202. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

68/2021 FORU DEKRETUA, uztailaren 28koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

ATARIKOA

Foru dekretu honen helburua da urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak aldatzea. Erakunde hori Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikita dago.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen aplikazioak agerian utzi du beharrezkoa dela onetsi diren arauzko agindu berriei estaldura ematea, eta, horrez gainera, arau horren ondoriozko eginkizun berriei erantzun egokia eman behar zaiela.

Era berean, 2021. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren bidez, aldatu egin dira Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 9. artikuluko 2. eta 3. apartatuak.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 9. artikulu horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako berdintasun unitateak arautzen dira. Zehazki, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzak eta haren erakunde autonomo bakoitzak gutxienez berdintasun unitate bat izanen duela, arduratuko dena genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeaz kasuan kasuko politiken planifikazioan, kudeaketan eta ebaluazioan, ezertan galarazi gabe pertsona berak bete ahal izatea eginkizunak berdintasun unitate batean baino gehiagotan. Berdintasun unitate horietako teknikariek genero berdintasunean egon behar dute prestaturik, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita egonen dira.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretua aldatuz, unitate horiek eta bertan aritzen diren langileak erakunde horri atxikiko zaizkio, esleitu zaizkien eginkizunak garatu ahal izan ditzaten.

Gainera, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea garatu eta ezartzearekin batera, behar berriak sortu dira, eta eginkizun gehiago gehitu zaizkio Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren lanari eta egiturari. Horregatik, beharrezkoa da Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalaren ordez zuzendariordetza bat sortzea, behar eta erantzukizun behar horiei estaldura emateko, eta, horrez gainera, atal baten izena eguneratzea.

Azkenik, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren aldaketa honen bidez, erakunde autonomoaren eginkizun berriak jaso eta zehazten dira, hain zuzen, arauen aldaketengatik, beharrizan berriengatik eta programa eta ekintza berriak sustatzeagatik datozenak, institutuaren unitate organikoek beren gain hartu beharko baitituzte.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko uztailaren hogeita zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi zirenak.

Bat. II. tituluko IV. kapituluak izen hau izanen du aurrerantzean:

“IV. KAPITULUA. Zuzendaritzak , atalak eta berdintasun unitateak”.

Bi. 14 artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“Nafarroako Berdintasunerako Institutuak unitate organiko hauek ditu bere egituran, zuzenean zuzendari kudeatzailearen mendean:

a) Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetza.

b) Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetza.

c) LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetza.

d) Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza”.

Hiru. 16. artikuluaren i) letra aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“i) Nafarroako administrazio publikoetan genero zeharkakotasunaren estrategia ikertzea, sustatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, eta horren gaineko ekintza positiboak bultzatzea”.

Lau. 16. bis artikulua gehitzen da. Hauxe esanen du:

“16. bis artikulua. Berdintasun unitateak.

Berdintasun unitateek eginkizun hauek bete behar dituzte, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gainbegiratuta eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuekin eta haren erakunde autonomoekin elkarlanean:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategikoa prestatzen laguntzea eta plana beren eskumen esparruan aplikatzen dela sustatzea.

b) Aholku ematea foru legeen aurreproiektuek, erregelamenduek eta planek izanen duten genero inpaktuari buruzko aurretiazko txostenak prestatzeari begira.

c) Genero berdintasunari buruzko politikak zeharka aplikatzeko planak eta programak betearaztea departamentuaren edo erakundearen eremu funtzionalean, Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen jarraibide eta helburuekin bat etorriz.

d) Berdintasun printzipioaren zeharkakotasuna eta/edo genero ikuspegiarekin diseinatutako ekintza positiboak sustatzea aritzen diren departamentu edo erakundearen planak, programak, araudiak, azterlanak eta estatistikak diseinatzeko eta gauzatzeko orduan.

e) Departamentuaren eskumeneko gaietan berdintasun printzipioak aplikatzeari buruzko aholkuak ematea eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko txostenak egitea bere eremu funtzionalean.

f) Departamentuak prestatutako informazio estatistikoa jasotzea, eta aholku ematea, jarduera bakoitzean, sexuaren arabera egin beharreko banaketarako adierazleei buruz.

g) Departamentuak Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordean dituen ordezkariei laguntza ematea.

h) Laguntza ematea bere eraginpeko departamentu edo erakundeko langileentzat prestatzen diren berdintasun arloko prestakuntza programak egiteko eta gauzatzeko orduan, bai eta programa horien jarraipen eta ebaluazio lanetan ere.

i) Bermatzea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea benetan betetzen dela kasuan kasuko eremu funtzionalean.

j) Genero ikuspegia ezartzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun betetzea”.

Bost. 17. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“17. artikulua. Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzaren atalak.

Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

b) Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atala”.

Sei. 18. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“18. artikulua. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) I+G+b arloan (ikerketa, garapena eta berrikuntza) genero ikuspegia bultzatzea.

b) Gizarte berrikuntza sortu eta bultzatzea genero ikuspegiarekin. (Gb+g).

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoaren ezarpena eta jarraipena koordinatzea, jarraipena egiteko adierazle sistema baten bidez.

d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetan genero zeharkakotasunaren estrategia ebaluatzea.

e) Generoagatiko desberdintasun egoerari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azterlanak, txostenak eta ikerketak egitea.

f) Lan erreproduktiboan eta zaintza lanetan emandako denborari dagokionez, gizonen eta emakumeen artean dauden desberdinkeria eta diferentziak aztertzea.

g) Nafarroako Estatistika Planean behar diren eragiketa estatistikoak gehitzea kalkulatzeko zenbatekoa den lan erreproduktiboak eta pertsonen arretak Nafarroako Foru Komunitatean duten balio ekonomikoa.

h) Nafarroako unibertsitateekin lankidetza ekintzak bultzatu eta kudeatzea.

i) 2030 Estrategiaren jarraipena egitea berdintasunari dagokionez.

j) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak berdintasun-irizpideekin ezartzea errazten duten ekintzak sustatzea.

k) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak”.

Zazpi. 19. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“19. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atala.

Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Emakumeen aurkako indarkeriari arreta ematean eta aurreneurriak hartzean eraginkortasunez koordinatzeko erakundeen arteko Akordioaren betetze mailaren jarraipena eta ebaluazioa koordinatzea.

b) Genero indarkeriaren arloko eskumenak dituen ministerioarekin koordinatzea.

c) Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko plan estrategikoak abiaraz daitezela proposatzea eta haien edukiak nola gauzatzen diren aztertzea.

d) Genero indarkeriaren arloan onesten den urteko plangintza koordinatu eta betearaztea, programak emakumeen aurkako indarkeria mota guztietara egokituz.

e) Laguntza juridikoa bermatzea genero indarkeria jasan duten emakumeei.

f) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan jartzen diren salaketa polizialen jarraipena egitea.

g) Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eta arretarako baliabideen jarraipen teknikoa egitea eta koordinatzea, zehazki harrera egiteko baliabideei, arreta emateko talde integralei, emakumeei laguntza juridikoa emateko zerbitzuari, laguntza ekonomikoei eta beste batzuei dagokienez.

h) Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen egiaztagirien jarraipen teknikoa egitea.

i) Genero indarkeria pairatzen duten emakumeen egiaztagirien tramitazio teknikoa egitea etxebizitza babestua eskura dezaten.

j) Emakumeen salerosketa eta sexu esplotazioaren arloan Nafarroan egiten diren jarduketak koordinatzea.

k) Emakumeen aurkako indarkeria kasu larrienetan, egin beharreko jarduketak eta kasuen jarraipena koordinatzea, indarreko araudia betez.

l) Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta ematen lan egiten duten administrazio publikoetako profesionalentzako genero indarkeriaren arloko prestakuntza diseinatzen laguntzea.

m) Administrazio publikoetako langileei emakumeen kontrako indarkeriaren arloan prestakuntza emateko ekintzak bultzatzea eta ebaluatzea.

n) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak”.

Zortzi. 20. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“20. artikulua. Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetza.

Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa Zuzendaritzari estrategiak proposatzea genero berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan Nafarroako gizartean eragina izateko, gizartea sentsibilizatzeko ekintzak eginez pertsonen eta taldeen jarrerak alda daitezen.

b) Gizartean eta politikan emakumeen parte-hartzea sustatu eta suspertzea, askotariko diskriminazio egoera guztiak kontuan hartuta.

c) Berdintasunaren aldeko emakumeen elkarte eta talde feministek planen eta ekintza politikoaren diseinu eta ebaluazioan daukaten parte-hartze aktiboa koordinatzea, gero eta handiagoa izan dadin, eta ahaleginak egitea plan horiek garatzeko behar diren baliabideak izan daitezen.

d) Emakumeen parte-hartzea bultzatuko duten batzordeak eta kontseiluak bultzatzea.

e) Eztabaida sozialak eta jarduketen programa integralak abiaraz daitezen erraztea genero desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean.

f) Eremu publikoan eta hedabideetan jardunbide egokietarako kodeak proposatzea, emakumeen eta gizonen irudi estereotipatuak gainditzeko.

g) Kanpainak eta jarduketak bultzatu eta diseinatzea Nafarroako gizartearen sentsibilizazioa sustatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan.

h) Sentsibilizazio jarduerak eta programak sustatzea, landa-eremuko emakumeek egiten duten lana ikusarazteko.

i) Historian zehar emakumeek diziplina guztietan egindakoa aintzat har dezaten sustatzea.

j) Nafarroako herritar guztiengana iristea ahalbidetuko duten komunikazio bideak sustatzea.

k) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak erabiltzea.

l) Bizitzaren iraunkortasuna sustatzen duten jarduerak eta programak sustatzea, hala eremu produktiboan nola erreproduktiboan, askotariko diskriminazio egoera guztiak kontuan hartuta.

m) Emakumeen parte-hartzea bultzatzea Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bidez.

n) Kudeaketa Zuzendaritzak agintzen dizkion bestelako eginkizunak”.

