178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

173E/2021 EBAZPENA, 2021eko ekainaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Erriberriko udal-mugartean sarearekiko konexioa duen parke fotovoltaiko bat, 1.920 kWp-koa, ezartzeko proiektuari. Carcar Gaya A., Escalera Galar E. I., Escalera Landivar F. eta Nuin Valencia J. dira sustatzaileak.

2021eko otsailaren 8an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko duela; uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketa Erriberriko 15. poligonoko 943-J lurzatian (“La Falconera” parajean) sarearekiko konexioa duen parke fotovoltaiko bat, 1.920 KWp-koa (potentzia nominala), ezartzean datza. 31.192,22 m²-ko lurzati laua da, lehorreko zereal laborantzarako erabiltzen dena. Hauek dira haren mugak: ipar-mendebaldean, 943-K lurzatia; ipar-ekialdean, 943-A lurzatia; ekialdean, Valmayor sakana; eta hegoaldean, Erriberritik San Martin Unxerako NA-5300 errepidetik sartzen den landabidea, gutxi gorabehera 650 metro urrunago hegoaldean. Inguruko lurzatiak lehorreko eta ureztatutako laboreetarako erabiltzen dira eta hiriguneetatik 2 km baino gehiagora daude.

Proiektatutako eguzki-parkeak lurzatiaren %93 (29.122 m²) hartuko du. Azaleraren perimetro guztia hesituta egonen da, lurzatiaren mugatik 5 m-ra bihurdura bakuneko sarea, 2,25 m-ko altuerakoa, jarriko baita. Hesiaren zimendurako, 3 m-an behin sare elektrosoldaturik gabeko dadoak, 30 x 30 x 30 cm-koak, jarriko dira. Mantentze-lanetarako ibilgailuen sarbidea 3 m zabal izanen da eta parkearen hego-ekialdeko zatian jarriko da, hartxintxarrean.

Sorgailu fotovoltaiko globalaren guztizko potentzia instalatua 2.187 kWp izanen da eta 4.860 modulu edukiko ditu (27 moduluko 180 serie), altzairu galvanizatuzko egitura baten gainean jarriak eta ardatz bakarreko jarraipenaz hornituak. Egiturako zutoin nagusiak lurrean zuzenean tinkatuta egonen dira, eta ahal den heinean zimenduak saihestuko dira. Lur mugimendu txiki bat baino ez da eginen tinkatu aurretik lursaila egokitzeko. Moduluak gehienez ere 3,25 m altu izanen dira, eta jarraitzailearen punturik altuenak inoiz ez du 3,5 m-ko garaiera gaindituko. Jarraitzaile batetik besteraino gutxi gorabehera 5,4 m-ko tartea egonen da. Serieak euskarri egituran zehar eta lurpeko eroapenez bideratuko dira inbertsore fotovoltaikoak kokatzen diren lekuraino.

Lurzatiaren hego-mendebaldeko ertzean hormigoizko bi eraikin prefabrikatu instalatuko dira. Beraz, 12,43 m² eta 19,23 m² lursailetan zelaitze-lanak egin beharko dira. Halaber, zelaitze-lan txikiak eginen dira skiderako hormigoizko zolata txikia, 6 x 3 m-koa (18 m²) eta 15 cm-ko lodierakoa, egiteko.

Hustuketa linea lurpekoa izanen da. Horretarako, dagoen bidearen ertzean gutxi gorabehera 720 m-ko kanalizazioa erabiliko da, Iberdrolaren erdi-tentsioko aireko lineako 1.106. euskarrira heldu arte; linea hori NA-5300 errepidearekiko paraleloa da. Euskarriaren gurutzeta aldatuko da aireko eta lurpeko lotunea egiteko.

Proiektuaren arabera, parkearen bizitza baliagarria 40-50 urte izaten ahal dira, eta, ustiatu ondoren, lurzatian berriz ere nekazaritza jarduerari heltzen ahalko zaio. