186. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

88/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Agindua. Agindu horren bidez “Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa” izeneko 560 eredua onetsi zen, eta hori aurkezteko modua eta prozedura ezarri ziren.

Besteak beste Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatu zuen azaroaren 27ko 28/2014 Legeak aldaketa nabarmena ekarri zuen elektrizitatearen gaineko zergaren kontzeptuari dagokionez; izan ere, fabrikazioaren gaineko zerga berezi bat izateari utzi zion, eta, geroztik, kontsumorako energia elektrikoaren hornidura edo energia elektrikoaren ekoizleek beraiek sortzen duten elektrizitatearen kontsumoa kargatzen duen zerga bat izatera igaro da.

Zergaren kontzeptu-aldaketa honek eskatu zuen zergaren autolikidaziorako eredu berria onestea, zeinetan bilduko baitziren konfigurazio berrian zergak indarra hartzeko beharrezkoak diren aldaketak. Hala, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren bidez onetsi zen “Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa” 560 eredua.

2015eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean eta ordutik hona elektrizitatearen gaineko zerga berezia erregulatzen duen araudiak aldaketa asko izan ditu; besteak beste, salbuespen-kasuak, murriztapen-kasuak eta zerga-tasa aldatu dira, eta horiekin batera murriztapenen aplikazioari, lurraldeko erregistroan inskribatzeari eta zergaren likidazio eta ordainketei buruzko aldaketak ere egin dira. Horiek guztiak nahikoa arrazoi dira aipatu Foru Aginduren bidez hasiera batez onetsi zen 560 eredua aldatu beharra justifikatzeko.

Foru agindu honek otsailaren 16ko 14/2015 Foru Agindua aldatzen du, 560 ereduan aitortutako kuota eta kopuruen xehetasun gehiago jasotzeko, batez ere. Eredua bide telematikotik aurkezteari buruzko artikuluak ere aldatzen dira, batez ere, terminologia aldetik eguneratzeko, eta eredua aurkezteko erabil daitezkeen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemei buruzko erreferentziak eguneratzeko.

Azkenik, 7. artikulu bat gehitzen zaio, non onesten baita Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102.2 artikuluan aipatzen den lurralde erregistroan inskribatzeko txartela.

2021eko urriaren 1a baino lehenagoko likidazio-aldiei dagokienez, epez kanpoko aitorpenak, aitorpen osagarriak edo aitorpen zuzentzaileak modu bereizian aurkezteko, otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren bidez hasiera batez onetsi zen 560 eredua erabiliko da. Eredu horrek herritarren eskura segituko du Nafarroako Foru Ogasunaren web orrian.

Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta formalak aplikatuko ditu, eta, zerga berezien arloko arauak eman arte, honakoak aplikatuko dira Nafarroan: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta Zerga Berezien Erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 16ko 41/2015 Foru Agindua aldatzea. Horren bidez onetsi zen 560 eredua, “Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa” izenekoa, eta ezarri zen hori aurkezteko modua eta prozedura.

Otsailaren 16ko 41/2015 Foru Aginduaren aginduek testu hau izanen dute:

Bat. 2. artikulua, bigarren paragrafoa.

“96. artikuluko 1. eta 4. apartatuetan araututako zergadunek 560 eredua aurkeztu beharko dute, edozein izanik ere likidazioaren emaitza. Aldiz, merkaturatzaile edo banatzaile ez direnak ez daude behartuak eredu hori aurkeztera sartzeko kuotarik ez duten likidazio-aldietan”.

Bi. 4. artikulua.

“4. artikulua. 560 eredua aurkezteko modua.

560 eredua bide elektronikotik aurkeztuko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta hango baldintzak betez.”

Hiru. 5. artikulua.

“5. artikulua. 560 ereduko aitorpenak bide elektronikotik, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 560 ereduko aitorpenen aurkezpen elektronikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, gaitutako ziurtagiri elektroniko bat erabiltzen duena eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa izan behar duena, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

c) Aitorpenak hirugarrenak ordezkatuz egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea (Aitorpenak hirugarren pertsonak ordezkatuz bide telematikotik aurkezteko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat), b) letran adierazitako ziurtagiri elektronikoa aitortu bat eduki beharko du.

d) Zergapekoak pertsona fisikoak direnean, Cl@ve sistema erabiliz ere egin daiteke aurkezpena, zeina identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema baita, amankomuna dena Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta harekin bat egiten duten beste autonomia erkidego eta toki entitateetarako, eta araututa dagoena PRE/1838/2014 Aginduan. Hari esker, herritarrak harreman elektronikoa izan dezake zerbitzu publikoekin gako itunduen bidez, hartan erabiltzaile gisa izena eman ondoren.

e) 560 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako Foru Ogasunaren atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

f) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bat etorriz Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutakoarekin, aurreko apartatuan ezarritako identifikazio sistemak sinatzeko sistema gisa erabiliko dira.

https://hacienda.navarra.es helbidean edukiko da aurkezpen elektronikoa gaituta duten zerga-betebeharren zerrenda eguneratu bat, eta zehaztuko da aurkezpen modu hori zeinetan den gaituta dagoen bakarra.

3. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.”

Lau. 6. artikulua.

“6. artikulua. 560 ereduaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura.

1. Aurkezpen elektronikoa Internet bidez egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1.–Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2.–Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3.–Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du.

2. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

3. Zergadunek 560 eredu bat aurkeztu eta, hala badagokio, zerga-zorra ordaindu beharko dute, jarduera gauzatzeko erabilitako establezimendu bakoitzeko. Aurkezpena eginen da eta, hala badagokio, zerga-zorra ordainduko lurraldeari dagokionez eskumena duen zerga administrazioaren aurrean. Zergadun batek hornidurak egiten baditu administrazio baten baino gehiagoren eskumeneko lurraldeetan, administrazio horietan guztietan eskatu beharko du inskripzioa.”

Bost. 7. artikulua. 1.

“7. artikulua. Lurralde erregistroan inskribatzeko txartelaren eredua onestea.

Onesten da lurralde erregistroan inskribatzeko txartelaren eredua, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 102.2 artikuluan aipatzen dena.

Lurralde erregistroan inskribatzeko eskaera bide elektronikoa erabiliz eginen da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez. Horretarako artikulu honetan onesten den inskribatze-txartela bete beharko da; Foru Agindu honen I. eranskinean dago.”

Sei. Lehen xedapen gehigarria indargabetzea.

Zazpi. Lehen xedapen iragankorra, bigarren xedapen iragankorra eta hirugarren xedapen iragankorra indargabetzea.

Zortzi. Lehen xedapen gehigarria eranstea.

“Lehen xedapen gehigarria.–Estatuko araudi aplikagarria.

Foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion orotan, otsailaren 25eko HAP/172/2021 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean. Agindu horren bidez elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren zergadunen zentsuaren egitura eta funtzionamendua ezarri ziren, “Elektrizitatearen gaineko zerga berezia. Autolikidazioa” 560 eredua onetsi zen eta hori aurkezteko modua eta prozedura ezarri ziren.”

Bederatzi. Bigarren xedapen gehigarria eranstea.

“Bigarren xedapen gehigarria.–Elektrizitatea identifikatzeko kodeak (EIK) ofizioz bihurtzea.

Otsailaren 25eko HAP/172/2021 Agindua aplikatuz, elektrizitatea identifikatzeko kode aktiboak (EIK) aldatu behar badira, kudeaketa bulegoak ofizioz eginen ditu behar diren jarduketak eta, hala badagokio, aurreko txartelak ordezkatzeko beste inskribatze-txartel batzuk emanen ditu.”

Hamar. Hirugarren xedapen gehigarria eranstea.

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Lurralde erregistroan inskribatzeko eta 560 eredua zerga administrazio batean baino gehiagotan aurkezteko beharra.

Zergadunek lurralde erregistroan inskribatzeko eskaera egin beharko dute eta 560 eredua aurkeztu beharko dute lurraldeari dagokionez eskumena duen zerga administrazioaren aurrean.

Lurraldeari dagokionez eskumena duten zerga administrazioak bi edo gehiago badira, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 96.1.a) artikuluan ageri diren zergadunek energia elektrikoaren hornidura non egiten den haietan bete beharko dituzte administrazio horietako bakoitzaren aurrean inskribatzeko eta aurkezteko betebeharrak.”

Xedapen iragankor bakarra.–2021eko urriaren 1etik atzerako likidazioaldiei dagozkien 560 ereduak.

2021eko urriaren 1etik atzerako likidazioaldiei dagozkien autolikidazioak aurkezteko, foru agindu hau onetsi aurretik indarra zuen 560 eredua erabili behar da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duen une beretik, indargabetuta geldituko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 85/2007 Foru Agindua, “Aitorpen-likidazioa. Elektrizitatearen zerga” 560 eredua multzoka aurkezteko fitxategietako erregistroen diseinuak onesten dituena”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2021eko urriaren 1etik aurrera egiten diren sortzapenei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2021eko uztailaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA

Lurralde erregistroan inskribatzeko txartela (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2111604