178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Epea irekitzea autogintza sektoreko Nafarroako enpresentzat Alemanian eginen den ekintza komertzialean parte hartzeko.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako laugarren Nazioarteko Plana prestatu du (PIN4), Foru Komunitatearen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroako laugarren Nazioarteko Planaren barnean, Alemania da autogintzaren sektorearen ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko herrialdeetako bat, bertan dauden aukerabideengatik.

Autogintza Alemaniako industria sektore nagusia da, eta une honetan aldaketa prozesu bat jasaten ari da. Fabrikatzaile nagusiak hurbilago dauden hornitzaileen bila ari dira, hain urrutitik datozen hornigaien menpe ez egoteko, eta, horrela, aduanako prozesuak eta prozesu logistikoak arintzeko. Gainera, aurreikuspen baikorrak daude 2021eko bigarren seihilekoari begira, eta espero da 2022. urteari begira sektoreak susperraldi bat izatea. Horregatik guztiagatik, merkatu-hobi bat da Nafarroako enpresentzat.

Ekintza 2021eko irailetik abendura bitarte eginen da, eta, egungo osasun egoera dela-eta, gehiena online formatuan izanen da.

–Ekintzaren helburuak.

Nafarroako autogintzaren sektorea Alemanian sustatzea.

• Nafarroako enpresa taldeentzako benetako negozio aukerak identifikatzea eta lantzea, destinoko eragileekin batera.

• Alemaniako enpresa eta erakundeekin harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikorako harremanak sortzea, produktuak elkarrekin fabrikatzeko, teknologia elkarri aldatzeko, azpikontratazioak egiteko, elkarlanerako aliantzetarako, ezagutza trukatzeko, eta abar.

–Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

• Abiapuntuko bilera, parte hartzen duen enpresa nafar bakoitzaren barne egoera analizatzeko.

• Balizko bezeroen eta destinoko gako-eragileen profilak zehaztea.

• Negozio aukerak bilatzea eta identifikatzea, Alemaniako enpresen azpikontratazio beharrak oinarri harturik.

• B2B topaketak Alemanian sektorean jarduten duten gako-eragileekin eta balizko bezeroekin.

• Ekitaldian parte hartzen duten Nafarroako enpresen katalogo bat prestatuko da. Formularioan eskatutako informazioa aurkezten duten enpresek ziurtatua izanen dute katalogo horretan agertzea.

–Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

• Autogintzaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak edo zentro teknologikoak izatea.

• Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

–Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2021eko abuztuaren 31ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/accion-comercial-en-alemania-para-empresas-navarras-del-sector-de-la-automocion.

Fitxa horretan, formulario bat betetzea eskatzen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

–Parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

Ekintza honetan 10 enpresak parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak, gehieneko kopurura heldu arte.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die inskripzio fitxan adierazitako gaitutako helbide elektronikora, eta ekintza prestatzeko bilera batera deituko zaie.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

• Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

• Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2110566