190. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

145/2021 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako I. kartel lehiaketaren eta V. mikrobideo lehiaketaren oinarri arautzaileak onesten dituena. Lehiaketa horiek Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik daude, hurrenez hurren, eta 2021-2022 ikasturtean izanen dira.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren 59. artikuluan ezartzen da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagozkiola hezkuntzako, prestakuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta herritarren zientziako jarduketak egitea.

Nafarroako Baso Agendan basogintza sektorea sustatzeko ardatzaren barnean jasotzen diren jardueretako bat da hezkuntzako jarduerak sendotzea, era horretan gazteek kontaktu zuzenagoa izan dezaten naturarekin eta ingurumenarekin. (F-P7-M8 neurria).

Pandemiaren ondorioz 2020. eta 2021. urteak oso gogorrak izaten ari dira ikastetxeentzat, baina, aldi berean, naturaguneetara irteera gehiago egitea, eta ingurune naturalarekin gehiago gozatzea ere ekarri du herritar guztientzat.

Oro har, herritarrek badakite jarduera mota honek praktika egokiak eskatzen dituela naturaguneak ongi kontserbatu ahal izateko, baina, hala ere, une hau aproposa da azpimarratzeko ingurumenari, bertako bizidunei eta ekosistemari zor zaien errespetua eta ingurumena zaintzearen garrantzia.

Horiek horrela, aurten, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako lehiaketak sendotu egin nahi ditu naturagune bat bisitatzen dugunean jarraitu beharreko praktika egokiak. Aurtengo gaia honako hau da: “Txangoan, arrastorik utzi gabe”.

Nafarroaren Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendak xedatzen du, Garapen jasangarrirako 15. helburua erdiesteko (lurreko ekosistemetako bizidunei buruzkoa), ingurumen politika askotariko helburuak lortzera bideratu behar dela, besteak beste, 15.5. helburua, ”Naturaren habitaten degradazioa eta biodibertsitatearen galera murriztea”. Guztion erantzukizuna da horretara bideratutako ekintzak abian jartzea, eta lehiaketa honek bere-bereak dituen hezkuntza eta sentsibilizazio esparruak horien barruan sartzen dira, zalantzarik gabe.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako I. kartel lehiaketaren oinarriak, honako lelo hau izanen duena: “Txangoan, arrastorik utzi gabe”. Lehiaketa Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua da, eta 2021-2022 ikasturtean eginen da (I. eranskina).

2. Onestea “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako V. mikrobideo lehiaketaren oinarriak, honako lelo hau izanen duena: “Txangoan, arrastorik utzi gabe”. Lehiaketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua da, eta 2021-2022 ikasturtean eginen da (II. eranskina).

3. 242 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu aurrekontuko “Partaidetzarako, jasangarritasunerako eta ingurumen hezkuntzarako gastuak” izeneko 740002 74200 2279 456200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, eta Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalera, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

“Ingurumenaren zaindariak” izeneko I. kartel lehiaketaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako I. kartel lehiaketa antolatu du. Ondoko lelopean eginiko lanik hoberenak sarituko dira:

–“Txangoan, arrastorik utzi gabe”.

Autonomia erkidegoek pandemiari aurre egiteko ezarritako itxiera perimetralak direla eta, azken aldian herritarrek naturarekiko harremanera itzultzeko beharra sentitu dute. Hala ere, zenbaitetan behar hori ez da modu egokian ase. Naturagune batzuetako masifikazioarekin batera, praktika desegokiak gauzatu dira, hala nola, landalurrak aparkaleku gisa erabiltzea, lurzatietako sarbideak trabatzea, hondakinak, zarata... Horiez gain, landa-ingurunean eta ingurune naturalean nola jokatu behar dugun ez jakitearen ondorioz, kalteak eragiten zaizkie aziendei, basa landarediari eta basa faunari.

Gai honekiko sentsibilizazioa jorratze aldera, lan bat proposatzen da: kartel bat egitea, herritarrak naturaguneetara egiten dituzten irteeretan praktika egokiak zein diren erakusteko, edo desegokiak direnak gaitzesteko. Xedea da, ikasleek argi izatea naturaguneak bertan izan garela ez antzemateko moduan utzi behar ditugula, hau da, ez dugula inolako arrastorik utzi behar.

Baloratuko dira kartelaren sormena, sintesirako gaitasuna, mezuaren irismena eta lanaren kalitatea. Hori guztia, jabe gaitezen gure ekintzek kaltegarriak izan daitezkeen ondorioak ekar ditzaketela, eta ingurumen arazoen konponbidearen parte ere izan daitezkeela.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

“Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako I. kartel lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6.era bitarteko ikasleek parte hartzen ahalko dute.

Lehiaketak bi kategoria izanen ditu:

a) Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoentzat.

b) Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat.

Lanak bikoteka egin beharko dira. Ikastetxe bakoitzak 3 lan aurkezten ahalko ditu kategoria bakoitzean. Irakasle batek ordezkatuko du ikastetxea sariketa honetako kategoria bakoitzean. Hau da, ikastetxe bakoitzak gehienez 2 irakasle aurkezten ahalko ditu, eta 6 kartel gehienez ere.

Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute. Argazkiak, marrazkiak, collageak, infografiak, edozein motatako diseinu grafikoak edo bestelakoak erabili ahalko dira, baina sentsibilizaziorako lelo bat izan beharko dute, lehiaketaren gaiari lotua, eta orri bakarrean aurkeztuko dira, pdf, png, jpg edo jpeg formatuan.

Lanak fitxategi trinkotu batean aurkeztuko dira; fitxategi horrek irakasle baten lan guztiak bilduko ditu.

Lan bakoitza karpeta batean bereizita aurkeztuko da, eta karpetak honako hauek bilduko ditu:

–Kartela, aurretik aipatu diren formatuetako batean.

–PDF formatuko fitxategi bat, parte-hartzailearekin harremanetan jartzeko datu hauekin:

1) Bikoteko bi ikasleen izena eta bi deitura, telefonoak eta helbide elektronikoak.

2) Zein mailatan eta gelatan dauden.

3) Ikastetxea.

4) Irakasle arduradunaren izen-deiturak, telefonoa eta helbide elektronikoa.

5) Aurkeztutako kartelaren izenburua edo leloa.

6) Zein kategoriatan parte hartzen duen (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoan, edo Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoan)

Parte-hartzaileek administrazio baimenak tramitatuko dituzte, halakorik behar bada.

Irakasleek 3 lan aurkeztu beharko dituzte kartel sortarik onenaren sarian parte hartu ahal izateko. Saria puntuaziorik handiena eskuratzen duen proiektu sortari emanen zaio.

3. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia.

Lanak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, 2021eko urriaren 15eko 23:59 arte.

Lanak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, honako hauek adieraziz:

Hartzailea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

Eskabidearen laburpena: “Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako I. kartel lehiaketa.

Oharrak: Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa.

Parte-hartzaileek mezu elektroniko bat bidaliko dute inskripzioaren gordekinarekin eduamb@navarra.es helbidera.

Lehiaketaren epaia urrian emanen da. Irabazleari posta elektronikoz jakinaraziko zaio.

4. oinarria.–Epaimahaia.

Epaimahai batek hautatuko ditu saridunak. Epaimahai horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hiru teknikari izanen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak izendaturikoak.

Epaimahaiaren erabakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da, ebazpena eman ondotik. Horretaz gainera, Hezkuntzako aldizkarian, web-orrian eta sare sozialetan ere argitaratuko da, eta saritutako kartelak bide horien bitartez zabaltzen ahalko dira.

Saritutako karteletan adingabekoen irudiak agertzen badira, kartelak zabaldu aurretik baimena eskatuko zaie haien legezko arduradunei, eta baimena eskuratu ezean lausotu eginen dira adingabekoen aurpegiak haien irudi-eskubideak babeste aldera.

5. oinarria.–Sariak.

Kartelak baloratzeko garaian, honako hauek hartuko dira aintzat: gaiari ongi egokitzen ote zaion, konposizioa, originaltasuna, sormena eta irudimena.

Lehiaketak honako sari hauek ditu:

–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako kartelik onena: Ikasle bakoitzarentzako tableta eta diploma bana.

–Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako kartel sortarik onena: Bideokamera bat irakaslearentzat, diploma bana parte hartu duten ikasleentzat eta ingurumenari buruzko liburu sorta bat ikastetxearentzat.

–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako kartelik onena: abentura-kamera bat bere osagarriekin eta diploma bana ikasleentzat.

–Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako kartel sortarik onena: Bideokamera bat irakaslearentzat, diploma bana parte hartu duten ikasleentzat eta ingurumenari buruzko liburu sorta bat ikastetxearentzat.

Aurkeztu diren karteletatik bakar batek ere ez badauka aurkeztua izateko behar den gutxieneko kalitatea, ez da saririk emanen. Era berean, kartel sortarik onenaren saria emateko, irakasle arduradunak aurkeztutako kartel guztiek gutxieneko kalitatea izan beharko dute, eta edukiak deialdiaren gaiari lotuak.

Irabazleei behar den denborarekin jakinaraziko zaie zein egunetan eta ordutan eginen den sari banaketa.

6. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea eta epaimahaiak edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hartzen dituen erabakiei men egin beharra.

Parte-hartzaileak lehiaketatik kanpo gera daitezke, oinarriak betetzen ez badituzte, epaimahaiaren edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren irizpideei jarraikiz.

7. oinarria.–Eskubideak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskubidea izanen du finkatutako arauak betetzen ez dituen edonor lehiaketatik kanpo uzteko, lehiaketa ongi joan dadin behar diren arau osagarriak emateko eta salbuespenak baimentzeko, eta ordutegiak finkatzeko edo aldatzeko, betiere, behar den denboraz iragarrita.

“Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako kartel lehiaketan parte hartzean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari lagatzen zaizkio aurkezturiko lana eta egilea aipatuta kartel horiek erreproduzitzeko, banatzeko eta komunikatzeko eskubideak.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat, eskabide honen bidez jasotzen diren datu pertsonalak –haiek tratatzeko eskatzaileen baimena izanda– Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira.

II. ERANSKINA

“Ingurumenaren zaindariak” izeneko V. mikrobideo lehiaketaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bidez, “Ingurumenaren zaindariak” izeneko V. Mikrobideo lehiaketa antolatu du: “Guardianes del medio ambiente” con el lema:

–“Txangoan, arrastorik utzi gabe”.

Autonomia erkidegoek pandemiari aurre egiteko ezarritako itxiera perimetralak direla eta, azken aldian herritarrek naturarekiko harremanera itzultzeko beharra sentitu dute. Hala ere, zenbaitetan behar hori ez da modu egokian ase. Naturagune batzuetako masifikazioarekin batera, praktika desegokiak gauzatu dira, hala nola, landalurrak aparkaleku gisa erabiltzea, lurzatietako sarbideak trabatzea, hondakinak, zarata... Horiez gain, landa-ingurunean eta ingurune naturalean nola jokatu behar dugun ez jakitearen ondorioz, kalteak eragiten zaizkie aziendei, basa landarediari eta basa faunari.

Egin beharreko lana da minutu bat baino gutxiagoko iraupena duen mikrobideo bat osatzea, herritarrak naturaguneetara egiten dituzten irteeretan praktika egokiak zein diren erakusteko, edo desegokiak direnak gaitzesteko. Xedea da, ikasleek argi izatea naturaguneak bertan izan garela ez antzemateko moduan utzi behar ditugula; hau da, ez dugula inolako arrastorik utzi behar.

Mikrobideoa erakusteko modua librea da; honako hauek egin daitezke:

–Mikrobideo-klip bat, edo edozein estilotako musika emanaldia: hip hop, trap, indie, regetoia, opera, folk, etab.

–Fizkziozko mikro film laburra edo dokumentala, benetako aktoreekin.

–Fikziozko mikro film laburra edo dokumentala, animaziokoa.

–Antzezlan bat.

–Poesia edo prosa deklamazio bat.

–Aurrekoetan adierazi gabeko ikus-entzunezko teknikak erabiliz eginiko beste edozein mikrobideo.

Lehiaketak xede du ikasle gazteen sormena sustatzea ingurumenari loturik, gure ekintzek ingurumenean dituzten ondorioez jabetzea, eta ingurumen arazoen konponbidean inplika daitezen lortzea.

Baloratuko dira kartelaren sormena, sintesirako gaitasuna, mezuaren irismena eta lanaren kalitatea.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak eta lanen formatua.

El V Concurso de Micro-vídeos con el lema: “Txangoan, arrastorik utzi gabe” lelopeko V. mikrobideo lehiaketan Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute:

• Parte-hartzaileak DBHko ikasleak izanen dira (DBHko 1. mailatik 4.era).

• Gazteek bikoteka parte hartuko dute proiektuan.

Ikastetxe bakoitzak ezin izanen ditu 3 lan baino gehiago aurkeztu, eta irakasle batek ordezkatuko du ikastetxea. Beraz, ikastetxe bakoitzak 3 mikrobideo aurkezten ahalko ditu gehienez ere. Aurkezten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute.

Ikastetxe bakoitzeko lanak fitxategi trinkotu batean aurkeztuko dira; fitxategi horretan lan bakoitzak karpeta bat izanen du, eta karpeta bakoitzak honako hauek bilduko ditu:

–Lehiaketaren xedeko bideoa, formatu digital egokian, ondoren web-inguruneetan eta sare sozialetan zabaldu ahal izateko (FLV, MOV, WMV edo bestelakoak); Dropbox edo Drive bezalako plataforma digitaletarako loturen bidez ere aurkez daitezke, handik deskargatu ahal izateko.

