184. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda: Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektua, “Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokionez. Horrekin batera, ondasun eta eskubide horiek okupatu aurreko aktak egiteko egunak adierazten dira.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak apirilaren 21eko 12/2021 Foru Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozeduraren tramitazioari: Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektua, “Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokionez.

Ondasunen eta eskubideen zerrenda hori jendaurrean egon zen 15 egunez, 2021eko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, maiatzaren 21ekoan, eta banan-banan jakinarazi zitzaien ukitutako titularrei.

Alegazioak aurkezteko epearen barruan, 2021eko ekainaren 4an, Electra Valdizarbe Distribución SLUk alegazio idazki bat aurkeztu du. Jarraian, alegazio hori laburtu eta erantzuna ematen zaio:

Laburpena: Alegatzen du bera dela proiektuak ukitutako eremuan argindarra banatzen duen enpresa, eta 10. poligonoko 895. lurzatian linea elektrikoarentzat ezarritako bide zortasunaren titularra ere badela, baina ukipen hori ez dagoela proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan.

Adierazten du, orobat, ezen, kontuan harturik ukitutako lurzatiak gai inerteen hondakindegi eta biltegi gisa erabiliko direla, jendaurrean jartzen den proiektuan berariaz adierazi beharko litzatekeela lurzatirainoko distantziak 7 metrokoa izan beharko lukeela gutxienez, hala ezartzen baitu Goi Tentsioko Linea Elektrikoen Erregelamenduak ITC-LAT 07 jarraibide teknikoan (kalkulurik kaltegarriena eginda, hots, 50ºC, erregelamendu horren 3.2.2 eta 5.5 artikuluen arabera). Proiektuaren datuak aztertuz, kasu honetan, lurzatirainoko distantziak (20ºC-ra) 7,7 metrokoa izan beharko luke gutxienez. Horrez gainera, adierazten du ezen, litekeena bada ere ukitutako linearen tarteek erregelamenduzko altuera izatea, hondakinak pilatu ahala lurraren kota igotzen dela, eta, horrenbestez, linea elektrikoaren eta lurraren arteko distantzia murrizten dela. Horren ondorioz, litekeena da tarte batzuk adierazitako erregelamenduzko altueratik (7,7 metro) behera kokatzea. Horrek pertsonentzako arriskua ekarriko luke, linearen azpitik makinak igarotzen direlako.

Horiek horrela, eskatzen du: (I) jasota geldi dadila 10. poligonoko 895. lurzatian dagoen ukipena, alegazio-egilearen linea elektrikoaren bide-zortasunari dagokiona, eta (II), jaso daitezela Goi-tentsioko Linea Elektrikoen Erregelamenduan ezarritako segurtasun neurrien baldintzak.

Erantzuna: Alegazio-idazkia desjabetzearen onuradunari bidali zaio, eta hauxe adierazi du: “10. poligonoko 895. lurzatiak luzetarako forma du, eta 17.827,77 m²-ko azalera hartzen du. Lurzatiaren 870,71 m² ukitzen dira, oso toki zehatz batean.

Alegazioan adierazten den bezala, lurzatiaren hegoaldeko ertzean, linea elektriko batek lurzatia zeharkatzen du. Erantsitako planoan adierazten dira linea horrek lurzatian duen ibilbidea eta okupatuko den eremua, ez hondakindegi gisa, baizik eta Mahasti Zaharretako bidearen mendebaldean dauden finketan sartzeko behin-behineko bide gisa. Plano hori ikuste hutsarekin argi gelditzen da okupazioak ukitutako eremua ez dela linea dagoen eremua, urrutiago dagoen beste bat baizik. Hortaz, linea elektrikoari eta dagoen zortasunari ez zaie inolako ukipenik eragin behar”.

Proposamena: aurkezturiko alegazioak ezesten dira, kontuan harturik onuradunak azaldutako arrazoiak, ontzat hartzen ditugunak zuzenak direlako.

Horregatik guztiagatik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta bat etorriz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuan emandako eskudantziekin,

AGINTZEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak foru agindu honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea honako proiektu honek ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda: Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektua, “Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokionez. Zerrenda hori foru agindu honi erantsi zaio, I. eranskin gisa.

3. Dei egitea Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko Proiektuak (“Espartza Galarkoa handitzea” kokalekuari dagokiona) ukituriko ondasun eta eskubideen titularrei, Galar zendeako eta Zizur zendeako alkate-udalburuei eta Recuperación Ambiental SLren ordezkari bati, desjabetzearen onuradun gisa, 2021eko irailaren 9an eta 10ean ager daitezen aipatutako udaletxeetan, II. eranskinean adierazitako egun eta orduetan, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera.

Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman dezakete, nork bere kontura.

4. Gurutze Úbeda Etxarri andrea eta Silvia Castella Alondo andrea izendatzea Administrazioaren ordezkari, bietako edozeinek sina ditzan okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak.

5. Enrique Ganuza Monreal jauna Administrazioko peritu izendatzea.

6. Foru agindu hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Galar zendeako eta Zizur zendeako iragarki-tauletan argitaratuko dira, eta ukitutako titularrei jakinaraziko zaie banakako zitazio zedularen bidez. Orobat, ohartarazten da argitalpen hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea den kasuetarako.

7. Foru agindu hau igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzura, eta jakinaraztea interesdunei, Recuperación Ambiental SLri, Galar zendeako Udalari eta Zizur zendeako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Goiko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko uztailaren 13an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

I. eranskina

Ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza (PDFa).

II. eranskina

Zitazio programa irailaren 9rako eta 10erako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2110963