222. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Udal ordenantza, uhin erradioelektrikoak jaso eta transmititzeko telekomunikazio-instalazioei buruzkoa. Behin betiko onespena

Honako honen bidez aditzera ematen da Uharte Arakilgo Udalak, 2021eko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuela hasiera batean onestea ordenantza bat, Uharte Arakilgo udal-mugartean uhin erradioelektrikoak jaso eta transmititzeko telekomunikazio-instalazioei buruzkoa.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2021eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 22an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epean, 2021eko abuztuaren 3an, Digitales, Asociación Española para la Digitalización elkarteak alegazioak ezarri zizkion ordenantza horren hasierako onespenaren edukiari, elkartearen ustez haren xedapenetako batzuek kalte egiten baitiote komunikazio elektronikoen sare publikoen hedapenari.

Hortaz, Uharte Arakilgo Udalak, 2021eko abuztuaren 30ean egin osoko bilkuran, alegazio horiek ebatzi, eta behin betiko onetsi zuen ordenantza. Haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ondorio juridikoak izan ditzan.

Uharte Arakilen, 2021eko abuztuaren 31n.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UDAL ORDENANTZA, UHARTE ARAKILGO UDAL-MUGARTEAN UHIN ERRADIOELEKTRIKOAK JASO ETA TRANSMITITZEKO TELEKOMUNIKAZIO-INSTALAZIOEI BURUZKOA

0. artikulua. Atarikoa.

Antenen instalazioa ugaritu egin denez, komenigarria da Udalak arlo hori arautzea, saihesteko antolamendu espezifikorik ezak ondare historikoari edo hiri-ingurumenari eragin diezaiokeen saturazioa, desordena edo galera. Horrela, eredu jasangarri bat sortuko da, ingurunea errespetatuko duena, segurtasun juridikoa eta gardentasuna emanen dituena eta elkarrizketa publiko-pribatua bultzatuko duena, informazioaren eta telekomunikazioen gizartearen garapena bultzatzeko. Horregatik, ordenantza hau sortu da, babes harturik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4.1 eta 25.2 artikuluek ondoko arlo hauei dagokienez emandako ahal eta eskumenetan: segurtasuna, antolamendua, kudeaketa, hirigintzako diziplina eta exekuzioa eta ingurumena, ondare historiko-artistikoa eta osasungarritasun publikoaren babesa.

Halaber, ordenantza hau garatzeko kontuan hartu dira ondoko arau hauetatik eratorritako printzipioak:

9/2014 Lege Orokorra, maiatzaren 9koa, Telekomunikazioei buruzkoa.

862/2008 Errege Dekretua, maiatzaren 23, zeinaren bitartez onesten baita Telekomunikazioei buruzko 32/2003 Lege Orokorra jabari publiko erradioelektrikoaren erabilerari dagokionez garatzeko erregelamendua.

2296/2004 Errege Dekretua, abenduaren 10ekoa, eta 424/2005 Errege Dekretua, apirilaren 15ekoa, zeinen bitartez onesten baitira aipatu 32/2003 Legearen II. eta III. tituluak, hurrenez hurren, garatzeko erregelamenduak.

1/1998 Errege Lege-dekretua, otsailaren 27koa, eta 346/2011 Errege Dekretua, martxoaren 11koa, zeinen bidez arautzen baita Eraikinen barruan telekomunikazio zerbitzuak eskuratzeko telekomunikazio azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua.

1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onesten duena.

188/2016 Errege Dekretua, maiatzaren 6koa, zeinaren bidez onesten baita Ekipamendu erradioelektrikoak merkaturatzeko, martxan jartzeko eta erabiltzeko baldintzak ezartzen dituen Erregelamendua, eta arautzen baita telekomunikazio-ekipoen egokitasuna ebaluatzeko, merkatua zaintzeko eta zehapen araubidea ezartzeko prozedura.

CTE/23/2002 Agindua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez irrati-komunikazioetako zerbitzuen operadoreei baldintzak jartzen baitzaizkie hainbat azterlan eta ziurtagiri aurkezteko.

1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

10/2002 Foru Legea, maiatzaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen dituena.

17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea hirigintzako baldintzak, uhin erradioelektrikoak jaso eta transmititzeko telekomunikazioko elementu eta ekipoak kokatzeko eta instalatzeko, barne harturik antenak, oinarrizko estazioak, irrati-loturak eta edozein motatako instalazioak, xede dutenak ematea irrati-difusio zerbitzua, telefonia mugikorreko zerbitzua edo irrati bidezko bestelako zerbitzuak, eraikin eta espazio publiko zein pribatuetan, Uharte Arakilgo udal-mugartean.

