212. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

925/2021 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean polinizazioa bultzatzeko emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko “de minimis” laguntzen oinarri arautzaileak ezarri, eta 2021eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 581305.

Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenean eragin nabarmen eta onuragarria duten nekazaritza jardueren artean, erlezaintza dago, erleen polinizazioa garrantzi handikoa baita bertako flora espezieak behar bezala kontserbatzeko.

Eraginpeko eremuko berezko landarediaren polinizazioak eragina du ingurumenean oro har, eta nekazaritzako ekoizpenean batik bat. Hori horrela, erlezaintza desagertu edo gutxituz gero, arriskuan jar daiteke Nafarroako Foru Komunitateko leku askotako biodibertsitatearen iraupen egokia.

Bestalde, erlauntzaren eritasunei eta haren aurkako erasoei aurre egiteko, beharrezkoa izaten da barroosiaren aurkako tratamendu kimioterapikoak erabiltzea. Tratamendu horiek Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak baimendu behar ditu, eta albaitarien aginduei jarraikiz hautatu eta aplikatzen dira.

Horregatik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, erlezaintza sektoreari laguntzeko asmoz, egokitzat jo du erlauntz bakoitzeko laguntzak ematea erleen jarduera maila mantentzen laguntzeko, jarduera horrek ondorio on eta garrantzitsuak baititu ingurumenari begira.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean polinizazioa bultzatzeko emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen direnak. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen menpe daude.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Onestea polinizazioa bultzatzeko nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen 2021eko deialdia.

5. Laguntza hauetarako 200.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontu orokorretako “Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntza. Polinizazioa” izeneko 710004-71310-4700-412206 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean polinizazioa bultzatzeko emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2021eko kanpaina

Lehena.–Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da polinizazioa bultzatzeko nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak arautzen dituzten oinarriak ezartzea, erleen jarduera maila egokia izan dadin, horrek biodibertsitatea zaintzeko ondorio onuragarriak baititu, batez ere erleek egiten duten polinizazioak biodibertsitatea egoki mantentzeari begira duen garrantziagatik.

2. Produkzioan ari diren erlauntzek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, betiere erlezainek hirugarren oinarrian ezarri diren betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira urteko nahitaezko erroldaren aitorpenean edo titularraren aitorpenean agertzen diren datuak, abeltzaintzako ustiategien erregistroan ageri direnak, 2021eko kanpainari buruzkoak, hain zuzen, ebazpen hau argitaratu aurretik aitortuak. Laguntza urteko prima bat izanen da, honenbestekoa:

a) Erlezain profesionalen kasuan (gutxienez 150 erlauntz), 18 euro produkzioan ari den erlauntz bakoitzeko.

b) 10 eta 149 erlauntz bitarte dituzten erlezainen kasuan, 9 euro produkzioan ari den erlauntz bakoitzeko.

c) Erlezaintza ekologikoa izanez gero, eta 2021eko urtarrilaren 1ean Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) ziurtagiria indarrean edukiz gero, erlauntz bakoitzeko laguntzari 3 euro gehituko zaizkio.

2. Diruz lagungarriak diren erlauntzen gehieneko kopurua zehazteko, bi kopuru hauetan txikiena hartuko da: eskatutako erlauntzen kopurua edo, deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistratutakoen kopurua.

3. Gehienez ere 6.600 euroko laguntza emanen da erlezaintzako ustiategi bakoitzeko.

4. Laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago. Araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarrita dago, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoan (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). 1408/2013 (EB) Erregelamendu hori, alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa, Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatua izan da gero (2019ko L 51 I EBAO, otsailaren 22koa).

5. Onuradun bakoitzari gehienez 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta banakako laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen erlezaintzako ustiategi baten titularra izatea 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

b) Laguntzen deialdi hau argitaratzen den egunean, erlezaintzako ustiategiak produkzioan ari diren 11 erlauntz izatea gutxienez; erlauntz bakoitza dagokion ustiategi zenbakiarekin egonen da identifikatua.

c) Abeltzaintzako errolda 2021ean eguneratua izatea.

d) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

e) Martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan adierazitako baldintzak betetzea. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleen kasuan.

b) Erlategiko osasun planaren frogagiriak eta egindako tratamenduenak.

c) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non adieraziko baitira aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

e) Idazki bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena emateko egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, ekitaldi honetako laguntzen deialdiaren tramitazio prozeduraren barruan.

f) Goiko e) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

g) Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean horren berri eman beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

–Lehenik: gutxienez 150 erlauntz dituzten erlezain profesionalen eskaerak.

