184. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FONTELLAS

Deialdia, hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko, musika eskolako irakasle lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, tronboi, perkusio, zeharkako txirula, klarinete, tronpeta eta saxofoi espezialitateetan

Fontellasko Udaleko alkate udalburuak deialdia onetsi zuen 2021eko uztailaren 14an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, Musika Eskolako irakasle lanpostuetan aritzeko, tronboi, perkusio, zeharkako txirula, klarinete, tronpeta eta saxofoi espezialitateetan, Fontellasko Udalaren Musika Eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzun beharrez.

Aldi baterako kontratudunak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ba ote den Musika Eskolako irakasle lanpostuan, behar den espezialitatekoan, lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu arren lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Musikako erdi mailako titulua izatea, izangaiak aurkezten diren espezialitatekoa, edo hura lortzeko baldintzetan egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak Fontellasko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (erregistro telematiko bidez, egoitza elektronikoan nahiz bertaratuta, bulegoan) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Fontellasko Udalaren bulegoetan, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean. Haietan, zein espezialitatetan hartzen den parte adieraziko da.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako tituluaren eta nortasun agiriaren fotokopiak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, bai eta lehiaketaldirako alegatutako merezimenduen frogagiriak ere.

3.2 Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Fontellasko Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Fontellasko Udalaren iragarki taulan argitaratuko da, Udaletxeko beheko solairuan baitago, bai eta haren web orrian ere (Fontellas.info).

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Fontellasko Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren iragarki taulan eta web orrian argitaratzeko aginduko, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Fontellasko Udalaren iragarki taulan eta haren web orrian argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Epaimahaiburua: Andrés Agorreta Arriazu Fontellasko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Sheila Pérez Martínez Fontellasko Udaleko Kulturako zinegotzi delegatua.

Epaimahaikidea: Jesús María Santos Villafranca musika irakaslea, tronpeta espezialitatekoa.

Ordezkoa: Iñaki Sádaba Ruiz, saxofoi espezialitatekoa.

Epaimahaikidea: Diego Ramírez Parra musika irakaslea, perkusio espezialitatekoa.

Ordezkoa: Vicente Ferrer Chasco musika irakaslea, tronboi espezialitatekoa.

Epaimahaikidea: Javier Pérez Alonso musika irakaslea, klarinete espezialitatekoa.

Ordezkoa: Emilio Montes Sanz musika irakaslea, txirula espezialitatekoa.

Epaimahaikide-idazkaria: David Modrego Jiménez Fontellasko Udaleko idazkari eta kontu-hartzailea.

Ordezkoa: José Luis Romano Blasco, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.

6.2 Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta Udalean horren berri emanen dute, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.3 Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4 Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7.–Hautapen prozesua nola eginen den, eta balorazioa.

7.1 Hautaketa eginen da oposizio-lehiaketa bidez, eta bi alditan banatuko da: lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.1.1. Lehiaketaldia. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimenduen baremoa:

–Lanbideko esperientzia:

–Edozein administrazio publikotan edo erakunde pribatutan egindako zerbitzuengatik, aurkeztutako espezialitateko lanpostuaren kategoria eta eginkizun berberak dituen lanpostu batean: 1 puntu, urte oso bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

7.1.2. Oposizioaldia:

Lehenbiziko proba, ariketa teorikoa. Lau galderari erantzun beharko zaie, ordubetean gehienez ere.

Galderak honako hauei buruzkoak izanen dira: eskola-saio baten programaziorako nahiz denboralizaziorako edo antolaketarako parametroak; teknologia berrien erabilera ikasgelan, dagokion espezialitatean; eskola edo klase kolektiboa; dagokion espezialitateko instrumentuari berari buruzko galderak, hala nola, ikaskuntza, ariketa teknikoak, metodoak; instrumentuaren inguruko literatura, eta Fontellasko udal Musika Eskolaren ibilbidea

Proba honetan 0tik 20 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 10 puntu beharko dira.

Bigarren proba: 20 minutuko saioa izanen da, Musika Eskolan matrikula egina duen ikasle bati eman beharrekoa, zein den ere haren maila. Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera betiere musikako helburua erdieste aldera, baita izangaiari egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk ere. Epaimahaiak egoki juzgatzen dituen argibideak oro eskatzen ahalko ditu.

Proba honetan 0tik 30 puntura bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

7.2 Probetarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azaldu beharko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.3 Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, elbarritasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1 Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Fontellasko Udalaren iragarki taulan eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Fontellasko Udaleko alkate udalburuari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2 Gainditu duten izangaiei Fontellasko Udalaren Musika Eskolan gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3 Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa, maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzea).

8.4 Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan. Lanpostuak B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu.

8.5 Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuko beharrek hori eskatzen dutenean.

Irailetik ekainera bitarteko ordutegiak. Hona hemen lanpostuen lanorduak astean, (2020/2021 ikasturtekoen arabera), guztiak ere lanaldi partzialekoak baitira:

Tronboi espezialitatea: 1ordu 30’.

Perkusio espezialitatea: 5 ordu 15’.

Zehar txirula espezialitatea: 2 ordu 15’.

Klarinete espezialitatea: 4ordu 15’.

Tronpeta espezialitatea: 4 ordu 15’.

Saxofoi espezialitatea: 2 ordu. 15 ordu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Fontellasen, 2021eko uztailaren 14an.–Alkate udalburua, Andrés Agorreta Arriazu.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2111504