Ordenantza honen arauketatik kanpo gelditzen dira soilik kable bidezkoak diren telekomunikazio sistemak.

Ordenantza hau aplikatzeko, unean bakoitzean indarrean dagoen legeria bete beharko da, baita Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko araudi berria ezartzen bada ere. Ordenantza honetan definitu gabeko terminoak interpretatuko dira hitzaurrean definitutako arauetan aurreikusitako helburuen arabera.

2. artikulua. Antena hartzaileetatik kableak hedatzea eraikinetan.

Telekomunikazioen hoditeria espezifikoak dituzten eraikinetan, bertako azpiegitura komunak erabiliko dira lehentasunez. Horrelakorik ezean, lehendik dagoen beste edozein kanalizazio edo azpiegitura komun erabiliko da, eta soilik bi horietako bat ere ez badago edo saturaturik badaude, sortuko dira azpiegitura berriak, solairuetan banaketa kableak bideratzeko.

Otsailaren 27ko 1/1998 Errege Lege-dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren proiektuetan aurreikusiko da behar besteko kanalizazio sarea ezartzea, erabiltzaileen harguneen eta operadoreen kanpoko elikadura sarearen artean, telekomunikazio zerbitzu guztietarako; hori guztia, bat etorriz ezartzen denarekin otsailaren 27ko 1/1998 Errege lege-dekretuan (Eraikuntzari buruzko 38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa), eraikinen barruan telekomunikazio zerbitzuak eskuratzeko telekomunikazio azpiegitura komunei buruzkoan, eta otsailaren 22ko 279/1999 Errege Dekretuan, zeinaren bidez arautzen baita azpiegitura komun horiei buruzko erregelamendua.

Kanalizazioen diseinua eta kokapena izanen dira aplikatu beharreko araudi espezifikoaren araberakoak. Neurri egokiak izanen dituzte solairu bakoitzean erabiltzaileendako aurreikusitako zerbitzuen kableatua hedatu ahal izateko, baita estalkian ere, proiektatutako hainbat motatako kanpoko elikadura-sareen konexioraino. Horien kokalekuak dagokien planoaren gainean mugatuko dira, euste-egituren ezaugarriak zehaztuta.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen bada, baimenduko da, hala badagokio, eta betiere horrelako kanalizaziorik ez duten eraikinetan, telekomunikazio ekipoen kable bidezko transmisio sarea instalatzea barnealdeko patioetan edo bide publikotik ikusten ez diren tokietan, finkatze sistema egokiak erabiliz.

Era berean, bete beharko da fatxadan aireko linea berriak modu iraunkorrean jartzea saihesteko betebeharra, baldin eta bizitegi-eraikinak modu erregularrean eta sistematikoki erabiltzen badituzte sareen euskarri fisikoaren funtsezko zati gisa.

Frogatzen bada arestian ezarritakoari jarraituz ezinezkoa dela fisikoki eta teknikoki instalazioa egitea, indarrean dauden hirigintzako arauetan ezarritakoarekin bat, Uharte Arakilgo Udalak bestelako konponbideak baimendu ahalko ditu espazio publikoetatik, gertutik nahiz urrutitik, ikus daitezkeen paramentuetan, kanpoaldeko fatxadetan, eta baita barnealde eta mehelinetan ere. Horretarako, aldez aurretik aurkeztu beharko da fatxada aldatzeko proiektua, eta udal zerbitzu teknikoek adostasun txostena eman beharko dute. Kasu horietan beharrezkoa izanen da ziurtagiri tekniko bat aurkeztea, pertsona eskudun batek sinatua, aipatutako salbuespena justifikatzeko. Aldaketa horrek eraikinean edo haren fatxadan obraren bat egitea eskatzen badu, bete beharko da une bakoitzeko hirigintzako araudia, jarduteko modua eta prozedura arautzen dituena, eta haren proposamenean jaso beharko da banakako instalazioen ikusizko inpaktuaren murrizketa, fatxadarekin estetikoki bat egiteko proposamenak eginez. Lizentzia eskaera egin baino lehen, aurkeztu beharko da jabeen erkidegoaren adostasuna, fatxadaren aldaketa horrekiko.

