216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, plan berezi hau gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: Iruñeko Txapitela kaleko 8-10. zenbakietan dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatua.

Iruñeko Txapitela kaleko 8-10 zenbakietan dagoen eraikineko jabeen erkidegoak eskaturik, eta aginduzko tramiteak egin ondoren, Iruñeko Udalak, 2020ko martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea “Txapitela kaleko 8-10. zenbakietan dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia”. Erabaki hori 2020ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 27koan.

Iruñeko Udalak 2020ko irailaren 3an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, “Txapitela kaleko 8-10. zenbakietan dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Bereziari” jarraituz.

Erabaki hori 2020ko 235. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 9koan, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

Iruñeko Udalak 2021eko urtarrilaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen ezarritako epean aurkeztutako alegazioak ezestea eta behin betiko onestea plan berezi hori gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Erabaki hori 2021eko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 11koan.

2021eko urtarrilaren 21ean, Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion presakotzat deklara zezala oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezi hori gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Eskaerari espedientearen kopia gehitu zion.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidego baten onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegietarako erabiltzen diren eraikuntzetan. Horrelakoetan, proiektua plan berezi baten bidez tramitatuko da, txosten teknikoa eta justifikazio memoria behar dituena. Iruñeko Udalak tramitaturiko espedientean agiri horiek jaso dira.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, presako okupazioak arrazoitu behar dira, prozedura hori salbuespenezkoa baita. Horregatik, Tokiko Kudeaketaren Atalak aurretiazko errekerimendua eginda, Iruñeko Udalak 2021eko maiatzaren 14an osatu du ukitutako eraikinean bizi diren pertsonei buruz hasiera batean aurkeztutako dokumentazioa, non justifikatzen baita presakoa dela desjabetuko diren ondasunak okupatzea.

Era berean, jaso da egiaztatua dagoela behar adinako kreditua dagoela eskuragarri balio justua ordaindu ahal izateko.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua ordaintzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortutako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea Iruñeko Txapitela kaleko 8-10 zenbakietako eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Plana Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112992