20. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRIPODAS

Ordenantza, bide publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arripodasko Kontzejuak (Urraulbeiti), 2020ko irailaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Arripodasko kontzeju-mugarteko bide publikoak arautzen dituen ordenantza. Onespen horren iragarkia 2020ko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 3an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Arripodasen, 2020ko abenduaren 21ean.–Kontzejuko burua, Alberto Iriarte Equisoain.

ARRIPODASKO KONTZEJU-MUGARTEKO BIDE PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1.b) artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

Arripodasko bide publikoen sarea herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du Arripodasko kontzeju-mugarteko nekazaritza finketako eta mendietako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ezinbesteko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Arripodasko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Aplikazio-eremua

2. artikulua. Ordenantza hau Arripodasko kontzeju-mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Arripodasko bide publikoak.

4. artikulua. Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Nolanahi ere, berariaz debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Kontzejuak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erabilera debekatuak

5. artikulua. Arripodasko bide publikoen azpiegituretan, espresuki debeku dira erabilera hauek:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, soroetan nekazaritzako lanak egiten direnean.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita bideetatik.

f) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

g) Finketako hustubideak areketara ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Kontzejuak ez badu baimentzen.

h) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

i) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

j) Ureztatze eremuetatik ura bideetara botatzea.

k) Bideetan egurra edo beste material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua. Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Kontzejuari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu.

b) Garbi eduki beharko dira norberaren finketako areka gaineko pasabideak eta arekak, ura erraz igaro dadin.

c) Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita.

Seinalizaziorik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu:

–Gehieneko pisuaren muga: 50 tona.

–Abiadura, gehienez ere: 40 km/h.

d) Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta.

e) Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko beste bat jarri beharko da haren lekuan.

7. artikulua. Landabideekin mugakide diren finkak hesitzea.

Landabideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek, finka horiek hesitu nahi badituzte, dagokion udal baimena eskatu beharko diote Urraulbeitiko Udalari, eta Arripodasko Kontzejuari jakinarazi, Kontzejuak egiazta dezan gordetzen dela 3 metroko gutxieneko distantzia.

8. artikulua. Landabideekin mugakide diren finketan landaketak egi-tea.

Landabideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek, zuhaitzak landatu nahi badituzte, Kontzejuaren baimena eskatu beharko dute aurretiaz, baldin landaketa, edozein puntutan, bidearen kanpo ertzetik bi metrora baino gutxiagora egin nahi bada.

9. artikulua. Bideetan gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak.

Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta Kontzejuak erabakitzen duenari jarraikiko zaio, haiek zaintzeko.

10. artikulua. Ureztalurrak.

Landabideekin mugakide diren ureztalurren jabe edo edukitzaileek ureztaketa gutxienez metro batera jarri beharko dute bide mugakidearen kanpo ertzeetatik.

Ureztaketa aspertsio bidezkoa bada, txapa bat jarriko da aspertsore bakoitzean ura bidera joan ez dadin, edo zatikako aspertsoreak paratu, urak bidea ez bustitzeko moduan.

11. artikulua. Arau-hausteak.

a) Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Kontzejuak edo Kontzejuko buruak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

b) Arau-hausteak eta zehapenak astunak eta arinak dira.

1.–Arau-hauste astunak dira:

a) Landabideen mugak adierazteko erabiltzen diren mugarri, zedarri edo adierazgarriak, oro har, aldatzea.

b) Landabideetan baimenik gabeko obrak egitea, edozein motatakoak direla ere.

c) Oztopoak jartzea, atoiak edo nekazaritzarako beste ibilgailuak aparkatzea barne, alorretako lanak bukatutakoan; edo joan-etorria erabat galarazten duten edo bideetan dabiltzan pertsonentzat edo gauzentzat oso arriskutsu diren egintzak egitea.

d) Alorretako lanak egin bitartean estali diren arekak ez libratzea.

e) Ur ibilgu naturalak desbideratzea eta bidera botatzea.

f) Bideetan edozein azpiegitura paratzea Kontzejuaren baimenik gabe.

g) Edozein landabidetan baimenik gabe egitea luberritze edo landaketa lanak.

h) Landabideetan isurkinak edo hondakinak botatzea.

i) Ordenantzan aurreikusitako polizia, ikuskaritza edo zaintza eginkizunak eragoztea.

j) Urtebetean bi arau-hauste arin egiteagatik Batzordearen zehapena jaso izana.

2.–Arau-hauste arinak dira:

a) Bidera botatzea ureztatzeko ura.

b) Landabideetan kalteak edo galerak eragin ditzaketen egiteak edo ez-egiteak, nahiz eta joan-etorriak ez galarazi.

c) Administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

d) Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak edo batzuk ez betetzea eta haien arabera egin beharrekoak ez egitea.

12. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapenak graduatuko dira ondoko hauek kontuan harturik: pertsonengan, ondasunetan eta ingurumenean izaniko eragina, erantzulearen inguruabarrak, berrerori ote den, parte-hartzearen gradua eta eskuratu dituen onurak.

2. Arau-hauste arinak 30 eurotik 100 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunak 100 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

3. Hirigintzaren arloko legedian edo plangintzan xedatutakoari aurka egiten dieten arau-hausteak zehatuko dira uztailaren 26ko Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

13. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.

Dagozkion zehapen penal edo administratiboak galarazi gabe, egindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izanen da landabidea lehengoratzea arau-haustea egin aurreko izatera eta egoerara, eta sortutako kalte-galerak ordaintzea.

Propio eginiko zehapen-prozeduran nahiz prozedura independente batean ezar daitezke konpontzeko eta kalte-ordainak ordaintzeko betebeharrak.

Subsidiarioki, Kontzejuak konponketa egin dezake arau-hauslearen kontura eta kostua hari egotzirik. Arau-hausleak beti ordaindu beharko du egindako kalte-galeren balioa, kasu bakoitzean dagokion ebazpenak ezartzen duen epean.

14. artikulua. Zehapen prozedura.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera egingo da.

Ebazteko ahalmena Kontzejuko buruari dagokio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2015978