184. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2021 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, uztailaren 28koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen dituena.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horren barnean, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35. eta 32. artikuluek ezartzen dute ezen, zerga bereziak eta balio erantsiaren gaineko zerga ordainarazteko, Nafarroak aplikatuko dituela une horretan Estatuko lurraldean indarra duten arau substantibo eta formal berak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahal ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahal ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik funtsean aldendu gabe.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 53.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, baldin tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berak Foru Komunitatean aplikatzera Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak eman ditzake tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatutako legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnei, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie, 14/2004 Foru Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Uztailaren 9ko 11/2021 Legeak iruzur fiskalaren prebentziorako eta haren kontrako borrokarako neurriak ezartzen ditu, barne-merkatuaren funtzionamenduan zuzenean eragiten duten zerga-saihestearen praktiken aurkako arauak ezartzen dituen Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiten du eta tributuen eta jokoaren arloko arau batzuk aldatzen ditu; horren ondorioz, zerga bereziei eta balio erantsiaren gaineko zergari dagokien araudia aldatu du, beste gai batzuen artean.

Fabrikazioaren gaineko zerga berezien arloan, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatzen da, arau-hauste astunen kasu berri bat tipifikatzeko: fabrikazioaren gaineko zerga berezien xede diren produktuen kopuruan diferentziak egotea, gutxiago izatea, zehazki, diferentzia horiek erregelamenduz ezarritako portzentajeak gainditzen dituztenean. Helburua da diferentzia horiek egon ez daitezen sustatzea.

Bestalde, Auzitegi Gorenak 2018ko otsailaren 27an emandako epaiaz geroztik, bi arau-hauste tipifikatzen dira, legean eta hura garatzen duen araudian ezarritako baldintzak eta betebeharrak, zenbait zerga onura aplikatzeko beharrezkoak direnak, ez betetzea zigortzeko.

Zehazki, arau-hauste astuntzat hartzeko kasua da betebehar horiek ez betetzea eta ez justifikatzea zertarako edo nola erabili diren salbuespenaren edo zerga-tasa murriztuaren xede izan diren produktuak; arau-hauste arina da, berriz, produktu horiek erabili izana salbuespena edo zerga-tasa murriztua aplikatzea justifikatzen duen helburu baterako.

Horrekin batera, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 70. artikuluaren aldaketa ere egiten da, zehazki, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren karga-tasa zehazteko baliatzen diren epigrafeetan.

Aldaketa horien transposizioa tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu honen lehen artikuluan egiten da.

Bigarren artikuluan, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeari eransten zaizkio Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legean egindako aldaketak. Bereziki, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 108 nonies artikuluaren zazpigarren apartatuko laugarren paragrafoa aldatzen da. Aldaketa horren bidez, ñabardurak eransten zaizkie entitate taldearen araubidearen betebehar espezifikoen ez-betetzeek duten izaerari eta irispideari; izan ere, horietan arau-hausleak entitate nagusiak izan behar du nahitaez, hura delako entitate taldearen ordezkaria eta hura dagoelako beharturik, beraz, araubide bereziak dakartzan betebehar material eta formal espezifikoak betetzera.

Horregatik, tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu hau eman behar da, aipatutako zergei dagokienez Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarrean diren arau substantibo eta formal berak.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko uztailaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.–Zerga Bereziei buruzko Foru Legea aldatzea.

2021eko uztailaren 11tik aurrerako ondorioekin, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen agindu hauek testu hau izanen dute:

Bat. 19.2 artikuluari d) eta e) letrak gehitzen zaizkio:

“d) Fabrika eta gordailu fiskaletan, lehengaietan, fabrikazioan dauden produktuetan edo produktu bukatuetan diferentziak egotea, kopuru txikiagoak, zehazki, diferentzia horiek erregelamenduz baimendutako portzentajeetatik gorakoak badira, Administrazioak egindako izakin-zenbaketan agerian gelditu direnak.

e) Zergapekoek ez betetzea foru lege honetan eta hau garatzen duen araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak, bertan aurreikusitako salbuespenak edo tasa murriztuak aplikatzeko behar direnak, onura horien xede diren produktuak zertarako edo nola erabili diren justifikatzen ez denean”.

Bi. 19.3 eta 6. artikulua:

“3. Aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan aipatu arau-hausteek diru-zehapen proportzionala izanen dute; hain zuzen ere, produktuen kopuruei legozkiekeen kuoten %100, arau-haustea atzeman zen egunean indarra zuen tasa aplikatuta, eta gutxienez ere 1.200 eurokoa izanen da.

Aurreko apartatuko d) letran aipatzen den arau-hausteak diru-zehapena izanen du; hain zuzen ere, zerga bereziaren kuoten %50ekoa. Diferentzia produktu bukatuetan egiaztatu bada, egiaztatutako diferentziari legozkiokeen kuoten gainean kalkulatuko da zehapena, eta diferentzia lehengaietan edo fabrikazioan dauden produktuetan egiaztatu bada, horietatik lor zitezkeen produktu bukatuen kopuruari legozkiokeen kuoten gainean; arau-haustea atzeman zen egunean indarra zuen zerga-tasa aplikatuta kalkulatuko da zehapena, eta gutxienez ere 300 eurokoa izanen da.

