196. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

240E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Beraskoaingo udal mugartean dagoen zerrama-ustiategi baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Granja Belascoain SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 856/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 790/2012 Ebazpenaren bidez aldatua eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 4ko 385E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 19ko 41E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez; non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo txerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina) aplikatuz, 2019ko abuztuaren 12an Granja Belascoain SLri eskatu zitzaion 2019ko azaroaren 30a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2019ko azaroaren 29an, 2020ko uztailaren 1ean eta 2020ko urriaren 27an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiari.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Beraskoaingo udal mugartean dagoen zerrama-ustiategi baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiari, etxeko hegaztien edo txerri aziendaren hazkuntza intentsiboari dagokionez; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Granja Belascoain SL da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02052007402008 zenbakiarekin. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja Belascoain SLri, Beraskoaingo Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2111984