196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Tafallako Udalaren Funtzionamendu Erregelamendu Organikoaren aldaketa

Tafallako Udalaren Erregelamendu Organikoak, udal organoak egiteko aldizkakotasunaz gain (hala nola Gobernu Batzordea, gaur egungo Tokiko Gobernu Batzordea, edo Jarraipen eta Kontrol Batzordea), bilera horren datari eta orduari buruzko gaiak jasotzen ditu, eta azken horiek Udal Alkatetzaren eskumenak dira.

Era berean, Erregelamendu Organiko hori onartu ondoren aldatu diren aplikazio orokorreko arauen testua biltzen du.

Erregelamendu organiko horren eduki osoa berrikusteko aukera eta beharra alde batera utzi gabe, aldaketaren bidez, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Jarraipen eta Kontrol Batzordeari dagokienez, bilkuraren eguna eta ordua kendu nahi dira, Udalbatzari ez dagokion eskumena baita, Alkatetzari baizik, eta ohiko bilkuren maiztasuna aldatu. Era berean, proposatutako aldaketak ordutegi berria planteatzen du Udalbatzaren ohiko bilkura egiteko.

Azkenik, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez berriki egindako aldaketan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa kontuan hartuta, tresna telematikoen eta ordezko formulen erabilera sustatzen da, udalen funtzionamenduarekin jarraitu ahal izateko, Toki-Erakundeen funtzionamendu demokratikoa eta eraginkorra bermatze aldera.

Espedientean jasota daude Udal Idazkaritzaren txostena eta aldeko irizpena (EH-Bildu, IT, IU eta Geroa Bairen aldeko botoak eta Navarra Suma eta PSNren aurkako botoak), Zerbitzu Orokorren Informazio Batzordearena, 2021eko uztailaren 20an egindako bilkuran.

Azaldutakoagatik, Tafallako Udalaren Osoko Bilkurak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.–Tafallako Udalaren Funtzionamendu Erregelamendu Organikoaren 8., 40. eta 83. artikuluen aldaketa eta 4 bis artikulu berria onartzea. Honela geratuko dira idatzita:

4.bis. artikulua. Salbuespen gisa, eta Tafallako Udaleko kide anitzeko organoen funtzionamendu normala bermatzeko beharrezkoa den guztietan, ordezkaritza-organoen eta gobernu-organoen bilkurak sistema elektroniko eta telematiko baliozkoen bidez egin ahal izanen dira. Sistema horien bidez, segurtasun teknologikoa, kideen parte-hartze politikoa, eztabaidaren baliozkotasuna eta hartutako erabakien bozketa behar bezala bermatuko dira, aplikatzekoak diren arau-xedapenetan ezarritako baldintza eta betekizunen arabera.

8. artikulua. Osoko Bilkurak hileko azken asteartean eginen du ohiko bilkura, arratsaldeko 19:00etan. Ezohiko bilkurak aplikatu beharreko araudiaren arabera eginen dira.

40. artikulua. Gobernu Batzordearen (gaur egun Tokiko Gobernu Batzordea) ohiko bilkuren aldizkakotasuna finkatzea, hamabost egunean behin, eta ezohiko bilkurak egin ahal izanen dira, aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintza eta betekizunen arabera.

83. artikulua. Jarraipen eta Kontrol Batzordeak ohiko bilkura eginen du, Tokiko Gobernu-Batzarrerako ezarritako maiztasunarekin. Ezohiko bilkura egin ahal izanen da, aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintza eta betekizunen arabera.

Bigarrena.–Osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta ondorio juridikoak sortzea, Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitateak toki-erakundeei beren egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimendua egiteko ahalmena egikaritu ondoren.

Hirugarrena.–Aipatu behar da aipatutako Erregelamenduaren aldaketa honen aurka –xedapen orokorra baita– ezin dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren bidez aurkeztu administrazio-bideko errekurtsorik, eta, hala ere, honako errekurtso hauen bidez aurkaratu ahal izanen dela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Erabaki hau Udal Idazkaritzari eta Aholkularitza Juridikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.”

Tafallan, 2021 ustailaren 27an.–Udal-idazkaria, Nekane Agreda Arróniz.

Iragarkiaren kodea: L2112186