Aurreko apartatuko e) letran aipatzen den arau-hausteak diru-zehapen proportzionala izanen du; hain zuzen ere, legez edo erregelamenduz ezarritako baldintzak eta betebeharrak zer produktutan ez diren bete, produktu horiei aplikatutako zerga-onuraren ehuneko 50.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera a), b), c) eta e) letrei dagokien zehapena %25 handituko da, zerga arloko arau-hausteak errepikatzen direnean. Inguruabar hori gertatutzat emanen da arau-hausleak azken arau-haustea egin aurreko bi urtean ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso badu bide administratiboan, aurreko 2. apartatuan ezarritako debekuetako edozein urratzeagatik”.

“6. Zerga arloko arau-hauste arintzat joko da helburu komertzialekin edukitzea marka fiskalik ez duten edari alkoholdunak edo tabako gaiak, edo, marka horiek izanda ere, erregelamenduz horretarako ezarritako baldintzak ez betetzea, non ez zaion 2. apartatuan ezarritakoa aplikatzen jokabide horri. Arau-hauste hori honela zehatuko da:

a) 150 euroko isuna, 1.000 zigarroko multzo bakoitzetik; 600 euro, gutxienez ere, arau-hauste bakoitzeko.

b) 90 euroko isuna, biltzeko tabako xehearen kilogramo bakoitzeko; 600 euro, gutxienez ere, arau-hauste bakoitzeko.

c) 10 euroko isuna edari litro bakoitzeko; 600 euro, gutxienez ere, arau-hauste bakoitzeko.

Aurreko a), b) eta c) letretan ezarritako zehapenak gorantz graduatuko dira, isunaren zenbatekoa %25 handituta, arau-hauste horiek errepikatuz gero. Arau-haustea errepikatutzat emanen da arau-hausleak azkena egin aurreko bi urtean ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso badu bide administratiboan apartatu honetan ezarritako debekuak urratzeagatik”.

Hiru. 19. artikulua, 8. apartatua gehitzea:

“8. Zerga arloko arau-hauste arina da zergapekoek ez betetzea foru lege honetan eta garatzeko araudian ezarritako baldintzak eta betebeharrak, zerga berezien xede diren produktuen erabilera dela-eta salbuespena edo zerga-tasa murriztua aplikatzeko ezarritakoak, non ez den zerga arloko arau-hauste astuna.

Apartatu honetan tipifikatzen den arau-hausteak diru-zehapena izanen du; hain zuzen ere, legez edo erregelamenduz ezarritako baldintzak eta betebeharrak zer produktutan ez diren bete, produktu horiei aplikatutako zerga-onuraren ehuneko 10”.

Lau. 47.1 artikuluan 1., 2., 3. eta 4. epigrafeak aldatzen dira, eta ondorioak 2021eko abenduaren 31 arte izanen ditu:

“1. epigrafea:

a) CO2ren emisio ofizialak144 g/km-tik beherakoak dituzten ibilgailuak, salbu eta “quad” motakoak eta 6., 7., 8. eta 9. epigrafeetan jasotakoak.

b) Motor bakarra duten ibilgailuak, barne errekuntzakoa ez dena, salbu eta “quad” motako ibilgailuak.

2. epigrafea:

CO2ren emisio ofizialak144 g/km-tik gorakoak eta 192 g/km-tik beherakoak dituzten ibilgailuak, salbu eta “quad” motakoak eta 9. epigrafean jasotakoak.

3. epigrafea:

CO2ren emisio ofizialak192 g/km-tik gorakoak eta 240 g/km-tik beherakoak dituzten ibilgailuak, salbu eta “quad” motakoak eta 9. epigrafean jasotakoak.

4. epigrafea:

a) CO2ren emisio ofizialak2240 g/km-koak nahiz hortik gorakoak dituzten ibilgailuak, salbu eta “quad” motakoak eta 9. epigrafean jasotakoak.

b) CO2 emisioak neurtzea eskatu beharrekoa duten ibilgailuak, horiek frogatzen ez direnean.

c) N2 eta N3 kategorietan sartutako ibilgailuak, bizitzatarako moldatuak.

d) “Quad” motako ibilgailuak. Ulertzen da “quad” motako ibilgailua dela lau gurpil edo gehiago eta eskuleku bidezko direkzio sistema dituena; horrez gain, gidaria hankalatraba eserita doa, eta ibilgailuak errepidetik kanpo erabiltzeko egokia den trakzio sistema du.

e) Uretako motoak. Ulertzen da “uretako motoa” dela motor batek propultsatutako itsasontzia, pentsatua dagoena pertsona batek edo gehiagok erabiltzeko, krosko baten gainean eta inguruan, ez haren barruan, eserita, zutik edo belauniko”.

Bigarren artikulua.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

2021eko uztailaren 11tik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 108 nonies artikuluaren zazpigarren apartatuko laugarren paragrafoa aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Entitate nagusia izanen da subjektu arau-hauslea entitate taldearen araubide bereziaren betebehar espezifikoak betetzen ez direnean, horien barne direla entitate taldeari dagozkion zerga zorraren sarrerak, konpentsatzeko eskaerak edo aitorpen-likidazio agregatuaren ondoriozko itzulketak dakartzaten betebeharrak; entitate nagusia erantzulea da, halaber, menpeko entitateek kontsignatzen dituzten eta aitorpen-likidazio agregatuan sartzen diren zenbatekoak eta kalifikazioak egiazkoak eta zehatzak izateaz. Entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten gainerako entitateak zehapen horien ordainketaren erantzule solidarioak izanen dira”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ezartzen dituen ondorioekin.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2111727