202. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

72/2021 FORU DEKRETUA, abuztuaren 18koa, zeinaren bidez hezkidetza arautzen baita Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan.

ZIOEN AZALPENA

Bai tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea, bai emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren printzipioa, Espainiako 1978ko Konstituzioan ezartzen dira, 14. eta 9.2 artikuluetan, funtsezkoak baitira eraikitzeko gizarte justu bat, sozialki eta ekonomikoki garatua, kohesionatua eta askea; beraz, berdintasuna, gure ordenamendu juridikoaren balio gorentzat hartu baita, zehaztera datoz.

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoak, curriculumeko eduki gisa onetsi zuen emakumeen eta gizonen berdintasuna, eta, harrezkero, hainbat arau promulgatu dira Estatuan, bai eta horien garapen autonomikoa ere. Horietan honako hauek planteatu dira: emakumeen eta gizonen berdintasuna, hezkuntza afektibo-sexuala, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea, eta genero identitateen aniztasuna errespetatzea. Horiek guztiak erreferente gisa planteatu dituzte, ikasleak modu integralean gara daitezen gizarte berdinzaleagoa eraikitzen laguntzen duten balio eta portaerekin.

Arau orokor askotan eskatzen zaie bai Hezkuntza Departamentuari, hezkuntza administrazioa den aldetik, bai ikastetxeei modu aktiboan lan egin dezatela hezkidetzako eskola eredu bat lortzeko, eta horretarako egin ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jarduketa planak. Arau orokor horien artean nabarmentzekoak dira, foru dekretu honen lege esparru gisa duten garrantziagatik, honako hauek: 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa; 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriari buruzkoa; 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteari buruzkoa; eta 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa.

Gainera, hezkuntza sistema arautzen duen berariazko araudiak hainbat ataletan jasotzen ditu emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko asmoari eta helburuari buruzko aipamenak.

Hala, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntzaren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen ditu: erabat garatzea ikasleen nortasuna eta gaitasun afektiboak; prestakuntza ematea oinarrizko eskubide eta askatasunak errespeta ditzaten, bai eta emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera berdintasuna errespeta dezaten ere; aniztasun afektibo-sexuala aitortzea; eta desberdintasunen balorazio kritikoa egitea, jokabide sexistak gainditzeko. Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez egindako aldaketek berretsi egiten dute aurreko legeetan promulgatutakoa, eta honako hau sartzen dute Espainiako hezkuntza-sistemaren printzipioen artean (Hezkuntzako Lege Organikoaren 1. artikuluko l letra): “Eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna garatzea, aniztasun afektibo-sexuala eta familia aniztasuna errespetatzea, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea haurren hezkidetza-erregimena kontuan hartuta, hezkuntza afektibo-sexuala, heldutasun mailari egokitua, eta genero indarkeriaren prebentzioa, bai eta espiritu kritikoa eta herritartasun aktiboa sustatzea ere”. Era berean, 2. artikuluko b letrak xedatzen du honako hau dela hezkuntza sistemaren helburuetako bat: “Heztea oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan, emakume eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasunean, eta desgaitasuna duten pertsonen tratu berdintasun eta diskriminaziorik ezan”.

Aipamen berezia merezi du Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren hogeita bosgarren xedapen gehigarriak, lehen hiru apartatuetan ezartzen baitu:

“1. Eskubide- eta aukera-berdintasunaren alde egiteko eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko, funts publikoekin partzialki edo osorik lagundutako ikastetxeek hezkidetza printzipioa garatuko dute hezkuntza etapa guztietan, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin, eta ez dituzte beren ikasleak generoaren arabera bereiziko.

2. Ikastetxeek neurriak hartuko dituzte emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna garatzeko tutoretza eta bizikidetza planetan.