–Bigarrenik: ogibide nagusia nekazaritza duten erlezain ez-profesionalen eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean.

–Hirugarrenik: gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Gainera, eskatzen diren baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, Animalien Ekoizpenaren Atalak behar diren egiaztapen administratiboak eginen ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen bidez, bai eta tokian berean egindako jarduketen ikuskapen akten bidez ere.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak adierazpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, eta bertan aipatuko ditu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako “de minimis” laguntza guztiak, erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei lotutakoak.

4. Araubide honen menpeko laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Laguntzak eskatzeko unean, onuradunek honako betebehar hauek betetzea hartuko dute beren gain:

a) Erlategiaren titularrak gutxienez 3 hilabetez mantendu beharko ditu laguntzaren xedeko erlauntz guztiak, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

b) Transhumantzian diharduten erlezainak izanez gero, erlauntzak gutxienez ere zortzi hilabetez mantendu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean, eta egindako joan-etorriak justifikatu, kasuan kasuko lekualdatze giden bidez.

c) Laguntza jasotzen duten onuradunek hitz ematen dute erlauntzen inguruan, kokalekuaren inguruko 2,5 kilometroko erradioan, gutxienez bi hektareako berezko landaretza dutela erlauntz bakoitzeko.

d) Erleei elikadura estimulatzailea emanez gero erlauntzaren bizi-indarra hobetzeko, horretarako patentatutako produktu egokiak erabiltzea.

e) Administrazioko teknikariei erlauntzetara iristeko erraztasunak ematea, egiazta dezaten hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez.

f) Erlauntz bakoitza bere ustiategi zenbakiarekin identifikatzea. Identifikazioa suz markatuta eginen da, plastikozko edo metalezko xafla batekin, plastikozko belarritakoarekin edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onesten duen beste metodo batekin, betiere marka ezabagaitza bada eta erraz irakur badaiteke.

g) Erlezaintzako ustiategiaren liburua izatea, honako datu hauekin: errolda eguneratua, kokalekuen orria, iazko eta aurtengo tratamenduak eta Nafarroa barruko lekualdaketak eta/edo transhumantzia.

h) Erlezainak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz jakinarazi beharko dio dirulaguntza hartzen duten erlategietan zenbat baja gertatzen diren. Horretarako, horiek gertatu eta 10 eguneko epea izanen du gehienez.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela, hau da, polinizazioa egin dela justifikatzeko, erlauntzak mantendu ote diren egiaztatuko da (ebazpen honen zortzigarren oinarrian ezarritako baldintzak betez), bai kontrol administratiboen bidez, bai bertatik bertako kontrolen bidez.

Hamaikagarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunak zortzigarren oinarri arautzaileetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak laguntzak galtzea ekarriko du berekin, eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritakoari jarraikiz, deusetan ukatu gabe horren ondorioz sortzen ahal diren zehapenak.

2. Zortzigarren oinarri arautzailearen a) letran ezarritako konpromisoa ez betetzeak laguntza murriztea ekarriko du, kontuan hartuz zenbateko aldea dagoen ikuskapenean bizirik atzemandako erlauntzen kopuruaren eta eskaeran zehaztutakoen artean, honela: laguntza % 10 murriztuko da, aipatutako kopuruen arteko aldea % 5 baino handiagoa eta % 10 baino txikiagoa bada; laguntza % 20 murriztuko da, aldea % 10 eta % 40 bitartekoa bada; eta laguntza % 100 murriztuko da, aldea % 40 baino handiagoa bada.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

4. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean polinizazioa bultzatzeko nekazaritzaren eta ingurumenaren arloko laguntzei dagokien fitxako zerbitzuen katalogoan.

Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuetan. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

Iragarkiaren kodea: F2113107