22. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

6/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 11koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Irakasleari Laguntzeko Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen duen apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak bere 3. artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Irakasleari Laguntzeko Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko. Zentroa zein gairi lotuta dagoen, haren gaineko eskumena duen organoak proposaturik eginen dira deialdiak.

Behin Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak proposamena egin duelarik ikasturte honetan Irakasleari Laguntzeko Zentroetako aholkulari eta zuzendari izateko zenbait lanposturen deialdia egiteko, bidezkoa da lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia egitea.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Merezimendu lehiaketaren deialdia onestea, Irakasleari Laguntzeko Zentroetan (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Merezimendu lehiaketaren deialdia egiten da Irakasleari Laguntzeko Zentroetako zuzendari eta aholkulari lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

ATXIKIPENA

LANPOSTUA

HIZKUNTZA

0033322

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-LEKAROZ

ILZren ZUZENDARITZA

1

Euskara

0030669

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-IRUÑA

ILZren AHOLKULARITZA

1

Gaztelania

0034701

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-IRUÑA

ILZren AHOLKULARITZA

1

Euskara

0031950

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-IRUÑA

ILZren AHOLKULARITZA

1

Euskara

0032489

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-IRUÑA

ILZren AHOLKULARITZA

1

Euskara

0031766

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA - TAFALLA

ILZren ZUZENDARITZA

1

Gaztelania

0032304

IRAKASLEARI LAGUNTZEKO ZENTROA-TUTERA

ILZren AHOLKULARITZA

1

Gaztelania

Bigarrena.–Baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoetako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Jardunean egotea 2021eko irailaren 1ean.

–Ebazpenaren I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak betetzea.

2. Irakasleari Laguntzeko Zentroetako aholkulari edo zuzendaritza lanetan arituko diren pertsonen lanbide-profila irakasle profesional batena izanen da, prestakuntza didaktiko sendoa eta egokia izanen du bere espezialitatean, eta ongi ezagutuko du bere lanaren testuingurua. Izangaiek trebetasuna izan behar dute informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzeko, tresnak ezagutzeari eta erabiltzeari nahiz teknologia horiek hezkuntzan dituzten aukerei dagokienez. Halaber, gaitasuna izan behar dute lantaldeetan aritzeko, eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izan.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek horretarako diseinatutako parte hartzeko eskabidea Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus webgunean eskuratu eta, bete ondoren, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduta, eta, horrekin batera, ebazpen honen III. eranskinean dagoen merezimenduen baremoan aipatzen diren frogagiriak.

Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik zerbitzu-orrian jaso bada.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Izangaiek dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkeztuko dituzte; hala ere, administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioaren jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

3. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko hamar egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak ezagutarazteko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web orrian argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Zerrenda horien aurkako erreklamazioak aurkezten ahalko dira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

2. Epea amaitu eta gero, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak ezagutarazteko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Seigarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehen zatian, izangaiak eskuratu nahi duen lanpostuaren eginkizunei lotutako proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat.

Izangai bakoitzak ahoz azalduko dio epaimahaiari bere proiektua. Horretarako 30 minutu edukiko ditu gehienez. Gero, epaimahaiak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da, milarenera biribilduta.

b) Bigarren zatian merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoari jarraikiz, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Epaimahaiari dagokio izangaien merezimenduak baloratzeko ardura.

2. Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira eta proiektuaren kopia bat emanen diote. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.

Aurkezpen ekitaldira joateko deia Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen zaie izangaiei, prozeduran onartzen diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean hain zuzen, zeina Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko baita gutxienez 48 ordu natural lehenago. Ebazpen horretan epaimahaiaren aurreko jarduketa noiz, zer ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

3. Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasita, izangaiei egin beharreko hurrengo deiak dagokion epaimahaiak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus).

Izangaiak proiektuaren defentsan aritzeko hurrenkera alfabetikoki hasiko da, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 21eko 66/2020 Ebazpenean ezarritakoaren arabera egiten den zozketan ateratzen den letrarekin hasten den lehen abizenekoekin.

4. Izangaien balorazioa bukaturik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu izangai bakoitzak proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Ataletan eta azpiataletan lortutako puntuazio handiena, merezimenduen baremoan agertzen den hurrenkerari jarraikiz.

Berdinketak jarraitzen badu, oinarri honen 3. atalean aipatzen den letra-zozketaren emaitza hartuko da aintzat.

Kalifikazioen kontra izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dizkiote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari, argitara eman eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioa adierazita, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira. Era berean, prozeduraren espediente osoa igorriko da.

5. Deialdi honen xedeko zerbitzu eginkizunak Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez emanen dira, izangaiak hautatzen diren ordenaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaiak.

1. Epaimahai bat eratuko da, ondoren adierazten direnez osatutakoa, deitutako lanpostuetarako izangaiak ebaluatzeko:

–Epaimahaiburua: Idoia Sara Pérez, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko burua.

