186. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Milagroko Udalean Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena.

Milagroko Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Milagroko Udalean Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2021eko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat hartu da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Milagron, 2021eko uztailaren 16an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

MILAGROKO UDALEAN ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDE ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Ikusita zer eragin izan duen administrazio prozedurari eta araubide juridikoari buruzko lege berriek (batik bat lehenbizikoak), administrazio elektronikoari buruzko udal ordenantzak eta erregelamenduak horien arabera egokitu behar dira. Honela definitzen da administrazio elektronikoa: «administrazio publikoetan IKTak erabiltzea, eta, horiekin batera, antolakuntzan aldaketak egitea eta gaitasun berriak bereganatzea, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko.» (Europako Batzordea).

Herritarren ikuspegitik, “pertsonen eskubide” batzuk aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Pertsona juridikoen eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan, bide hori elektronikoa izanen da nahitaez. Administrazioa sinplifikatzea da lege erreforma egiteko beste arrazoietako bat, eta funtsean, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko aukera eta edozein administrazio publikotan egindako edozein agiri ez aurkezteko eskubidea dira horren isla. Zalantzarik gabe, sinplifikatzeko beste moduetako bat izan da administrazioaren eta herritarren harremanetan identifikazio elektronikoko sistemak orokortu izana –ahal zen heinean–, legeak zorrozki murriztutako kasuetan baino ez baita behar sinadura.

Administrazioari dagokionez, eskubideak eraginkor bihurtzeko mekanismoak ezarri behar ditu, ororen gainetik. Barnera begira, prozedurak erabat elektronikoa izan behar du: erregistroa elektronikoa eta bakarra da, eta agiri original elektronikoen edo paperezko originalen egiazko kopien sarrera erregistratuko du; espedientea ofizioz eta bitarteko elektronikoekin irekiko da, eta elektronikoki izapidetu eta sinatu diren agiri elektronikoez osatutako indizea izanen da (frogak, txostenak, irizpenak...); artxiboa Segurtasun Eskema Nazionalak iragaziko du, hura ere bakarra izanen da eta sortutako agiri administratiboak bitarteko elektronikoen bidez segurtasunez eta konfidentzialtasunez gordetzeko balioko du. Espediente horiek izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta sinadura ziurtagiria izan behar dute prozedura izapidetzean erantzukizunen bat duten langile publiko guztiek, sinatzeko, zentzu hertsienean, zein informazioa izapidetzeko edo bidaltzeko. Pertsonari zuzenean lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratzekoa da administrazio jarduketa automatizatua orokortu dela, entitate, organo eta denbora zigiluei esker, nagusiki.

Hitz gutxitan, honako hauetara egokitzeko beharrak justifikatzen du ordenantza hau onetsi behar izatea: prozedura eta araubide juridikoko lege berriak eta Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen (CORAren) ondoriozko beste berriago batzuk, batez ere gardentasunari dagokiona (prozedura elektronikoarekin duen loturarengatik ere bai).

Egiturari dagokionez, ordenantza hau zortzi titulutan antolatuta dago, eta xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ere baditu.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta honako hauek arautu: ordenantzaren helburua eta aplikazio eremua, eta nola garatu tokiko eremuan zenbait printzipio, laguntza emateko eta informazioa emateko, administrazio prozedura elektronikoa zuzen ezartzeko. Azkenik, herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.

II. tituluak “Administrazio prozedura elektronikoak” honako hau du helburu: administrazioaren alderdi guztien sinplifikazioa oinarri hartuta, prozedura izapidetzean gakoak txertatzea, administrazio publikoaren funtzionamenduaren ardatz izan behar duen heinean. Atal honetan, bereziki garrantzitsuak dira jakinarazpen elektronikoa arautzen duten alderdiak, herritarrentzat berme handia baitira prozeduran, eta artxibo elektronikoa, toki-erakundeek administrazio elektronikoa ezartzean aurre egin beharreko erronka nagusietakoa baita. Izan ere, toki-erakundeek ez dute gaiari buruzko berezko arauketarik, eta, beraz, titulu honetan jasotako antolamenduak gabezia hori bete eta tokiko administrazioen berezitasunei aterabidea eman nahi die.

III. tituluak egoitza elektronikoa tokiko eremuan arautzea du xede, baita haren ezaugarriak eta gutxieneko edukia, eta egoitzaren segurtasunari eta erantzukizunari buruzko gaiak ere.

Bestalde, IV. tituluak identifikazioa eta sinadura elektronikoa arautzen ditu, bai zerbitzu elektronikoen kanpo erabiltzaile diren herritarren eta enpresen kasuan, bai langile publikoen kasuan. Halaber, administrazio-eguneratze automatizatuaren beste ziurtagiri batzuk ere arautzen ditu. Ikuspegi teknikotik, beharbada, arauaren titulurik konplexuena da, egokitu behar zaielako araubide juridikoko eta prozedurako legeei eta europar ReIDAS erregelamenduari. Lehenik, Udalak honako lege betebehar hau gauzatu behar du: “administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne) publikoa izanen da eta bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko modukoa”. Gainera, “administrazio publiko bakoitzak bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”. Horrenbestez, ordenantzaren puntu honek betetzen du Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura politikaren ziurtagiri profilak jasotzen dituen eranskinak ezarritakoa, berezko zigilu ziurtagiriak egiteari dagokionez. Edonola ere, zigilu zerrendaren publizitatea arautzeko beharrari eutsiko zaio, eta batez ere adierazteko egoitza elektronikoan argitaratu behar direla, dagokion tituluan ezarritakoari jarraikiz. Bestalde, eraginkortasunaren mesedetan arautu dugu sarbide elektroniko bakoitzak egoitza elektronikoa izanen duela. Kasu honetan, beharrezkoa denez egoitzak webgunea autentifikatzeko ziurtagiri kualifikatua edo bitarteko baliokideren bat izatea (40/2015 Legearen 38.6 artikuluaren arabera), onartzen ahal da informazio hori berriz autentifikatu behar ez izatea. Nolanahi ere, administrazioak badu aukera tabletan eskuz idatzitako sinadura elektronikoa gaitzeko. Herritarren kasuan ere jasotzen da, eta beharrezkoa izanen da, besteak beste, bulegotik kanpo egiten diren ikuskapenen aktak sinatzeko. Horrez gain, elektronikoki sinatzeko beste sistema batzuk ere jasotzen dira.

Interesdunen sinadurari dagokionez, ezarri da onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemek bat etorri behar dutela Segurtasun Eskema Nazionalak informazio sistema bakoitzerako xedatzen duenarekin. Gainera, ordezkariaren figura gorantz doala ikusita, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiriak onartzen dira soilik. “Gako itunduaren sistemei eta administrazio publikoek ezarritako baldintzetan baliozkotzat hartzen duten beste sistemei” dagokienez, Cl@ve barneko identifikazio sistemak erabiltzea onartzen da, horiei atxiki ondoren: Cl@ve Iraunkorra, Cl@ve PINa eta Cl@ve Sinadura (Polizia Zuzendaritza Nagusiak egindako e-NANa ziurtagiria, gako zentralizatuarekin). Horrez gain, onartu eginen da, dagokion prozedura gauzatu ondoren eta segurtasun mailaren arabera, beste edozein identifikazio sistema publiko edo pribatu, betiere Segurtasun Eskema Nazionala eta eIDAS betetzen direla bermatzen badu.

Edonola ere, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluaren arabera, Udalak Estatuko Administrazio Orokorrak onartzen dituen identifikazio sistema guztiak onartzen ditu, baina egoki diren izapideetarako erabiltzen ahalko dira, segurtasun maila kontuan izanik, eta Segurtasun Eskema Nazionalean eta, igorpenez, eIDAS erregelamenduan ezarritakoa betez. Horregatik:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari zuzenean, ordezkaririk gabe, egozten zaiola jarduketa.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barnean.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabil dezakete sinadura elektronikoaren sistemaren ordez, alegia, sistema bat nahiz bestea erabil daiteke, interesdunaren erabakiaren arabera.

Identifikatzeko eta sinatzeko beste sistema batzuei dagokienez, ez dugu abagunea galdu nahi izan tabletan atzitutako eskuzko sinadura elektronikoaren erabilera ezartzeko. Aurrez aurreko eragiketetan (HAB) erabiliko litzateke. Ez da sinadura elektronikoko sistema aurreratu bat, baina, eraginkortasunaren eta zerbitzuaren aldetik, erabilgarria da.

Gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren arteko konexioa oinarrizko harremana da, gardentasuna ezartzeko helburua eraginkortasunez lortzeko, gardentasuna erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko tresna baita. Hortaz, V. tituluak bi nozioen arteko elkarrekintza arautzen du, administrazio elektronikoa tresnatzat hartuta, eta gardentasunak biltzen dituen bi alderdietan: publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea. Orobat, balio publikoa sortzeko hurrengo urratsa ere hartzen du kontuan, hots, informazioa berrerabiltzea, baita ediktu- eta iragarki-taula (orain, eremu elektronikoan) hedatzeko tresna gisa duen balioa ere.

Nolanahi ere, titulu honetako arauketa kasuan kasuko toki-erakundeak onetsi duen arauketaren osagarri izanen da, eta, orobat, osagarri izanen da Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak Gardentasunerako, Informazioa Eskuratzeko eta Berrerabiltzeko Ordenantza Eredurako, eta oinarritzat hartu behar da gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren elkarrekiko erlazioa.

VI. tituluak honako hauek arautzea du xede: kasuan kasuko toki-erakundearen eta harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen Erregistro Elektroniko Orokorra eta laguntza bulegoek beren zerbitzuan eta herritarrei laguntza ematean betetzen duten eginkizuna. Horrez gain, erregistroko epeen zenbaketa eta herritarrek administrazio prozeduretarako agiriak ematea arautuko dira, burokrazia ezabatzea eta gizarteak administrazio zama txikiagoa izatea izanik helburu.

VII. tituluak antolakuntza eta eskumenen gaikuntza jorratzen ditu, eta ordenantza hau, zehazki, eta, oro har, saiatzen da erantzuna ematen administrazio elektronikoa ezartzearen ondorioz sortzen diren antolakuntza alderdi oso praktikoei. Azpimarratzekoa da alkateak Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoekin lotutako soft law arauak emateko eskumena duela, hala nola agiriak sinatzeko eta kudeatzeko politikak eta segurtasun agiria.

Azkenik, VIII. titulua komunikazioen gainekoa da, eta entitatearen barne funtzionamendua hobetzea du xede, batez ere udalkideei dagokienez. Horretarako, bitarteko elektronikoen erabilera orokortuko du, behar-beharrezkoa den Komunikazio Plan baten barnean.

Ordenantzari bukaera emateko, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ditu; azken horien artean, azpimarratzekoa da grabatzeko eta grabazioa sinatzeko sistema ezartzen dela ikus-entzunezko agiriak sortzeko, akta gisa eta haren balioarekin –Ikus-entzunezko akta–.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantzak honako hau du helburu: Milagroko Udalaren administrazio kudeaketarako administrazio prozedura erkidea garatzea, eta kasu orotan, izapidetze hori bitarteko elektronikoen bidez eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoaren urriaren 1eko 39/2015 Legea edo Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea betez.

2. Horretarako, ordenantzak honako xede hau izanen du: batetik, administrazio jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorio juridikoak arautzea, Milagroko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan, bai eta herritarrekiko harremanetan ere, haien eskubideak berma daitezen, eta, bestetik, eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.

