202. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

34E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari. Espedientea fatxadako materialei buruzkoa da, arauaren 53. artikuluari eragiten dio eta Doga Navarra SLUk sustatu du.

Tresna honek xede du Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Araudiko 53. artikuluan arautzen diren materialak aldatzea sandwich panelen edo poliester oihalezko olanen erabilera ahalbidetze aldera; izan ere, “gutxienez zarpeatu eta pintatutako akaberara, edo bistako hormigoi bereziko bloke aurrefabrikatura“ murrizten ditu arauak gaur egun erabil daitezkeen materialak.

Tresna honek Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioak aldatzen eta garatzen ditu, hirigintza-antolamendu xehatukoak; horiek tramitatzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat etorrita (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Espedientean Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Eraginaren Atalak, emandako aldeko txostena dago, honako hau dioena: “ez dago ebaluazio estrategikoaren aplikazio esparruan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera”.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko uztailaren 20ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea; espedientea fatxadako materialei buruzkoa da, arauaren 53. artikuluari eragiten dio eta Droga Navarra SLUk sustatu du.

2. Espedientea ebazteko, espedienteko dokumentazio teknikoa honela zuzendu beharko da:

–Zuzendu behar da memoriaren 8. apartatuan atzemandako akatsa, xehetasun-azterketaren figurari egiten zaion aipamenaren ordez Udalez gaindiko Plan Sektoriala jarriz.

–Dokumentazio grafikoa aldatu behar da, aurkeztutako planoaren ordez aldaketaren jarduketa-esparrua islatuko duen beste bat ekarriz, hau da, Aratzuri-Orkoien industria eremu osoa edo UGPSren esparru osoa hartuko duena.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Eskuratutako txosten sektorialak sustatzaileari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 9an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2112440