191. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2021eko uztailaren 2an hartutako Erabakia. Haren bidez, batera baimentzen da Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, eta dirulaguntza horiek esleitzeko, toki-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko jarduerak egin ditzaten 2021eko ekitaldian.

Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuarekin, Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2021eko uztailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez batera baimendu zen Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, eta dirulaguntza horiek esleitzeko, toki-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko jarduerak egin ditzaten 2021eko ekitaldian.

Aipatu foru legearen 14. artikuluaren 6. apartatuak xedatzen du kudeaketa-esleipena eraginkorra izan dadin beharrezkoa dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oso-osorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta Osasuneko kontseilariak eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak 2021eko uztailaren 2an hartutako Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baita Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, eta dirulaguntza horiek esleitzeko, toki-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko jarduerak egin ditzaten 2021eko ekitaldian. Foru agindu honen eranskin gisa argitaratzen da erabaki hori.

2. Foru agindu hau igortzea Osasun Publikoaren Institutura, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura eta Kiroleko Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara.

Iruñean, 2021eko uztailaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUAREN ETA OSASUN DEPARTAMENTUAREN ARTEKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BATERA BAIMENTZEN BAITA NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOARI KUDEAKETA-ESLEIPEN BAT EGITEA, DIRULAGUNTZA BATZUK EMATEKO DEIALDIA ONESTEKO ETA TRAMITATZEKO, ETA DIRULAGUNTZA HORIEK ESLEITZEKO, TOKI-ERAKUNDEEK ARIKETA FISIKOA SUSTATZEKO JARDUERAK EGIN DITZATEN 2021EKO EKITALDIAN

Iruñean, 2021eko uztailaren 2an.

Batetik, Rebeca Esnaola Bermejo andreak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kiroleko kontseilariak, eta bestetik, Santos Induráin Orduna andreak, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kirolaren Institutua erakunde autonomo bat da, Kultura eta Kirol Departamentuari atxikia (departamentu horren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren 3.2 artikulua).

Azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua Nafarroako Kirol Institutu bihurtzen duenak eta haren estatutuak onesten dituenak, ezartzen ditu bere Kirolaren Zuzendariordetzari esleitutako eginkizunen artean, honako hauek: batetik, toki-erakundeei aholku ematea eta haiekin elkarlanean aritzea kirolaren eta jarduera fisikoaren arloetan, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko tresnak baitira; eta, bestetik, kirol jarduera sustatzea laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Bestalde, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari eskumena esleitzen dio prestakuntzaren eta ikerketaren arloko eta, oro har, osasunarekin lotutako gaien arloko laguntzak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko.

Era berean, urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuaren 22.j) artikuluak (foru dekretu horren bidez aldatu baitzen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituena) esleitzen dio osasuna sustatzeko arloan eta osasun-hezkuntzaren arloan ezartzen diren planak eta programak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko eskumena ere, barrenean sartuta osasuneko informazio-, komunikazio- eta gizarte-ekintzako estrategiak, eta neurri teknikoak, politikoak eta ekonomikoak, bai eta bere eskumenekoak diren dirulaguntzen kudeaketa ere.

Bigarrena.–2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan honako partida hauek daude:

–Osasun Departamentua:

• 520001-51200-4609-313904 “Dirulaguntzak, udal entitateek ariketa fisikoa sustatzeko” izeneko partida, 50.000 euroko kreditua duena.

–Kultura eta Kirol Departamentua:

• A50002-A5110-4609-336100 “Suspertu plana. Toki-erakundeen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko partida, 380.000 euroko kreditua duena.

Hirugarrena.–Jarduera fisikorik ez egitea da gaur egungo morbimortalitate-kargarekin lotuta dagoen faktore garrantzitsuetako bat. Lau gaixotasun kroniko nagusiak prebenitzeko 4x4 Estrategiaren barnean ageri diren lau arrisku faktoreetako bat da (besteak dira elikadura desorekatua, tabakismoa eta alkohol gehiegi edatea).

Ariketa fisikoa sustatzea da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren 2016-2020 aldiko Osasun Publikoaren Planean sartutako proiektuetako bat –egun indarrean dago plan hori–, eta nabarmendutako proiektu estrategiekoetako bat ere bai, eta artikulatua dago Zahartzaro Aktibo eta Osasungarriaren Estrategiarekin eta udal entitateekin sustatu beharreko ariketa fisikoarekin.

Jarduera eta ariketa fisikoa tokian-tokian sustatzea da tresna erabilgarrienetako bat eskaintza biztanleriaren osasun-beharretara egokitzen laguntzeko, ariketa fisikoan inplikatutako eremuetako baliabideak koordinatzen laguntzeko, eta ariketa fisikoa eginez eraginkortasun handiagoa lortzeko.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren jarduketen artean daude toki-erakundeen bidez, bai eta kirola sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburu nagusia duten beste erakunde batzuen bidez ere, gorputz eta kirol jardueretako proiektuen antolaketa bultzatu eta sustatzeko laguntzak ere.

Laugarrena.–Bi departamentuetan badirenez aurrekontuko partida batzuk udal entitateendako, ariketa fisikoa sustatzeko dirulaguntzak emateko, bidezkoa da, eraginkortasunagatik, administrazio organo bakarra izatea deialdia onartzeaz, hura tramitatzeaz eta aipatu dirulaguntzak emateaz arduratuko dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.1 artikuluak xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dutela beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, ondoko apartatuetan xedatuarekin bat.

Aipatutako 14. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen, kudeaketa lan bat esleitzeko departamentu berekoa ez den administrazio organo bati edo beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati, bi departamentu horien titularrek batera emandako baimena beharko dela.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Batera baimentzea Nafarroako Kirolaren Institutuari kudeaketa-esleipen bat egitea, dirulaguntza batzuk emateko deialdia onesteko eta tramitatzeko, eta dirulaguntza horiek esleitzeko, toki-erakundeek ariketa fisikoa sustatzeko jarduerak egin ditzaten 2021eko ekitaldian.

Bigarrena.–Esleipenak urtebeteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Hirugarrena.–Kudeaketa-esleipenaren xedeko prozeduren ondoriozko gastuen finantzaketa, aldez aurretik behar diren tramiteak egin eta gero, aurrekontuko partida hauen kargura eginen da:

–Osasun Departamentua:

• 520001-51200-4609-313904 “Dirulaguntzak, udal entitateek ariketa fisikoa sustatzeko” izeneko partida, 50.000 euroko kreditua duena.

–Kultura eta Kirol Departamentua:

• A50002-A5110-4609-336100 “Suspertu plana. Toki-erakundeen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko partida, 380.000 euroko kreditua duena.

Laugarrena.–Erabaki hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko eta Kultura eta Kirol Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara eta departamentu horietako kontu-hartzailetza delegatuetara, behar diren ondorioak izan ditzan. Eta akordio honen edukiarekin ados daudela erakusteko, bi aldeek sinatzen dute, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Iragarkiaren kodea: F2111464