Bederatzi. 22. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“22. artikulua. Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Atala.

Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kanpainak eta jarduketak gauzatzea eta garatzea Nafarroako gizartearen sentsibilizazioa sustatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.

b) Genero berdintasuna ikusarazten laguntzen duten jardunaldi, mintegi, biltzar eta hausnarketa-ekitaldi feministak antolatzea eta horietan parte har dadin sustatzea.

c) Esparru publikoan eta hedabideetan jardunbide egokiak bultzatuko dituzten jarduerak garatzea, berdintasunezko irudia transmititzeko, genero-rolekin loturarik gabea, eta emakumeen nahiz gizonen askotariko irudia eskaintzeko.

d) Generoagatiko desberdintasun egoerari eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azterlanak, txostenak eta ikerketak egitea eta horien emaitzak zabaltzea.

e) Emakumeen parte-hartzea bultzatzea Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bidez.

f) Emakumeen elkarteen eta talde feministen errolda kudeatzea.

g) Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako gizarte erreparazioko jarduketak bultzatzea, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean aurreikusitakoak.

h) Zikloak, ikastaroak, mintegiak edo kongresuak antolatzea, gizarteari, oro har, informazioa emateko eta hausnarketa egiteko desberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketen larritasunari eta garrantziari buruz.

i) Gizonen kontzientziazioa, parte-hartzea eta inplikazioa sustatzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, berdintasunezko maskulinitateak sustatuz.

j) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gainean, estereotipatu gabeko balioak aldatzen laguntzen duten adierazpen kulturalak eta artistikoak, liburuen edizioak, ikus-entzunezko ekoizpenak eta beste edozein jarduera sustatzea eta antolatzea.

k) Pertsona fisiko edo juridikoei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lana aitortzea eta saritzea, Berdintasunerako Berdinna sariaren bidez eta beste sari batzuetan lankidetzan arituz.

l) Urteko memoria egitea Institutuaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruz.

m) Emakumeek gizarte digitalaren eraikuntzan parte har dezaten sustatzeko jarduerak bultzatzea.

n) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web-orriaren edukia mantentzea eta eguneratzea.

ñ) Ezagutza komunikatzeko eta kudeatzeko tresnak diseinatzea, erakunde autonomoaren beharrizanetarako.

o) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak”.

Hamar. 23. artikuluko f) letra kentzen da.

Hamaika. 24. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“24. artikulua. LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetza.

LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzak eginkizun hauek beteko ditu:

a) LGTBI+ arloko berdintasunerako politiken esparruko jarduketen urteko plangintza proposatzea Kudeaketa Zuzendaritzari.

b) LGTBI+ arloko berdintasunerako politiken esparruko jardueren urteko plangintza sustatzea, gauzatzea eta haren jarraipena egitea.

c) LGTB+ kolektiboaren eskubideen benetako berdintasuna bultzatu eta sustatzea, eta berariazko arretarako neurriak garatzea kolektibo horrek jasaten duen genero diskriminazioa gainditzeko, genero desberdintasunaren aurrean ahula baita.

d) LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Plana diseinatzea eta bete dadin sustatzea.

e) LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala bultzatzea eta indartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika, plan, programa eta jarduketen barrenean.

f) Nafarroan LGTBI+ pertsonei arreta emateko baliabideen funtzionamendu egokia sustatzea.

g) LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala lortzeko sentsibilizazio ekintzak diseinatzea eta sustatzea.

h) Ebaluazio txostenak egitea, ikusteko ea Nafarroako Berdintasunerako Institutuan egiten diren arau, plan eta proiektuek zer-nolako inpaktua duten sexu orientazioari, genero adierazpenari eta sexu edo genero identitateari dagokienez.

i) Nafarroako Gobernuko departamentuen politika publikoen garapenean sexu orientazioaren, genero adierazpenaren eta sexu edo genero identitatearen gaineko inpaktuaren ebaluazio txostenak egin daitezen sustatzea eta prestaketa lanetan laguntza teknikoa sustatzea.

j) Nafarroako Gobernuko departamentuek lege eta arau xedapenak egin aurretik, oharren txostena egitea xedapen horiek prestatzean egiten diren sexu orientazioagatiko, genero adierazpenagatiko eta sexu edo genero identitateagatiko inpaktuaren gaineko txostenei buruz.

k) Etengabe aztertzea Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ arloaren gaineko politiken betearazpenari egiten zaion jarraipena.

l) Administrazio publikoetan LGTBI+ berdintasunaren arloko prestakuntza bultzatzea.

m) LGTBI+ berdintasunaren arloko txostenak eta azterlanak egin daitezen bultzatzea.

n) LGTBI+ kolektiboaren elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatzea eta sustatzea, Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren bidez.