3. artikulua. Irratia eta telebista jasotzeko antenak.

1. Jabe edo maizter bat baino gehiagoko eraikinetan ezartzen diren antenak kolektiboak izanen dira, paisaia-inpaktua murrizteko.

2. Estalki lauetan ezarriko dira, edo atxikita dorreen, etxetzarren edo beste edozein elementu nabarmenen paramentuei. Estalki inklinatuen kasuan, instalatuko dira fatxada publikoaren kontrako aldera erortzen diren planoen gainean.

Haien kokalekuari dagokionez, kontuan hartuko dira estetika baldintzak arautzen dituzten Hiri-antolamenduko plan orokorreko hirigintzako arauak, bide publikora ematen duten edo bertatik ikus daitezkeen fatxadetan. Kokaleku zehatza izanen da ahalbidetzen duena bide edo espazio publikoetatik ikuspegiak ahalik eta gehien babestea.

3. Antenek ezin izanen dute 4 metroko altuera gainditu, eraikinaren gehieneko altueratik abiatuta.

4. Salbuespen gisa, antenak ezartzea eragozten duten inguruabar objektiboak daudenean, bat etorriz aurreko irizpideekin, baimenduko dira baldin eta Udalaren iritziz instalazioak ez badu inpaktu negatiborik herriaren irudian; betiere, aldez aurretik Udalaren aldeko txostena beharko da.

5. Orokorrean, eraikin eta eraikin multzo babestuetan ez da baimenduko instalatzea ekipoak eta antenak, edo artikulu honetan aurreikusitako edozein instalazio, salbu eta kasu zehatz eta berezietan, betiere Udalaren aldeko txostena dutelarik.

4. artikulua. Uhin erradioelektrikoak jaso eta transmititzeko telekomunikazio-instalazioak.

1. Instalatzeko, aldatzeko edo berritzeko uhin erradiolektrikoak jaso eta transmititzeko telekomunikazio elementu edo ekipoak, antenak, oinarrizko estazioak, irrati-loturak eta edozein motatako instalazioak, xede dutenak telefonia mugikorreko zerbitzua edo irrati-frenkuentzia bidezko bestelako telefonia zerbitzuak ematea, bete beharko dira arau hauetan ezarritako baldintzak: Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorra, otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuak araututako erregelamendua (II. kapitulua, 15-18 bitarteko artikuluak), urtarrilaren 11ko CTE 23/2002 Agindua eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea. Hortaz, administrazio eskudunari edo interesdunari eskatu ahalko zaio emateko informazio hori, baimenaren kopia eta/edo agintari eskudunak emandako gaitasun titulua edo halakorik ezean, bertan jasotako informazioaren parte bat, interesdunaren kasuan hori egitea nahitaezkoa ez izan arren.

2. Orokorrean, eraikin eta eraikin multzo babestuetan ez da baimenduko instalatzea ekipoak eta antenak, edo artikulu honetan aurreikusitako edozein instalazio, salbu eta kasu zehatz eta berezietan, betiere Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena dutelarik.

3. Antena, oinarrizko estazio, irrati-lotura edo telefonia mugikorrarekin zerikusia duen beste edozein ekipamenduren instalazioak ezin izanen dira kokatu haurtzaindegiak, haur-hezkuntzako eskolak, ikastetxeak eta osasun-zentroak dauden lurzatietatik 100 metro baino gutxiagora, horizontalki neurtuta.

4. Ekipoak, antenak, oinarrizko instalazioak edo, oro har, ordenantza honetan aurreikusitako instalazioen zati den edozein euskarri, egitura edo eraikin egoki mantendu beharko da, udalerrian azpiegitura-parke ahalik eta eraginkor eta seguruena izateko.

5. Udalak, behar bezala justifikatuta, hirigintza, ingurumen eta paisaia arrazoiengatik eta pertsonen osasuna zaintzeko arrazoiengatik, eta interesdunei entzun ondoren, proposatu ahal izanen du operadoreek kokalekua partekatzea, ordenantza honetan jasotako antenak eta gainerako ekipoak instalatzeko.

6. Telekomunikazio elementuen eta ekipoen instalazioak, segurtasun arrazoiengatik eta ikusizko inpaktua dela-eta, herrigunean jarri ahalko dira, toki hauetan:

–Eraikin edo eraikuntzen estalkietan. Estalki lauen kasuan, antenak horien gainean jarriko dira, eraikineko edozein fatxadarekiko atzeraemangune batekin, hain zuzen ere, haien altuerari 3 metro kenduta lortzen dena, eta betiere gutxienez 2 metrokoa.

