212. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, izangaien bi zerrenda egiteko, aldi baterako bete dadin Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua

Alkatetzaren abuztuaren 11ko 1458/2021 Ebazpenaren bitartez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, izangaien bi zerrenda egiteko, aldi baterako bete dadin Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua (B maila/taldearekin parekatua); bata aldi baterako kontrataziorako, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Deialdia eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta oinarri hauetan ezarritakoari.

OINARRIAK

I. ERANSKINA

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak.

1. Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak / prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2. Izendapena: Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslea (B maila/taldearekin parekatua).

3. Kokapena egitura organikoan: bete beharreko udal premien arabera.

4. Bete beharreko eginkizunak edo lanak:

Musika eskolan Pianoa eta Musika Hizkuntza irakastea: horixe izanen dute helburu bete beharreko eginkizunek.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II.–Deialdia, izangaien zerrenda bat egiteko, aldi baterako bete dadin Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua, Tuterako Udalaren zerbitzukoa.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, oposizio bidez, bete dadin Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua, aldi baterako kontratazioaren bitartez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Edukitzea Pianoko erdi mailako titulua (1966ko plana), edo Musikako titulu profesionala, Pianoko espezialitatekoa, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

f) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da jarraikiz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauei. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak –onetsi baitziren 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa)– bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak araututakoari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, izangaien zerrenda bat egiteko, prestakuntzan aritzeko Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostuan, Tuterako Udalaren zerbitzura.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, oposizio bidez, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakasle lanpostuan, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Udal honen eta beronen erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

c) Edukitzea Pianoko erdi mailako titulua (1966ko plana), edo Musikako titulu profesionala, Pianoko espezialitatekoa, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2. Hautatzen diren izangaiek agiri bidez frogatu beharko dute oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, salbu behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, bai eta hautapen-prozesuak irauten duen bitartean eta deialdiko lanpostuan aldi batez aritu bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da jarraikiz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauei. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei egiten ahal zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, onetsi zirenak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, jarraikiz osoko bilkurak hartutako erabaki horri, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1), edo erabiliz 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein (urriaren 1eko 39/2015 Legea, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), 15 egun balioduneko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Eskabideek bat etorri behar dute egoki diren ereduekin; eredu horiek daude Udalaren web-orrian, “Lan Publikoaren Eskaintza” atalean, deialdiaren aipamenean: behar den eredua, segun eta zer txanda dagokien izangaiei, aldi baterako kontratazioa edo prestakuntza, zerbitzu berezietako egoeran.

Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.4. Desgaitasun aitortua (% 33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen dira akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Aitor Odriozola Ortiz, arloko espezialista gisa.

Epaimahaikidea: Rosalía Rodrigo Vicene, Musika Hizkuntzako espezialista gisa.

Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Antonio Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Huarte del Barrio, ikastetxeko idazkaria.

Behar izanez gero, epaimahaikide bakoitzarentzako ordezkoak izendatuko dira.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean. Azaroaren 15eko 40/2015 Foru Legearen ez-betetzea.

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, ezarriko ditu probak hasteko eguna, ordua eta tokia. Datu horiek, hain zuzen, argitaratuko dira onartuen behin betiko zerrendarekin batera. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Oposizioa izanen da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako hautapen-prozesua, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa, teoriko-praktikoa. Zenbait galdera teoriko-praktiko laburri erantzun beharko zaie, dagokion diziplinari buruz eta lanpostuaren eginkizunei buruz, baita Fernando Remacha Musika Eskolari buruzko informazio orokorraz ere. Ariketaren iraupena ordu batekoa izanen da, gehienez ere.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Eskola praktiko bat eman beharko zaio Tuterako Fernando Remacha Musika Eskolako ikasle bati, edo ezagutzarik ez duen ikasle bati.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 60 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: 20 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehenbiziko ariketa gutun-azal itxien bidez eginen da.

4.5. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehenbiziko eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, epaimahaiak behar bezain goiz argitaratuko du horiek antolatzeko modua.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin; aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintzak” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, gainditu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, halakoak ebazteko, jarraituko zaio 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian araututako irizpideari (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

ESKABIDEA

Aldi baterako kontrataziorako izangaiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2112861