ñ) LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunarekin lotutako kontseilu eta batzordeetan parte hartzea.

o) Egoki den departamentuarekin elkarlanean aritzea hezkidetza, balioetan oinarritutako hezkuntza eta hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko, ardatz baitira sexu eta genero aniztasunagatiko diskriminazioari aurrea hartzeko.

p) Nafarroako Gobernuan toki administrazioaren arloko eskumenak dituen departamentuarekin batera, Nafarroako toki entitateei dagokienez prestatzen diren LGTBI+ arloko berdintasun politikak koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

q) Erakundearen barne eta kanpo komunikaziorako prozesuak diseinatzea, ezartzea, jarraipena egitea, koordinatzea eta ebaluatzea.

r) Ezagutza komunikatzeko eta kudeatzeko tresnak diseinatzea, erakunde autonomoaren beharrizanetarako.

s) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren komunikazio euskarrietako (webgunea, plataformak, sare sozialak...) edukien mantentze lanak egitea eta eguneratzea.

t) Sexuagatiko bereizkeria dela-eta izaten diren salaketen edo kexen aurrean jarduteko prozedura kudeatzea.

u) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak erabiltzea.

v) Kudeaketa Zuzendaritzak agintzen dizkion bestelako eginkizunak”.

Hamabi. 25. artikulua aldatzen da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

“25. artikulua. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendaritza zuzenean atxikitzen zaio Kudeaketa Zuzendaritzari, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Genero berdintasunaren arloko araudia onesteko orduan, sustatzaile eta bultzatzaile lana egitea eta lankidetzan aritzea.

b) Berdintasunaren arloko indarreko araudia aztertzea, eta txosten juridikoak egitea emakumeen kontrako diskriminazioa ezabatzeko neurriak hartzeko sostengu gisa.

c) Kudeaketa Zuzendaritzarekin batera, aurrekontuen aurreproiektua egitea eta aurrekontuko aldaketak proposatzea, bere eskumenen esparruan.

d) Jarraipena, betearazpenaren kontrola eta txostenak egitea, eskatzen zaionean, aurrekontuei eta prozedurei buruz eta gai ekonomiko, juridiko eta administratiboei buruz.

e) Genero indarkeria pairatzen duten emakumeentzako laguntza ekonomikoen espedienteak kudeatzea.

f) Genero indarkeria pairatzen duten emakumeentzako prebentzio eta arretarako baliabideak kudeatzea.

g) Genero indarkeria pairatzen duten emakumeen egiaztagiriak tramitatzea etxebizitza babestua eskura dezaten.

h) Erakunde autonomoan egiten diren dirulaguntzen eta kontratuen deialdiak kudeatzea.

i) Kudeaketa Zuzendaritzari jarraibideak proposatzea bere menpeko unitate organikoen funtzionamendurako, bai eta erakunde autonomoaren helburuak betetzen laguntzen duten proposamen eta prozedurak ere.

j) Aholkularitza ematea erakundearen eskumenekin lotura duten gai juridiko, ekonomiko eta administratiboetan.

k) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa gauzatu eta kontrolatzea, bere eskumenen esparruan.

l) Erakunde autonomoaren artxiboa kudeatzea eta haren digitalizazioa bultzatzea.

m) Administrazioa sinplifikatzeko estrategia proposatzea eta garatzea erakunde autonomoaren prozedura eta izapide guztietan.

n) Zehapen espedienteak tramitatzea, instruitzea edo horiei buruzko txostenak egitea, erakunde autonomoaren eskumenekin lotutako indarreko araudia aplikatuz.

ñ) Erakunde autonomoko langileen prestakuntza ekintzak kudeatzea, kontuan harturik erakundearen zuzendariordetza guztietan dauden prestakuntza beharrak.

o) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen datu-babeserako eta informazioaren segurtasunerako politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere erakunde autonomoaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela segurtatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

p) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arauzko xedapenetan jasota dauden neurriak hartzea, hala nola, ekintza zuzentzaileen koordinazioa, larrialdietako planak eta segurtasunaren hobekuntzak.

q) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak”.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitate berriak sortzea.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza sortzen da.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izena aldatzea lehendik dauden unitateei.

Genero Zeharkakotasunaren Atala, hemendik aurrera, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala deituko da.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atala kentzen da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Genero Zeharkakotasunaren Ataleko buruaren izendapena berresten da, izendatu zeneko baldintza berberetan, baina izena aldatuta, hemendik aurrera Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua izanen baita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2111730