3. Ikastetxeek nahitaez sartu eta justifikatu beharko dituzte beren hezkuntza proiektuan hezkuntza etapa guztietan berdintasuna bultzatzeko eta berdintasunean prestatzeko garatzen dituzten neurriak; besteak beste, genero indarkeria ezabatzeko heziketa, nortasunekiko, kulturekiko, sexualitateekiko eta aniztasunarekiko errespetua, eta parte-hartze aktiboa berdintasuna gauzatzeko”.

Bestalde, 17/2019 Foru Legeak, apirilaren 4koak, Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, honela definitzen du hezkidetza 3. artikuluan: “emakumeen eta gizonen aukera berdintasun egiazkoa bultzatzen duen hezkuntza ekintza, batzuen eta besteen esperientzia, gaitasunak eta ekarpen soziala eta kulturala berdin baloratzen duena, eskubide berdintasunean, estereotipo sexista, homofobiko, bifobiko, transfobiko edo androzentrikorik gabe edo sexu, sexu joera, genero identitate edo genero adierazpenagatiko diskriminazio jarrerarik gabe”.

Foru lege horren II. kapituluaren 1. atalean ezartzen da Hezkuntza Departamentuari zein betebehar dagozkion emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.

Horrela, 31. artikuluak zehazten duenez, “Hezkuntza arloko politika publikoek hezkuntza eredu bat bermatuko dute, genero ikuspegia nahitaez, modu sistematiko eta zeharkakoan txertatzen duena, eta haien xedea izanen da pertsonen garapen integralean oinarritzen den hezkuntza lortzea, genero estereotipoak eta rolak alde batera utzita, eta, horrekin batera, sexuan oinarritutako diskriminazio mota oro desagertzea, eta lan aktiboa egitea generoak baldintzatu gabeko orientazio akademiko eta profesionala emateko”.

32.1 artikuluak honako hau ezartzen du: “Hezkuntza administrazioak, 31. artikuluan aipatutako hezkidetzako eredua gauzatzeko, bermatuko du adin guztiei zuzendutako hezkidetzako proiektuak abian jartzen direla ikastetxeetan, modu progresibo eta sistematikoan, ikastetxeko bertako irakasleen eta tutoreen kargura. Proiektu horiek curriculum programazioetan sartuta egonen dira, eta emakumeak eta gizonak berdintasunez eraikitzea sustatuko dute, irakasleak eta ikasleak honako gai hauetan trebatuz: genero desberdintasunak identifikatu eta aztertzea, emakume eta neskatoen kontrako indarkeriaren prebentzioa, bizitzaren jasangarritasunerako zereginak nork bere gain hartzea, ahalduntzea, lidergoa eta erabakiak hartzeko gaitasuna, identitateak, kulturak, sexualitateak eta haien dibertsitatea errespetatzea, eta begirunezko harreman sexual eta afektiboak ezartzea”.

Artikulu bereko bigarren apartatuan, ezartzen da Nafarroako hezkuntza administrazioak, hezkuntzako etapa guztietako diziplina eta jakintza arloetako curriculuma diseinatu eta garatzerakoan, zein jarduketa egin behar dituen 32.1 artikuluan aipatzen den hezkidetzako proiektua gauzatzeko. Proiektua jasoko da hezkidetza plan batean, zeina izanen baita Nafarroako hezkuntza curriculum autonomikoaren parte eta diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztietan nahitaez bete beharrekoa.

Azkenik, aipatutako foru legearen 32.4 artikuluan honako hau adierazten da: “Hezkuntza administrazioak hezkidetzaren arloko nahitaezko prestakuntza bat ezarriko du Nafarroako hezkuntza sistemako irakasle guztientzat. Prestakuntza horrek hartuko ditu ikastetxe bakoitzaren hezkidetza planak jaso beharreko eduki guztiak, artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoari jarraituz”.

Horrenbestez, egokia da Nafarroako Gobernuak, bere araudiaz baliatuta, hezkidetza arautzea Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, kontuan harturik Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. Artikuluan ezarritakoa, bai eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan ezarritakoa ere (horren bidez onetsi zen unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren arloko Estatuaren funtzioen eta zerbitzuen eskualdatzea).

