196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14/2021 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proba hauek egitera deitzen baita: salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probak.

Hala xedatzen baitu salgai arriskutsuen nazioarteko errepide-garraioari buruzko Europako Akordioak (ADR), errepidez, trenbidez edo nabigazio bidez salgai arriskutsuak garraiatzen diharduten enpresek, edo garraio horiekin loturiko zamalanetan ari direnek, gutxienez segurtasun aholkulari bat izan behar dute, jarduera horiek pertsonei, ondasunei edo ingurumenari sortzen ahal dizkieten arriskuei aurrea hartzen laguntzeaz arduratuko dena.

Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak Espainian salgai arriskutsuen errepideko garraioaren eragiketak arautzen ditu. Errege dekretu horren 26. artikuluak xedatzen du ezen, bere eginkizunetan aritu ahal izateko, aholkulari kargua duenak azterketa bat gainditu beharko duela aurrez, dagozkion betebeharrei buruz eta salgai arriskutsuen gaineko arauditik aplikagarri zaizkion gaiei buruz.

Otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak, salgai arriskutsuak errepidez, trenbidez edo bide nabigagarriz garraiatzeko segurtasun aholkularien lanbide gaitasunari buruzkoak, azterketen modalitateak eta ariketen egitura zehaztu zituen, baita segurtasun aholkularien ziurtagiriak berritzeko prozedura ere. Ziurtagiri horiek berritzeko modu bakarra da dagokion kontrol azterketa gainditzea ezarrita dagoen 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean.

Goian aipatutako 97/2014 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du FOM/605/2004 Aginduaren 4. artikulua, izangaiak behartzen zituena parte hartzera organo eskudunek haien ohiko bizilekuaren lurraldean deituriko eta egindako probetan.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du urteko deialdia egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko probetarako, baita datozen hilabeteetan indarra galduko duten ziurtagiriak berritzeko ere.

Ziurtagiria lortu nahi duten izangaiek aukera izanen dute aldi berean espezialitate guztien gaineko azterketa egiteko edo espezialitate batena edo batzuena egiteko bakarrik.

Ziurtagiria berritu nahi duten izangaiek, berriz, ziurtagiria lortu zutenean aukeratutako garraio modalitateari buruzko azterketa egin beharko dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probetarako. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari.

3. Adieraztea ezen, COVID-19aren ondoriozko osasun egoeraren bilakaera dela eta, nahitaezkoa bada deialdiaren oinarrietan jasotako epe eta datetan atzerapenak edo aldaketak egitea (azterketak egiteko datak, eskaerak aurkezteko, behin-behineko zerrendak argitaratzeko, akatsak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko epeak), horiek aldatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atariko fitxaren bidez emanen dela argitara (www.navarra.es, “Tramiteak”, “Aholkulariak”).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 27an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

DEIALDIA, ERREPIDE BIDEZKO SALGAI ARRISKUTSUEN GARRAIOAN SEGURTASUN AHOLKULARI IZATEKO BEHAR DEN LANBIDE GAITASUNAREN ZIURTAGIRIA LORTZEKO ETA DATOZEN HILABETEETAN INDARRA GALDUKO DUTEN ZIURTAGIRIAK BERRITZEKO PROBAK EGITEKO. OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da probak egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean dauden ziurtagiriak berritzeko.

2. Salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probak espezialitate hauetarako izanen dira:

–Espezialitate guztiak.

–1. mota (lehergaiak eta lehergailuak).

–2. mota (gasak).

–7. mota.

–Hurrengo mota hauek: 3., 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8. eta 9. motak. Salgai arriskutsuen nazioarteko errepideko garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR) adierazitako mota bakoitzean agertzen diren gai solido eta likidoak.

–Nazio Batuen Erakundearen sailkapenean honako identifikazio zenbaki hauek dituzten gai likido sukoiak: 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa).

Bigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide bat bete beharko dute. Eskabide hori Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri. Fitxa hori “Tramiteak” atalean aurki daiteke, bilatzailean “Aholkulariak” idatzita.

2. Eskabidea betetzean, eskatzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 22 euro sartu izanaren frogagiria atxiki beharko dute, azterketara aurkeztu ahal izateko tasaren kontzeptu gisa, lortu edo berritu nahi duten gaitasun ziurtagiriaren espezialitate bakoitzeko.

Hirugarrena.–Inskribatzeko epea.

Ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probetarako inskripzioa 2021eko urriaren 1etik urriaren 22ra arte, biak barne, egin beharko da.

Laugarrena.–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Inskribatzeko epea amaiturik, 2021eko urriaren 29an emanen da argitara onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Nafarroako Gobernuko Atarian (www.nafarroa.eus) jasotako deialdiaren fitxan.

2021eko azaroaren 15era arte, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2021eko azaroaren 17an emanen da argitara, behin-behineko zerrenda argitaratu zen modu berean.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Santiago Alemán Carrica jauna, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Estela Moso Sarasa andrea, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikideak:

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Kudeaketa Ataleko burua.

–Oscar Molviedro Barea jauna, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera andrea, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Mugikortasun, Logistika eta Garraio Ataleko burua.

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Idazkaria: María Senosiain Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Ordezkoa: Eva Estébariz Arteta andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Seigarrena.–Proben edukia.

Probak segurtasun aholkulariei dagozkien betebeharrei buruz eta Espainiako estatuan salgai arriskutsuen errepideko eragiketak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuan eta Salgai arriskutsuen nazioarteko errepide-garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR, 2021eko bertsioa) jasotako gaiei buruz izanen dira.

Zazpigarrena.–Ariketen egitura.

1. Ziurtagiria lortzeko azterketak bi proba izanen ditu.

Lehen proba test modukoa izanen da: seigarren oinarrian jasotako gaiei buruzko 50 galderari erantzun beharko zaie, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Proba hau egiteko ezin da testurik kontsultatu. Proba egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

Bigarren proban azterlan bat edo kasu bat egin beharko da, dagokion espezialitatearen araberakoa, aholkulari batek egin eta/edo burutu beharreko lanen eta betebeharren gainean. Proba hau egiteko, testuak kontsultatzen ahalko dira, salbu kasuen konponbideak dakartzatenak. Proba egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

Izangaiak lehen oinarriko 2. apartatuan aipatutako espezialitate baterako edo batzuetarako proba independente bat egin nahi baldin badu, ariketek egitura bera izanen dute, baina, bakar-bakarrik, kasuan kasuko espezialitatearen inguruko gaiei buruzkoak izanen dira.

2. Ziurtagiria berritzeko azterketan proba bakarra izanen da: seigarren oinarriko gaiei buruz test moduko 50 galderari erantzun beharko zaie, ordubetez, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Proba hau egiteko ezin da testurik kontsultatu.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

Proba bakoitza 0tik 100 puntu bitarte kalifikatuko da, eta proba gainditzeko 50 puntu edo gehiago atera beharko dira. Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Probak 2021eko azaroaren 20an eginen dira, larunbatarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko gelategian, Iruñeko Arrosadiko Campusean. Proba bakoitzerako ordu zehatza Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) jasotako deialdiaren fitxan emanen da argitara, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

2. Osasun egoera dela-eta deialdiaren probak egiteko data edo tokietan gerta daitezkeen aldaketen berri ere Nafarroako Gobernuaren Atarian (www.navarra.es) jasotako deialdiaren fitxan emanen da.

3. Izangaiek NANa edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Hamargarrena.–Gaindituen zerrenda.

1. Ariketen kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuko Atarian (www.navarra.es) jasotako deialdiaren fitxan. Iragarki horretan azterketak berrikusteko epearen berri emanen da.

Berrikusketarako epea bukaturik, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari bidaliko zaio azterketa gainditu dutenen behin betiko zerrenda.

2. Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Hamaikagarrena.–Ziurtagiriak hartzea.

Azterketa gainditu ondoren, segurtasun aholkulariaren eginkizunak bete nahi dituzten edo betetzen jarraitu nahi duten izangaiek Nafarroako Gobernuko Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen duen ziurtagiria hartu beharko dute, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2111981