196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2021eko maiatzaren 27ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Anueko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Erabaki hori 2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantza fiskalaren aldaketa behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Miguel Ángel Larrayoz Vidan.

Ordenantza, arautzen dituena anueko udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, erregula daitezen Anueko udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa, eta hura garatzen duten erregelamenduak; Nafarroako Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau, eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatua; galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Anueko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan, herri-ondasunen gaineko ahalmenak, honako hauei dagokienez: erabilera, administrazioa eta aprobetxamenduaren araubidea.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (foru lege horren bidez jorratu zen Nafarroako Toki Administrazioa), Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Anueko Udalak herri-lurretako ondasunen gainean hartutako erabakiek.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Anueko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Anueko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Anueko Udala ahaleginduko da herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Anueko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Anueko Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Anueko Udalaren Osoko Bilkurak jakinarazpen horien gaineko erabakia hartu beharko du.

10. artikulua. Anueko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, baldin ondasunak herri ondarerako berreskuratzeko eskualdaketarik egin nahi badu.

11. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz, Anueko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Anueko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Anueko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Anueko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Anueko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori bateragarri eginen du duten izaera sozialarekin.

16. artikulua. Orokorrean, Anueko Udaleko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Anuen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

14.d) Anueko Udalarekin eta ibarreko kontzejuekin dituzten zerga betebeharrak egunean izatea.

14 e) “Anueko abeltzaintzako aberastasunaren erregistroan azienda izena emanda izatea” testuaren ordez, honako hau sartzea: “Azienda Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emana izatea, ustiapenaren liburuan agertzea eta Udalaren baimena izatea jarduera hori egiteko.”

17. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.

18. artikulua. Anueko Udalak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta zenbat herri-lur dauden eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak ere.

19. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, horrela frogatuko baita betetzen direla azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak (foru lege horren bidez jorratu zen Abereen Osasuna), eta bete beharko dira foru lege horretako eta haren erregelamenduko baldintza guztiak.

20. artikulua. Onuradunak behartuta daude, eta adjudikazioa egin aurretik hala onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera baldintza hauen arabera:

a) Mugakide diren onuradunek edo jabeek izan ditzaketen bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.

b) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.

c) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (ur-askak, jateko askak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak eskaera egin beharko dio Anueko Udalari, eta haren onespen espresa eduki beharko du.

Baldintza horiek betetzen ez baditu, Anueko Udalak herri-lurraren adjudikazioa kenduko dio berehala.

21. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutakoaz bestelako aprobetxamenduetarako, baldin ez badute Anueko Udalaren aldez aurreko baimenik.

22. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatukoak.

23. artikulua. Ez da utziko herri-lurretako aprobetxamendua trukatzea.

24. artikulua. Anueko Udalak, onuradunei hiru hilabete aurretik iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin bultzatzen bada herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela sortuko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

25. artikulua. Zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagunei.

26. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Anueko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan jasotzen den bezala.

27. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen hirugarrenei azpierrentamendua egiteko edo lagatzeko. Ondorio horietarako, Anueko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen baldin familia unitateko bizilagun titularrak baja ematen badio bere aziendari Nafarroako Gobernuaren Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua). Halaber, ulertzen da ezen herri-larreetako aprobetxamendua baliatu behar dela onuradunaren jabetzakoa den azienda zuzenean elikatzeko, eta ez da baimentzen hirugarrenei saltzea herri-lurretako aprobetxamenduko bazka, berdea, lehorra nahiz siloratua.

28. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla 5/1984 Foru Legean ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesa), eta bete beharko dira Foru Lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.

29. artikulua. Anueko Udalak ahalmena du herri-larreetan esku hartzeko, Osoko Bilkurak hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: artzaintza aldia, abere-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi.

30. artikulua. Anueko Udalak, onuradunei hiru hilabete aurretik iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin bultzatzen badute herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko dute.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

31. artikulua. Ehiza barrutia.

Anueko Udalak, Lantz, Odieta eta Olaibarko udalekin batera, tokiko Ehiza Barruti Publiko bat eratu zuen, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen 24., 25. eta 26. artikuluak, eta 49/2007 Foru Dekretuaren 13.etik 26.era bitarteko artikuluak, eta horiekin bat datozenak (foru dekretu horren bidez garatu zen foru legearen erregelamendua, eta herri-lurrak sartu ziren). Orobat, indarrean den Ehiza Antolatzeko Planaren menpe egonen da.

Tokiko ehiztarien San Humberto elkarteak du adjudikatua aipatutako ehiza barrutia, kontratua bukatu arte.

32. artikulua. Aritzuko mendiko pista.

2010eko abuztuan, Anueko Udalak, Aritzuko Kontzejuarekin batera, hitzarmen bat sinatu zuen ate bat jartzeko Aritzuko mendiko pistaren sarbidean, hartan izaten zen ibilgailuen trafiko gaitzari konponbidea emateko. Ibilgailu gehien izaten diren sasoietan bakarrik itxiko da pista. Sartu ahal izateko, Anueko Udaletxean giltza bat emanen da, eta Udalak 15 euro kobratuko ditu kostua estaltzeko. Norberaren ibilgailua pistan sartzeko eta giltza lortzeko, honako kasu hauetako batean egon beharko da:

–Anuen erroldaturik egotea, ibilgailua norberaren izenean inskribatuta izanda. Ulertuko da ibilgailuak inskribatuta daudela baldin haien agirietan agertzen bada Anueko helbide bat eta titularrak Anuen pagatzen badu ibilgailuen zirkulazioaren gaineko nahitaezko zerga.

–San Humberto izeneko ehiztarien elkarteko kidea izatea edo haren gonbidapen txartela izatea.

–Ondasun higiezinen jabeak izatea edo horien erabilera eskubideak frogatzea eta haietara iristeko aipatutako pista erabili behar izatea.

–Edozein arrazoi dela-eta giltzaren onuradunak baldintzak betetzeari uzten badio, berehalakoan itzuli beharko dio giltza Anueko Udalari. Hala egin ezean, zehapen-espedientea abiaraziko da.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

33. artikulua. 1. Anueko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

33. artikulua. 2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

34. artikulua. Kasu horietan, honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Anueko Udalak hartutako erabakia, proiektua onesteko, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta aurkeztu diren alegazioen gaineko Udalaren ebazpena.

c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.

d) Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta aurreko adjudikazio-hartzaileei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.

35. artikulua. Anueko Udalaren Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak.

V. KAPITULUA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Anueko Udalak herri-lurretako aprobetxamenduak onesteko erabakia eman ondotik, eta iragarki-taulan ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek eskabidea aurkez dezaten herri-lurren aprobetxamendurako.

37. artikulua. Aprobetxamendurako eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Anueko Udaleko errolda-ziurtagiria, 2 urteko erroldatzea erakusten duena, ziurtagiria eman denetik hasita.

b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko aitorpena.

c) Udal Ogasunaren Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearena.

d) Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren ziurtagiria (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

e) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, adierazten duena aziendaren osasun kanpainak betetzen direla, animalien osasunaren arloko legeriari jarraituz.

Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko, Anueko Udalak badu ahalmena kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatzeko.

38. artikulua. Behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, egoki juzgatzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Anueko Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du aprobetxamenduen behin betiko zerrenda.

TARIFEN ERANSKINA

Herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, behin larreok adjudikatu direnean ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz eta soberakinik bada, eskatzen duten interesdunei adjudikatzen ahal zaizkie modu proportzionalean, betiere ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Ordaindu beharreko kanona 20 euro/ha izanen da.

Iragarkiaren kodea: L2111858