (b6)

233,30 euro/ordainketa

372,72 euro/ordainketa

Bigarren instrumentua

124,44 euro/ordainketa

198,76 euro/ordainketa

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

Taldeak bakarrik

Abesbatza/Eskolania

47,06 euro/ordainketa

69,89 euro/ordainketa

Banda/Big Banda

47,06 euro/ordainketa

69,89 euro/ordainketa

Iragarkiaren kodea: L2113291