218. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

187/2021 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, gastua baimendu eta 2021. urterako deialdia onesten duena familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitza alokatzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 580176.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren abuztuaren 17ko 175/2021 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitzak alokatzen laguntzeko 2021etik 2024ra bitarteko urteetan.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea, eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren 2021eko ekainaren 16ko erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitza alokatzen laguntzeko 2021. urterako dirulaguntzen deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren abuztuaren 17ko 175/2021 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. 300.000 euroko gastua baimentzea 2021. urteko gastu-aurrekontuko “Nafarroa Sustatu Familia gurasobakarrentzako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2021. urterako:

a) Bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren % 60, eta urtean gehienez 4.680 euro etxebizitzako.

b) Hiru pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,5 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren % 70, eta urtean gehienez 5.460 euro etxebizitzako.

c) Lau pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria IPREMa halako 2,75 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren % 80, eta urtean gehienez 6.240 euro etxebizitzako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 150.000 euro gehituz, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

6. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

7. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 7an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2113452