196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

185E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: eguzki-instalazio fotovoltaiko bat instalatzea, zuzeneko autokontsumorako, Lodosako ubidearen idoiko ponpatze-estazioan. Instalazioa Ablitasko 10. poligonoko 1303. lurzatian jarriko da, eta Ablitasko ureztaketen sindikatuak sustatu du.

Eskaera bat sartu da Biodibertsitatearen Zerbitzuan goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Aurretik, ingurumen ukipenetarako baimen bat eman zen antzeko helburuak zituen instalazio baterako, baina, arrazoi teknikoak tarteko, sustatzaileak ez du gauzatu.

Eskaera berriaren arabera, 450 Wp-eko 1.782 modulu fotovoltaiko instalatuko dira lurzoruan, ardatz bateko eguzki-jarraitzaile baten gainean. Modulu horiek bi taldetan banatuko dira lurzatiaren barnean. Taldeak elkarrengandik hurbil egonen dira, eta 1,1 eta 0,7 ha okupatuko ditu bakoitzak. Lur-mugimenduak aurreikusten dira. Lur-erauzketen soberakina 3.858 m³-koa izanen da, eta planteatzen da lur hori lurzati horretantxe eta sustatzailearenak diren beste batzuetan zabaltzea. Horrez gain, landare-lurren soberakina 5.115 m³-koa izanen da, eta besteak beste sortutako ezpondak landareztatzeko erabiliko da.

Halaber, eguzki-instalazioa eta idoia hesi batez mugatzea planteatzen da. Horretarako, beharrezkoa da gaur egungo hesia atzeratzea eremu batzuetan. Instalatuko den hesia aurretik zegoenaren berdina izanen da: bihurdura bakuneko sarezkoa eta 2 m-ko altuerakoa.

Espedientean Ablitasko Udalaren txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Era berean, Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: eguzki-instalazio fotovoltaiko bat instalatzea, zuzeneko autokontsumorako, Lodosako ubidearen idoiko ponpatze-estazioan. Instalazioa Ablitasko 10. poligonoko 1303. lurzatian jarriko da, eta Ablitasko ureztaketen sindikatuak sustatu du.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Ahalik eta gutxien ukituko da landaredi naturala, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

–Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, eta teknikoki posible bada, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzenean tinkatuz finkatuko da lurrean. Horiek lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

–Aurreko neurria aplikatuz, erauzitako lurren eta landare-lurren soberakina gutxiagotuko da.

Nolanahi ere, lurzorua higatzeko arriskuak eta lurrak mendi-hegalean isurtzea saihesteko, eta paisaia-inpaktua murrizteko, instalazioaren okupazio-eremuan zabaldu nahi diren lurrak (erauzitakoak nahiz landare-lurrak) lurzoruaren topografia naturalera egokitu beharko dira.

Lurrak instalazioaren okupazio-eremutik kanpo eramateko, hondeatutako material naturalen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko da, eta horren aldeko txostena lortu. Horretarako, sustatzaileak hondakinen jatorriaren eta destinoaren berri eman beharko dio zuzendaritza nagusi honetako Hondakinen Atalari (helbide elektronikoa: residuos@navarra.es).

–Lanak egin bitartean lur azpian agertzen bada aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Argiunerik instalatzen bada, behar-beharrezkoak direnak bakarrik jarriko dira, eta argi-kutsadura minimizatzen duten luminariak erabiliko dira, intentsitate txikikoak eta lurrerantz pantailatuak.

–Espresuki debeku da herbizidak erabiltzea plakak jartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatu eta mantentzeko ohiko metodo gisa.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Lanak egin bitartean Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako belardiko hazien nahasketa bat erabiliz. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua. Landaredia berrezartzea lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan egin behar da.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Betetzeko Herri-lurren Atalaren 2021eko ekainaren 1eko txostenean ezarritakoa, determinazio hau ezartzen da:

  • “Bai ponpaketa-estazioa, bai idoia eta gainerako instalazio atxikiak ere, erakunde sustatzailearenak direnak, herri-lurren gainean daude, hala adierazten baitu espedientean jasotako dokumentazioak; beraz, “801,9 kWp-eko eguzki-instalazio fotovoltaikoa, autokontsumo elektrikorako” izeneko proiekturako edozein baimen eskatu baino lehen, Ablitasko ureztatzaileen batasunak, hura baita proiektuaren sustatzailea, egoera erregularizatu beharko du Ablitasko Udalarekin, eta horretarako okupatutako herri-lurren nahitaezko desafektazioa eskatu beharko du; hori guztia bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluarekin eta hurrengoekin (urriaren 18ko 280/1900 foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori)”.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Ablitasko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2112001