216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita “Urritzola-Galain lotzea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidura sarera” izeneko obren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak, 2021eko apirilaren 20an egindako kideen biltzarrean, hasiera batez onetsi zuen “Urritzola-Galain lotzea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidura sarera” izeneko proiektua, eta, horrekin batera, baita proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Orobat, hasiera eman zion desjabetze-prozedurari, eta proiektua jendaurrean jarri zuen hamabost egunez.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2021eko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 6koan, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik egin.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak 2021eko ekainaren 30ean egindako kideen biltzarrean, proiektua behin betiko onetsi zen, eta erabaki zen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakotzat jo zezala proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren ondorioetarako. Izan ere, beharrezkoa da edateko uraren horniduraren zerbitzua hobetzea zenbait udalerritan, non gaur egun jendearen kontsumorako uraren hornidurak arazo handiak baititu kantitateari, kalitateari eta osasungarritasunari dagokienez.

Espedientean Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen idazkari eta kontu-hartzailearen ziurtagiria dago, non egiaztatzen baita behar den kreditua atxiki dela ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

Nafarroako Gobernuak, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea “Urritzola-Galain lotzea Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidura sarera” izeneko obren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112996