212. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko irailaren 1ean hartua, zeinaren bidez adierazten baita presakoa dela “Ureztalurretako jarduketen proiektua XXVI-EGA 3 sektorean, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2013ko irailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturik (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa). Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planeko jarduketen zerrendan sartzea Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzearen ondoriozko eremu ureztagarria (2012ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 20koa). Foru dekretu horren bidez, orobat, erabaki zen egin beharreko jarduketen onura publikoa eta interes orokorra deklaratzea, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen 3.1 artikuluari jarraikiz.

Nafarroako Gobernuak 2017ko uztailaren 19an hartutako Erabakiaren bidez (2017ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa), proiektu hau aldatzeko espedientea onetsi zen: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Proiektuaren xedea da Ega ibaiaren arroa, batez ere Leringo eta Carcarko udal-mugarteetan, hornitzen duen adarraren trazadura aldatzea, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustaturik.

Erabaki horren arabera, “eraiki ahal izateko, desjabetzearen bidez edo Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Legearen babesaren bidez lortuko da lurrak okupatzeko bermea, nekazaritzako azpiegituren jarduketaren onuradun diren lurren kasuan, Nafarroako Gobernuak jarduketa horretarako dekretua onetsi ondoren”.

2021eko abuztuaren 6ko idazki baten bidez, Aguas de Navarra SA sozietate kontzesio-hartzailearen ordezkaritzak, desjabetze horren onuraduna den aldetik, EGA 3 espedienteko lurrak desjabetzeko espedienteari hasiera emateko eskaera egin dio INTIA SA sozietate kontzesio-emaileari.

Proiektua gauzatzeko, beharrezkoa da ahalik eta lasterren ekitea obrei. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea; hori dena, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea “Ureztalurretako jarduketen proiektua XXVI-EGA 3 sektorean, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura eta Azpiegitura Berrien Zerbitzura, eta jakinaraztea INTIA SA sozietate kontzesio-emaileari eta Aguas de Navarra SA sozietate kontzesio-hartzaileari.

Iruñean, 2021eko irailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2113225