3. Halaber, ordenantza honek oinarri arautzaileak xedatzen ditu Udalaren administrazio-izapideak eta -prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko.

4. Ordenantza hau Udalak arauak emateko eta bere burua antolatzeko ahalmenaren babesean eman da; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. eta 70.bis.3 artikuluek aitortzen dute ahalmen hori.

2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa.

1. Ordenantza hau honako entitate hauetan aplikatuko da (aurrerantzean denak batera toki-erakunde izendatuko dira):

a) Milagroko Udala osatzen duten administrazio organoak.

b) Haren mendeko edo harekin lotutako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

c) Haren mendeko edo hari lotutako merkataritza enpresak eta zuzenbide pribatuko beste entitateak, administrazio ahalmenak gauzatzen badituzte eta, ordenantza hau zehazki horiei buruz ari denean.

2. Horrez gain, Udaleko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen adjudikazio-hartzaileei aplikatuko zaie, lizitazio pleguek edo kontratu agiriek hala ezartzen dutenean, Milagroko Udalarekin, eta erabiltzaileekin eta herritarrekin dituzten harremanetan, eta dagozkion zerbitzu publikoak emateko jardueren barnean.

3. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatuko zaie. Horrelakotzat hartuko dira gaitasuna dutenak administrazio publikoekin jarduteko, bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean Milagroko Udalarekiko eta lehenbiziko apartatuan adierazitako beste entitateekiko harremanetan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera, honako hauek dute administrazioekin jarduteko gaitasuna:

a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona juridikoek edo fisikoek.

b) Adingabekoek, beren eskubideak eta interesak gauzatu eta defendatzeko, antolamendu juridikoak baimena ematen badu jarduketa horiek guraso-ahala gauzatzeko, tutoretza edo kuradoretza gauzatzen duen pertsonaren laguntzarik gabe. Salbuetsita daude adingabeko ezinduak, ezintasun mailak dagozkion eskubideak edo interesak gauzatu edo defendatzeari eragiten badio.

c) Ukituen taldeak, nortasun juridikorik ez duten elkarte eta entitateak, eta ondare independente edo autonomoak, lege batek berariaz hala adierazten badu.

3. artikulua. Aplikazio-eremu objektiboa.

1. Milagroko Udalak parte hartzen duen jardueretan aplikatuko da ordenantza hau. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrarekiko harremanetan, izaera juridiko administratiboa badute.

b) Herritarrek toki-erakunde honen eskura dagoen informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruzko kontsultak egitean.

c) Administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

d) Toki-erakundeak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.

2. Halaber, ordenantza honetako printzipio orokorrak prozedura administratiboaren arauen mende ez dauden herritarraren komunikazioei aplikatuko zaizkie, eta bereziki, abisuak eta gorabeherak jakinarazteari, erreklamazioak eta kexak egiteari, iradokizunak aurkezteari, toki organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bestelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.

3. Milagroko Udalak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

a) Aurrez aurreko arretarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak jarriko dituzte herritarren eskura, libreki eta doan, eta laguntza eta orientabidea eman beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda, dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistema batzuen bidez.

b) Milagroko Udaleko eta haren mendeko edo hari lotutako erakundeen organoetarako sarbide elektroniko orokorrak, komunikazio sareen bidez herritarren eskura daudenak.

c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko ataletan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbide emateko.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Milagroko Udalak eta haren mendeko erakundeek errespetatu beharko dituzte Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Legearen 3. artikuluan zerrendatutako printzipioak beren antolaketan, jarduketetan eta sektore publikoko gainerako entitateekiko eta herritarrekiko harremanetan.

2. Era berean, tokian administrazio prozedura elektronikoaren ezarpena indartzeko, garatzeko eta xehatzeko helburuz, honako artikulu hauetan jasotzen diren printzipioen arabera jokatu beharko dute.

5. artikulua. Administrazio elektronikoaren antolakuntza printzipioak.

a) Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa.

Informazioa, eta tramite eta prozedura administratiboak elektronikoki jasotzea sustatuko du, modu eraginkorragoan gauzatzeko honako printzipio konstituzional hauek: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.

Xede izanen ditu prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarendako zerbitzua hobetzea; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren efizientzia aprobetxatuko da eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, ahalik eta hobekien erabiliz informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak.

c) Bitarteko elektronikoak sustatzeko printzipioa.

Bitarteko elektronikoen benetako erabilera sustatuko du Udalaren jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzea sustatzeko pizgarriak ezarriko dira.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa.

Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko dira interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko hitzarmenak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa.

Elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatuko du, eta begiratuko, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, honako irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa.

Herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen ditu, datuen babesari buruzko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Toki-erakundeen organoek eta departamentuek batera erabiltzen duten informazioan jasotako herritarren datu pertsonalek babes berezia jasoko dute.

g) Gardentasun printzipioa.

Beharrezkoa egiten du haren artxiboetan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena ematea, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak.

Printzipio horiek gobernatuko dute bitarteko elektronikoen ezarpena, eta irizpide hauen arabera eginen da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestaziorako lortzen ahal diren hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako udal antolakuntzan eta Udalaren informazio sistemetan.

–Teknikaren, antolakuntzaren eta ekonomiaren aldetik beharrezkoak diren ahaleginen maila.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza printzipioa.

Herritarrarekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzea da helburua, eta, horretarako, hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen dira elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek administrazioarekin duten harremana errazteko.

j) Partaidetza printzipioa.

Parte hartzeko eskubideak gauzatzean bitarteko elektronikoen erabilera sustatzera behartzen du, bitarteko elektronikoen berezko tresnen bidez eta fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak errespetatuz; bereziki honako eskubide hauek: eskatzeko eskubidea; entzunaldiko eta informazio publikorako eskubideak; herritarren ekimena; kontsultak egitea eta kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea eta ideiak eta iritziak jendaurrean eztabaidatzea eta adieraztea.

6. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipioak.

a) Irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioa:

Honako hauek bermatzen ditu:

–Sistema errazak erabiltzea, herritarrarendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

–Irizpide bateratuak erabiltzea, informazioa ikertzeko eta ikusteko, informazioa ahalik eta hobekien hedatzeko, eskuragarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Administrazio egintzak eta agiriak ulergarriak izatea, ahal den heinean, hizkuntza erraza eta kulturalki irisgarria erabiliz agiri horiek pertsona gehienek intelektualki ulertzeko modukoak izateko.

–Desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jartzea pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitortutako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

b) Toki-erakundeak argitaratzen duen informazioaren zehaztasunaren printzipioa.

Informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatzen du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki bera, egiazkoa, zehatza eta doia izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo beste baliabide tradizionalen bidez egiten dena.

c) Eguneratze printzipioa.

Bide elektronikoetatik eskuratzen ahal den administrazio-informazioa eguneratzea bermatzen du. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

d) Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa.

Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.

e) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio baliabideei dagokienez.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Indarreko legediaren arabera denen eskura dagoen informazio administratiboa eskuragarria izatea, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

–Indarreko legediaren arabera publikoa eta orokorra den informazioa doakoa izatea, zerga ordenantzetan ezarritakoa ukatu gabe.

7. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sarbidea izateko printzipioak.

a) Legezkotasun printzipioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako berme juridikoen osotasuna mantentzea bermatzen du.

b) Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa.

Eragozten du bitarteko elektronikoak erabiltzeak bazterkeriarik edo kalterik ekartzea toki-erakundeekiko harremanetan erabiltzen dituenarendako.

c) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa.

Behar diren ekintzak bultzatuko dira trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi eta bitarteko elektronikoen bidez tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

d) Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa.

Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurari beste baten bidez ematen ahalko zaio jarraipena, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.

Bide elektronikotik sarbidea duten izapideak eta prozedurak toki-erakundeak zehazten dituen kanal eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen ahalko dira.

e) Proportzionaltasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez direla izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak.

–Helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkiola eskatuko herritarrari.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.

a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa.

Herritarrendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan efizientzia hobetzeko xedez, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko duena, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste, helburu dutenak estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea.

Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, toki-erakundeak:

–Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki-erakundeen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko ditu bere administrazio elektronikoko aplikazioak.

–Argitara emanen ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.

b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.

Toki-erakundea behartzen du beste administrazio publikoei interesdunei buruz euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzea erraztera, eta aipatutako datuetan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztera.

Aurreko apartatuan aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara.

9. artikulua. Herritarraren eskubideak.

Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Milagroko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.

b) Milagroko Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.

c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.

d) Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko eskubidea.

e) Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

f) Administrazio elektronikoa erabiltzean prestakuntza eta laguntza eskura izateko eskubidea.

g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, edozein izanik ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.

h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.

i) Toki-erakundearekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta toki-erakundeak egiten ahal dituen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak toki-erakundeak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.

10. artikulua. Herritarren betebeharrak.

1. Administrazioaren jardueran eta Milagroko Udalarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzearen esparruan, eta administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu eta kudeaketa egokia bermatzeko asmoz, herritarren jarduketan, aplikaziozkoa den estatuko eta autonomietako oinarrizko legedia bete beharko da, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak eta gehiegikeriak ekidinen dira.

b) Milagroko Udalari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza eman behar dio, zertarako eskatzen den, horren araberakoa.

c) Milagroko Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez dituen administrazio harremanetan, bere burua identifikatu behar du, indarreko araudiak hala eskatzen badu.

d) Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Milagroko Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek eta Administrazio publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako beste pertsonek eta entitateek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte Milagroko Udalarekin harremanetan egoteko.

II. TITULUA

Administrazio-prozedura elektronikoa

I. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen tramitazioa

11. artikulua. Administrazio efizientziaren printzipioa: analisia, sinplifikazioa eta aurretiazko hobekuntza.

1. Arauketa onaren eraginkortasun printzipioa aplikatuz, Milagroko Udalak berrikuntza prozesua gauzatuko du bere administrazio jarduketan, balio publikoa sortzeko, eta prozesu horrek bektore hauek jasoko ditu: balio analisia, ideiak sortzea, berriz diseinatzea, optimizatzea, sinplifikatzea, irekitzea eta administrazio zamak ezabatzea. Informazioaren arloko aplikazio eta sistemak toki-erakundearen administrazio jarduketan erabili eta txertatu aitzin gauzatuko da prozesu hori.

2. Aipatutako berrikuntza prozesua administrazioaren eta antolakuntzaren eremu hauetan gauzatuko da:

a) Prozeduren eremuan.

b) Arauketaren eremuan.

c) Antolakuntzaren eremuan.

12. artikulua. Prozeduren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

1. Milagroko Udalak herritarren zama murriztuko du, eta, hartara, administrazio prozedurak abiaraztean, honako agiri hauek ez dira beharrezkoak izanen, aplikaziozko araudi erregulatzaileak salbuespenez kontrakoa ezartzen ez badu:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia.

b) Toki-erakundeak berak eskakizun jakinak betetzen direla egiaztatzeko eman behar duen edozein ziurtagiri edo agiri.

c) Toki-erakundeak berak aurretiaz egin eta/edo igorri duen edozein agiri.

d) Beste administrazio publiko batek egin eta/edo igorri duen edozein agiri, sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformen bidez eskuratzen ahal bada.

e) Aplikaziozkoa den araudi erregulatzaileak eskatzen ez duen edozein datu edo agiri.

f) Interesdunek aurretiaz edozein administrazio publikotan eman dituzten datuak edo agiriak, administrazio horrek datu-bitartekaritzarako plataformetan besteen eskura jartzen baditu eta interesdunak adierazten badu noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen datu edo agiri horiek. Kasu horretan, kontsulta egiteko baimena ematen duela jotzen da, baldin eta berriz erabiltzeari berariaz kontra egiten ez badio edo berariazko baimena ematea exijitzen duen lege berezirik ez badago.

g) Beharrezko informazioa izanik ere, interesdunak hala eskatuta, datu edo metadatu gisa sartzen ahal den edozein agiri edo agiriren kopia.