–Baldintza berberak aplikatuko dira estalki inklinatuetan.

Ezin izanen dira instalatu fatxadetara ematen duten horma-ataletan; kokatu beharko dira eraikinaren barruko aldeetara ematen dutenetako edozeinetan edo aireztapen-patioetako paramentuetan.

Halaber, higiezinen lurretan, paramentu bertikalen gainean atxiki ahal izanen dira, altuerari eta atzeraemanguneari buruzko Udalaren hirigintzako arauak betez.

–Segurtasunari eta ikusizko inpaktuari buruzko neurri horiek alde batera utzi ahal izanen dira, baldin eta sarearen funtzionamendurako funtsezko eskakizun tekniko bat badago; operadoreak behar bezala justifikatu beharko du, teknikari eskudunaren ziurtagiria eta sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

7. Altuera neurtuko da azken solairuko sabaitik antena edo mastaren puntu gorenaren gailurreraino, aurreko edozein egoeratan, eta ez du inolaz ere gaindituko eraikinaren altueraren herena, edo, bestela, 10 metro. Neurri hori alde batera utzi ahal izanen da, baldin eta sarearen funtzionamendurako funtsezko eskakizun tekniko bat badago; operadoreak behar bezala justifikatu beharko du, teknikari eskudunaren ziurtagiria eta sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

8. Eraikinaren eraikigarritasuna kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko eraikinen estalkien gainean kokatutako telefoniako estazio bakoitzari lotutako edukiontziak, honako baldintza hauek betez gero:

–Gehieneko neurriak:

  • Azalera: 8 metro koadro.
  • Altuera: 3,50 metro.

–Eraikin baten estalkian kokatutako telefoniako estazio guztien oinplano-okupazioak ez du gaindituko estalkiaren azaleraren %20.

–Telekomunikazioko elementuak eta ekipoak lurrean bertan instalatzea, pertsona eta ondasunendako segurtasun-baldintza egokiak dituztenean.

–Neurri hori alde batera utzi ahal izanen da, baldin eta sarearen funtzionamendurako funtsezko eskakizun tekniko bat badago; operadoreak behar bezala justifikatu beharko du, teknikari eskudunaren ziurtagiria eta sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

9. Eraikin gutxiko bide lasterren ondoko eremuetan, bete beharko dira errepide eta bide publikoen bazterreko babesak arautzen dituen araudian ezarritako aginduak.

Nolanahi ere, aireko zirkulazioaren segurtasunari buruzko araudiaren baldintzak egokituko dira, eta hura instalatzean udal-organo eskudunak, udal zerbitzu teknikoek egindako txosten teknikoak ikusita, agintzen dituen beharrezko neurriak hartuko dira, ikusizko inpaktua ahalik eta gehien murrizteko, paisaiarekin behar bezala integratzea lortzeko eta ezarritako gainerako baldintzak betetzeko.

10. Oro har, herritik kanpoko eremuetarako, antena-multzoaren eta hari eusten dion egituraren gehieneko altuera ez da 30 metrotik gorakoa izanen. Altuerak neurri hori gainditzen badu, ezohiko instalazioa izanen da, eta dokumentuen artean argazki-muntaia bat eskatuko da, ingurunean duen eragina ikusteko. Operadoreak behar bezala justifikatu beharko du, teknikari eskudunaren ziurtagiria eta sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, dagokion “ingurumen ukipenen txostena” izan beharko du, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen arabera, eta Nafarroako Gobernuko herri-lurren departamentuaren baimena, Uharte Arakilgo Udalak eskatua, azpiegitura herri-lurrean kokatzen bada.

11. Dorre, masta edo antenek ezin izanen dute, inola ere, publizitate-elementurik izan.

5. artikulua. Lizentzia eskatu behar dutenak.

1. Titularra pertsona pribatua, fisikoa edo juridikoa edo erakunde publiko bat izan, beharrezkoa izanen da edozein eraikin edo egitura eraiki aurretik dagokion obra-lizentzia eskuratzea Udalean, udalerrian dagoen hirigintza-araudiaren arabera, eta herri-lurrean kokatuz gero, Nafarroako Gobernuko herri-lurren departamentuak emandako baimena, Uharte-Arakilgo Udalak eskatua, bai eta ingurumen-jarduketen nahitaezko txostena izatea ere, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen IV. kapituluko 32. artikuluaren arabera halakorik behar duten proiektu, instalazio, jarduketa eta jardueretarako. Horretaz gain, lege beraren arabera, erantzukizunpeko adierazpenaren kopia aurkeztu beharko du.

