196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Jendaurreko informazioa, “Los Corrales” haize-parkea 26,95 MW-etan handitzeko proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen eskaerari buruzkoa

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1.a) artikuluan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. eta 125. artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jartzen da eskaera hau, “Los Corrales” haize-parkea 26,95 MW-etan handitzeko proiektuaren aurretiazko baimen administratiboa eman eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egitekoa. Hona eskaeraren ezaugarri nagusiak:

–Eskatzailea: Green Capital Power SLU, helbidea duena Marqués de Villamagna 3, 5. solairuan. 28001 Madril.

–Eskaeraren xedea: “Los Corrales” haize-parkea 26,95 MW-etan handitzeko proiektuaren aurretiazko administrazio baimena eman eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

–Organo eskuduna: aurretiazko administrazio baimenaz ebazteko eskumena duen organo substantiboa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusia da. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskumena duen ingurumen arloko organoa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritza Nagusia da.

–Tramitazio organoa: Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionala. Alegazioak arlo funtzional horri zuzenduko zaizkio, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzan, helbide honetan: Merindadeen plaza, z.g., 31071, Iruña.

–Instalazioen deskribapena: Proiektuaren xede den haize-parkea Uxueko udal-mugartean egonen da, Nafarroan.

Instalazioen ezaugarriak hauek dira:

Haize-parkea: 6 haize-sorgailu, 4,5 MW-ekoak; 118 metroko altuera dute abatzek eta 163 metroko diametroa du errotoreak. Jarri beharreko potentzia, guztira, 26,95 MW-ekoa da, elkarkonektatzeko 30 kV-eko lineekin.

–Energia parketik atera eta garraio-sareraino eramateko azpiegitura ez da eskaera honen irismenekoa. Hain zuzen, “Los Corrales” haize-parkearen hasierako eskaeraren bidez izapidetuko da.

–Aurrekontu zenbatetsia:

–Haize-parkea eta erdi tentsioko lurpeko sarea “Los Corrales” TAEraino: 18.738.477 euro.

–Xedea: Energia elektrikoa sortzea haize-parke baten bidez, eta hura ateratzea energia elektrikoaren garraio sarera.

–Proiektu honen administrazio baimena onestea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eskumena da, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren menpe dago. Horrez gain, jendaurreko informazioaren tramitea ere bete behar duenez, batera egiten dira proiektuarena eta ingurumen-inpaktuaren azterketarena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat.

Eta hori guztia aditzera ematen da orok jakin dezan eta aztertu ahal izan daitezen proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta dokumentu guztiak, teknikoak eta ingurumenari buruzkoak, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren bulegoetan (Merindadeen plaza z.g., 31071, Iruña), aurretik hitzordua eskatuta, edo esteka honetan:

https://www.mptfp.gob.es/portal/delegaciones_gobierno/delegaciones/navarra/proyectos-ci.html

Ukitutako udaletxeetan ere kontsultatzen ahalko da dokumentazio osoa.

Interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahal dituzte, arlo honi zuzenduak, iragarki hau argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean, bai idatziz, euskarri fisiko batean, Gobernuaren Ordezkaritzaren Erregistro Orokorrean, bai Estatuko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoaren bidez (https://rec.redsara.es), bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren moduetan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 10ean.–Industria eta Energia Arloko zuzendaria, Ignacio Irujo Sanz.

Iragarkiaren kodea: E2112453