Herritarrei karga murrizteko helburu bera:

a) Administrazio prozeduretan, eskaerarekin eta abiaraztearekin ikusteko duten betebeharren maiztasuna murriztuko du.

b) Erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei lehentasuna emanen die, bai eta aurretiaz eman diren baimenen eta lizentzien berritze automatikoei ere.

c) Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuko ditu, arauetan ezarritako erantzun epeak eta denborak murrizteko.

2. Milagroko Udalak, aurreko apartatuaren arabera, aldizka berrikusi eta aztertuko ditu administrazio prozedurak, sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformetan karga gehiago murriztea ahalbidetzen duten zerbitzu berriak agertzeak ukitzen ahal baititu. Nolanahi ere, interesdunek ez dituzte aurkeztu beharko toki-erakundeek datu-bitartekaritzarako plataformen bidez aipatu zerbitzuak martxan jarri eta hilabetera lortzen ahal diren agiriak.

3. Milagroko Udalak bideragarritasuna aztertuko du, eta administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren alde eginen du, ahal denean. Haren egoitza elektronikoak eguneratuta mantenduko ditu izapidetze erraztuaren eredu hori aplikagarri duten administrazio prozedurak. Hala ere, interesdunak eskubidea izanen du berariaz horri kontra egiteko eta izapidetze arrunta aukeratzeko.

13. artikulua. Arauketaren eremuko berrikuntza, irekitzea eta parte-hartzea.

1. Milagroko Udalak Gobernu Irekiaren printzipio hauek aplikatuko ditu bere ahalmenak eta jarduera egikaritzean indarrean dituen ordenantzak eta erregelamenduak jendaurrean jarri, egin eta horien kontu ematen dituenean:

a) Gardentasuna indarreko eta etorkizuneko arauetan eta erregelamenduetan.

b) Herritarrek parte hartzea eta laguntzea ordenantzak eta erregelamenduak egiten eta hobetzen.

c) Indarreko ordenantzen eta erregelamenduen emaitzen eta eraginen kontuak ematea.

2. Milagroko Udalak gardentasun aktiboa emanen dio eta Gardentasun Atariko araudiaren atalean argitaratuko du honako informazio hau:

a) Aplikaziozko araudia, toki-erakundeen eremuan indarrean dauden ordenantzen eta erregelamenduen multzoa barne.

b) Erregelamenduen proiektuak, berari badagokio horiek abiaraztea.

c) Sektoreko legedia indardunaren arabera, izapidetu bitartean epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.

d) Onetsitako Urteko Plan Arautzailea, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren erregelamendu ekimenak jasoko dituenak. Horrela, tokiko segurtasun juridikoa ikusgai egonen da.

3. Milagroko Udalak sustatuko du herritarrek parte hartzea erregelamenduak eta ordenantzak egitean. Horretarako, lehenbizi, kontsulta publikoa eginen du, ukitzen ahal diren subjektu eta erakunde adierazgarrienen iritzia biltzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluaren esparrua eta zuzentarauak betez. Kontsulta publiko horren analisia jasotzen duen agiria erregelamendu edo ordenantzaren proiektuaren parte izanen da, eta erregelamendu edo ordenantza izapidetu bitartean argitaratuko da. Agiri horretan, aurkeztutako proposamenak onartu edo ukatu izana arrazoituko da, eta prozedurarekin jarraitzea beharrezkoa den ala ez adieraziko da.

Nolanahi ere, espedientean, honako informazio hau jasoko da:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Zergatik den beharrezkoa eta egokia araua onestea.

c) Lortu beharreko helburuak zein diren, eta helburu horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko eta ebaluatzeko eta gizarteari kontuak emateko sistema.

d) Kontsulta publikoan atera diren arauzko eta ez arauzko aukerako aterabideak baztertu izanaren arrazoiak.

4. Herritarrek dauden ekimen arautzaileen hobekuntzan parte hartzea sustatuko du Milagroko Udalak. Horretarako, bideak sortuko ditu herritarrek iritzia emateko unean indarrean dauden ordenantzetan eta erregelamenduetan hobetzen ahal diren edo funtzionatzen ez duten alderdiei buruz.

5. Milagroko Udalak onetsitako ordenantzen eta erregelamenduen oinarrizko helburuen ebaluazio adierazleak argitaratuko ditu, bere Gardentasun Atariko “Zerbitzu Publikoen Kalitatea” kategorian. Konpromisoa hartuko du erregelamendu ekimenak hobetzeko eta sinplifikatzeko, baita helburuen betetze mailan ebaluazio ona ez dutenak baliogabetzeko ere, gizartearentzat ahalik eta administrazio zamarik txikiena duen indarreko arau eredu iraunkor baten alde.

14. artikulua. Antolakuntzaren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

Milagroko Udalak berrikuntzaren eta sinplifikazioren printzipioak aplikatuko ditu antolakuntzaren eremuan, efizientziaren mesedetan eta herritarrei bideratuta, eta honako irizpide eta berrikuntza hauei lehentasuna emanen die, besteak beste:

a) Gobernu organoen artean, erabakiak eraginkortasunez hartzera bideratutako eskuordetze araubidea ezartzea, eta pertsona bakarreko organoek erabakitzen ahal dutena kide anitzeko organoen esku ez uztea.

b) Herritarrendako arreta bulegoak sortzea, zerbitzu maila handikoak, berehalako erantzuna eman ahal izateko eta arreta ematen den unean berean izapidetze proaktiboa egin ahal izateko.

c) Prozesuetan eta zeharkakotasunean oinarritutako antolakuntza ereduak, lantaldeetan sormena eta talentua bultzatzeko.

d) Erregistro osagarriak edo departamentuetako erregistroak ezabatzea eta administrazio kudeaketaren informazio aplikazioek eta sistemek eskaintzen duten trazabilitatearekin ordeztea.

e) Administrazioaren jarduketen fluxuen gaineko balio erantsia aztertzeko teknikak erabiltzea, herritarrari eta toki erakundeari balioa eransten dioten antolakuntza unitateak identifikatzeko, sustatzeko eta optimizatzeko, helburua izanik eraginkortasun publikoa lortzea eta azterketa horren arabera alferrikakoak diren gainerako unitateak ezabatzea.

15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren berezitasunak.

1. Milagroko Udalak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztura jotzen ahal du, komenigarria baldin bada interes publikoko arrazoiengatik edo prozedura konplexua ez izateagatik. Kasu horretan, dagokion egoitza elektronikoak argitaratuko du zer prozedura izapidetuko diren bide horretatik. Hala ere, ahalik eta informazio gehiena emateko eta eskuratzeko aukera errazteko asmoz, informazio hori Gardentasun Atarian ere argitaratzen ahal da.

Ulertuko da prozedura ez dela konplexua honako kasu hauetan:

a) Instrukzioan bi administrazio unitatek parte hartzen dutenean, gehienez, edo

b) Ebazteko epea hiru hilabetekoa izatea gehienez.

2. Prozedura ebatzi aurretik edozein unetan, hura izapidetzeko eskumena duen organoak erabakitzen ahal du izapidetze arruntarekin jarraitzea, baldin eta espedientean erabaki hori hartzea aholkatzen duten arrazoiak nahikoa egiaztatzen badira eta, interesdunak izapidetze erraztua eskatu badu ere, erabaki horren aurka ez badago.

3. Milagroko Udalak ofizioz erabakitzen badu prozeduraren izapidetze sinplifikatua eginen duela, interesdunei jakinarazi beharko die. Horietakoren batek, jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean, horri kontra egiten badio, Udalak izapidetze arruntari jarraitu beharko dio.

4. Interesdunek prozeduraren izapidetze erraztua eskatzen ahal dute. Izapidetzeko eskumena duen organoak uste badu ez dela 1. apartatuan ezarritako arrazoietako bat betetzen, eskaera horri uko egiten ahal dio, eskaera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, eta interesdunak ezin izanen du errekurtsorik jarri. Bost eguneko epe hori iraganda, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Izapidetze arrunta burutzeko denbora gutxiago falta den kasuetan izan ezik, modu erraztuan izapidetutako administrazio prozedurak hogeita hamar egunean ebatzi beharko dira, interesdunari izapidetze erraztua eginen dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Honako izapide hauek izanen dituzte soil-soilik:

a) Prozedura abiaraztea, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

b) Eskaera zuzentzea, hala badagokio.

c) Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epean.

d) Entzunaldia, ebazpena interesdunaren kalterako izatekoa denean soilik.

e) Kasu bakoitzari aplikatzen zaion araudi espezifikoaren arabera dagozkion txostenak.

f) Ebazpena.

6. Prozeduraren batean aurreko apartatuan jaso ez den izapideren bat egin behar bada, prozedura modu arruntean izapidetuko da, salbu eta izapide hori bost egun balioduneko epean ebazten ahal bada; azken kasu horretan, izapidetze erraztuarekin jarraitzen ahal du Udalak.

II. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen jakinarazpena

16. artikulua. Jakinarazteko organo eskuduna.

1. Ebazpenak eta administrazio egintzak ematen dituen organoak eginen die jakinarazpena ukitutako eskubideak eta interesak dituzten interesdunei. Jakinarazpena era automatizatuan eginen da lehentasunez, eskura jartzeko sistema elektronikoaren bidez.

2. Dena dela, Idazkaritzak emanen du kide anitzeko organoen erabakien berri, horiek egiaztatu ondoren. Jakinarazpena era automatizatuan eginen da lehentasunez, duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez.

17. artikulua. Jakinarazteko epea.

Jakinarazpen oro hamar eguneko epean egin behar da, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko bide administratiboari amaiera ematen dion ala ez, zer errekurtso den bidezko bide administratiboan zein judizialean, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.

18. artikulua. Datuen babesa eta jakinarazpenaren beste muga batzuk.

1. Milagroko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu ebazpenetan eta administrazio egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago direnean jakinarazpenaren hartzaile, eta, hala badagokio, gardentasun legedian ezarritako beste muga batzuk aplikatuko ditu.

2. Neurri horiek honako hauek hartzen ahal dituzte barne, besteak beste: transkripzioa, erabakien eta ebazpenen egiaztapen partziala egiteko, zeina automatikoki eginen baita metadatuak erabiliz, hala badagokio, eta egiaztatu eta jakinarazi behar ez diren eranskinak erabiltzea.

3. Edonola ere, datuak eskuratzeko mugak badaude, hala adierazi beharko da, gardentasun legediak ezarritako baldintzetan.

19. artikulua. Jakinarazpenen abisuak jasotzeko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.