–Epaimahakidea: Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Jose Azpirotz Zilbeti, Irakasleari Laguntzeko Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua.

2. Beharrezkoa izanez gero, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenez, epaimahaia osatzeko ordezkoak izendatuko dira.

Halaber, epaimahaiak aholkulari adituen laguntza ere izaten ahal du, eta lehenagoko paragrafoan deskribatu den modu berean izendatuko dira. Aholkulari horien eginkizuna epaimahaiari laguntzea izanen da, bakarrik izendapenaren xede den gaiari buruzko kontuetan.

3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Era berean, egoera horietako bat gertatzen bada, errekusatuak izan daitezke.

4. Deialdi honetan ezarria ez dagoen guztian, epaimahaiaren eraketari, jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoetan kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraikiko zaio.

5. Epaimahaiak beren ohiko lan ordutegiaren barruan lan eginen dute.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasiera batean, bi ikasturte oso iraunen dute, 2021eko irailaren 1ean hasita.

Behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, Irakasleari Laguntzeko Zentro batean aholkulari edo zuzendari lanpostu batean zerbitzu eginkizunetan dauden irakasleek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztu beharko dute. Aholkulari lanpostuan ari direnen kasuan, memoria hori zentroko zuzendariak eta gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Zuzendaritzako lanpostuan ari direnen kasuan, memoria gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko du. Memoriaren balorazioa gai edo ezgai izanen da, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio ona izateak berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin eta Irakasleari Laguntzeko Zentro berean lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, bukatu eginen da izangaiak behin betiko betetzen zuen irakasle plazaren erreserba.

Kasu horretan, zerbitzu eginkizunak bukaturik, erreserba bukaerak ukitutako irakasleek lehentasunezko eskubidea izanen dute destinoa lortzeko beren azken behin betiko destinoko herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Aldi jakin baterako eman zirelako eta aldi hori bukatu delako.

b) Zentroa kentzeagatik edo aldatzeagatik, kentze edo aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu ukitutako zerbitzu eginkizunei segida ematea.

c) Interesdunak berariaz uko egiteagatik.

d) Gerora sortutako arrazoiak, honako hauen ondorioz: lanpostua betetzeko gaitasun edo egokitasun falta, agerian jarria emandako eginkizunak eraginkortasunez betetzeko errendimendu urria erakusteagatik, edo eginkizunen edukia aldatu izana.

Aipatu arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez hasiko da. Ebazpena zentroko zuzendaritzak igorritako txostenarekin batera igorriko da deialdia proposatu duen organora, honek egoki iritzitako jarduerak egin ditzan, interesdunari eta Irakasleen Batzordeari entzunaldia eman ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanposturako egokitasuna baloratzeko txostena prestatuko du, eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari igorriko dio.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

e) Jarduneko zerbitzua ez den zeinahi beste egoera administratibotara pasatzea.

f) Administrazioan beste lanpostu baterako izendatua izatea.

g) Beste zerbitzu eginkizun bat lortzeagatik edozein administrazio publikotan.

Justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, zerbitzu eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b) eta c) letretan aurreikusitako arrazoiren bat suertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko da.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoi bat gertatzen denean, a) eta d) letretakoak izan ezik, ez da zerbitzu eginkizunetarako baimenik emanen.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetan izangai bat ere ez hautatzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez betetzen ahalko dira ikasturte baterako, organo eskudunak proposatuta.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 11n.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

I. ERANSKINA

Berariazko betebeharrak

IKASTETXEA HERRIA

LANPOSTUA

TITULAZIO BALDINTZAK

Lekarozko ILZ

(33322)

Helbidea

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoa izatea.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Iruñeko ILZ

(30669)

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Maisu-maistren kidegokoa izatea.

Iruñeko ILZ

(34701)

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Maisu-maistren kidegokoa izatea.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Iruñeko ILZ

(31950)

Esparru zientifiko-teknologikoko aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoetakoa eta espezialitate hauetako bat izatea: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika edo Teknologia.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Iruñeko ILZ

(32489)

Esparru sozio-linguistikoko aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoetakoa eta espezialitate hauetako bat izatea: Filosofia, Geografia eta Historia, Grekoa, Latina, Gaztelania eta Literatura, Ingelesa, Frantsesa edo Euskal Hizkuntza eta Literatura.

EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

Tafallako ILZ

(31766)

Helbidea

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoa izatea.

Tuterako ILZ

(32304)

Aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa.

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoa izatea.

