210. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudian, 49.2.c) eta 52. artikuluetan, apustu establezimendu, joko areto, bingo areto eta, joko araudiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten beste establezimendu batzuen balizko ezarpena arautzeari buruzkoa. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2021eko abuztuaren 12an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudia aldatzea 49.2.c) eta 52. artikuluetan, apustu establezimendu, joko areto, bingo areto eta, joko araudiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten beste establezimendu batzuen balizko ezarpena arautzeari buruz.

Argitara ematen dira behin betiko onespenaren erabakia eta hirigintzako araudia, aplikatu beharrez ezarririk dagoena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan.

Burlatan, 2021eko abuztuaren 26an.–Alkatea, Ana María Góngora Urzaiz.

HIRIGINTZAKO ARAUDIA

Udal Plan Orokorreko hirigintzako araudiaren 49.2.c) eta 52. artikuluen aldaketa, apustu establezimendu, joko areto, bingo areto eta, joko araudiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten beste establezimendu batzuen balizko ezarpena arautzeari buruzkoa

49.2.c) artikulua honela geldituko da idatzirik:

c) Josteta zerbitzuak, non sartzen baitira foru dekretuan ziberzentroak, josteta aretoak, joko aretoak eta bingo aretoak deiturikoak.

Aplikatuko dira 52.8 artikuluan ezarritako mugak apustu establezimendu, joko-areto, bingo areto eta gisakoetarako, eta, oro har, indarreko joko araudiaren arabera Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten beste establezimendu guztietarako.

Apartatu berria sartuko da 52. artikuluan, 8.a, erabileren bateragarritasunari buruz.

8. Apustuen, joko aretoen, bingo aretoen edo gisakoen berezko jardueretarako erabiltzen diren lokalek, edo lehendik daudenen handitzeek, 400 metroko distantzia gorde beharko dute, gutxienez ere, kirol, osasun, kultura, hezkuntza eta josteta instalazioetara, horiek zeinahi udal-mugartetan egonik ere.

Distantzia hori neurtzeko, 400 metroko erradioa duen zirkulu bat eratuko da lokalaren fatxadatik abiaturik, zehazki, fatxada horretan ekipamendu babestu bakoitzaren lurzatitik hurbilen dagoen puntutik. Baldintza bera aplikatuko zaie, orobat, handitu nahi diren lokalei; kasu horretan, handitzearen ondoriozko establezimendu osoaren fatxada hartuko da kontuan.

Horrez gain, gordetzekoak izanen dira, orobat, izaera bereko establezimenduen arteko distantziak, dagokion legediak ezarriak.

52. artikuluaren 6. apartatuan, 52. artikulu horretan jasotzen diren erabilera-bateragarritasunen taulara bidaltzen duenean, “aurreko taula” dioen tokian, “hurrengo taula” behar du.

Iragarkiaren kodea: L2113086