1. Interesdunak edo haren ordezkariak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa adierazten ahal du, jakinarazpenak egin izanaren abisuak jasotzeko, jakinarazpenak edozein modutara eginda ere. Milagroko Udalak zehaztuko du zer gailu elektroniko onartzen dituen baliozkotzat artikulu honetan araututako abisua egiteko.

2. Horretarako, interesdunak edo haren ordezkariak bere burua identifikatu beharko du, toki-erakundeak horretarako onartu duen sistemaren bidez, eta dagozkion datuak bete beharko ditu.

3. Interesduna edo haren ordezkaria izanen da informazio hori eguneratuta izatearen erantzule bakarra.

20. artikulua. Jakinarazpena elektronikoki egin eta gauzatzea.

1. Jakinarazpena idatziz eta euskarri elektroniko jatorrizkoan sortuko da beti, eta administrazio prozedura erkidearen legedian ezarritako metadatuak eta bestelako edukiak jasoko ditu. Halaber, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera eginen da.

2. Jakinarazpen elektronikoa egiteko, baliozkotzat hartzen dira helbide elektroniko gaitua eta toki-erakundearen egoitza elektronikora sartzean jakinarazpena jasotzea.

3. Jakinarazpena, hala ere, interesdunaren edo haren ordezkariaren esku jarriko da toki-erakundearen egoitza elektronikoan, eta abisua bidaliko da interesdunak edo haren ordezkariak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora.

4. Elektronikoki agertzean jakinarazpena gauzatu ahal izateko, erabilitako sistemak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jakinarazpena atzitzen duen pertsonaren identifikazioa egiaztatuta gelditu behar da, toki-erakundeak ordenantza honen baldintzen arabera ezartzen dituen baldintzetan.

b) Argi eta garbi adierazi beharko da interesdunak edukiak atzitu izana jakinarazpentzat hartuko dela, dagozkion lege ondorioetarako.

c) Jasota geratu beharko da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpenaren edukia atzitu izana, eta zer egunetan eta ordutan atzitu duten ere bai.

5. Horrez gain, interesdunak edo haren ordezkariak borondatez hala eskatu badu edo legez edo arauz jakinarazpenak bitarteko elektronikoetatik jasotzeko obligazioa badu, toki-erakundeak gaitutako helbide elektroniko bakarrean jartzen ahal du jakinarazpena interesdunaren edo haren ordezkariaren eskura, araudi erregulatzaileak xedatutako baldintzetan.

21. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarriaren bidez egitea.

1. Administrazio prozedura erkidearen legedian ezarritako kasuetan, Milagroko Udalak paperezko euskarrian egin beharko du jakinarazpena. Horretarako, posta zerbitzuen legediak ezarritako mekanismoak erabiltzen ahal ditu, haren zerbitzuko langile publiko baten bitartez eman jakinarazpena, edo interesdunari edo haren ordezkariari toki-erakundearen bulegoetara edo horretarako gaitutako tokira bertaratzeko eskatu.

2. Kasu horretan, egoitza elektronikoan eskura jarritako jakinarazpenaren egiazko kopia bat sortu beharko da paperean, modu automatizatuan. Horretarako, jakinarazpena egiten duen organoaren egiaztapen kode segurua edo toki-erakundearen kode orokorra erabiliko dira.

3. Posta zerbitzuaren bidezko jakinarazpenak unean indarrean dagoen araudiak ezarri bezala eginen dira.

4. Bulegoetara bertaratuta edo langile publikoen bitartez ematen diren paperezko jakinarazpenak egitean, idatziz eta elektronikoki jasota utzi behar da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso dutela. Jakinarazpena, halaber, digitalizatuko da, egiazko kopia elektronikoa eginez, espedientean sartzeko.

5. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.

22. artikulua. Jakinarazi ezin izan diren iragarkiak argitaratzea.

1. Jakinarazpena ezin izan denean aurreko artikuluen baldintzetan egin, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da.

Horretarako, banakako iragarkiak edo jakinarazpena jasotzeko bertaratzekoak argitaratzen ahal dira, eranskin gisa.

2. Milagroko Udalak jasotzen baditu taulan argitaratzeko beste administrazio publiko batzuek igorritako jakinarazpenen iragarkiak, argitalpen hori toki-erakundearen bulegoetan eskuratzen ahal den taula fisikoan edo elektronikoan soilik argitaratuko da.

III. KAPITULUA

Artxibo elektronikoa

23. artikulua. Agirien artxibo elektronikoa.

1. Agiriak eta jarduketak edozein artxibo elektronikotan jasotzean, gardentasunaren inguruko betebeharrak betetzea erraztu behar da, eta aukera eman behar du herritarrei informazioa garaiz, arin eta eguneratuta emateko.

2. Administrazio jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoen bidez gordeko dira, salbu eta ezin bada eta modu arrazoituan egiaztatzen bada ezinezkoa dela.

Jatorrizko euskarrian gordeko dira egiazko kopia elektroniko bidez espediente elektronikoan gorde ezin diren euskarri fisikoko agiriak, legeak ezarritako baldintzetan.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Milagroko Udalak artxibo elektroniko bakarra izan beharko du, bukatutako prozedurei dagozkion agiri elektronikoekin, aplikaziozkoa den araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Kontserbatzeko formatuak eta euskarriak.

1. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituztenean agiri elektronikoek, agiriok halako euskarrietan kontserbatu beharko dira ezinbestean, dela agiria sortu zenetik erabilitako formatu berean edo erreproduzitu ahal izateko behar den informazioaren identitatea eta osotasuna segurtatuko dituen beste edozeinetan.

2. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hau ahalbidetzen duen formatu batean gorde beharko dira: agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzea, baita kontsultatzeko moduan daudela bermatzea ere eman zirenetik edozer denbora igaro dela ere. Horretarako, jatorrizko formatua kontserbazio formatura aldatzen ahal da, egiazko kopia elektronikoa sortuz.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, frogagiri izaten jarraitzen duten bitartean, agiri elektronikoak beren formatu jatorrizkoan gorde beharko dira ahal bada, sinadura elektronikoarekin eta metadatuekin batera.

4. Milagroko Udalak datuak aplikazio desberdinetatik atzitzeko aukera ematen duten formatuetara eta euskarrietara aldatzeko prozedurak ezarriko ditu, hala beharrezkoa denean.

25. artikulua. Artxibo elektronikoen bermeak eta segurtasun neurriak.

1. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa.

2. Bereziki, artxibo elektroniko guztiek bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legedian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta hala behar duen kasuetan, bermatuko dute, orobat,administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi zikloari buruzko berezitasunekin bat.

3. Agiriak kudeatzeko politikak agiri elektronikoei aplikatzen zaizkien segurtasun neurriak ezarriko ditu, toki-erakundeak Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agirian zehaztutako segurtasun politikarekin koordinaturik.

26. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duen araudia betetzea.

1. Artxibo elektronikoen eta, bereziki, bukatutako prozedurei dagokien agiri elektronikoen artxibo bakarraren ezarpena indarreko legediak ezartzen dituen beste sistemekin eta artxibo sareekin bateragarria izanen da, eta dagozkion zaintza- edo eskualdaketa-erantzukizunen banaketa errespetatu beharko du.

2. Halaber, artxibo elektroniko bakarra bateragarria izanen da artxibo historikoaren jarraipenarekin, dagokion estatuko eta autonomiako araudiaren arabera.

3. Agiri elektroniko horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

27. artikulua. Artxibo elektronikoetan sartzea.

1. Herritarrak artxibo elektronikoetan sartzea Estatuko eta Nafarroako gardentasun legeriak ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Gainerako administrazio publikoek ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetara sarbidea izateari dagokionez, baldin eta eskatzaileak toki-erakundeari aurretiaz emandako agiriak ez emateko eskubidea erabiltzen badu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen legediak ezarritako mugen barnean jardun behar da, dokumentazioa araudi erregulatzaileak xedatutakoaren arabera ezabatu ez bada.

III. TITULUA

Egoitza elektronikoa

28. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Toki-erakundearen egoitza elektronikoa helbide elektroniko bat da, herritarren eskura dagoena telekomunikazio sareen bidez; haren titulartasuna Milagroko Udalari dagokio, bere eskumenen erabileran.

Milagroko Udalaren egoitza elektronikoa ofizialki sortu zen Alkatetzaren 2010eko irailaren 2ko Ebazpenaren bidez (2010eko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an), eta Alkatetzaren 2021eko urtarrilaren 29ko 2021/0035 Ebazpenaren bidez berretsi zen. Egoitza elektronikoan esteka bat egonen da aldizkari ofizial horretako argitalpenera.

Herritarrek eskura dute egoitza elektronikorako sarbidea esteka berariazko baten bidez (http://www.milagro.es) toki-erakunde honen Interneteko atarian (sarbide-puntu nagusi elektronikoa), eta helbide elektroniko hau dagokio: https://milagro.sedeelectronica.es.

Egoitza elektronikoa bakarra izanen da toki-erakundea osatzen duten organo eta entitate guztietarako, eta Espainiako data eta ordu ofizialak ditu.

2. Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoak webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea erabiliko ditu bere burua identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua egon dadin bermatzeko.

Egoitza elektronikoa urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan egonen da sartzeko moduan herritarrentzat. Mantentze-lan tekniko edo operatiboekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzan sartzeko aukera, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

29. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1 f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko, jakiteko zer baldintza juridiko edo tekniko bete behar dituzten, indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek.

Ildo berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Horren ondorioetarako, Udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

30. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, beti, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehazturik.

b) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

c) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemak.

d) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituzten emaileen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

e) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarri dauden erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

f) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

g) Informazio administratiboaren inbentarioa, Udalak ematen dituen prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

h) Herritarrak erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda, udal administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean.

i) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

j) Espedientearen izapidetze-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, aldez aurretik interesdunak bere burua identifikaturik.

k) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

l) Data eta ordu ofiziala.

m) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

n) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan egoten diren zabalik agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

o) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari identifikatzen laguntzeko zein den haren etxetik hurbilen dagoen bulegoa erregistro gaietan.

p) Organo, zentro edo administrazio unitateen indarreko identifikazio kodeak.

q) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

31. artikulua. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bidez eginen dira, beharrezkoa denean bitarteko elektronikoekin autentifikatzea toki erakundea, beste administrazio publiko batzuk edo herritarrak. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egin ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkien kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, eskuragarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin halako komunikazioak beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webgunea kautotzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea erabiliko dituzte beren burua identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua egon dadin bermatzeko.

6. Milagroko Udalaren egoitza elektronikoak Espainiako data eta ordu ofizialei eusten die.

32. artikulua. Egoitza elektronikoak identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Milagroko Udalaren eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak irisgarri izanen du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo dagokion aldizkari ofizialari lotutako estekaren bidez.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek bermatu beharko dituzte esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

33. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoak ediktu-taula elektronikoa izanen du. Han, legez edo erregelamenduz xedaturiko egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

2. Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, data horiek egiaztatu ahal izatea segurtatzeko, epeen zenbaketaren ondorioetarako.

34. artikulua. Publizitate aktiboa.

