186. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

58E/2021 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren (MOVES III programa) deialdiaren 12. oinarria aldatzen duena. DDBN identifikazioa: 574654.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 51E/2021 Ebazpenaren bidez, izen hau duen dirulaguntzarako deialdia onetsi zen: “Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan” .

Deialdiaren 12.1 oinarriaren d) atalean, onuradunek bete beharreko baldintzei dagokienez, hauxe ezartzen da: “Baldin eta dirulaguntza jaso duen ibilgailu baten edo bestelako material mugikorren baten jabeak hura berriz saltzen badu 7 urte baino gutxiagoko epean, laguntza ordaintzen denetik hasita, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du MOVES III programaren laguntza jaso zuela.”

Apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuan, zeinaren bidez onetsi baitzen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), betiere Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, ez da berariaz ezartzen ondasunak onuradunaren izenean egon behar duela denbora jakin batez. Denbora guztian aipatzen da autonomia erkidegoek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritakoa bete behar dutela. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak hauxe ezartzen du 31.4.a) artikuluan:

“Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunak dirulaguntzaren xederako. Nolanahi ere, gutxienez bost urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publiko batean inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.”

Ondasunak zenbat denbora egon behar duen azken hartzaileen izenean erabakitzeko auziari dagokionez, IDAE institutuak (laguntza programa honen azken erantzulea) bere interpretazioa jakinarazi zuen autonomia erkidego erkidegoei bidalitako FAQ agirian (maiz egiten diren galderak). Bertan adierazi zuen, ibilgailuen kasuan, onuradunak gutxienez bost urtez mantendu behar duela ibilgailuaren titulartasuna, eta epe horretan dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko duela.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak honako hau xedatzen du 28.4.a) artikuluan:

“Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako. Nolanahi ere, gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.”

FAQ agirian IDAEk egindako interpretazioarekin bat, eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean jasotakoari jarraikiz, hori baita Nafarroan aplikatzen dena, goian adierazitakoa jaso zen deialdiaren 12. oinarrian, hots, ondasuna 7 urtez mantendu behar zela (Ibilgailuen Erregistroa erregistro publiko bat zela iritzita).

Uztailaren 8an, IDAEk Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren beste interpretazio bat egiten zuela jakinarazi zion Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuari (interpretazio hori egin du ASNEF-Kreditu Entitateen Espainiako Elkarteari egindako kontsultaren ondoren).

Interpretazio berri hori justifikatzeko, IDAEk adierazten du Ibilgailuen Erregistroa erregistro administratibo huts bat dela, ez dela erregistro publiko bat, eta, hortaz, ez dela sartzen Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.4 artikuluan ezarritakoaren barruan. Hortaz, gutxieneko epea 2 urtekoa da, eta ez 5 urtekoa.

IDAEren zerbitzu juridikoek zentzuzkotzat hartu dute interpretazio hori, eta hasiera batean bidali zuten FAQ agiria aldatu dute, berariaz hauxe jasotzeko: “Ibilgailuen kasuan, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzaren azken hartzaileak gutxienez bi urtez erabili beharko ditu ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako. Laguntza emateko baldintzetan ezer aldatzen bada epe hori bukatu baino lehen, laguntza eman zion organoari jakinarazi beharko dio”.

Hortaz, oinarri harturik IDAEk egindako interpretazio berria, eta hura ontzat emanez, bidezkoa da Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren (MOVES III programa) deialdiaren 12.1. oinarriaren d) atala aldatzea. Deialdi hori Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen da, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren (MOVES III programa) deialdiaren 12.1 oinarriaren d) atala aldatzea. Deialdi hori Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen da, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Horrenbestez, atal hori honela idatzita geldituko da:

“Baldin eta dirulaguntza jaso duen ibilgailu baten edo bestelako material mugikorren baten jabeak hura berriz saltzen badu 2 urte baino gutxiagoko epean, laguntza ordaintzen denetik hasita, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du MOVES III programaren laguntza jaso zuela. Horrez gain, adierazi beharko da eskuratzaileak konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xede zehatzerako erabiltzeko eta funtzionamendu-egoera egokian mantentzeko, gutxienez, aipatu epea bukatu arte. Bestela, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak espediente bat abiaraziko du laguntza itzultzeko.

Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xedeko ondasunaren kontratua sinatzen denetik.

Baldin erosleak ez baditu betetzen besterentzearen betekizunak, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko uztailaren 30ean.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2111992