196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Ordenantza fiskala, herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena

Anueko Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jabari publikoaren aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantza fiskalaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Miguel Ángel Larrayoz Vidan.

Ordenantza fiskala, herriko jabari publikoan, interes orokorrekoak izan edo herritar frankori eragiten dieten hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egiten duten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean, betiere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak egonen dira, Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa honen subjektu pasiboak dira aitzineko apartatuan aipatu diren horniduren zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresak. Subjektu pasiboak izanen dira bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo apartatuan jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal-mugartearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak.

Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta erabiltzen badira araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa.

Hornidurak egiteko beste batzuen sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki-erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere, ezertan ukatu gabe tasaren ordainketa.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, kasu horretan urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

6. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

7. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatiboarekin edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

8. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin, tasa kudeatu eta likidatzeko prozedura errazteko eta arintzeko.

Azken xedapena

Ordenantza hau izapidetu eta indarrean jarriko da bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: L2111861