2. Ordenantza honetan araututako instalazioak ezartzeko behar diren obrak sailkatzen dira Uharte-Arakilgo Udalean indarrean dauden hirigintzako ordenantzek horretarako ezarritakoaren arabera.

6. artikulua. Eskaerak eta prozedura.

1. Ez da baimenik beharko jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera komuna denean, bat etorriz otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin, salbu eta ordenantza honen 3. eta 4. artikuluetan aipatutakoak, herri-lurretako lursailetan edo espazioetan kokatutako instalazioak direnean.

2. Lur ez-pribatiboan eta herri-lurretan kokatutako estazio finkoen instalazioak direnean, erabilera edozein dela ere, kontratu/hitzarmen bat egon beharko da, arautzeko herri-ondasunen lagapenaren baldintzak. Horretarako, operadoreak dagokion instalazio-eskaera izapidetu beharko du, eta, horrekin batera, estazioaren proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, teknikari eskudunak sinatua. Uharte-Arakilgo Udalak izapidetu beharko du azpiegitura instalatzeko eskaera, Nafarroako Gobernuko herri-lurren departamentuari zuzendua, eta, beraz, operadoreari eskatuko dio Informazioaren Gizarterako eta Agenda Digitalerako Estatu Idazkaritzaren baimena, edo une bakoitzean eskumena duen erakundeari, izapide hori arintzeko. Operadorea ez dago behartuta dokumentazio hori entregatzera, beste administrazio batzuen esku baitago jada, eta operadoreak dokumentazio hori ematen ez badu, Udalak administrazio eskudunari eskatuko dio. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuko herri-lurren departamentuaren baimen horren izapidetzea etenda geratuko da, Udalak administrazio eskudunaren baimen hori bere esku izan arte. Horrekin batera, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, justifikatzeko instalazioaren egonkortasuna eta neurri egokiak hartu direla atmosferatik datozen deskarga elektrikoetatik babesteko eta beste instalazio batzuetan interferentziak saihesteko.

7. artikulua. Telekomunikazioko elementuen eta ekipoen mantentze-lanak.

1. Instalazioen titularrek egoera onean izan beharko dituzte instalazio horiek, segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari dagokienez. Haien egoeran arrisku-faktoreak antzemanez gero, Udalak titularrari eskatuko dio instalazioaren akatsak egokitzeko/konpontzeko gehienez ere 15 eguneko epean. Titularrak epea luzatzeko eskatu ahal izanen du, justifikatutako arrazoiengatik, erregistroan eskaera eginda. Udalaren ahala izanen da epe horren luzapena onartzea edo ukatzea. Dagokion epea igarotakoan, titularrak akatsak konpondu ez baditu, Udalak operadorea zehatu ahalko du, bai eta desmuntatzea eskatu ere, baldin eta pertsonendako arriskurik ikusten badu edo titularrak bi errekerimenduren ondoren konponbiderik ematen ez badu.

2. Instalazioak edo haien elementuren bat kentzea: Jarduera behin betiko bertan behera utziz gero, edo erabiltzen ez badira instalazioko elementuak, instalazioen titularrak edo jabeak ekipoak edo haien elementuak eraitsi eta kentzeko behar dena egin beharko du, eta instalaziorako euskarri izan den lursaila, eraikuntza edo eraikina instalazioa ezarri aitzin zegoen bezala lehengoratu beharko du, udal administrazioak ezartzen duen epean. Titularrak hiru errekerimenduren ondoren ezarritako epeak behin eta berriz betetzen ez baditu, Udalak instalazioa desmuntatu ahal izanen du titularraren kontura, desmuntatze eraginkorraren jakinarazpenaren bidez, hargatik eragotzi gabe ordenantza ez betetzeagatik ezar daitekeen zehapena edo Udalak egokitzat jotzen dituen legezko ekintzak abiaraztea.

