216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

863E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baita Fontellasko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio bat jartzeko. Titularra Avícola Fontellas SL da.

Instalazioa sartuta dago Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), “Oilategiko hegaztien edo behi- edo zerri-aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 toki baino gehiago dauzkatenak” izenekoan. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.3.a) epigrafean dago jasoa, hots, “Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilo erruleendako 40.000 toki baino gehiago daukatenak, edo, hegaztien beste produkzio-orientazio batzuetarako direnean, pareko kopurua daukatenak (gizentzeko 85.000 oilasko)” izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6.a) epigrafean ere (testu bategina), “Hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, hegaztientzat 40.000 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan.

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) ataleko 2. puntuan dago sartuta.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ez dela beharrezkoa egungo kokapenaz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurarekin lotutako oinarrizko txosten bat egitea, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez baitago.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Titularrak eskatu zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin, baita egindako kontsultekin eta jasotako txostenekin ere.

Egiaztatu da proiektuak otsailaren 15eko 2017/302 Erabakiak ezartzen duena betetzen duela, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko konklusioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Fontellasko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio bat jartzeko. Titularra Avícola Fontellas SL da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazio hori ezartzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak gehienez lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen VIII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Instalazioa herri-lurretan jarriko denez, obra lizentzia eman aurretik, Fontellasko Udalak jarduera gauzatzeko behar den gutxieneko azaleraren desafektaziorako baimena eskuratu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

Bosgarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin ez-arriskutsuen sortzaile txiki gisa (15P02106090292020). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Seigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1060060034/2/1 plana onestea. Ebazpen honen XIV. eranskinean dago.

Zazpigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari.

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioan edonolako aldaketak egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Hamargarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamaikagarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

–Instalazioa paisaian integratzeko landaketen osaerari eta egoerari buruzko txostena, baimen honetan ezarritakoaren arabera, edo landaketa horiek egiteko aurreikusten den data.

–Linea elektrikoa ezartzeko gauzatutako proiektuari buruzko erreferentzia, eta adierazpen honetan eta ingurumen-ukipenetarako baimenean ezarritako baldintzak betetzeari buruzko xehetasunak.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena, ondare arkeologikoaren gaineko balizko ukipenari buruzkoa.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Avícola Fontellas SLri, Fontellasko Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2112691