II. ERANSKINA

Hautapen sistemaren eta lanpostuen zehaztapenak

A) Zuzendaritzako lanposturako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak:

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, hobekuntza planak aurrera eramateko behar diren estrategiak garatuko dituena, ikastetxeen testuingurua kontuan hartuta. Xedea izanen da ekintza eta hobekuntza plan bat diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea. Plan horrek atal hauek izanen ditu, gutxienez:

–Bere eginkizunak betetzean proposatzen dituen helburuak. Helburu hauek aintzat hartuko dute zuzendu nahi den ILZrendako proiektu pedagogikoaren proposamen bat, eta bertan jasoko dira.

–Helburu horiek lortzeko ekintza lerroak eta proiektuak.

–Helburuen betetze-maila baloratzeko adierazleak.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez ere (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), alde batetik idatzita, DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra eta tarte bakuna erabiliz.

Proiektuak eta beren defentsak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna, baita izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna ere, irakasteko gaitasunen garapenari dagokionez eta deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako lanpostuaren profilari dagokionez.

Era berean, hauek ere baloratuko dira:

–Lantaldeak gidatzea eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izatea, zuzendaritza lanak egiteko lankidetza eta talde-lanaren eredu baten barruan.

–Prestakuntzaren eta berrikuntzaren gaineko planak, programak eta jarduerak koordinatzea.

–Irakasleen prestakuntzaren gaineko esparru teorikoak ezagutzea, bereziki irakasleen elkarlan proiektuak bultzatzen dituzten prestakuntza ereduen gainekoak.

–Irakasleen Prestakuntza Plana sustatu eta gidatzea, Hezkuntza Departamentuak Prestakuntza eta Kalitate Atalaren bitartez ezarritako irakasleen prestakuntzako ildo estrategikoei eta lehentasunezko programei jarraikiz.

–ILZko talde pedagogikoa koordinatzea Prestakuntza eta Kalitate Atalak ezarritako ildoei jarraikiz.

–ILZko talde pedagogikoaren prestakuntza sustatzea, etengabeko hobekuntzan eta talde-lanean oinarritutako berrikuntza prozesu gisa.

–IKTak eta kalitatea kudeatzeko sistemak bultzatu eta integratzea zuzendaritza eta prestakuntza prozesuetan.

2. Eginkizunak eta antolaketa:

Irakasleari Laguntzeko Zentroetako zuzendariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek bultzatzen dituzten programekiko koordinazio eta lankidetza aktiboa sustatuko dute.

Beharrezkoa denean, beren ekimenez edo Prestakuntza eta Kalitate Atalak erabakita, Irakasleari Laguntzeko Zentroko zuzendariak aholkulari lanak egiten ahalko ditu zuzentzen duen ILZri dagokion eremuan.

B) Aholkularitzako lanpostuetarako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak:

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, irakasleei eta ikastetxeei dinamizazioa, laguntza eta aholkua emateko behar diren estrategiak eta proposamenak garatuko dituena, horiek hobekuntza planen bidez aurrera eramaten laguntze aldera, betiere ikastetxeen testuingurua eta Hezkuntza Departamentuaren Irakasleen Prestakuntza Plana kontuan hartuta. Xedea izanen da irakasleen gaitasun profesionalak hobetzeko eta horrek hezkuntza kalitatean duen oihartzuna neurtzeko prestakuntza proposamen bat diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea; gainera, proiektua zer ILZtarako den, hari atxikitako ikastetxeen aholkularitza proposamena ere prestatuko da.

Hautagaiak aukeratu nahi d(it)uen hezkuntza esparrua(k) ezagutzen d(it)uela erakutsi beharko du, baita hautatu nahi duen lanpostuaren lanbide-profilak beharrezko dituen aholkularitza-gaitasunak ere, proposamena gauzatzeko beharrezkotzat jotzen baitira. Halaber, proposamenean IKTak txertatzeko aurreikuspenak esplizituki azalduko dira.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez ere (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), alde batetik idatzita, DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra eta tarte bakuna erabiliz.

Proiektuak eta beren defentsak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna.

–Izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna, irakasteko gaitasunen garapenari eta hobekuntzari dagokienez.

–Bere eginkizunekin loturiko trebetasun sozialak eta komunikatzeko gaitasuna: koordinazioa, taldeen dinamizazioa eta lidergoa. Aipatutakoez gain, irakasleen etengabeko prestakuntzaren planifikazioarekin, gauzatzearekin, jarraipenarekin eta ebaluazioarekin zerikusia duen beste edozein kontu.

–Curriculumari lotutako alderdi zientifiko eta didaktikoetan duen ezagutza, eta eskuratu nahi den lanpostuaren hezkuntza etaparako edo etapetarako egokiak diren proposamen metodologikoen gaineko ezagutza.

–Irakasleen prestakuntzaren gaineko esparru teorikoak ezagutzea, bereziki irakasleen elkarlan proiektuak bultzatzen dituzten prestakuntza ereduen gainekoak.

