190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

386/2018 prozedura arrunta

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 386/2018 prozedura arruntean epaia eman da 2019ko abenduaren 23an eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

000345/2019 Epaia.

Iltmos. Sres. Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja; magistratuak: María Jesús Azcona Labiano, Ana Irurita Díez de Ulzurrun.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, 0000386/2018 errekurtsoaren autoak aztertu ditu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretu bidez onetsiak) aldatzen dituen uztailaren 18ko 54/2018 Foru Dekretuaren kontrakoak. Dekretu hori 2018ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, 2018ko abuztuaren 7koan. Alderdiak izan dira, errekurtsogile gisa, Nafarroako Medikuen Elkargo Ofiziala, Teresa Sarasa Astrain andreak ordezkatua eta Maríano Benac Urroz legelari jaunak zuzendua, eta, demandatu gisa, Nafarroako Gobernua, bere aholkularitza juridikoak ordezkatua eta zuzendua.

Epaitza:

1. Baiesten dugu administrazioarekiko auzi-errekurtso hau, auzitegietako prokuradore Teresa Sarasa Astrain andreak jarria, Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialaren izenean eta hura ordezkatuz, uztailaren 18ko 54/2018 Foru Dekretuaren aurka. Dekretu horrek aldatu egiten ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretu bidez onetsiak.

2. Baliogabe deklaratzen ditugu: 54/2018 Foru Dekretuaren artikulu bakarreko lehen apartatua, 2. paragrafoa gehitzen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 20. artikuluan, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretu bidez onetsian; 54/2018 Foru Dekretuaren artikulu bakarreko bigarren apartatua, aldatzen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuen 27. artikuluaren 2. paragrafoa, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretu bidez onetsia.

3. Alderdi demandatuak ordaindu behar ditu eragindako kostuak.

Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aditzera ematen da kasazio-errekurtsoa soilik jartzen ahal dela haren aurka, dagokion salari zuzendua, bakar-bakarrik kasazio-interes objektiboko kasuren bat badago tartean eta ezarritako legezko baldintzak betez, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat (uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako testuaren arabera).

Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sala honi zuzenduta prestatu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.

Alderdiei aditzera ematen zaie ezen, edozein kasutan, eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasuan kasuko kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek bat etorri beharko dutela, aitzakiarik gabe, Auzitegi Goreneko Gobernu Salak 2016ko apirilaren 20an (2016ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 6koa) eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honek 2016ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi diren baldintza eta betebehar estrintsekoekin.

Erabaki horiek ikusgai daude Justizia Auzitegi Nagusi honen iragarki-taulan, eta argitaratuta, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web-orrian (www.poderjudicial.es), jendaurrean egon daitezen eta orok jakin ditzan.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72-2 eta 107-2 artikuluetan ezarritakoa betez.

Iruñean, 2021eko uztailaren 26an.–Justizia Administrazioaren Salako letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2111663