Foru dekretu honen testuak ditu: lau kapitulu, bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen.

I. kapituluan, “Xedapen orokorrak” izenburupean, arautzen dira hezkidetzaren xedea, aplikazio eremua, eta helburuak eta jarduteko printzipio orokorrak.

II. kapituluan, “Hezkidetza Plana” izenburupean, ezartzen dira Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planaren hezkidetza eredua antolatzen duten ideiak eta ikastetxeen Hezkidetza Nortasunaren Plana.

III. kapituluan, “Antolaketa” izenburupean, arautzen dira ikastetxeetako hezkidetza bultzatzeko taldeak, ikastetxeetako koordinatzaileak eta hezkidetzarako sareak.

IV. kapituluan, “Hezkidetza Planeko prestakuntza” izenburupean, arautzen dira irakasleen eta irakasle ez diren langileen prestakuntza, eta beste prestakuntza batzuk.

Foru dekretuak bi xedapen gehigarri ditu, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planean progresiboki sartzeari eta administrazioaren beste instantzia batzuekin lankidetzan aritzeari buruzkoak.

Azkenik, bi azken xedapen daude, erregelamendu bidezko garapenari eta arau hau indarrean sartzeari buruzkoak.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aldez aurreko txostena ikusirik eta Nafarroako Kontseiluarekin bat, Hezkuntza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren18an eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da hezkidetza arautzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, generoen arteko berdintasunerako hezkuntzaren helburuak lortzeko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau aplikatuko zaie funts publikoekin finantzatzen diren eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan araututako irakaskuntzaren bat ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe guztiei.

3. artikulua. Helburuak eta jarduteko printzipio orokorrak.

1. Hauek dira foru dekretu honen helburuak:

a) Hezkidetzara jotzeko prozesuak ezartzea, orokortzea, finkatzea eta mantentzea funts publikoekin ordaindutako Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxeetan.

b) Irakasle guztiei bermatzea hezkidetzako gaitasun profesionala eskuratzen dutela, berdintasunarekiko erantzukizuna kontuan har dezaten edozein erabakitan, izan curriculum programazioari buruzkoak nahiz ikasgelaren kudeaketaren gainekoak, eta beste funtzio batzuetan.

c) Bermatzea ikastetxeetan edo hezkuntza sistemaren egituretan lan egiten duten langile guztiek prestakuntzaren bidez eskuratuko dutela hezkidetza gaitasuna beren eginkizunak betetzeko.

d) Ziurtatzea ikasleek eskuratzen dutela berdintasunean bizitzeko gaitasuna, hezkidetzari dagokionez izandako aldaketaren ondorioz.

2. Foru dekretu honetan planteatutako helburuak lortzeko, Hezkuntza Departamentuaren jarduketak honako printzipio orokor hauen arabera arautuko dira:

a) Hezkidetza hartzen da hezkuntza kalitate inklusiboa lortzeko ezinbesteko elementutzat, eta, beraz, beste hobekuntza programa batzuekiko koordinazioa eta zeharkakotasuna bilatu behar dira.

b) Hezkidetza eredua hartzen da ikasleen garapen integralaren bermetzat; gaitzen ditu berdintasunean bizitzeko, inolako genero lerratzerik gabe.

c) Ulertzen da aniztasunak barne hartzen dituela generoen sozializazioan hierarkiak eragindako desberdintasunak ere, eta onartzen dira berdintasunak dakartzan erronkak.

d) Ulertzen da hezkidetzaren bidezko eraldaketa ikastetxearen nortasuna sendotu nahi duen prozesu bat dela, eta ikastetxeko langile guztiak inplikatzen dituela.

e) Familiekin batera lan egin behar da prozesu horretan; hortaz, ikastetxeak elkarrekin hausnartzeko prozedurak ezarri behar ditu, foru dekretu honek arautzen duen hezkidetza ereduan ezarritako helburuak lortzeko.

f) Ontzat hartzen da etengabe ebaluatzeko eta hobetzeko prozesua, eta ezartzen dira hezkidetza eredutik eta haren helburuetatik eratorritako kalitate-adierazleak.