2. Eginkizunak eta antolaketa:

Irakasleari laguntzeko zentroetako aholkulariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Halaber, aholkulariak ikastetxeko erreferentziako aholkulari lanetan arituko dira, zuzeneko prestakuntza emanen dute eta online tutoreak izanen dira.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak sustatzen dituen programetan koordinazio eta lankidetza aktiboa garatuko dute.

Osagarritasun printzipioaren arabera, beharrezkoa izanez gero, aholkulariek edozein etapatan egin beharko dituzte prestakuntza, aholkularitza eta antolamendu lanak. Halaber, printzipio berean oinarrituta, aholkulariek, Irakasleari Laguntzeko Zentro bati atxikita egonik ere, beste edozein zentrotako eremuan garatutako prestakuntza jarduerak ematen ahalko dituzte, prestakuntza sareak antolatutako jarduerek hala eskatuta.

Horrez gain, eta prestakuntza beharren arabera, irakasleen presta-kuntzari buruzko beste lan eta eginkizun batzuk ere esleitzen ahalko zaizkie aholkulariei, zein lanpostutan sartu ziren kontuan hartu gabe.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu.

I.–Irakaskuntzako esperientzia (5 puntu gehienez).

Karrerako funtzionario gisa izandako esperientzia baloratuko da: 0,48 puntu emanen dira zerbitzu urte bakoitzeko, deialdiaren azkeneko egunean kontatuta. Deialdian parte hartzeko eskatzen diren hiru urteak ez dira inola ere baloratuko.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta hondarreko egunak ez dira kontuan hartuko.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

II.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 5 puntu):

2.1. Etengabeko prestakuntza (2 puntu gehienez):

2.1.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak gainditzeagatik: egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Hezkuntzako administrazio publiko batek edo unibertsitateek jarduerez emandako ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, halakorik ezean, kasuko hezkuntza administrazioak jarduerak aitortu edo homologatzea, eta agiri horretan berariaz agertuko da jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.1.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza eta trebakuntza jarduerak emateagatik: egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu bat.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen bost ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Hezkuntzako administrazio publiko batek edo unibertsitateek jarduerez emandako ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, halakorik ezean, kasuko hezkuntza administrazioak jarduerak aitortu edo homologatzea, eta agiri horretan berariaz agertuko da jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.2. Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, eta beste jarduera batzuk (gehienez ere puntu 1):

2.2.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jardueretan parte hartzeagatik: 0,25 puntu jarduera bakoitzeko.

Ikerketa edo berrikuntza proiektuetan parte hartu izana frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, kasuko hezkuntza administrazioak emandakoak.

2.2.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten ikerketa eta berrikuntza jarduerak koordinatzeagatik: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

Ikerketa edo berrikuntza proiektuak koordinatu izana frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, kasuko hezkuntza administrazioak emandakoak.

2.3. Prestakuntza akademikoa (3 puntu gehienez):

2.3.1. Graduondoak, doktoretza eta aparteko sariak:

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako bere kidegoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 1 puntu.

–Doktore titulua izateagatik: 1 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, eskuratuta izanez gero urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, eginak izanez gero apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera.

2.3.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutakoez apartekoak, honela baloratuko dira:

–Lehen zikloko titulazioak: diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto tekniko titulu bakoitzeko edo legez horien baliokide den titulu bakoitzeko, eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketengatik: 1 puntu.

Azpiatal honetan ez dira behin ere baloratuko izangaiek aurkezten dituzten mota horretako lehen tituluak edo ikasketak.

–Bigarren zikloko titulazioak:

lizentzien, ingeniaritzen, arkitekturen edo unibertsitateko gradudun titulu ofizialen bigarren zikloko ikasketengatik edo legez horien baliokide diren tituluengatik: 1 puntu.

Bigarren ziklokoak bakarrik diren tituluak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo bat bezala baloratuko dira bakarrik.

Bere kidegoan sartzeko baldintza diren eta alegatutako tituluen fotokopia aurkeztu behar da, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Gradudun titulua ez da baloratuko baldin eta titulu hori lortu bada ikasketa-arlo bereko unibertsitateko titulu bat (diploma edo lizentzia) daukatenentzat bideratutako egokitzapen ikastaro bat eginez.

Titulazio berean oinarritzen diren espezialitateak ez dira titulu desberdintzat hartuko. Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.3. Araubide bereziko irakaskuntzetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

–Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko: 0,5 puntu.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

–Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.

Tituluaren ziurtagiria edo, hala badagokio, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2.4. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak (2 puntu gehienez):

Euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea frogatzen duen ziurtagiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jaso zen bezala (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren eta apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduaren bidez aldatua):

–C2 edo baliokidea: 1 puntu.

–C1 edo baliokidea: 0,75 puntu.

–B2 edo baliokidea: 0,50 puntu.

Merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia aurkeztuko beharko da, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea.

Iragarkiaren kodea: F2100446