3. Instalazioak berritu eta ordeztea: Ekipoak berritzeko eta teknikoki eguneratzeko, ez da inolako baimenik beharko. Lehenengo instalazioaren baldintza berberak bete beharko dira instalazio bat osorik ordezten bada edo instalazioaren bolumena handituko duen eraberritze/aldaketa/handitze bat egiten bada, elementuak gehituz edo elementu handiagoak jarriz, eta, beraz, ikuspegian edo paisaian eragina badute.

4. Betearazpen aginduak: Ordenantza honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, Udaleko organo eskudunak beharrezko exekuzio aginduak emanen ditu, bat etorriz aplikatzekoa den hirigintzako araudian ezarritako edukiarekin. Exekuzio aginduak zehaztuko du, egin beharreko obren garrantziaren arabera, proiektu teknikoa eta, hala badagokio, zuzendaritza fakultatiboa eskatu behar den ala ez.

8. artikulua. Zehapen-araubidea.

Hirigintzako arau-hausteei eta horiei dagozkien zehapenei dagokienez, jardungo da hirigintzako araudian ezarritako araubide orokorraren arabera eta, hala dagokionean, toki araubideari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

Aplikatuko den prozedura izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak zehatzeko eskumena duten organoak zehazteko, bai eta arau-hausteek eta zehapenek preskribatzeko ere, kontuan hartuko dira, hirigintzari eta ingurumenari buruzko udal ordenantzez gain, honako arau hauek: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 1/2017 Foru Legea, uztailaren 26koa, ingurumenari buruzko 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena, eta eraikinetan telekomunikazio zerbitzuak eskuratzeko azpiegitura komunei buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

Ordenantza honetan ekipoen eta haien elementuen kokapen, instalazio eta funtzionamendu arauei buruz xedatutakoa urratzen duten ekintzak eta ez-egiteak hirigintzako edo ingurumeneko arau-hausteak dira, eta zehapena jasoko dute, Estatuko, autonomia-erkidegoko nahiz udal mailako hirigintzako edo ingurumeneko legerian ezarritakoaren arabera, eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Erantzukizuna zehazteko, aplikatuko dira hirigintzako edo ingurumeneko araudi zehatzailean jasotako arauak.

10. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan xedatua urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak hirigintzako arau-hausteak dira, eta oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

  • Instalazioa egitea, obrak eginda edo egin gabe, ordenantza honetan eta hirigintza ordenamenduan xedatutakoaren kontra, baldin eta eragiten badie jabari publikora bideratutako eremuei, herri-lurrei, sistema orokorrei, ekipamenduei, berdeguneei, espazio libreei edo lurzoru urbanizaezin bereziari.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

  • Ez betetzea instalazioak eta ekipoak zaintzeko eta kentzeko betebeharrak, ordenantza honetan aipatzen baitira.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

  • Ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintzat eta ez-egiteak, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikatuta ez badaude.

11. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honetan zehaztutakoaren aurkako arau-hausteen erantzule solidariotzat jotzen dira:

–Instalazioaren titularra, enpresa instalatzailea edo instalazioa jartzea xedatu duen pertsona fisikoa edo juridikoa, txosten teknikoak edo erantzukizunpeko adierazpenak sinatu dituen pertsona eskuduna.

–Telekomunikazio ekipoen jabea.

–Instalazioaren zuzendari teknikoa.

12. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik jarri beharreko zehapenak honela zehazten dira:

–3.000 eurorainoko isuna ezarriko da arau-hauste oso astuna eginez gero.

–1.500 eurorainoko isuna ezarriko da arau-hauste astuna eginez gero.

–750 eurorainoko isuna ezarriko da arau-hauste arina eginez gero.

Aipatutako zehapena gorabehera, udal honek beharrezkotzat jotzen dituen ordain-ekintza guztiak eginen ditu, konpentsatzeko operadorearen ekintza edo ez-egitearen ondorioz (dagozkion jakinarazpenen ondoren) eragindako espazio edo elementuak konpondu, zaharberritu edo jatorrizko egoerara lehengoratzeak eragindako kostuak.

13. artikulua. Araubide fiskala.

Kasuan kasuko lizentziak izapidetzeagatik eta obrak gauzatzeagatik, une bakoitzean indarrean dauden tributuak eta zuzenbide publikoko gainerako diru-sarrerak eskatuko dira, alde batera utzi gabe legeria espezifikoaren arabera bidezkoak diren gainerako baimenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespenaren erabakiarekin batera argitaratu eta hamabost egunera.

Iragarkiaren kodea: L2113204