1. Udalak publiko egin beharko du, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean zehaztu bezala, honi buruzko informazioa gutxienez:

a) Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

b) Goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei buruzko informazioa.

c) Garrantzi juridikoa duen informazioa.

d) Informazio ekonomikoa, aurrekontuei buruzkoa eta finantzarioa.

e) Kontratazio publikoari buruzko informazioa.

f) Zerbitzu emakidei buruzko informazioa.

g) Lankidetza-hitzarmenei, programa-kontratuei, esleipenei eta baliabide berekientzako mandatuei buruzko informazioa.

h) Diru-laguntzen arloko jarduerari buruzko informazioa.

i) Ondareari buruzko informazioa eta informazio estatistikoa.

j) Lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren, ingurumenaren eta etxebizitzaren arloko informazioa.

k) Publizitatearen xede diren beste eduki batzuk.

35. artikulua. Erantzukizuneko arau bereziak.

1. Egoitza elektroniko bat sortuz gero, haren titularra arduratuko da egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz. Egoitza elektronikoak beste organo edo administrazio publiko baten erantzukizunpeko esteka edo loturaren bat badu, egoitza elektronikoaren titularra ez da azken horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izanen.

Egoitzak beharrezko bitartekoak ezarriko ditu herritarrek jakin dezaten eskuratzen duten informazioa edo zerbitzua egoitzarena den, egoitza ez den sarbide puntu batena den edo hirugarren batena den.

2. Egoitza elektronikoen titular diren organo edo erakunde publikoek erantzukizuna izanen dute beren eduki propioen gainean eta, solidarioki, eduki komunen gainean ere bai.

IV. TITULUA

Identifikazio eta sinadura elektronikoa

I. KAPITULUA

Interesdunen identifikazio eta sinadura elektronikoa

36. artikulua. Identifikazio eta autentifikatze sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak izanen dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan ezarritakoak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, baldin eta sistema horrek aldez aurreko erregistro bat badu eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabiltzen ahalko dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta agiriaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek joko dira baliozkotzat sinatzeko:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Udal administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izanen da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitarteko erabiliz.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baizik ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

37. artikulua. Sinadura edo zigilu elektronikoari buruzko arau orokorrak.

1. Legez hala eskatzen ahal denean, interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute, identifikazio elektronikoko edozein bitarteko eta konfiantzazko zerbitzuen legedian ezarritako edozein bitarteko erabiliz, haien borondatea eta baimena egiazkoak direla elektronikoki egiaztatzeko aukera ematen badu, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun mailaren arabera eta aplikatzekoa den legedian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

2. Konfiantzazko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du toki-erakundearentzat, eta Estatuak eta Europar Batasunak elkarreragingarritasunari buruz dituzten arauak bete beharko ditu.

3. Toki-erakundeak, Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan jasotako arauak aplikatuz, ezin izanen du identifikazio elektronikoko sistema erabili interesdunari eskatu behar badio honako hauek erabiltzeko: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua.

4. Kasu horretan, mugaz gaindiko jarduketa bada, Europar Batasuneko gainerako estatu kideetan bizilekua duten interesdunek honako hauek erabiltzen ahal dituzte, baina Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1506 (EB) Exekuzio Erabakiak zehaztutako formatuetan soil-soilik: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua. Erabaki horrek ezartzen du zer zehaztapen izan behar dituzten sektore publikoko erakundeek aitortu behar dituzten sinadura elektroniko aurreratuen eta zigilu aurreratuen formatuek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 27. artikuluaren 5. apartatuari eta 37. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.

Espainian bizilekua duten interesdunek ere erabiltzen ahal dituzte aipatutako formatuak.

5. Toki-erakundeak ez du inolaz ere eskatuko sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua baino berme maila handiagoa duen sinadura edo zigilu elektronikoko sistema bat erabiltzeko.

6. Sinatzeko erabiltzen den identifikazio sistemak ez badu aukera ematen agiria osorik dagoela eta aldatu ezin dela egiaztatzeko, toki-erakundeak alderdi horiek ziurtatzeko mekanismo teknikoak ezarri beharko ditu bere identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikan.

7. Milagroko Udalak jarduketa bakoitzean onartzen diren sinadura elektronikoko sistemak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

II. KAPITULUA

Toki-erakundearen identifikazioa eta sinadura elektronikoa

38. artikulua. Toki-erakundearen identifikazio eta sinadura elektroniko automatizatuko sistemak.

1. Milagroko Udalak modu automatizatuan sinatzen eta bere burua identifikatzen ahalko du elektronikoki, erabiliz ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistemak, edo zigilu elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legediak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa betez (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Ahal dela, toki-erakunde honen zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak erakundearen organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dauzkaten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, toki-erakundeak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatu bat izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte betiere, Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidearen zenbakia izan ezik, ez baita nahitaezkoa izanen.

3. Milagroko Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak iragarriko ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Era berean, Milagroko Udalak kode seguruko egiaztapen sistemak erabiltzen ahal ditu modu automatizatuan sinatzeko, eta, ahal dela, toki-erakundeko organoei emanen zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak gauza ditzaten. Dena dela, toki-erakundeak kode seguruko egiaztapen sistema ere izaten ahal du bere izenean.

Toki-erakundearen egiaztapen orokorrerako kode segurua agiri elektronikoen paperezko kopiak egiazkoak direla bermatzeko erabiltzen ahal da.

Nolanahi ere, egiaztapen-kode seguruak nahikoa berme tekniko eman beharko ditu, dagokion jarduketarako eskatzen den segurtasun mailarekin betez, aplikatzekoa den legediak eta, bereziki, Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

5. Baliozkoa izateko, egiaztapenerako kode segurua aurretik sortu beharko da Alkatetzaren edo hark eskuordetzea emaniko organoaren dekretu bidez, eta honako berme hauek eman beharko ditu gutxienez:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea bakarra eta ausazkoa izatea, eta igorlearekin lotura izatea.

b) Segurtasun kriptografikoa izatea, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistema baten baliokide.

c) Kodea baliatuz irispidea egotea autentifikatutako agirira, egoitza elektronikoaren bidez eta, halakorik badago, hura gordetzen duen artxibo elektronikoaren bidez, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta dohainik izanen dute agirirako irispidea.

Egiaztapenerako kode segurua sortzeko tresna Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. Toki-erakundea identifikatutzat joko da, haren Interneteko atarian edo beste irispide-puntu batean haren izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, baldin horiek legez egoitza elektronikoak badira.

Informazioa egoitza elektronikotik kanpo argitaratzen bada, toki-erakundeak kautotu egin beharko du, kapitulu honetan identifikaziorako eta sinadurarako xedatutako sistemetako edozein erabiliz.

39. artikulua. Toki-erakundeko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Milagroko Udaleko organoen titularrek edo kideek nahiz haren zerbitzuko langileek erabiltzen ahalko dituzte ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazioko eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, edo sinadura elektroniko kualifikatukoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko erregelamendua; 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen). Erabili beharreko zigilu horiek emaile kualifikatuek emanen dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legediak ezarritakoa betez eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezartzen duena (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen errege dekretua).

2. Toki-erakundeak eman behar dizkie ziurtagiri horiek bere zerbitzuko langileei. Hala ere, pertsona horiek pertsonalak baizik ez diren ziurtagiri kualifikatuak baldin badituzte, baimena eman dezake, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko dokumentuan, ziurtagiri horiek borondatez erabiltzeko.

Ziurtagiriek informazio osagarria izan dezakete, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz, eta errespetatuz gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak.

3. Izenordea darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak eman daitezke, indarreko legediak mugak ezartzen dituenean agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Izenordea osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsona batzuek eska dezakete izenordea darabilten ziurtagiri kualifikatuarekin sinatu dutenen identitatea ezagutzera emateko, bat etorriz Datuak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikuluarekin.

4. Milagroko Udalak, Alkatetza udalburutzaren dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa egin eta kudeatzen ahalko du bere langile publikoendako, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, bete behrako ditu Segurtasunaren Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez (aipatutako erregelamenduak hizpide ditu barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoa eta konfiantzazko zerbitzuak).

Halaber, toki-erakundea beste administrazio publikoek gako itunduetan oinarrituz eskaintzen dituzten identifikazio eta sinadura sistemei atxikitzen ahal zaie, baldin eta segurtasun maila nahikoa badute.

5. Milagroko Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezar ditzake, bere zerbitzuko pertsonek aurrez aurreko harremanetan erabiltzeko.

Mekanismo horiek betiere bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, toki erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

40. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Toki-erakundeak eskuratuko dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuek beteko dute Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoen eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa. Politika hori onesteko, honako hauetan ezarritakoa hartu zen oinarri: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 18. artikulua (errege-dekretu horren bidez Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautu zen administrazio elektronikoaren eremuan) eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 24. artikulua (errege-dekretu horren bidez partzialki garatu zen Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea).

2. Milagroko Udalak, sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzean, sustatuko ditu sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua egiten duten ziurtagirietan oinarritutako sistemak.

3. Ziurtagiri kualifikatuetan oinarritzen ez diren sistemen bidez autentifikaturiko agirien kasuan, elkarreragingarritasuna sustatzeko eta agiri elektroniko horien sinadura elektronikoaren egiaztapen automatikoa ahalbidetzeko, Milagroko Udalak ziurtagiri elektroniko kualifikatu batean oinarritutako bere zigilu elektronikoa gainjartzen ahalko du halako agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei igortzeko edo haien esku jartzeko.

V. TITULUA

Informazio administratiboa hedatzea eta eskuratzea bitarteko elektronikoen bidez

I. KAPITULUA

Publizitate aktiboa

41. artikulua. Publizitate aktiboaren betebeharren esparrua.

1. Milagroko Udalaren publizitate aktiboko betebeharrak bide elektronikotik gauzatu beharko dira, ahal bada egoitza elektronikoaren bidez, informazio publikoaren osotasuna, hura baita egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen duen kanala.

2. Administrazio elektronikoa behin betiko ezartzearekin batera, Milagroko Udalak bere artxiboetan eta administrazio jarduketetan jasotako informazioaren hedapen, publizitate eta gardentasun ahalik eta handienak sustatuko ditu, antolamendu juridikoa eta aitortutako jardunbide onak betez.

3. Milagroko Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere ezaugarri bereziengatik gardentasuna sustatzen duen, kontuak hobeki ematea ahalbidetzen duen eta herritarren eskubideak gauzatzea errazten duen informazioa, baita gizartearendako eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta garapenerako erabilgarriena dena ere.

42. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren eta gardentasunaren arteko loturak.

1. Administrazio prozedura elektronikoaren ezarpenak bermatu behar du informazioa formatu egokian sortuko dela, hura publizitatu ahal izateko, eskuragarria izateko, eta, bereziki, balio publikoa eman beharrez, berrerabilia izateko. Horretarako, dokumentazioa kudeatzeko politikarako estrategia gauzatuko da. Estrategia Alkatetza udalburutzak onetsitako agiri batean zehaztuko da, ordenantza honen 66. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, eta bermatu behar du agiri elektronikoaren bizi ziklo osoan kudeaketa eredua eraginkorra izanen dela.

Bereziki, estrategia horrek honako hauek bete beharko ditu:

a) Gardentasun atarira informazioa iraultzean, automatismo maila handiagoa bermatzeko sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu, eta informazioa ahalik eta eguneratuen atxikiko.

b) Gardentasunaren gaineko lege obligazioak betetzearen ondorioz izapide berriak txertatzea eta administrazio izapidetzea konplexuago bihurtzea ekidinen du.

c) Argitalpenean adieraziko du zein unitatek duen informazioaren ardura eta noiz eguneratu zen azkenekoz.

d) Herritarrei arreta emateko sistemak integratuko ditu udaleko gainerako antolakuntzarekin eta informazio sistemekin.

