184. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

73E/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Europa Hurbilago Programarako Laguntzak” dirulaguntzaren deialdia 2021erako. DDBN identifikazioa: 575872.

Gobernuak 2016ko uztailaren 27ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Gobernuaren Europako Ekintza Planean adierazten den bezala, Bruselan egoitza dute Europako edo nazioarteko 1.500 erakundek baino gehiagok, 160 enbaxadak eta Europako lanbide elkarte eta federazio gehienek. Horrez gain, Brusela munduko prentsa zentro handienetako bat da, eta bertan aritzen dira atzerriko 60 banketxetik gora, nazioarteko 1.700 enpresa, nazioarteko 300 abokatu kabinete eta aholkularitza-etxe, bai eta nazioarteko 21 eskolatik gora ere.

Plan horren ardatzetako bat da Europar Batasuneko funtsak eskuratzeko orduan Nafarroako entitateen itzulkina hobetzea. Eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean eskualdeko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateetarako funtsak lortzeko, europar programetatik edo bestelako iturrietatik (adibidez, Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik), aurretik zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio baldin Nafarroak lortu duen arrakasta handiagoa izatea nahi bada, hots, itzulkina hobetuko bada. Bruselan gertatzen denari buruzko informazioa eta ezagutza izatea funtsezkoa da. Jakina, Europako programei eta finantzaketarako beste aukera batzuei buruzko informazioa erraz eskuratzeko bideak behar dira, eta zabalkunde kanpaina bat egin beharra dago.

Horregatik egin da Europa Hurbilago laguntza programaren deialdia, helburu duena Nafarroako entitateei laguntza zehatza izateko aukera eskaintzea, hobetu ditzaten Europako proiektuen arloan laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak, eta modu horretan areagotu dadin Nafarroako entitateek aurkeztutako proposamen horien arrakasta maila, Foru Komunitatearen lurraldera Europako funts gehiago erakarriz.

2021eko Nafarroako Aurrekontuetan partida hau dago: “B50000/B5000/4701/145100: Suspertu plana. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak”, 20.000 eurokoa.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

B50000-B5000-4701-145100: Suspertu plana. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak

2021

20.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko uztailaren 19an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO ENTITATEENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA “EUROPA HURBILAGO” PROGRAMAREN ESPARRUAN

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen helburua da araubide bat ezartzea laguntzak emateko bai Europa Hurbilago programan parte hartzen duten Nafarroako entitateentzat, bai eta Europar Batasunak bultzatutako programen deialdietara aurkezteko asmoz prestakuntza ekintzak gauzatzen ari diren entitateentzat ere.

Neurri horiei esker, entitateek Europako proiektuen esparruko laguntzen deialdietara aurkezteko prestatzen ari diren proposamenak hobetuko dituzte. Hori egokitzat jotzen da, horrela proposamen horien arrakasta maila handitzen ahal delako eta, ikuspegi publikoari dagokionez, Europako funts gehiago erakarriko dituelako Foru Komunitatearen lurraldera.

2. oinarria.–Aurrekontua.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 20.000 eurokoa da, gehienez ere, 2021eko gastu aurrekontuko “Suspertu plana. Europa Hurbilago Programarako Laguntzak” izeneko B50000/B5000/4701/145100 partidaren kargura.

3. oinarria.–Onuradunak.

Honako beharkizunak betetzen dituzten entitateak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

b) Eskaera aurkezten den egunetik exekuzio epea bukatu arte, altan emanik egotea eta zerga-betebeharrak beteta eta eguneratuak izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

d) 2021ean edo 2022an eginen den Europako deialdi baterako aurkeztuko duten proiektu bat prestatzen aritzea.

4. oinarria.–Europa Hurbilago programa.

Europa Hurbilago programak ekintza hauek biltzen ditu:

1. Proposamenak eratzeko prestakuntza ekintzak Horizonte 2020 programaren agertoki berrian, etorkizuneko Horizon Europe programan eta Europar Batasunaren beste programa edo ekimen batzuetan, egokitzat jotzen denean. Prestakuntza hori Nafarroan emanen da, Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneekin lankidetzan, eta nagusiki praktikoa izanen da.

2. Entitateen bidaia-gastuak ekitaldietara, biltzarretara eta hitzaldietara joateko, bilerak antola ditzaten beren proposamenak Europar Batasunaren esparruan hobetzeko gakoak diren agenteekin. Horretarako, Europar Batasuneko Gaietarako Nafarroak duen Bulego Iraunkorrak entitateen beharrei egokitutako bileren agenda bat antolatuko du, lankidetzan Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) Bruselan duen bulegoarekin (SOST) eta Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneekin. Hasiera batean, agendek honakoak hartuko dituzte barnean:

–Taldeko lan saioak SOSTen egoitzan; horietan CDTIko ordezkariek eta Europako Batzordeko txostengileek bertatik bertara azalduko dituzte Horizon2020 programaren, etorkizuneko Horizon Europe programaren eta beste programa batzuen berrikuntza nagusiak, bai eta entitateen parte-hartzearen gakoak ere.

–Banakako elkarrizketak Europako Batzordeko Project Officers-ekin; aurretik zehaztuko dira, entitateek garatutako proposamenen arabera. Banakako elkarrizketak eginen dira, betiere enpresak proposamen zehatza badu eta Project Officers-ek berresten badituzte.

–Bilerak Europako entitateekin (beste enpresa batzuk, Europako sareak eta plataformak, Merkataritza Ganberak...), partzuergoak osatzeko, Nafarroako entitateek Europa mailan antolatzen den artekaritzan izandako parte-hartzeen bidez.