–PDF formatuko fitxategi bat, parte-hartzailearekin harremanetan jartzeko datu hauekin:

1) Bikoteko bi ikasleen izena eta bi deitura, telefonoak eta helbide elektronikoak.

2) Ikastetxea.

3) Zein mailatan eta gelatan dauden.

4) Irakasle arduradunaren izen-deiturak, telefonoa eta helbide elektronikoa.

5) Lanaren izenburua edo leloa.

6) Mikrobideoko hitzen transkripzioa.

Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke, eta bideoan erabili ez den hizkuntzaren azpitituluak erabiltzen ahalko dira, aukeran.

Parte-hartzaileek administrazio baimenak tramitatuko dituzte, halakorik behar bada.

Irakasleek 3 lan aurkeztu beharko dituzte mikrobideo sortarik onenaren sarian parte hartu ahal izateko. Saria puntuaziorik handiena eskuratzen duen proiektu sortari emanen zaio.

3. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia.

Lanak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira, 2021eko urriaren 15eko 23:59 arte.

Lanak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, honako hauek adieraziz:

Hartzailea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

Eskabidearen laburpena: V. mikrobideo lehiaketa: “Ingurumenaren zaindariak”.

Oharrak: Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa.

Parte-hartzaileek mezu elektroniko bat bidaliko dute inskripzioaren gordekinarekin eduamb@navarra.es helbidera.

Lehiaketaren epaia urrian emanen da. Irabazleari posta elektronikoz jakinaraziko zaio.

4. oinarria.–Epaimahaia.

Epaimahai batek hautatuko ditu saridunak. Epaimahai horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hiru pertsona izanen dira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak izendaturikoak.

Epaimahaiaren erabakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da, ebazpena eman ondotik. Horretaz gainera, Hezkuntzako aldizkarian, web-orrian eta sare sozialetan ere argitaratuko da, eta bide horien bitartez zabaltzen ahalko da bideo saritua.

Saritutako karteletan adingabekoen irudiak agertzen badira, kartelak zabaldu aurretik baimena eskatuko zaie haien legezko arduradunei, eta baimena eskuratu ezean lausotu eginen dira adingabekoen aurpegiak, haien irudi-eskubideak babeste aldera.

5. oinarria.–Sariak.

Mikrobideoak baloratzeko garaian, honako hauek hartuko dira aintzat: gaiari ongi egokitzen ote zaion, irudiaren eta soinuaren kalitatea, planteamenduaren originaltasuna, egitura eta narrazioaren koherentzia, nahiz estiloa, sormena eta irudimena.

Lehiaketak honako sari hauek ditu:

Mikrobideorik onena: Bi abentura-kamera bere osagarriekin eta ikasleentzako diploma bana.

Mikrobideo sorta onena: Bideokamera bat irakaslearentzat, diploma bana parte hartu duten ikasleentzat eta ingurumenari buruzko liburu sorta bat ikastetxearentzat.

Aurkezten diren mikrobideoetatik bakar batek ere ez badauka, epaimahaiaren iritziz, eskatzen den gutxieneko kalitatea, ez da saririk emanen. Era berean, mikrobideo sortarik onenaren saria emateko, irakasle arduradunak aurkeztutako bideo guztiek gutxieneko kalitatea izan beharko dute, eta edukiek deialdiaren gaiari lotuak.

Irabazleei behar den denborarekin jakinaraziko zaie zein egunetan eta ordutan eginen den sari banaketa.

6. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriak onartzea eta epaimahaiak edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hartzen dituen erabakiei men egin beharra.

Parte-hartzaileak lehiaketatik kanpo gera daitezke, oinarriak betetzen ez badituzte, epaimahaiaren edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren irizpideei jarraikiz.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beretzat gordetzen du finkatutako arauak betetzen ez dituen edozein ikasleren parte-hartzea bertan behera uzteko eskubidea.

7. oinarria.–Eskubideak.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eskubidea izanen du finkatutako arauak betetzen ez dituen edonor lehiaketatik kanpo uzteko, lehiaketa ongi joan dadin behar diren arau osagarriak emateko eta salbuespenak baimentzeko, eta ordutegiak finkatzeko edo aldatzeko, betiere, behar den denboraz iragarrita.

“Ingurumenaren zaindariak” izeneko ingurumen sentsibilizaziorako mikrobideo lehiaketan parte hartzean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari lagatzen zaizkio aurkezturiko lanak eta egilea aipatuta lan horiek erreproduzitzeko, banatzeko eta komunikatzeko eskubideak.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat, eskabide honen bidez jasotzen diren datu pertsonalak –haiek tratatzeko eskatzaileen baimena izanda– Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2111340