190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52/2021 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, “Tuterako Orburua” adierazpen geografiko babestuaren baldintza agiria aldatzeko eskaera onesten duena.

2020ko martxoaren 4an, “Nafarroako Orburua” adierazpen geografikoaren Kontseilu Arauemaileak (IFZ: Q3150016H), adierazpen geografiko babestua kudeatzeko entitatea den aldetik, bere baldintza agiria aldatzeko eskaera aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Aldaketa eskaerarekin batera, baldintza agiri berria aurkeztu zen, bai eta tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere, bat etorriz Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduarekin.

Eskatu den aldaketa ez da garrantzi txikikoa, 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluaren 2. apartatuko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia da kalitate desberdinduko figuren arloan eskumena duen agintaritza, figura horien esparru geografikoa Nafarroako Foru Komunitatearen mugen barrukoa bada.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren irailaren 8ko 115/2020 Ebazpenaren bidez, aldeko txostena ematen zitzaion baldintza agiri hori aldatzeko eskaeraren tramitazioari. Horrekin batera, eskaera jendaurrean jarri zen, eta bi hilabeteko epea ireki zen bere legezko eskubide edo interesak ukituak zirela uste zuen edozein pertsona fisiko edo juridikok aldaketa hori erregistratzearen aurkako eskaera aurkez zezan, bat etorriz urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluarekin, non arautzen baita zer prozedura segitu behar den jatorri-deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen eskaerak Europar Batasunaren Erregistroan tramitatzeko, bai eta eskaera horien aurka egiteko ere.

Aurka egiteko epea 2020ko azaroaren 16an bukatu zen inolako eskaerarik aurkeztu gabe. Hortaz, aurretiko tramitazioa bukatutzat jotzen da, eta, horrenbestez, bidezkoa da baldintza agiria aldatzeko eskaera tramitatzen jarraitzea.

Eskaera baloratu ondoren, bat etorriz Batzordearen ekainaren 13ko 668/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 10. artikuluak ezartzen duenarekin, non ezartzen baitira 1151/2012 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak, aditzera ematen da eskaerak betetzen dituela erregelamendu horretan eta hari egokitutako xedapenetan ezarritako baldintza guztiak.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruz onetsitako 2012ko azaroaren 21eko 115/212 (EB) Erregelamenduak, bere 53. artikuluan, ezartzen du zein den baldintza agiriak aldatzeko prozedura. Horren arabera, 49.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baldin eta Europar Batasuneko estatuak uste badu erregelamenduaren baldintzak betetzen direla, aldeko erabakia hartuko du, eta aldaketa eskaeraren espedientea Batzordeari bidaliko dio, behin betiko erabakia har dezan.

Erregelamenduaren 49.4 artikuluan ezartzen da, orobat, Europar Batasuneko estatuak bermatuko duela aldaketaren alde ematen duen erabakia jendaurrean jartzen dela, bai eta erabaki hori hartzeko oinarritzat hartu den baldintza agiriaren bertsioa ere.

“Tuterako Orburua” adierazpen geografiko babestuak babesturiko orburuak ekoizteko eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremura mugatzen da. Beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau emateko eskumena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Tuterako Orburua” adierazpen geografiko babestuaren baldintza agirian garrantzi txikikotzat hartzen ez den aldaketa bat egiteko eskaera onestea, Nekazaritzako produktuen eta elikagaien jatorri-deitura babestuen eta adierazpen geografiko babestuen Europar Batasunaren Erregistroan erregistratuak izan daitezen, egiaztatu baita betetzen direla Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritako betebeharrak.

2. Aldeko erabaki hau hartzeko oinarritzat hartu den baldintza agiriaren bertsioa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren webgunean dago, helbide honetan: https://bit.ly/3iY2g7O

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea “Tuterako Orburua” adierazpen geografiko babestuaren Kontseilu Arauemaileari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 20an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2111368