218. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

911/2021 EBAZPENA, irailaren 9koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita abuztuaren 11ko 604/2020 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, prebentzio neurri jakin batzuk hartu ziren aplika daitezen nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen direnean Nafarroako nekazaritza kanpainetan, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko xedez.

Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 11n emandako 604/2020 Ebazpenaren bidez, prebentzio neurri jakin batzuk hartu ziren aplika daitezen nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen direnean Nafarroako nekazaritza kanpainetan, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko xedez. Horrela, bada, ebazpen horren bidez erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko betebeharra ezarri zitzaien sasoiko langileak kontratatzen dituzten enpresei. Alabaina, urtebete igaro ondoren egiaztatu ahal izan denez, beste autonomia erkidego batzuetako enpresa askok ez dituzte kontratatutako langileei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak egiten. Enpresa horiek zerbitzu-enpresak eta aldi baterako laneko enpresak dira, sasoiko langileak kontratatzen dituztenak Nafarroan aritzeko. Horren ondorioz, zailagoa izan da langileen kolektibo horretan agertu diren COVID-19aren kasuak kontrolatzea. Nafarroako Gobernuak jakin behar du nor datorren Nafarroako nekazaritza kanpainetan aldi baterako lan egitera; hori bermatzea funtsezkoa da, bermatu ahal izateko, orobat, COVID-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartzen direla gure erkidegoko nekazaritzako ustiategietan. Horrexegatik, nekazaritzako ustiategien titularrei ezartzen zaie erantzukizunpeko aitorpen hori aurkezteko betebeharra.

Era berean, orain aldatzen den ebazpenean adierazten den bezala, kutsatzeko arrisku handia dago sektore horretan, bai langileen mugikortasunagatik, bai ostatu baldintzengatik. Beraz, neurrien helburua da, lehenik eta behin, prebentzioa egitea kutsatze kasuak eta agerraldiak zabal ez daitezen, ahal den heinean; eta, bestetik, behar bezain laster detektatzea balizko positiboak, horien gaineko jarraipena eta kontrola egiteko. Ildo horretatik, testuaren idazketa aldatzen da PCR probei dagokienez, halako moduz non egoera berrian ez den aurreikusten PCRa kasu guztietan egitea, baizik eta osasun publikoko arrazoiengatik beharrezkoa denean soilik. Azkenik, ezartzen da ezen langileren bat bakartu behar bada kasu positiboa izateagatik, bakartze hori baldintza egokietan egiten dela bermatu beharko dela.

Horren guztiaren ondorioz, bidezkoa da Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 11ko 604/2020 Ebazpenaren puntu jakin batzuk aldatzea, erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharra nork duen aldatzeko.

Horiek horrela, eta bat etorriz Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluarekin, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren adostasunarekin eta lehen sektoreko erakunde eta sindikatuen iritzia entzun ondoren,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldatzea Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 11n emandako 604/2020 Ebazpenaren 3. puntua. Hona hemen testu berria:

“Hirugarrena.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3.1.–Nafarroan nekazaritzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dizkiote haien titulartasunekoa den nekazaritzako ustiategian lan egiten duten langileei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak, kontuan hartu gabe langile horien kontratazioa ustiategiaren titularrak berak egin duen edo zerbitzu-enpresa edo aldi baterako laneko enpresa baten bidez egin den. Erantzukizunpeko adierazpen horretan jasoko da nekazaritzako langileak kontratatu direla aldi baterako Nafarroako nekazaritza kanpainetan aritzeko, Nafarroako inongo udalerritan erroldatuak ez daudenak, edo, erroldatuak izanik ere, azkeneko bi hilabeteotan beste nekazaritza kanpaina batzuetan aritu direnak beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetan.

Jakinarazi beharreko datuak erantzukizunpeko adierazpenean ageri dira (1. eranskinean dago horren eredua).

3.2.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatzen ahalko du ea adierazpen horietan aurkeztutako datuak eta aurreikuspenak egiazkoak diren, horiek alderatuz administrazio beraren edo beste batzuen datu-baseetan dauden datuekin, aurrerago kontrolak eta ikuskapenak egin ahal izateko. Administrazioari ez bazaio baimenik ematen egiaztapen horiek egiteko, eskatzen diren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira”.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 11n emandako 604/2020 Ebazpenaren 6. puntua. Hona hemen testu berria:

“Seigarrena.–PCR probak egitea.

6.1.–Ebazpen honetan aipatzen diren langile guztiei PCR probak egiten ahalko zaizkie baldin eta osasun publikorako arriskua sor dezaketen egoerak detektatzen badira.

6.2.–Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ordainduko du proba horien kostua”.

Hirugarrena.–Aldatzea Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 11n emandako 604/2020 Ebazpenaren 7. puntua. Hona hemen testu berria:

“Zazpigarrena.–Diagnostiko baieztatua duten pertsonak bakartzea.

COVID-19aren diagnostiko baieztatua duten langileak bakartzeko (baita haien kontaktu hurbilak bakartzeko ere, kasua bada), osasun isolamendu egokirako baldintza objektiboak bermatzen dituzten establezimenduetan egin beharko da”.

Laugarrena.–Ebazpen honekin batera doan I. eranskina aldatzen da.

Bosgarrena.–Argitaratzea eta ondorioak.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2021eko irailaren 9an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113539