178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

Erabaki horren iragarkia 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2021eko ekainaren 30ean.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKO AIEGIKO UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak saihestuta. Ondasun eta espazio publikoak eta udalerriaren hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, oztopo-zutoinak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren ibilgailuak, eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barnean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, Aiegiko udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, eguzki-oihalak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Gizalegezko balioen kontrako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduketak eta ez egiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Aiegiko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea begiratuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu egin behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ez eta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka atera ere.

4. Herritarrek ez dute bide publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

II. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

4. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

5. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko dira, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek, jarduerak udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

6. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, hauek debeku dira:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haietan edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

7. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, lore-aska eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Zuhaitzak moztu, kimatu edo apurtzea, eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea plazetan –zirkulatzeko itxirik badaude–, parkeetan eta lorategietan.

d) Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

f) Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiei kalte egin edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

h) Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

8. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea kalteak eragiteko, haien estetika desitxuratzeko edo erabilera oztopatzeko moduan. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta birziklagarriak izanez gero, bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3. Debeku da paperontzietara material, tresna edo gauza arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta estupefazienteen kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta sutan dauden hondakin solido txikiak nahiz beste edozein gai.

4. Debeku da bide publikoan uztea altzariak, aparatu elektrikoak, etxeko gauzak, eta tamaina handiko beste edozein objektu.

Mota horretako objektuak bota nahi dituzten bizilagunek telefonoz deitu beharko diete Emausko Trapuketariei. Elkarte horrek hitzarmen bat dauka Jurramendiko Mankomunitatearekin zeregin horietarako, eta hura arduratuko da hondakinok modu kontrolatuan biltzeaz. Bestela, zuzenean joaten ahalko dira Lizarrako puntu garbira, eta han utzi.

9. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barnean sartzea edo bertan gauzak garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta substantziak edo gauzak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

10. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Debeku da, udalak baimena eman ezean, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, zuhaitzetan eta hormetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

11. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du honako kasu hauetan:

a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua erakusten duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira kartelak eta banderolak.

4. Kartelek eta banderolek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak. Bestela, Udalak betearazpen subsidiarioa egiten ahalko du, ordenantza honen 34. artikuluan (zehapenen mailakatzea) ezarritakoari jarraikiz.

12. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatu eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Publizitatea etxez etxe banatzen dutenek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduerak

13. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo espazio publikoetan pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen maltzurkeriaz eragitea.

14. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, eta piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea.

2. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduketek errespetatu beharreko baldintzak.

15. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, bai hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko. Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8:00-22:00; gaueko ordutegia, 22:00-8:00. Administrazioak ordubete aurreratzen ahalko du eguneko ordutegia).

d) Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

16. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten dutenean edo osasungarritasunaren edo apaintasun publikoaren kontrakoak direnean, indarra duen legedian ezarritako mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.

17. artikulua. Hondar eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak –orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne– zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo espazioetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; azken kasu horretan, bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da tresna edo objektu arriskutsuak paperontzi edo edukiontzietan sartzea (xiringak, bizar xaflak, osasun laguntzan erabilitako materialak, drogak, produktu kimikoak,...) bai eta zigarro-mutur piztuak edo sua duen beste edozer ere.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura eror badaiteke nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuren batzuen gainean edo kalteak egin badiezazkieke bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

6. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

18. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

19. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte berekin espazio publikoetan, baldin eta eramaten badituzte uhal edo kate batez loturik, edo legez ezarri bezala. (19/2019 Foru Legea, animaliak babesteari buruzkoa eta Lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen udal ordenantza)

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4. Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6. Animaliak ez dira lorategi eta parkeetan bazkatuko.

20. artikulua. Kanpatzea.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/93 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimena izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpatzea bertan behera uzteko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo bide publikoa modu bidegabean okupatzen duten bestelako materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa baztertu gabe horregatik. Ukatuz gero, edo jabeak edo erabiltzaileak ezin aurkituz gero, agintaritza-agenteek bitartekoak jarriko dituzte haiek berehala kentzeko, eta sortzen diren gastuak arau-hausleen kontura izanen dira eta, solidarioki, jabeen kontura.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimena izan ezean.

3. Ezin da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen lekuetan, halakorik prestatuz gero–, horrek trabatzen duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan gauza ditzaten. Oro har, inoiz inork ezin ditu gutxietsi bide edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea eta ekintza askatasuna, ez eta orokorrean onartuta dauden bizikidetzako sineste eta ereduak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ez eta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokaera edo jarduketak egitea ere.

21. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titularrak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2. Terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten kioskoen eta establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoen titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbituko dira eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean egin beharko da beti.

Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, bide publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

22. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Administrazioak diru-bilketarako eskean ibiltzeko baimena ematen ahalko du interes humanitarioko edo sozialeko kasuetan.

23. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

24. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

25. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, hainbat jarduera joko dira eskaletzatzat, hala nola kalean edo erabilera publikoko espazioetan eskean ibiltzea eta ibilgailuen haizetakoak garbitzea.

Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez zein egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskaintzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritza-agenteek galaraziko dute eskean ibiltzea eta, betiere, gizarte zerbitzuen berri emanen diote behartsuari, sorospena eta laguntza eska ditzan.

III. TITULUA

Zehapen araubidea

26. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraikiko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

27. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.

28. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu nabarmenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude Herritarren Segurtasuna Babesteko buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legearen V. kapituluan, edo ordezko araudian, tipifikatutakoen artean. Betiere, arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki hondatzea.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian zirkula dezaten nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larrian eta nabarmenean hondatzen dituzten ekintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:

1. Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

2. Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

3. Bide publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, bai eta haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen badute.

i) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

j) Argiteria publikoaren edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

29. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasunaren babesteko legedian. Betiere, arau-hauste larria izanen da zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3-10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoa modu larrian trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

1. Estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2. Arriskutsua ez den edozein hondakin mota kontrolik gabe abandonatu, isuri edo ezabatzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada kalte larririk eragin.

3. Bide publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek modu normalean zirkula dezaten haientzat prestatutako tokietan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

30. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasunaren babesteko legedian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.

2. Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak uhalez edo katez lotu gabe eramatea, horretarako baimena izan ezean.

3. Bide publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

2. Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3. Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea baimendutakoa baino leku handiagoa okupatuz.

4. Baimenik gabe kanpatzea.

5. Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

6. Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arinak dira:

1. Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2. Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Espazio publikoak animalien gorozkiekin zikintzea eta ez garbitzea.

2. Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.

3. Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

4. Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

31. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 100 eurotik 750 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie, 30. artikuluaren a) eta b) apartatuetan tipifikatutakoei izan ezik, halakoei 60,1 eurotik 150.25 eurora bitarteko isuna ezarriko baitzaie.

Arau-hauste larriei 750,01 eurotik 1.500 eurora bitarteko zehapena ezarriko zaie, 29. artikuluaren a) apartatuaren 2. paragrafoan tipifikatutakoari izan ezik, hari 151 eurotik 600 eurora bitarteko isuna ezarriko baitzaio.

Arau-hauste oso astunei 1.500,01 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko zaie, 28. artikuluaren a) apartatuaren 2. paragrafoan eta g) apartatuan tipifikatutakoei izan ezik, halakoei 601 eurotik 3.005 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

32. artikulua. Kaltea konpontzea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

33. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, bai eta baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 16.1, 17.5 eta 21. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

34. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahitakotasuna.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

IV. TITULUA

Errehabilitazioa

35. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatuari jarraikiko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko errekerimendua egiteko eskumena erabiltzeko.

Iragarkiaren kodea: L2110398