196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN

Antzingo udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak paratzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Antzingo Udalak, 2021eko maiatzaren 6an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Antzingo udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak paratzea arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2021eko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 25ean.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

ANTZINGO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK PARATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari da bereziki.

Antzingo Udalak arauketa bat ezarri nahi du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak bultzatzeko, eta horiek egokiak izan daitezen ingurumenaren eta hirigintzaren ondorioetarako.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: bermatzea egoki ezartzen dela lurraldean, eta bermatzea zaintzen direla natura- eta hiri-balio garrantzitsuenak.

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Antzingo udal-mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak paratzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Antzingo udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki panelak edo plakak dira eguzki erradiazioen energia jasotzen duten gailuak, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko. Plakak izan daitezke:

–Termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia aprobetxatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiltzen dira.

–Fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki-erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek bi motak arautzen ditu, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituenak, ezarritakoa betez.

5. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura mantenduz une oro. Panelek sortutako planoa estalkiak sortutako planotik teknikotik ahalik eta hurbilen egonen da eta harekiko paralelo.

–Oro har, panelen antolamenduak eremu erregularra osatu beharko du. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:

  • Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak edo etorkizunean “energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak” arautzen dituenak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
  • Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko nahiz girotzeko.

–Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:

  • Eguzki panelak gutxienez 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta gailurren ertzetatik (hala ere, gailurren gainean jartzen ahalko dira panelen antolamenduak sabai leiho tradizionala simulatu nahi duenean). Bizkar-lima eta limatxokoekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da.
  • Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.
  • Etxebizitza atxikietan baldintza berberak aplikatuko dira, salbu eta bizilagunek beste zerbait erabakitzen badute berariaz eta idatziz.

–Instalazioaren laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro-elektrikoak, kanalizazioak eta abar ezin izanen dira eraikinen estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Instalatzen ahalko dira estalkiko planoaz bestelako inklinazio eta orientazioak dituzten kolektoreak, baldin eta eguzki-aprobetxamendua optimizatzea bilatzen badute.

–Kolektoreen gehieneko azalera artikulu honetako aurreko artikuluak emanen du, aplikagarri diren baldintza guztiak kontuan hartuta.

–Ez da onartuko eskaerarik estalki lauen gainean instalatzeko, baldin eta energia biltzeko azpiegiturak ikus badaitezke eguzki-kolektorearen instalazioa hartuko duen eraikinaren kota berean edo beherago kokatutako bide publikoetatik.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Udal Planeko eremu homogeneoak urbanizatuz hirigunea zabaltzen denean, salbuespen gisa, bertako eraikinetan eguzki-panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak proposatzen ahalko dira, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

6. Instalazioa eraikin katalogatu batean jarri nahi bada, aldez aurretik beharko da Vianako Printzea Erakundeak haren alde emandako txostena.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan dauden instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru aske eta pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.

–Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:

  • Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
  • Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko nahiz girotzeko.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 2 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izango da panel guztietan.

–Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lurzoru libre pribatuaren gainean.

1. Mota horretako egiturak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko 5. eta 6. ertikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko baimenik tramitatzea.

4. Udal Planeko eraikinen katalogoan G-1 izendapena duten eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Eguzki-parkeendako baldintza partikularrak

5 hektareatik gorako azalera okupatua daukaten eguzki-parkeak hiri-lurzoru edo bizitokietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakotik 500 metrora, gutxienez, paratu beharko dira, eta baserrietatik 300 metrora, gutxienez.

Eraikin berriak eskualdeko eraikuntzazko eta arkitekturazko ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planaren hirigintzako araudian. Bistan diren eraikuntza, panel eta instalazioek 9 metroko tartea, gutxienez, gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila eta arbolak izanen ditu.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, ingurumen baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia eman.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenerako araubidea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa jartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Antzingo Udalari aurkeztuko zaio dagokion erantzukizunpeko adierazpena. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izango dela estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari eusteko.

Sustatzaileak kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak eduki beharko ditu.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, Udalak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

Antzinen, 2021eko abuztuaren 2an.–Alkatea, Isaac Corres López.

Iragarkiaren kodea: L2111941