188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAKAIKU

Auzolana arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Bakaikuko Udalak, 2021eko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bakaikuko auzolana arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bakaikun, 2021eko uztailaren 2an.–Alkatea, Egoitz Urritza Lazkoz.

BAKAIKUKO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

2018an parte-hartze prozesu bati ekin genion. Laurogeita hamar lagunek baino gehiagok parte hartu genuen bilera irekietan –«bakaikuarren topaketetan»–, eta, guztion artean, gure herriarentzako plan estrategiko bat diseinatu genuen. Plan estrategiko horren lehentasunen artean jaso zen XXI. mendeko auzolana abian jartzea.

Parte-hartze prozesuak jarraipena izan zuen 2019an, eta, bakaikuarren artean egindako hausnarketa eta eztabaiden ondorioz, Bakaikuk behar duen auzolan ereduari buruzko proposamen bat sortu zen.

Herritarrek proposamena berretsi zuten uztailaren 21ean egindako herri-galdeketan. Kontsultan parte hartu zuten 155 lagunetatik (erroldaren %51,19), 96k proposamenaren alde egin zuten, eta 57k, aurka, eta boto zuri bat eta boto deusez bat egon ziren.

Herritarren kontsulta egin zenetik, udal ordenantza bat prestatzen ibili gara, auzolana gure komunitate bizitzaren zati garrantzitsua izan dadin. Bakaikuko Udalak herritarren partaidetzarako tresna hau proposatzen du, gure udalerriko azpiegiturak hobetzeko eta mantentzeko lanak egiteko herritarrek hartzen duten konpromiso eta ekintza indibidual den heinean; eta, era berean, kulturaren, kirolaren eta elkarrekiko laguntzaren arloetan parte hartzeko ekintzak eta jarduerak aktibatzea eta garatzea nahi dugu, ondasun komunen defentsaren adierazle gisa.

Ordenantza honen oinarria herritarren partaidetza da, auzolana ulertuta herritarren eta gizartearen ahalduntze lan kolektibo gisa, eta gure herriaren etorkizunari lagunduko diola jakitun.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana arautzea, Bakaikuko komunitatearen mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Bakaikuko auzolana ordenantza honen arabera arautzen da, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren arabera ere.

3. artikulua. XXI. mendeko auzolana.

1. Auzolantzat hartuko da Bakaikuko garapen sozialari, ekonomikoari eta kulturalari mesede egiten dion prestazio pertsonal oro.

2. Auzolana erabiltzen ahalko da udalerriko azpiegiturak eraikitzeko, zaintzeko eta hobetzeko, bai eta bere eskumeneko obrak egiteko ere.

3. Era berean, auzolana erabiltzen ahalko da udalerriari onura ekarriko dioten lan edo zerbitzu pertsonaletarako; lan horiek prestazio pertsonal berezitzat hartuko dira.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Toki entitate honetan bizi direnek egin beharko dute auzolana, honako hauek izan ezik:

a) Hemezortzi urtetik beherakoak eta berrogeita hamabostetik gorakoak.

b) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonak.

c) Espetxeetan preso daudenak.

5. artikulua. Asegurua.

Bakaikuko Udalak auzolanean ari direnek dituzten istripuen arriskuak estaliko ditu.

6. artikulua. Iraupena.

1. Prestazio pertsonala edo auzolana, gehienez, 5 ordukoa izanen da urtean.

2. Prestazio pertsonal berezian, urte naturalari dagozkion auzolan orduak emanen dira: subjektu pasiboak modu erregular eta jarraituan parte hartuko du Bakaikuko garapen sozial, ekonomiko edo kulturalean laguntzen duten lan edo zerbitzuetan.

7. artikulua. Deialdia.

Auzolana egiteko deialdia aldez aurretik jakinaraziko zaie herrian bizi direnei, banaka edo modu kolektiboan.

Deialdia indibiduala edo irekia izan daiteke:

• Indibiduala: jakinarazpena egiteko edozein bide erabil daiteke, betiere interesdunak edo bere ordezkariak jaso duela idatzirik uzten bada eta jakinarazpena zein den, noizkoa den eta zer dioen ere idatzirik uzten bada.

• Irekia: epe bat irekiko da herritarrek beren borondatez lan jakin bat egiteko izena eman dezaten. Udalak egin beharreko jarduerarekin bat datozen jarraibideak finkatuko ditu. Auzolanean arituko diren guztiek bertan egonen direla berretsi beharko dute 48 ordu lehenago.

8. artikulua. Justifikazioa, absentzia eta ordezkapenak.

