178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Ordenantza, Lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2021eko apirilaren 29an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza.

Erabaki horren iragarkia 2021eko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2021eko ekainaren 30ean.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

LAGUN EGITEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek lagun egiteko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen du, halakoen babesa eta ongizatea eta erantzukizunez eduki daitezen bermatze aldera.

2. artikulua. Lagun egiteko animaliatzat jotzen dira, ordenantza honen ondorioetarako, gizakiek konpainia izateko mantentzen dituzten espezietakoak, baldin eta asmoa ez bada animalia horiek kontsumitzea edo horien ekoizpenak aprobetxatzea.

Helburua

3. artikulua. Ordenantza honek honako helburu hauek ditu:

1.–Lagun egiteko animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea.

2.–Tratu egokia bermatzea eta tratu txarreko egoerak saihestea.

3.–Animaliak arduraz edukitzea sustatzea.

Aplikazio eremua eta salbuespenak

4. artikulua. Ordenantza hau Aiegiko udal mugarteko lagun egiteko animalia guztiei eta horien jabeei aplikatuko zaie, baina honako hauek salbuetsita geratuko dira:

1.–Ekoizpen animaliak.

2.–Fauna basatiko animaliak.

3.–Zezen ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak.

Identifikazioa, osasun kontrola, hilketa eta eutanasia

5. artikulua. Nahitaezkoa da zakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip homologatu batez identifikatzea; mikrotxip horrek Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroak (LEAINE) baliozkotutako kode bakarra eramanen du; izan ere, erregistro horretan erregistratu beharko dira identifikatutako animaliak, sistema horri jarraikiz.

LEAINEko altan animaliaren jabearen datuak eta jardun duen albaitariaren datuak jaso beharko dira, animalia identifikatu eta gehienez ere bost egun balioduneko epean. Alta izapidetzen ahalko du, orobat, identifikazioa egin duen albaitari gaituak.

LEAINEn animalia baten titulartasun aldaketa edo baja eskatzeko, gehienez ere bost egun balioduneko epea egonen da bajaren egunetik edo animaliaren benetako edukitza izateari uzten zaion egunetik aurrera.

Gainera, nahitaezkoa da zakur, katu eta hudo guztiak Udal Erroldan erregistratzea bost egun balioduneko epean, Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan erregistratzen diren egunetik aurrera zenbatzen hasita. Zakurraren jabeari dagokio betebehar hori.

6. artikulua. Lagun egiteko animalien txertaketa edo nahitaezko tratamendua xedatuko ditu animalien ongizatean edo osasunean eskuduna den agintaritzak, eta animaliak bakartzea erabakiko du baldin eta gaixotasun bat diagnostikatu bazaie edo gaixotasun hori izatearen susmoa baldin badago, haiek zaintzeko, sendaketa-tratamendua emateko edo eutanasia aplikatzeko, beharrezkoa bada.

7. artikulua. Animalien tratamenduak eta txertaketak, bai eta nahitaezkoak diren azterketa sanitarioak eta haien aldizkakotasuna ere, erregelamendu bidez ezarriko ditu animalien ongizatean edo osasunean eskuduna den organoak. Zakur eta katuen kasuan, errabia edo amorruaren kontrako txertoa nahitaezkoa denez, nahitaezkoa izanen da urtean behin edo bi urtez behin albaitari-bisita egitea osasun-kontrol baterako, zeina agiri bidez egiaztatuko baita animaliaren pasaportean txertoaren zigilua jarriz eta egoera orokorrari buruzko txostena eginez.

8. artikulua. Zakur guztiak urtero txertatu beharko dira. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.

9. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea beharturik egonen da albaitariarengana jotzera hogeita lau ordu baino lehen, eta albaitari gaituak agintzen duen tratamendua aplikatu beharko da.

Eritasun kutsakorra dela egiaztatuz gero, zakurra bakartu eginen da, inguruabar hori desagertu dela ziurtatu arte.

10. artikulua. Albaitari batek edo pertsona eskudun batek baino ezin izanen du animalia bat hil, betiere egoera justifikatuetan eta indarreko legeriak baimendurikoetan; izan ere, Udal honek esparru horretan indarrean den legeriara jotzen du lagun egiteko animaliak hiltzeko edo haien eutanasiarako jarduketa protokoloak ezartzeko.

Debekuak

11. artikulua. Debeku dira ordenantza honen 13. artikulutik 18.era bitartekoetan azaldutako jokabideak, bai eta arau-hauste arin, astun eta oso astunen zerrendan ezarritakoak ere.

12. artikulua. Udal-mugarteko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txaparik gabe ibiltzea.

Zakurrak lotu gabe ibiltzea debeku da Aiegiko hirigune guztian eta ibilgailuak pasatzen diren errepide edo karriketan.

Alde horietan, zakurrak arduradun bati loturik ibili behar du, gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batekin, edo hede bilkor batekin, gehienez ere 5 metrokoa, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du.

13. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aurreko aginduetan aipatutako betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta bildu eta atxiki eginen dira.

14. artikulua. Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan debeku da horiek edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez eragozpenik ez sortzeko.

15. artikulua. Debeku da zakurren edo beste edozein animaliaren gorozkirik uztea parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko beste edozein tokitan, Aiegiko hirigunearen barnean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak eta, bereziki, zakurraren edukitzaileak bildu egin beharko ditu aipatutako tokietan utzitako gorozkiak.

16. artikulua. Zakurren aisialdi guneetarako arauak:

Zakurren aisialdi gunea:

–Gogoratu: parke hau zure maskotak goza dezan da, bere osasun fisikoa eta mentala mantentzen laguntzeko.

–Mesedez, lagundu zaintzen eta garbi mantentzen: jaso beti gorotzak eta utzi zakarrontzian.

Erabilera arauak:

–Atea itxita eduki.

–Potentzialki arriskutsutzat jotzen diren arrazek edo zakur oldarkorrek muturrekoa eraman beharko dute eta une oro pertsona heldu batek zainduta egon beharko dute.

–Maskota guztiak identifikaturik, txertaturik eta bizkarroirik gabe egon beharko dute, indarra duen legediari jarraituz.

–Guneen erabilera animalien jabeen edo arduradunen erantzukizunpean geratzen da.

17. artikulua. Debeku da zakurrak, edo beste edozein animalia saltoki edo garraio publiko guztietan sartzea (ikuskizun publikoak, kirol eta kultur arlokoak, erabilera publikoko igerilekuak), katea edo muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoa ere. Debeku honen barnean sartzen da etxeetako igogailuen erabilera. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.

18. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egoten ahalko, baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea beharturik dago zakur zaindaria badagoela gaztigatzera, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzukizunak

19. artikulua. Animalia baten edukitzaileak baldintza egokietan eduki behar du hori higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den prebentziozko tratamendu oro eginen du.

20. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta espazio publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, haren erantzukizuna izanen da animaliek bide eta espazio publikoak zikin ditzaten galaraztea.

c) Orobat, haren erantzukizuna izanen da bere animaliak berehala isilaraztea, zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, batez ere hori gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzea aurrerantzean auzoei horrelako eragozpenik ez sortzeko.

Zakurrak edo bestelako animaliak bildu eta atxikitzea

21. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Aiegiko Udalari dagokio:

a) Bere udal mugartean dauden animalia abandonatu edo galduak biltzea, eta haiek animalien harrerarako zentroetan sartzea.

b) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo instalazio desegokietan badaude.

22. artikulua. Aiegiko Udalak gehienez ere hogeita lau orduko epean behar diren izapide guztiak eginen ditu jabea berehala aurkitzeko.

23. artikulua. Jabeak edo baimenduriko pertsonak hamar egun balioduneko epea du identifikaturiko edo identifikatu gabeko animalia berreskuratzeko, jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita, eta behar bezala egiaztatu beharko du titulartasuna; gainera, ordaindu egin beharko du, berreskuratu baino lehen, animaliaren bilketak eta harrera zentroko egonaldiak eragindako gastu guztiak. Behar den lizentzia aurkeztuko du, baldin eta animalia potentzialki arriskutsuetakoa bada.

24. artikulua. Aiegiko Udalak sustatu eta errazten ahalko du abandonaturiko animalien adopzioa, harrera zentroekin lankidetzan.

Arau-hausteak

25. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1.–Arau-hauste arinak dira:

a) Lagun egiteko animaliak edukitzea 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzetan identifikatu edo erregistratu gabe.

b) 19/2019 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eramatea, eguneratu gabe edo gabeziekin.

c) Lagun egiteko animaliak 18 urtez beherakoei edo ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.

e) Espezie orotako animaliak, bereziki zakurrak eta katuak, etxe batean edukitzea udalak, udalez gaindiko erakundeak edo eskualdeak, edo 19/2019 Foru Legea garatzen duen erregelamenduak, gehienez onartutako animalia kopurua gainditurik, kasuan kasuko baimena eduki gabe.

f) Hiri barruko bideetan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

g) Animaliekin sartzea ikastetxeetan, osasun etxeetan, igerilekuetan, taberna-jatetxeetan eta lokal publikoetan oro har.

h) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

i) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, behar den baimena eduki gabe.

j) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

k) Zakurrak hiriko espazio publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

l) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Behar diren neurriak ez hartzea norberaren zaintzapean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko.

o) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

p) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

2.–Arau-hauste astunak dira:

a) Animaliak elikatzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden jakiekin.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Espezie orotako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieketen baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti bakartuta edukitzea, baldin eta espezie gregarioetakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, 19/2019 Foru Legearen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintaritza eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 19/2019 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintaritza eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizazioak, txertaketak, tratamenduak edo denetariko ebakuntza kirurgikoak, edo halakoak egitea 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka.

f) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

g) Animaliekin sartzea elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren lokaletan.

h) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitariaren ziurtagiririk gabe.

i) Zakurrek basafaunari kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.

j) Lagun egiteko animaliei albaitari azterketa ez egitea, agintaritza eskudunak hala agindu duenean.

k) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuz.

l) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.

m) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

n) Urkatze lepokoak erabiltzea eta saltzea, ziridunak nahiz elektrikoak, lagun egiteko animalientzat kaltegarri direnak.

o) Animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.

p) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

q) Uztea edo ez eragoztea animaliak arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.

r) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

s) Istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozer espezietako animalia bati laguntzarik ez ematea, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe ematen ahal denean.

t) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokituta ez dauden maletegietan garraiatzea, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

u) Hiru urteko epean arau-hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

3.–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.

b) Espezie orotako animalien aurka ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Espezie orotako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatu gabeko eszenen filmaketan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamenduak edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan.

d) Animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.

e) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak harrera zentrotik ez berreskuratzea hamar eguneko epean.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.

h) Lagun egiteko animaliei debekaturiko ebakuntza kirurgikoak egitea.

i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.

j) Espezie orotako animaliei nahita tiro egitea, 19/2019 Foru Legean jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza jardueretan espezie zinegetikoei izan ezik.

k) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuta dauden, desagertzeko arriskutan deklaratu dituzten edo 19/2019 Foru Legean berariaz debekatuta dauden animalia espezieen espezimenak, umeak, arrautzak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.

n) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.

o) Ezezkoa ematea 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

p) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

Zehapenak

26. artikulua. Honako zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

27. artikulua. Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan ukatu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabakitzen ahalko ditu:

a) Instalazioak gehienez ere bi urtez ixtea arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez, arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza 19/2019 Foru Legeak araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo lau urtez edo betiko, arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahitakotasuna norainokoak diren.

e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

28. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Nahitakotasuna.

b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerortzea, urtebetean arau-hauste bat baino gehiago egin bada.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

g) Bi urteko epean berreroriz gero, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da; bi aldiz edo gehiagoz berreroriz gero, gehikuntza %100 izanen da.

h) Egitate berean bi arau-hauste edo gehiago egiten badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko graduan.

Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa

29. artikulua. Arau hauste eta zehapen arinek urtebeteren buruan preskribatuko dute; astunek, bi urteren buruan, eta oso astunek, hiru urteren buruan.

30. artikulua. 1.–Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari jarraituko zaio.

2.–Lagun egiteko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen-espedienteak bideratu eta ebazteko ahalmena honako hauei dagokie:

a) Alkateari edo zinegotzi ordezkariari, arau-hauste arinak badira.

b) Udaleko Osoko Bilkurari, arau-hauste astunak edo oso astunak badira.

3.–Zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera datatik kontatzen hasita.

Erantzukizun zibila eta penala

31. artikulua. Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila baztertzen, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituen ordainak ere, halakorik bada.

32. artikulua. Arau-hauste administratiboak delituren bat badakar, Aiegiko Udalak, behin espedienteari hasiera eman zaiola, egitateen berri emanen dio jurisdikzio eskudunari.

Prozedura penal bat hasita, zehapen-prozedura administratiboa bertan behera utziko da, bestearen gaineko ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.

Zehapen eskumena eta prozedura ebazteko epea

33. artikulua. Lagun egiteko animalien alorreko arau-hausteengatiko zehapen-espedienteak bideratzeko eta ebazteko eskumena Aiegiko Udalari dagokio, eta ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozedurari hasiera ematen zaion egunetik zenbatzen hasita.

Zehapenetatik datozen diru-sarreren zertarakoa

34. artikulua. Aiegiko Udalak ordenantza honetan bildutako arau-hausteengatiko zehapenetatik datozen diru-sarrerak baliatu beharko ditu animalien babesa sustatzeko jarduketetan, erregelamendu aplikagarriari jarraikiz.

Animalien babesaren arloko zabalkundea eta heziketa

35. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

36. artikulua. Aiegiko Udalak animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatuko ditu; honako hauek, besteak beste:

a) Aldian behin sentsibilizazio eta sustapen kanpainak bultzatuko ditu edukitza arduratsuari, animaliak identifikatu beharrari, animalien kontrolik gabeko ugalketa eta animalien abandonua galarazteari, adopzioen sustapenari eta abarri buruz.

b) Ikasleen eta herritarren artean animaliak babestearekin lotutako edukiak hedatuko ditu.

c) Animalien jabe eta edukitzaileentzako prestakuntza kanpainak bultzatuko ditu, animaliak arduraz edukitzea bermatzeko.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Aplikazio osagarria

Ordenantza honetan aurreikusi ez direnetan, honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Jarduera Sailkatuei buruzko Erregelamendua, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak.

Iragarkiaren kodea: L2110397