216. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita “Garraioaren Hiria-TZ (3. eta 4.faseak) eta Elortzibarko industrialdea hornitzea” izeneko obren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondoriotarako. Onuraduna Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2020ko abuztuaren 25ean, Iruñerriko Zerbitzuak SAren Administrazio Kontseiluak onetsi zuen “Garraioaren Hiria-TZ (3. eta 4.faseak) eta Elortzibarko industrialdea hornitzea” gauzatzeko behar den ponpaketaren kokapenaren eta trazaduraren proiektua.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak 2021eko martxoaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, “Garraioaren Hiria-TZ (3. eta 4.faseak) eta Elortzibarko industrialdea hornitzea” izeneko obraren proiektua onetsi zen, desjabetze-espedienteari hasiera eman zitzaion eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onetsi zen. Gainera, erabaki horren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Onespen horren iragarkia 2021eko apirilaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bai, orobat, 2021eko apirilaren 23ko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan eta Iruñerriko Mankomunitatearen eta Noain Elortzibarko Udalaren iragarki tauletan.

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak 2021eko ekainaren 28an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Batzar Orokorrak eskuordeturik, behin betiko onetsi zen proiektua, eta erabaki zen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakotzat jo dezala proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren ondorioetarako; izan ere, bezero berriak iritsi dira 3. eta 4. faseetako lurzatietara, ur eskari oso handia dutenak, eta batzuek aurreikusita dute urte honen bukaeran edo hurrengo urtearen hasieran hastea jardunean. Horrek ekarriko du Garraioaren Hiriaren instalazioak gaur egun elikatzen dituen hornidura sarea tentsionatzea. Bestalde, beharrezkoa da obrak udan egitea, alorretan egin beharreko lur mugimenduak euri gutxien egiten duen sasoian egiteko eta, hala, lurzoru emankorren gaineko ukipenak minimizatzeko, nekazariek eskatu duten bezala. Egun horietan eginez gero, gainera, exekuzio tekniko hobea bermatuko da, eta segurtasun handiagoa izanen da lurrak erauzteko eta hodiak kokatzeko lanetan aritzen diren langileentzat.

Espedientean Iruñerriko Mankomunitatearen idazkariaren ziurtagiri bat dago, non egiaztatzen baita Iruñerriko Zerbitzuak SA enpresako zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez erabaki zela agintzea ezen Iruñerriko Zerbitzuak SAren banku-kontuetan nahikoa diru egon behar zela eskuragai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko, modu horretan bermatua izan dadin balio justu gisa finkatutako diru kopuruak ordaintzea ukitutakoei.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea “Garraioaren Hiria-TZ (3. eta 4.faseak) eta Elortzibarko industrialdea hornitzea” izeneko obren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa. Onuraduna Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112999