1. Subjektu pasiboak bere absentzia justifikatu eta udalari jakinarazten ahalko dio deialdia egin eta 72 orduko epean, eta behin aldatzen ahalko du dagokion betebeharra betetzeko data.

2. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin da absentzia justifikatu ondoz ondoko bi deialditan.

3. Auzolana ez betetzea justifikatzen duten arrazoiak baloratzeko edo aintzat hartzeko, hauteskunde-mahaietako lehendakarientzat eta kideentzat adierazitakoak hartuko dira kontuan.

4. Deialdia jasotzen duen pertsonaren lana beste norbaitek egiten ahalko du, baldin eta pertsona horrek berariaz adierazten badu benetan egin nahi duela. Ordezkapenak udalaren oniritzia beharko du, eta hark baloratuko du ordezkoa egokia den jarduera egiteko.

5. Lan egitera ez etortzeak, ezinbesteko kasuetan salbu eta aitzinetik librantza egin ez baldin bada, haren diru kopurua eta beste hainbesteko isuna ordaindu beharra ekarriko du. Emanen den epean ordaintzen ez baldin bada, premiamendu-bideari ekinen zaio.

6. Borondatezko epea igaro ondoren ordainketa egin ez bada, premiamendu-bidetik kobratuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Diru Bilketaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua. Libratzea.

1. Edozein inguruabar dela eta, pertsona batek uste badu ezin duela auzolana egin, egitera behartuta dagoenean, eskakizuna aurkeztuko dio Udalari, eta hark, inguruabarrak aztertu ostean, eginbehar horretatik hein batean edo erabat salbuesten ahalko du.

2. Prestazio pertsonala ordaintzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza ordainduko da.

10. artikulua. Ordu metagarriak eta besterengarriak.

1. Auzolanean emandako orduak metagarriak izanen dira urte natural berean edo hurrengoan egiten diren ondorengo deialdietarako.

2. Subjektu pasibo batek beste pertsona bati ematen ahalko dizkio auzolanean emandako orduak, betiere lan horiek egin diren urte naturalaren barruan bada.

11. artikulua. Kontrola eta jarraipena.

Auzolan bakoitza Udaleko kideren batek edo Udalak izendatutako pertsona batek zuzenduko du.

12. artikulua. Egin beharreko lanak.

Auzolan mota hauek daude:

a) Urteko lan finkoak: urtero errepikatzen diren ohiko lanak. Udalak urtea amaitu baino lehen identifikatu eta planifikatuko ditu lan horiek. Bizilagunek beren lehentasunak adierazten ahalko dituzte.

b) Noizbehinkako lanak: beharrezkoa denean egiten diren lanak.

c) Albienteari laguntzea: albienteari laguntzea behar duenean.

d) Herritarrek proposatutako lanak: herritarrek lan indibidual edo kolektibo jakin bat egitea proposa dezakete. Urria amaitu baino lehen aurkeztuko dira proposamenak, eta Udalak onetsi beharko ditu.

13. artikulua. Prestazio pertsonala, makinekin.

Makinekin egiten diren prestazio pertsonalek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak garraio zerbitzuei ematen dien pareko tratamendua izanen dute.

14. artikulua. Erregai gastuak.

Garraioek edo makinek kontsumitzen duten erregaia edo gisakoak Udalak ordainduko ditu.

15. artikulua. Garraioaren edo makinen egoeraren edo erabileraren arduradunak.

Edonola ere, beraienak diren tresnak eta/edo makinak jarri eta erabiltzen dituztenak haien egoeraren eta erabileraren arduradunak izanen dira, eta bermatu egin beharko da, betiere, tresna eta/edo makina horiek ongi erabiltzen ari direla.

Hala ere, Udalak bere gain hartuko ditu auzolana egitean makinak izandako matxurak eta kalteak, baldin eta ez badira makinaren berezko higaduraren ondorioz gertatu.

16. artikulua. Diru bilketa.

Auzolanetik libratzen direnek ordaindutako diruaren bidez Udalak biltzen duen diru kopurua auzolanen inguruko beharretan inbertituko da (istripu asegurua ordaintzea, materialak, makineria, erregaia, tresnak, etab.).

17. artikulua. Herritarren parte-hartzea.

Baliabideak edo mekanismoak jarriko dira herritarrek ideiak edo jarduerak proposa ditzaten.

Asmoa da auzolanaren kudeaketa irekia eta malgua izatea. Auzolana beharren eta lortutako esperientziaren arabera egokitu beharko da, eta, horregatik, bakaikuarrekin berrikusiko da, beharrezkoa denean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Modu osagarrian aplikatzekoak izanen dira, hala dagokionean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta gainerako xedapenak.

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2111373