212. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

75/2021 FORU DEKRETUA, irailaren 1ekoa, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua onetsi ziren. Halaber, abuztuaren 14ko 93/2019 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura onetsi zen, galarazi gabe gero garatu ahal izatea.

Aurrerago, urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen.

Aipatu foru dekretua onetsi zenetik urtebete baino gehiago igaro delarik, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak hura berregituratzea proposatzen du sortu diren beharrei erantzute aldera; izan ere, espedienteen tramitazioa modu esponentzialean hazi baita, honako hauena batez ere: COVID-19aren inguruko osasun arauak urratzearen ondoriozko espediente zehatzaileak; ondare-erantzukizuneko espedienteak, pandemian hartutako osasun neurrien ondoriozkoak hauek ere, eta SARS-CoV-2ak eragindako osasun krisia dela eta teknikarien eta herritarren kontsultei erantzutekoak.

Araubide Juridikoaren Atala kentzea eta Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atal berria sortzea proposatzen da, Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusiko egungo Araubide Juridikoaren Atala berrantolatu eta haren eginkizunak hobeki finkatze aldera, eta, hasiera batean aurreikusi gabeko zeregin hertsiki juridikoetatik haragoko eginkizunak gehitze aldera. Horrela bada, zeregin gehiago izanen dira espedienteen kudeaketan eta tramitazioan, datu-baseen kudeaketan, jendaurreko informazioaren eta herritarren parte-hartzearen tramitean, zein herritarren arretarako laguntzan, proposatzen den Atal berrian hobeki ahokatzen direnak.

Horiek horrela, gaur egungo atal juridikoa kentzen da, eginkizunak arestian azaldutako ildoan aldatu eta zehazteko, eta beste atal bat sortzen da, Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atala izenekoa, zeregin juridiko hutsez harago tramitaziokoak eta herritarren arretakoak ere izanen dituena.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko irailaren 1ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretua aldatzea.

Bat. Aipatu foru dekretuaren 20. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“20. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu:

a) Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atala.

b) Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atala.”

Bi. 21. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“21. artikulua. Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atalak Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eginkizun hauekin zerikusia duten espedienteak tramitatzeko zeregina izanen du batez ere: espedienteen tramitazioa, kontrola eta artxiboa, Atalari loturiko datu-baseen kudeaketa, Ataleko langileen lan-banaketa, koordinazioa eta ikuskapena, administrazio espedienteak epaitegira igortzea eta laguntza juridikoa ematea Idazkaritza Tekniko Nagusiari hark eskatutako tramitazioetan.

Horiez gain, herritarren arretarako laguntza bide ezberdinak baliatuz emateko tramitearen ardura izanen du, Nafarroako Arartekoaren aurrean aurkeztutako osasun arloko kexekin zerikusia duten espedienteen tramitazioarena, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak agintzen dion beste edozeinena”.

Hiru. Aldatzen da bosgarren xedapen gehigarria. Unitateak kentzea.

“Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako Ebaluazio eta Kontu-emate Atala kentzen da, bai eta ere Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Atala, zeina amortizatzen den Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atala izeneko unitate berri bat sortzeko.

Araubide Juridikoaren Atala kentzen da, zeina amortizatzen den Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Atala izeneko unitate berri bat sortzeko”.

Lau. Zazpigarren xedapen gehigarria gehitzen da.

“Zazpigarren xedapen gehigarria.–Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Ataleko burutza betetzeko baldintzak.

Espedienteen Tramitazioaren eta Laguntza Juridikoaren Ataleko burutza betetzeko nahitaezko baldintza izanen da A edo B mailan sailkatuta egoteko gaitzen duen titulu baten jabe izatea.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2113227