191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Udal ordenantza, Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena

Eguesibarko Udalak, 2021eko maiatzaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eguesibarren autokarabanak eta bizitegi ibilgailuak aparkatzea eta haietan gaua ematea arautzen duen udal ordenantza.

Aldaketa horien hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko epeari buruzko iragarkia eman zen argitara 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko uztailaren 22an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

UDAL ORDENANTZA , EGUESIBARREN EREMUAN AUTOKARABANAK ETA BIZITEGI-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA GAUA EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkamendua arautzea kanpaldietarako, aldi baterako zein ibiltari izan, Eguesibarko udal-mugartean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz, eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.

3. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.

b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Eguesibarko Udaleko udaltzainen iritziz beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.

4. artikulua. Gelditu eta aparkatzeko araubidea.

Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, indarreko araudiari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin baizik ez badu zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez dago leiho irekirik (leiho irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik eta abarrik.

3.–Inolako isurtzerik gertatzen ez denean, kutsagarria izan ala ez, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direnean, hala nola urak eremu publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez badira, hala nola argindar sorgailu bat piztuz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. artikulua. Aparkatze denborak.

Ibilgailu horiek gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira aparkatuta, uztailaren 5etik 15era bitarteko epean eta Sarrigurengo jaietan izan ezik.

Epe horietan eguneko tasa bat ezarri ahal izanen da aparkatu eta gaua igarotzeagatik eta aparkatze denboraren muga bat.

6. artikulua. Zerbitzugunea.

Autokarabanendako zerbitzu eremua izateko Sarrigurengo Elizmendi kaleko 8an, arau hauei jarraituz erabiliko da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab.

2.–Aparkatutako ibilgailuek beti errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.

3.–Gehienez ere 48 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte. Uztailaren 5etik 15era bitarteko epean eta Sarrigurengo jaietan izan ezik.

Ezinbesteko edo premiazko kasuetan eta udaltzaingoak edo alkateak baimendu ondoren, baimendutako gehienezko aparkatze denbora hori gainditu ahalko da, eta Udalak erabaki ahalko du zerbitzugune hori ordenantza honetan ezarritako erabileretarako erabiltzea.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita tratatu ez den uraren hargune bat ere. Eremu honetan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea.

5.–Zerbitzugunetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak edo udaltzainek ematen dizkien jarraibide guztiei eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzugunetako eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

Egonaldiak irauten duen aldian ez da zaratarik edo herritarrendako eragozpenik sortuko.

7. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; izan ere, udalbatzaren lana da egin beharreko ikuskaritza eta zehapen bidezkoa egitea.

Udaltzainak arduratuko dira ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.

8. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Eguesibarko Udaleko alkatea edo hark eskuordetutako pertsona izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Zehapen prozedura egiteko bidea da Zehapen Ahalmena Erabiltzeko Prozeduraren gaineko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusia.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste arina izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 90 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen ez badu eremu publikoan traba egitea.

2.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 4. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hausteak ekartzen badu eremu publikoan traba egitea.

3.–Arau-hauste larria izanen da autokarabanak aparkatzea ordenantza honen 5. artikuluak xedatzen duenaren aurka, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da.

4.–Arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta haren zehapena 300 euroko isuna izanen da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin kalte egiten badiete hiri altzariei eta kanpaldiko tokia nabarmenki zikintzen badute, egindako kalteak konpontzeko dagoen betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da jartzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

10. artikulua. Kautelazko neurriak.

Zirkulazioaren gainean indarra duen udal ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan mugigaiztea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizitokia espainiar lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinean finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.

11. artikulua. Erantzukizuna.

Eguesibarren autokarabanak aparkatzeko gunea ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Eguesibarko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko aparkatuta dauden autokarabanetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da lege honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, arau-haustea egiteko erabili den ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendu egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura tramitean betetzen ez badu haren zehapena 300 euroko isuna izanen da, arau-hauste astunaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TASAK

–Bornea erabiltzeagatik: 2 euro fitxako.

–Uztailaren 5etik uztailaren 15a arte edo Sarrigurengo jaietan aparkatzeagatik: 8 euro eguneko edo zatikiko.

Iragarkiaren kodea: L2111457