II. KAPITULUA

Hezkidetza Plana

4. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Plana.

1. Hezkidetza ereduak berekin dakar hartzen diren erabakiak, izan curriculumaren eta programazioaren gainekoak, izan ikastetxearen barrenean eginkizun desberdinak garatzeko hartzen direnak, koherenteak izatea eta eragitea genero baldintzarik gabeko berdintasunaren garapenean, hezkidetza apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 3. artikuluan definitzen den bezala (17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa). Irakasleek hezkidetzarako gaitasuna eskuratu behar dute, hau da, testuinguru desberdin askotan aplikatzeko ezagutza metatu bat izan behar dute. Hezkidetzarako gaitasuna eskuratzeko, ezinbestekoa da gaiaren ezaguera izatea, hausnartzea, eta jakintza horren parte diren trebetasun praktikoak ezaguerarekin lotzea. Beraz, Hezkidetza Planak, prestakuntza prozesuaren bidez, ezaguera ematen du, eta bermatzen du ikasitakoa praktikan jartzea eta eguneroko zereginetan txertatzea.

Irakasleek hezkidetzarako gaitasun profesionala eskuratzea funtsezkoa da ikasleek berdintasunean bizitzen ikasteko gaitasuna izan dezaten. Horrela, bai irakasleak bai ikasleak gaitzeko eskakizuna betetzen da.

2. Emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunez eraikitzeko, eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, hezkuntza sistemaren esparruan, beharrezkoa da proposamen guztiak giltzarri diren ideia antolatzaile batzuen gainean garatzea.

Ideia antolatzaile horiek hezkidetza eredua egituratzen dute, eta zeharkako gako eta erreferente gisa proposatzen dira hezkuntza eremuko erabaki eta jarduera guztietan, hasi Hezkuntza Departamentutik eta ikastetxeetaraino.

3. Hauek dira hezkidetza-eredua eraiki behar duten ideia antolatzaileak:

a) Genero desberdintasunaren aurrean kontzientzia kritikoa izatea: pentsamendu eta gogoeta kritikotik abiatuta genero desberdintasunak identifikatu eta aztertzea, eta konpromisoa hartzea horiei aurre egiteko, horiek eraldatzeko eta berdintasun handiagoko gizarte baterantz aurrera egiteko.

b) Bizitzaren jasangarritasunerako autonomia pertsonala izatea, dimentsio guztietan: zaintza lanen autonomia pertsonala eta enplegura bideratutako lana funtsezko baldintzatzat hartzea berdintasunezko bizitza proiektuetarako.

c) Ahalduntzea, lidergoa eta erabakiak hartzeko gaitasuna: zalantzan jartzea jakintzen eta horiei emandako balioaren hierarkia, ikusaraztea eta integratzea emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egindako ekarpen sozial eta historikoa, eta aitortzea berdintasunezko helburu komunak lortzeari begira beste pertsona batzuekin batera jarduerak erabakitzeko, koordinatzeko eta bultzatzeko gaitasuna.

d) Hezkuntza afektibo eta sexual positiboa, osasungarria eta aniztasunarekiko errespetuzkoa: eskolako lehen etapetatik sexualitate positiboa, osasungarria eraikitzen laguntzea, aniztasuna errespetatuko duena eta orientazio sexualagatiko eta identitate sexualagatiko eta/edo generoagatiko aurreiritziak saihestuko dituena, tratu onean oinarritutako indarkeriarik gabeko berdintasunezko harreman afektiboak sendotzen lagunduz.

e) Hizkuntza: gaitzea ez sexista ez androzentrikoa izanen ez den hizkuntza erabiltzeko, izan ahozkoa, idatzizkoa nahiz ikusizkoa, hizkuntza baita munduaren irudikapena komunikatzeko eta transmititzeko tresna, eta eragina baitu identitate pertsonalen eraikuntza hierarkizatuan.