2 Prozedurak errazteko printzipioa aplikatuz, publizitate aktiboari buruzko informazioa eskuratzeak errazago izan behar luke, lehenago aipatutakoari jarraituz.

43. artikulua. Informazioaren kalitatea eta eskuragarritasuna.

1. Informazio administratiboa eta interes orokorrekoa eskuragarri izanen da egoitza elektronikoan egunaren 24 orduetan eta urtearen 365 egunetan; informazio hori kalitatezkoa izanen da eta haren edukien ulergarritasuna bermatuko da, europar eta nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz. Informazioaren publizitateak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

2. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu motatan jasotzen den informazioak egiazkoa izan beharko du, erraz eskuratzekoa, ez-baztertzailea, argia, erraza eta zehatza. Halaber, herritarrek ulertzeko moduko mezu eta hizkerarekin egituratu beharko da eta, bereziki, herritarrei emandako informazioaren garrantzia hobeki ulertzen laguntzen ahal dieten bideoak, grafikoak, argazkiak, irudiak eta orriaren edo agiri euskarriaren konposiziorako beste edozein bitarteko erabiliko dira.

3. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak izanen dira lehentasunezko bitartekoa konplexutasun handiko gaien edo datuen publizitate aktiboa egiteko. Lehentasun hori aplikatzen ahalko da informazio ekonomiko-finantzarioaren kasuan, bereziki, baita honako helburu hauek dituen informazio guztian ere: baliabide publikoak erabiltzea, politika publikoak lehenestea, herritarrak zerbitzu publikoekin asebeteta gelditzea edo estatistiken edo ehunekoen bidez erakusten ahal den beste edozein.

4. Milagroko Udalak desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura jarriko ditu egoitza elektronikoko informazio guztia eskuratzeko beharrezko baliabideak, Udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak zein diren.

5. Toki-erakundeak zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da, hizkera mota guztietan.

44. artikulua. Kanal ez-elektronikoak erabiltzea.

1. Herritarrek informazioa formatu elektronikoan eskuragarri izateak ez du inola ere ordezkatu behar Milagroko Udalak bere egoitzetan edo beste kanal batzuen bidez (hala nola telefonoan) ematen duen arreta pertsonalizatua.

2. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko, Milagroko Udalak beste baliabide batzuen bidez hedatu beharko du informazioa, bitarteko elektronikoak eskuratu ezin dituzten herritarrek ezagutu dezaten eta, bereziki, Interneten nabigatzeko baliabideak, bitartekoak edo ezagutzak ez dituzten herritar taldeek edo pertsonek. Pertsona eta talde horiei guztiei publizitate aktiboko baliabideak edo informazio bera eskuratzeko tresnak emanen zaizkie, beste pertsonek edo taldeek eskuratzen ahal duten informazio bera lortu eta eskubide berak erabil ditzaten, Udalaren baliabide teknologiko eta ekonomikoen barnean.

45. artikulua. Publizitate aktiboaren mugak.

1. Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta datuen babesari buruzko gatazkak ebazteko legezko mugak aplikatuko zaizkie publizitate aktiboa egiteko lege betebeharrei eta Milagroko Udalak bitarteko elektronikoen bidez hedatzen duen gainerako informazioari, indarreko araudiak ezarritako baldintzetan.

2. Informazioa hedatzean berdintasun printzipioa eta ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, Milagroko Udalak haztapen irizpideak onetsiko ditu gertatzen ahal diren gatazkak ebazteko prozesuetarako, kontrol organoek ematen ahal dituzten irizpenen informazio balioa baztertu gabe.

46. artikulua. Informazio publikoaren berrerabilera.

1. Toki-erakundeak, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusi bezala, zabalduko du informazio publikoa, haren berrerabilera erraztu eta sustatzeko, herritarrek, erakunde akademikoek, enpresek eta bestelako eragileek libreki erabil dezaten produktu eta zerbitzu berrien bidez balioa sortzeko, betiere informazioaren erabilera jarduera administratibo publikoa ez bada eta ordenamendu juridikoan ezarritako mugak errespetatzen badira.

Informazio publikoa berrerabiltzeko zabalkundea bide elektronikoetatik eginen da, eta horretarako muga bakarrak informazio publikoaren berrerabilerari buruzko araudian ezarritakoak izanen dira.

2. Argitaratutako informazioa berrerabiltzeko baldintzak, haren indarraldia eta eguneratzeko maiztasuna zehaztu beharko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan.

3. Datu irekien elkarreragingarritasuna errazteko, aplikatuko da administrazio elektronikoaren esparruan elkarreragingarritasun-eskema nazionala arautzen duen estatu-araudian xedatutakoa.

II. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA

Araubide juridikoa

47. artikulua. Informazio publikoaren eskuragarritasunaren aldeko printzipio orokorra.

Oro har, informazio publikoaren eskuragarritasuna sustatuko da. Eskuratzeko mugarik edo eskuratzeko eskabidea ez onartzeko arrazoirik badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu beharko da, eta, halaber, erabat edo partzialki ez onartzea justifikatzen duten oinarriak adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, eskuratzeko eta publizitatea egiteko ezintasunaren epea ere.

48. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautuko du honako hauetan ezarritakoak: Gardentasunari, informazioaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, hura garatzeko onesten den araudia eta ordenantza hau.

2. Ez da araubide hori aplikatuko, eskuratzeko eskubideari buruzko arauketa berezia badago edo eskatzaileak martxan dagoen prozesu bateko agiriak eskuratu nahi baditu eta prozesu horretan interesdun ere bada. Kasu horretan, informazioa eskuratzeko, dagokion administrazio prozedura erregulatzen duen araudiari jarraituko zaio.

Burututako espedientea bada, informazioa modu iraunkorrean eskuratzeko printzipioaren arabera, informazioa bere zaintzapean duenak espedientea zuzenean eskuratzeko aukera bermatu beharko du, dagokion prozedura erregulatutako arauek ezartzen dutenaren arabera, eta interesdunak interesdun egoera egiaztatu beharko du lehenbizi, aipatutako espedientean jasotako dokumentuen kopia lortzeko eskubideari kalterik egin gabe.

49. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13.d) artikuluan xedatutakoa aintzat hartuz, lege horren 3. artikuluaren arabera administrazio publikoetan jarduteko gaitasuna dutenak dira lege berak xedatzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen titularrak.

Eskubide hori nazionalitate, auzotasun edo antzeko baldintzarik eskatu gabe gauzatuko da, eta prestakuntza, baliabideak, egoera pertsonalak edo baldintza edo egoera soziala edozein dela ere, hori guztia legeek kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzak eragotzi gabe.

50. artikulua. Jendaurreko informazioa.

1. Kapitulu honen ondorioetarako, informazio publikotzat hartzen dira hurrengo apartatuan zerrendatutako subjektuetako batek berekin dituen edukiak edo agiriak, formatua edo euskarria edozein dela ere, bere eginkizunak gauzatzean sortu edo lortu baditu, informazioa zer datatan sortu den alde batera utzita.

2. Honako hauek dira aurreko apartatuan aipatzen dituen subjektuak:

a) Milagroko Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, Udalarekin lotutakoak edo haren mendeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin eta kapital sozialean aurreko bi letretan aipatutako entitateen partaidetza, zuzen edo zeharka,%50etik gorakoa bada.

d) Milagroko Udalaren mendeko edo harekin lotutako fundazioak eta elkarteak.

Horiek guztiak daude behartuta kapitulu honetan xedatutakoa betetzera.

51. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Kapitulu honetan ezarritakoa bete behar duten pertsonek informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea edo eskuragarri egotea sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubidea inolaz ere eragotzi gabe.

2. Eskatutako informazioan identifikazio hutsezko datuak jasotzen direnean, lotuta daudenak toki-erakundearen antolaketarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin, organo eskudunak aukera emanen du informazioa eskuratzeko.

3. Eskatutako informazioa pertsona juridikoei buruzkoa denean, informazioa eman eginen da, nahiz eta bertan egon zuzendaritza, administrazio eta kontrol organoetako ordezkariak, administratzaileak edo kideak diren pertsona fisikoen izen-deiturak eta harremanetarako helbideak.

4. Eskatutako informazioa pertsona fisikoei buruzkoa denean eta datuak ez badaude bereziki babestuta, organoak jakinarazten ahalko dio informazioa eskatzaileari baldin eta eskaera aztertzean iruditzen bazaio honakoa lehenestekoa dela:

–Identifikaziorako edo harremanetarako datuak besterik ez direla, eta irizten zaionean horiek jakinaraziz ez zaiela kalte nabarmenik egiten ukitutakoen interesei.

–Eskatzaileak bere eskaera justifikatzen duenean zuzeneko interes legitimo baten titularra den aldetik, edo herritar gisa duenaz beste eskubide subjektibo baten izenean.

–Eskatzaileak ikerlaria izatea eta eskuratzeko adierazteko arrazoiak helburu historikoak, zientifikoak edo estatistikoak izatea.

–Ukituentzako kaltea txikiagoa izatea, agiriaren edo informazioaren datatik hasita hamar urte iragan direlako.

5. Aitzitik, eskaera ezesten ahalko du zuzenean ukitutakoen eskubideen berme handiagoa lehenetsi behar dela iritzita, agirian bildutako datuek haien intimitateari edo segurtasunari eragiten ahal diotenean, edo adingabeenak direnean.

6. Eskatutako informazioan datu bereziki babestuak jasota daudenean, ukitutakoaren baimen berariazkoa beharko da, baldin ukitutakoak berak ez baditu datu horiek modu agerikoan publiko egin eskuratzea eskatu aurretik, edo eskuratzea lege mailako arau batek babesten ez dituen.

7. Gainerakoan, datu pertsonalen babesari buruzko araudia hartuko da kontuan.

8. Ordenantza honen esparruan eskumena duten organoek artikulu honetan ezarritakoari buruzko kontsultak egiten ahal dizkiote toki-erakundean datuak babesteko eskumena duen unitateari.

9. Artikulu honetan jasotzen ez diren kasuetan, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduan babesteari buruzkoa eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duena; eta, bestetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

52. artikulua. Beste muga batzuk.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzean, honako hauetan ezarritako mugak aplikatuko dira: maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea eta aplikatzekoa den legedia sektoriala.

2. Muga horien interpretazioa ezin izanen da zabaldu, Nafarroako Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak edo autonomia erkidegoaren organo eskudunak ezarritako irizpideak betez, eta informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea eta ahalik eta eskuragarrien egotea sustatuko du, muga horiek kaltetu gabe. Nolanahi ere, ezarritako mugak modu arrazoituan eta neurriz aplikatuko dira, mugaren bidez babestu nahi den interes publikoa eta hedapenerako interes publikoa kontuan hartuta.

3. Eskatutako informazioak eskuratzeko eskubiderako mugetako bat baldin badu, muga horrek ukitzen ez duen informazioa modu partzialean eskuratzea onartuko da.

4. Informazioa modu partzialean eskuratzea onartzen denean, bermatu beharko da mugatutako informazioaren erreserba, eta erreserba horren ohartarazpena egiten dela eta jasota gelditzen dela.

53. artikulua. Prozedura eta aurkaratze araubidea.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedurak, baita alor horretako ebazpen espresuen edo ustezkoen kontrako aurkaratze araubideak ere, bete beharko du maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen III. tituluko II. eta III. kapituluetan xedatutakoa.