–Parte hartzea Europar Batasunak antolatutako info days jardunaldietan, biltzarretan, mintegietan eta beste edozein eratako ekitaldietan, bai eta lotutako erakundeek antolatutakoetan ere, baldin helburu badute eskaintza hobeto kokatzea eta prestatzea, Europar Batasuneko deialdi batetik finantzaketa lortzeko asmoz.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira zuzenean loturik daudenak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 2ra bitarte Europa Hurbilago programan parte hartzearekin.

Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) 4.1 oinarrian prestakuntza ekintza gisa adierazitakoetan izena ematea.

b) Europar Batasunean egindako bidaiaren garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), ostatu hartzea (hotela) eta mantenua.

–Ekintzaren garapenerako ezinbestean behar diren gastuak bakarrik onartuko dira.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Bertaratze bakoitzeko onartutako gastuaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen 1.000 euro baino gehiagokoa (BEZa kenduta).

–Gastu horiek berariaz zehaztuak egon behar dute onuradunari igorritako fakturetan, eta espresuki adierazi behar da eginkizun horretarako zein profesional izendatu duen enpresak. Bertaratze bakoitzeko profesional bakar baten joan-etorria finantzatuko da.

2021eko deialdi honetan, erakunde onuradun bakoitzaren gastu diruz lagungarria ez da izanen, inola ere ez, 1.000 euro baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien honako portzentajeak finantzatuko dituzte laguntzek:

GASTUAREN KONTZEPTUA

DIRULAGUNTZAren %

Proposamenak eratzeko prestakuntza ikastaroa

%50

Enpresako pertsona baten bidaia-gastuak ekitaldi, biltzar eta hitzaldietara joateko (bidaia-gastuak, ostatua, mantenua)

%100

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Hiru hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/convatoria-de-ayudas-a-empresas-de-navarra-en-el-marco-del-programa-europa-cerca-2021 (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera, I. eranskineko ereduaren arabera.

b) Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Enpresaren Jarduketa Planaren memoria, garatu nahi duen Europako proiektuaren gainekoa. Horretan gutxienez honakoak sartuko dira:

1.–Enpresaren deskribapena eta xedea eta Europa Hurbilago programan parte hartzeko helburuak

2.–Proiektu proposamenaren/ideiaren deskribapena, Europako zer deialditara aurkez litekeen adierazita.

3.–Proiektua idazteko eginen diren ekintzen kronograma.

4.–Proiektuaren garapenarekin lortu nahi dituen emaitzak.

d) Jarduerak, banakatuta, eta aurrekontua, non adierazten baita dirulaguntzaren xedeko jardueretan parte hartzeko kostuen aurreikuspena.

Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetan aipatu baldintzak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Dirulaguntza hau norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, konparatu eginen dira oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera baloratutako eskaerak, horien arteko lehentasuna ezartzeko.

Balorazio irizpideak: Ebazpen honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da organo eskuduna, dirulaguntza nori eman erabakitzeko. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea hilabeteko epean, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Inguruabar hori espresuki aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketarena aipatutako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Horretarako, interesdunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

10. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

11. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Honako betebehar hauek konplitu beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

c) Laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri ematea Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari. Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Edozer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

d) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute.

e) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

I) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

12. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

2021eko abenduaren 10a azken eguna izanen da egindako ekintzaren justifikazioa aurkezteko, behar bezala eta telematika bidez aurkeztuko dena.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako dirulaguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutenak. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko.

b) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen, hau da, abenduaren 10a baino lehen, ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat.

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan.

Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

Bete beharreko eredua deskargatu (DOC).

II. ERANSKINA

“Europa Hurbilago” proposamenen balorazio irizpideak

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Enpresaren deskribapena eta xedea eta Europa Hurbilago programan parte hartzeko helburuak

Zehatzak, neurgarriak, errealistak izan behar dute

20

Baloratuko da benetako sinergiarik dagoen entitatearen xedearen eta eskuratu nahi diren EBko programen eta dirulaguntzen helburuen artean (2000 karaktere, gehienez ere).

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Enpresaren Ekintza Plana 2021-2022rako

Proiektu ideiaren deskribapena, zer deialditara aurkez litekeen adierazita

20

Modu arrazoituan identifikatzea zein izan daitezkeen EBko programen deialdi berariazko interesgarriak haietan parte hartzeko. Baloratuko da enpresak identifikatzea Europako Batzordearen urteko balizko lan programa edo bestelako dokumentu batzuk (2000 karaktere, gehienez ere).

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Enpresaren Ekintza Plana 2021-2022rako

Proiektua idazteko eginen diren ekintzen kronograma

20

EBk 2021erako aurreikusitako deialdien egutegiaren identifikazioa eta azalpena (2000 karaktere, gehienez ere)

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Enpresaren Ekintza Plana 2021-2022rako

Proiektuaren garapenarekin lortu nahi dituen emaitzak

20

Enpresak aurreikusten dituen prestakuntza ekintzen, aldebiko topaketen eta abarren deskribapena (2000 karaktere, gehienez ere)

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Europa Hurbilago programan aurreikusitako prestakuntza jardueran parte hartzea

Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneetako batek ziurtaturik

10

Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako bi guneetako baten ziurtagiria

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Bruselarako misioan parte hartzea, Europa Hurbilago programaren baitan

Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako guneetako batek ziurtaturik

10

Enterprise Europe Network (EEN) sarearen Nafarroako bi guneetako baten ziurtagiria

Iragarkiaren kodea: F2111305