f) Espektatiba indibidualak: ulertzea orientazio prozesuak, orain arte orientazio akademiko eta profesionaleko prozesu deituak, hezkuntza prozesu osoan zehar gertatzen direla, eta baldintzatu egiten dituztela ikasleek ikasketetan eta bizitzan egindako aukerak; beraz, beharrezkoa da eskolatzearen hasieratik hezkidetza orientazioko prozesuak proposatzea, genero baldintzatzaile horiek mugatzeko, espektatibak zabaltzeko eta erabakiak genero lerratzerik gabe hartzeko.

g) Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria guztien prebentzioa: indarkeria erabiltzeko mekanismo ugariak identifikatzea, indarkeriaren aurka egiteko, eta indarkeriarik gabeko metodoak txertatzea gatazkak konpontzeko, bizikidetzarako eta tratu onerako, aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasuna errespetatzean oinarrituta.

h) Hezkidetzako kultura: ikastetxea hartzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko kultura eraikitzen duen ingurune segurutzat, abiapuntu hartuta curriculumaren programazioari buruz hartzen diren erabakiak, bai eta honako hauen kudeaketari buruzko erabakiak ere: espazioak, komunikazioa, parte-hartzea, eta hura osatzen duten beste elementu batzuk.

4. Hezkuntza kontseilariak foru agindu baten bidez onetsiko du Hezkidetza Plana, bertan zehazten den iraupenarekin. Hezkidetza Plan horrek jaso beharko ditu bai aurreko atalean ezarritako ideia antolatzaileak, bai prestakuntza prozesuaren ezaugarriak.

5. Hezkidetza Plana eta, halakorik bada, plan hori zehazten duten programak, derrigorrez bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek.

5. artikulua. Ikastetxeen Hezkidetza Nortasunaren Plana.

Ikastetxe guztiek beren Hezkidetza Nortasunaren Plana egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planak ezartzen duenari jarraikiz, foru dekretu honetan xedatzen den hezkidetza ereduaren antolaketa ideiak benetan ezartzeko.

III. KAPITULUA

Antolaketa

6. artikulua. Ikastetxeetako hezkidetza bultzatzeko taldea.

1. Ikastetxe bakoitzean hezkidetza bultzatzeko talde bat sortuko da. Ikastetxe publikoetan, talde bultzatzaile hori honako hauek osatuko dute: ikastetxeko zuzendaritza taldeko ordezkari batek, 7. artikuluan aipatzen den koordinatzaileak eta ikastetxearen ezaugarrietarako egokitzat jotzen den irakasle kopuru batek. Talde hori gutxienez hiru lagunek osatuko dute, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikastetxeak berak xedatuko du talde bultzatzailearen osaera.

2. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak izanen du hezkidetzaren bidezko eraldaketaren lidergoa, eta haren garapena dinamizatuko du talde bultzatzailearekin lankidetzan.

3. Talde bultzatzaileak lan eginen du ikastetxean dauden koordinazio egiturekin batera, eta erantzunkizuna horiekin banatuz.

4. Hauek izanen dira ikastetxe bakoitzeko talde bultzatzailearen eginkizunak:

a) Diagnostikoa egin eta horretan oinarrituta Hezkidetza Nortasunaren Plana idatzi, eta urteko programazio orokorrean txertatu.

b) Mekanismo eraginkorrak jarri eraldaketa prozesua dinamikoa izan dadin, denboran iraun dezan eta ikastetxearen identitatetzat har dadin.

c) Ikastetxeko koordinazio egiturekiko koordinazioa ezarri.

d) Ikastetxeko eskola kontseiluarekin lankidetzan aritu Hezkidetza Nortasunaren Plana garatzeko.

e) Ikastetxeko ikasleen familiak inplikatu, Hezkidetza Nortasunaren Planean erabakitako jarduketetatik abiatuta.

f) Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planean zehaztutako beste edozein.

7. artikulua. Koordinazioa eta hezkidetzarako sareak.