III. KAPITULUA

Ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula)

54. artikulua. Xedea.

1. Ediktuen taulan, Milagroko Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateen iragarkiak eta ediktuak jarriko dira, baita arau juridiko edo ebazpen judizial bidez Udalaren ediktuen taulan argitaratu behar diren beste administrazio publikoenak ere.

2. Ediktuen taula Udalaren egoitza elektronikoan txertatuta egonen da. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izanen dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen taula fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.

3. Prozeduraren arauak ediktuen taulan argitaratzeari buruzko aipamenik egiten ez badu, ez da beharrezkoa izanen argitaratzea, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko arrazoiengatik hala justifikatzen bada.

55. artikulua. Organo eskudunak.

Idazkaritzak eskumena izanen du ediktuen taulan testuak jartzeko eta bidaltzeko, eta, organoaren zigilu bidez, argitalpena automatikoki bidaltzen ahal da.

56. artikulua. Taularen funtzionamendua.

1. Toki-erakundeek eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek eta erakundeek ediktuen taula bakarra izanen dute, eta aplikaziozko lege xedapenei jarraituko die.

2. Ediktuen taularen antolakuntza eta funtzionamendu arauek honako hauek ziurtatuko dituzte:

a) Iragarkiak eta ediktuak sartzean, edukia eskuragarria, egiazkoa eta osoa dela ziurtatzea.

b) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eskuratzeko beharrezko baldintzak eta bilakaera teknologikora etengabe egokitzea.

c) Ebidentzia elektronikoak agertzea, inolako zalantzarik gabe taulan zer egunetan eta ordutan argitaratu zen eta zer argitaratze epea duen erakusteko.

3. Egoitza elektronikoaren bitartez ediktuen taulara sartzea doakoa izanen da eta ez da inolako identifikaziorik beharko.

Ediktuen taula Internet bidez kontsultatu ahal izanen da, eta Herritarren Arreta Bulegoan eta toki-erakundearen eta haren mendeko eta harekin lotutako erakundeen eta entitateen sarbide puntu elektronikoetan ere bai.

4. Ediktuen taulan argitaratzeak irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu, aplikatzekoak diren arauen arabera. Herritarren erabilera orokorreko estandarrak erabiliko ditu, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatzeko eskatutako baldintzak, bat etorriz honako hauei buruzko araudiarekin: oinarrizko baldintzak, desgaitasunen bat duten pertsonek eskura ditzaten informazioaren gizartearen eta komunikabide sozialen teknologiak, produktuak eta zerbitzuak.

5. Edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktuen taulak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

6. Ediktuen taula egunak dituen 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egonen da. Arrazoi teknikoak direla-eta ibiliko ez dela aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, adierazita zein diren kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak.

57. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Iragarkiak edo ediktuak ediktuen taulan argitaratuta egonen dira egintza edo espediente bakoitzean zehazten den epearen barrenean, eta, haren kontaketarako, agiriaren sinadura elektronikoaren ikusizko adierazpenean jasotakoa hartuko da argitalpen datatzat.

2. Horretarako, data eta ordua sinkronizatuko dira denbora zigilatzeko sistema batekin, eta edonola ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira epeak kontatzean.

58. artikulua. Ondorioak.

1. Toki-erakundeak bere eskumenak betez ematen dituen administrazio egintzak ediktuen taulan argitaratzen dituenean, indarreko araudiak ezartzen dituen ondorioak sortuko dira.

2. Argitaratzeko epeak iraganik, ulertuko da jakinarazpena egina dagoela, eta dagokion izapidea bukatutzat hartu eta prozedurak jarraituko du.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira jakinarazpenei eta argitalpenei dagokienez.

59. artikulua. Ediktu-taula bakarra.

Toki-erakundearen jakinarazpen iragarkiak, beste administrazio publikoenak bezalaxe, Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktu-taula bakarrean argitaratuko dira, baldin eta prozeduran interesa dutenak ezezagunak badira, jakinarazteko lekua edo bitartekoa ezagutzen ez badira, edo, jakinarazten saiatu ondoren, jakinarazi ezin izan bada.

60. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak dituzten ediktuak ediktu-taulan argitaratzeko, zorrotz bete beharko da datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudian xedatutakoa: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

VI. TITULUA

Erregistro elektronikoa

61. artikulua. Erregistro orokor elektronikoa sortzea.

1. Milagroko Udalak erregistro orokor elektroniko bat dauka, ofizialki sortu zena Alkatetzaren 2010eko irailaren 2ko Ebazpenaren bidez eta argitara eman zena 2010eko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 17an; Alkatetzaren 2021eko urtarrilaren 29ko 2021/0035 Ebazpenaren bidez berretsi zen.

Erregistro orokor elektronikora sartzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da (https://milagro.sedelectronica.es) eta beharrezkoa izanen da aurretik identifikatzea, horretarako erabiliz toki-erakunde honek onartutako eta ordenantza honen IV. tituluan (“Identifikazio eta sinadura elektronikoa”) aipatutako bitartekoetako bat.

2. Idazkaritzak kudeatuko du erregistro orokor elektronikoa.

3. Milagroko Udalarekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoak elkarren artean konektatuta egonen dira; Udalaren erregistro elektroniko orokorrarekin elkarreragina izanen dute, eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala bete beharko dute.

4. Bai Milagroko Udalaren erregistro orokor elektronikoak, bai erakunde edo entitate horietako erregistroek bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legedian ezarritako segurtasun berme eta neurriak eta, nolanahi ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala.

62. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren funtzionamendua.

1. Erregistro elektroniko orokorrean, Milagroko Udalarekin lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen erregistroa eginen da. Halaber, hartan idazten ahal da administrazio publikoen, haien erakundeen edo haiekin lotutako entitateen beste organoendako edo partikularrendako agiri ofizialen irteera.

Erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoetara sartzeko aukera emanen duen atari gisa funtzionatuko du erregistroak, eta data eta ordu ofizialak (egoitza elektronikoan jasotako berak) adieraziko ditu, baita toki-erakundearentzat eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeentzat baliogabetzat finkatutako egunen zerrenda ere.

Erregistroak aukera emanen du agiriak urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, aurkezteko.

Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan, erregistro orokor elektronikoan abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua agertuko da.

2. Agirien sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta adieraziko da zer egunetan egin diren. Erregistroko izapidea bukatuta, agiriak berehala igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, jaso diren erregistro beretik.

3. Milagroko Udalaren erregistro orokor elektronikoak eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek bermatuko dute erregistro bakoitzean honako hauek jasotzen direla gutxienez:

a) Erregistroaren zenbaki edo identifikadore unibokoa

b) Erregistroaren izaera

c) Aurkeztu zen eguna eta ordua

d) Interesdunaren identifikazioa

e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio

f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion

g) Eta, hala badagokio, erregistratzen den agiriaren edukiaren erreferentzia.

Horretarako, ziurtagiri bat eginen da automatikoki; dagokion agiri elektronikoaren kopia autentifikatua izanen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Erregistroaren bidez erregistro elektronikoan aurkeztu den idazki, jakinarazpen edo eskabidearen edukia. Horri dagokionez, aurkezpen inprimakian sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea onartzen ahal da.

b) Aurkeztu zen ordua eta data, eta horien arabera hasiko dira toki-erakundeak bete beharreko epeak zenbatzen.

c) Erregistroak erregistro elektronikoan duen zenbakia edo identifikatzailea.

d) Aurkeztutako agiriarekin batera eta erantsita doazen agirien zerrenda eta izena, eta horietako bakoitzaren aztarna elektronikoa ere bai; horiek egiaztatzeko ziurtagiria izanen da azken hori, agiriak osorik daudela eta uko egiten ez zaiela bermatzeko.

e) Automatikoki jakiten ahal bada eta erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, honako informazio hauek jasoko dira: hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitatea, ebatzi behar duen organoa, arauz zenbateko epea ezarri den gehienez prozedura ebazteko eta jakinarazteko, eta administrazio isiltasunak izaten ahal dituen ondorioak.

f) Erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko eta automatikoki jakiten ahal bada dagokion prozedura abiarazteko dokumentazio osoa edo zati bat falta dela, zuzentzeko errekerimendua igorriko da aipatutako ziurtagiriarekin batera, eta 10 eguneko epea emanen da horretarako.

4. Interesdunek toki-erakundeari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:

a) Milagroko Udalaren edo helburu duten erakundearen erregistro elektronikoan, zein edozein administrazio publikoren erregistro elektronikoetan.

b) Posta bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.

d) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan.

e) Indarreko xedapenek ezartzen dituzten beste toki guztietan, halakorik ezarriz gero.

Milagroko Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek erabat elkarreragingarriak izan beharko dute, hala, informatikoki bateragarriak direla eta interkonektatuta daudela, eta erregistroetako sarrerak eta erregistroetako edozeinetan aurkezten diren agiriak telematikoki igortzen direla bermatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikaziozko beste araudiek xedatutakoa betez.

5. Milagroko Udalean buruz buru aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.5 eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

Ordenantza honen bitartez, toki erakundeak nahitaezko egiten du zenbait agiri bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea egoitza elektronikoak hala adierazten duen izapideen, prozeduren eta pertsona fisikoen taldeen kasuan, eta haien gaitasun ekonomikoarengatik, teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoiren batengatik egiaztatuta dagoenean beharrezko bitarteko elektronikoak lortzen ahal dituztela eta eskura dituztela.

6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Milagroko Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, beste bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.

7. Milagroko Udalaren egoitza elektronikoak argitaratu eta une oro eguneratuta mantenduko du erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoen zerrenda, eta eskura jarriko du pertsona fisiko interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko gaituta dauden funtzio publikoko pertsonen zerrenda.

8. Agiriak eta informazioa ez dira erregistroan aurkeztutzat joko, haien araubide bereziak beste modu batean aurkeztu behar direla ezartzen badu.

9. Uko egiten ahal zaie honako baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoei:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten gailuak dituztenak.

b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, eredu normalizatuak onartzeko ebazpenak beharrezkotzat jotzen dituen eremuak betetzen ez badira, inkongruentziak, ez-betetzeak edo tratatzea eragozten duten bestelako kausak badaude edo aurkezteko eskatzen den ezaugarrietako bat betetzen ez badute.

Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiriari uko egiteko arrazoiak jakinaraziz eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak eta zer helbidetan aurkezten ahal duen adieraziz. Interesdunak hala eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emanen da, uko egiteko arrazoiak adieraziz.

Agiri elektronikoei uko egitea eragiten ahal duten baldintzak betetzen badira baina erregistro elektronikoak automatikoki errefusatu ez baditu, eskuduna den administrazio organoak dagokion zuzenketa egiteko eskatuko du, eta ohartaraziko du aurkezpena ez dela baliozko edo eraginkor izanen, errekerimenduari kasu egiten ez bazaio.

63. artikulua. Erregistroetan epeak zenbatzea.

1. Milagroko Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du erregistro elektronikora sartzeko egoitza elektronikoan, eta hura izanen da erregistro elektronikoen epeak kontatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Halaber, adieraziko da zer egun eta ordutan egonen diren zabalik erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, berma dadin interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea.