1. Ikastetxe publikoetan, zuzendaritza taldeak irakasle bat izendatuko du, Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planean ezartzen diren irizpideei jarraikiz, Hezkidetza Nortasunaren Plana koordinatzeko eginkizunak bete ditzan. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, horien organo eskudunak eginen du izendatze hori.

2. Ikastetxe guztiak sareen egitura baten bidez lotuko dira. Sareek Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen bilerak eginen dituzte, eta izendatutako koordinatzailea joanen da bilera horietara.

3. Hauek dira sareen bileretan lortu nahi diren helburuak: lagun egitea, informazioa, prestakuntza espezifikoa, esperientzia trukea eta prozesuaren ebaluazioa bultzatzea.

4. Zuzendaritza taldeak erraztasunak emanen dizkio koordinatzaileari ikastetxeko sarearen bileretara joateko.

5. Landa eremuko ikastetxeetako Hezkidetza Nortasunaren Planaren koordinatzaileek Hezkuntza Departamentuko dagokien unitatearekin adostuko dute bileretara joatea eta parte-hartzea, sareen helburuak lortzen lagunduko dela bermatuz.

IV. KAPITULUA

Hezkidetza Planeko prestakuntza

8. artikulua. Irakasleen prestakuntza.

1. Prestakuntza hartzen da gaitasunen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesutzat, hezkidetzan gertatzen diren aldaketak finkatzeko.

Ikastetxeetan hezkidetza eredu bat garatzeko, ezinbestekoa da prestakuntza progresiboa eta lagun egitea.

Prestakuntzak prozesu bat ezarriko du, bermatzen duena hezkidetzan aritzeko gogoeta egitea eta baliabideak eskuratzen direla.

2. Honako hauek dira Hezkidetza Planeko prestakuntzaren oinarrizko helburuak:

a) Hezkidetza ereduan oinarrituta erabakiak elkarrekin hartuko dituzten irakasleen taldeak sortzea.

b) Irakasleei tresnak ematea gogoeta egiteko eta identifikatzeko zer erantzukizun eta eraginkortasun duen ikastetxeen hezkuntza testuinguruak berdintasunerako aldaketak eragiteko.

c) Ziurtatzea irakasleak hezkidetza ereduaren funtsezko ideietan trebatzen direla eta ideia horiek beren funtzio guztien garapenean integratzen dituztela.

d) Gogoeta kritiko etengabearen beharra sustatzea desberdintasunaren arrazoi nagusiei buruz, horien iraunkortasunari buruz, desberdintasun modu berrien agerpenari buruz eta lortutako lorpenei buruz.

9. artikulua. Irakasle ez diren langileen prestakuntza.

Bermatzeko ikastetxeetan hezkidetzaren gaineko ezagutzak dituzten pertsonak daudela, irakasle ez diren langileek Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planean ezartzen den prestakuntza jasoko dute.

10. artikulua. Bestelako prestakuntza batzuk.

1. Hezkuntza Departamentuaren hezkidetza ereduan ezarritako helburuak lortzeko, Hezkuntza Planean ezartzen den prestakuntza jasoko dute Departamentuaren egoitzan lan egiten duten langileek.

2. Halaber, Hezkuntza Departamentuko Irakasleentzako Laguntza Zentroetan eta Baliabide Zentroetan lan egiten duten langileek Hezkidetza Planean zehazten den prestakuntza jasoko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Hezkuntza Departamentuaren Hezkidetza Planean progresiboki sartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxe pribatuak progresiboki sartuko dira Hezkidetza Planean, eta Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du, hezkidetzaren arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusiko titularrak onetsitako urteko ebazpenaren bidez.

Bigarren xedapen gehigarria.–Administrazioaren beste instantzia batzuekin elkarlana.

Hezkuntza Departamentuak lankidetza sustatuko du administrazioaren beste instantzia batzuekin, foru dekretu honetan azaldutako helburuak lortzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Hezkuntzaren arloko eskumena duen kontseilariari baimena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2112760