2. Milagroko Udalaren eta harekin lotuta edo haren menpeko entitate eta erakundeen erregistro elektronikoa, epeen kontaketarako oinarrituko da sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan; behar diren segurtasun neurriak izanen ditu horiek ongi daudela bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egonen dira.

3. Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, salbu arau batek berariazko aukera ematen badu egun baliogabean jasotzeko. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako agiriak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

4. Toki-erakundeak eta haren mende edo harekin lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen kontaketaren hasiera erabakiko da aintzat hartuta erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren.

5. Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, toki-erakundeak eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeek erabakitzen ahal dute iraungi ez diren epeak luzatzea. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko dute edo abisu baten bitartez aurrez adierazi beharko dute ezen, hala planifikatuta dagoelako, ez dela eskuragarri egonen eta iraungi ez den epea luzatu eginen dela.

64. artikulua. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarritako agiriak.

1. Interesdunek eskatutako datuak eta agiriak eman beharko dituzte administrazio prozeduran, bai hasieran bai izapidetu bitartean, baita egoki deritzoten beste edozein agiri ere. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

2. Milagroko Udalaren egoitza elektronikoak jaso eginen du interesdunek erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztean eman behar dituzten datuen eta agirien zerrenda sinplifikatua eta eguneratua, administrazio prozedura bakoitzerako.

3. Milagroko Udalak ez die interesdunei eskatuko honako hauek aurkezteko:

a) Agiri originalak, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak ez duen hala agintzen.

b) Toki-erakundeak berak edo beste administrazio batek egin dituen agiriak.

c) Aplikagarri den araudi erregulatzaileak eskatzen ez dituen datuak edo agiriak.

d) Interesdunak aurretiaz beste edozein administraziori eman dizkion datuak edo agiriak. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipatutako agiriak.

4. Milagroko Udalak administrazio prozedura abiarazteko eta izapidetzeko agiriak eta datuak jasoko ditu, bere udal sareen bitartez edo datuen bitartekotza plataformetan edo administrazio publikoek gaitutako beste sistema elektronikoetan kontsultatuz. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aldez aurretik informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.

5. Salbuespenez, Milagroko Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

6. Salbuespenez, Milagroko Udalak interesdunari agiri originala aurkezteko eskatzen badio eta agiri hori paperean badago, interesdunak egiazko kopia lortu behar du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori. Egiazko kopiak horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez lortzen ahal dira, herritarrei arreta emateko bulegoetan, horiek erregistroen gaietan laguntza emateko bulego gisa ariko baitira. Halaber, kopia horiek toki-erakundeak onetsi eta eskuragarri jartzen dituen administrazio jarduketa automatizatuko prozesuen bitartez lortzen ahal dira.

7. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Milagroko Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

VII. TITULUA

Antolakuntzari buruzko arauak

65. artikulua. Organo eskudunak.

1. Udalbatzari dagokio ordenantza hau eta haren aldaketak onestea, bai eta administrazio elektronikoaren alorreko arauketa tresna eta plangintza estrategikoko tresna guztiak ere, hurrengo artikuluan ezarritakoa izan ezik.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren plan estrategikoak urte anitzekoak izanen dira, eta, ahal bada, legealdi bat baino gehiago iraunen dute.

3. Alkateari dagozkio administrazio elektronikoaren gaineko beste eskumenak, eta, bereziki, prozedura elektronikoa ezartzeko prozesuak sustatzea eta zuzentzea, eta toki-erakundearen antolakuntza eta funtzionamendua egokitzeko beharrezko aldaketa kudeatzea, Idazkaritzak lagunduta.

4. Ahal den heinean, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira administrazio elektronikoa ezartzeko planak eta hura garatzeko beharrezkoak diren bestelako plan estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko. Talde horiek organo osagarri gisa eratzen ahal dira, Hobekuntza eta Berrikuntza Batzorde izenarekin edo egokitzat jotzen den beste batekin. Osaera mistoa izanen dute, eta Alkatetzari dagokio berezko burutza. Haien osaera teknikoa diziplina anitzekoa izanen da.

66. artikulua. Eskumenak gaitzea.

1. Ordenantza honek Alkatetzari eskumena gaitzen dio hura hobeki aplikatzeko behar adina xedapen onesteko.

2. Zehazki, Alkatetzari dagokio onestea honako hauen ondoriozko agiriak: Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretua eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretua. Estatuko Administrazio Orokorraren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoen baliokideak dira. Eta zehazki, honako hauek onetsi behar ditu:

• Informazioaren segurtasunerako politikari buruzko agiria (3/2010 EDaren 11. artikulua).

• Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 18. artikulua).

• Agirien kudeaketarako eta artxibo elektronikorako politikari buruzko agiria (4/2010 EDaren 21. artikulua).

• Digitalizazio protokoloen/prozeduren agiria.

• Agiri eta espediente elektronikoen bizi zikloaren protokoloen/prozeduren agiria.

• Denbora zigiluari buruzko politikaren agiria.

• Toki-erakundeko prozedura elektronikoaren garapena legez hobeki estaltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

3. Horrez gain, Alkatetzari dagokio egiaztapen-kode segurua sortzea, ordenantza honen 38.5 artikuluan xedatutakoa betez eta, hala badagokio, langile publikoendako gako itunduen sistemaren erabilera baldintzak eta zehaztapenak ezartzea (ordenantza honen 39.4 artikuluan jasotzen da).

4. Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak Alkatetzaren Ebazpen edo Dekretu bidez onetsiko dira. Eskudantzia Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzen badio, “Tokiko Gobernu Batzarraren Erabaki” bidez onetsiko dira. Politikaren edo protokoloen agiria bera Ebazpenari edo Erabakiari erantsiko zaio.

5. Artikulu honetan jasotako agirien edukia udaleko teknikariek prestatuko dute, une bakoitzean indarrean dauden Elkarreragingarritasun Arau Teknikoak kontuan hartuz eta toki-erakundearen antolakuntzaren ezaugarriei egokituz. Aukeran, aurreko artikuluko 3. apartatuan aipatutako organoek irizpena ematen ahal dute agiri bakoitzaren zirriborroari buruz.

VIII. TITULUA

Barne komunikazio elektronikoak

67. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko eskubidea eta betebeharra.

Milagroko Udaleko kideek eskubidea eta betebeharra dute bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko haren organoekin. Talde politikoek, udaleko langileen laguntzaz, beren kideei komunikazio elektronikoak zuzen egitea erraztuko diete.

68. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema

1. Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat egonen da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta zinegotzi edo udal talde politiko batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.

2. Sistema horretara sartzeko, idazkariari edo udal talde politikoek adierazten duten pertsonari emandako pasahitza erabiliko da, edota ezartzen den identifikazio elektronikorako sistema, baldin eta espedienteak gordetzen dituen zerbitzarira sartzea ahalbidetzen badu. Sarbide hori aipatutako agiriak irakurtzera eta inprimatzera mugatuko da, eta ezin izanen da inola ere edukia aldatu.

69. artikulua. Udalbatzako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.

Bai Idazkaritza eta Informatika Departamentuek bai gainerako udal zerbitzuek, ahal duten heinean, Udalbatzako kideei eta, hala badagokio, talde politikoen bozeramaileei eta idazkariei laguntza emanen diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.

70. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak

Edozein bitartekoren bidez (elektronikoa izan nahiz ez izan) lortzen den udaleko edozein informazio, hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburua ez den beste batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikagarri den legediaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.

71. artikulua. Langile publikoen komunikazioak.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluak ezarritakoaren arabera, Milagroko Udalaren langile publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute, izapideak egitean bai eta administrazio prozeduren barruan egiten diren barne eta kanpo komunikazioetan ere. Funtzionamenduari buruzko komunikazioen arloan, bitarteko elektronikoei eta informazioa hobeki jasotzea ahalbidetzen dutenei emanen zaie lehentasuna, eta, horretarako, titulu honetan jasotakoen antzeko baliabideak egituratzen ahal dira udalbatzako kideentzat.

72. artikulua. Arau osagarriak.

Titulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari jarraituko zaio, zeina onetsi baitzen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez, arlo horren lege mailako araudiei kontra egiten ez badie, behinik behin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ikus-entzunezko aktak (audio aktak eta bideo aktak).

1. Milagroko Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira.

2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

3. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkura bitartean erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izanen aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.

4. Aipatutako grabaketa audio akta izanen da, audio agiria bada, eta bideo akta, berriz, ikus-entzunezko agiria bada. Osoko bilkuren aktek agiri motaren arabera hartuko dute audio akta edo bideo akta sistema. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.

Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:

• Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa. Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legediak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.

• Ikus-entzunezko agiria edo bideoa: bilkuran gertatu denaren bideo grabaketa da, eta audioa eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

• Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, presidenteak ere sinatuko du ikus-entzunezko akta.

5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela ikus-entzunezko zatia ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan ezarri bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak Udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.

6. Partikularrek kide anitzeko organoen bilkura publikoak grabatzen ahal dituzte. Herritarren ekimenak baztertu gabe, Udalak bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izanen dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.

7. Xedapen honetan jasotzen ez diren kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.

Bigarrena.–Prozedura eta izapide berriak sartzea eta iragartzea.

1. Egoitza elektronikoan prozedura eta izapide berriak sartzeko, Alkatetzak edo, eskuordetzaren bidez, tokiko gobernu batzarrak ezarritako protokoloari jarraitu beharko zaio.

2. Egoitza elektronikoa erabiliko da elektronikoki izapidetzen eta komunikatzen ahal diren prozeduren eta tramiteen berri emateko eta horiek hedatzeko modu eguneratuan, nahiz eta erabili aginduzkoak diren edo egokitzat jotzen diren beste publizitate baliabide osagarri batzuk ere.

Hirugarrena.–Bitarteko elektronikoak erabiltzea barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Milagroko Udalaren kide anitzeko organoetan.

Ordenantza honen VIII. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da administrazioaren barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Milagroko Udalaren kide anitzeko organoetan bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Laugarrena.–Kontratu publikoei buruzko legedian administrazio elektronikoaz aurreikusten diren alderdiek (publizitatea, Kontratazio Ataria, lizitazio elektronikoa, puja elektronikoa, erreklamazio telematikoa, etab.) bete beharko dute sektoreko legedia, jasota dagoena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean (edo etorkizunean hura ordeztu edo aldatzen duena), baita toki administrazioari buruzko foru legediaren berezitasunak ere, kasua bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.–Gutxieneko epea udal webgunean argitaratzeko, udal ordenantzak edo erregelamenduak prestatzeko prozeduretan.

Arau garapena onesten ez den bitartean, aurreikusita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako bosgarrenean, gutxienez 10 egun baliodunekoak izanen dira Udalaren web atariaren bidez kontsulta publikoa egiteko epeak, lege horren 133. artikuluan eta ordenantza honen 62. artikuluan aipatzen direnak; organo eskudunak luzatzen ahalko du epe hori, bidezkotzat joz gero, kontuan hartuz onetsi gogo den arauaren izaera, konplexutasuna edo irismena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen da Milagroko Administrazio Elektronikoa arautzen duen udal ordenantza, argitara eman zena 2011ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 17an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Prozedura eta izapide berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta administrazio izapide berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek xedatu beharko dute horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Bigarrena.–Indarrean jartzea.

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte (hamabost egun baliodun).

2. Ordenantza honen testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egonen da toki-erakundearen egoitza elektronikoan.

Iragarkiaren kodea: L2111293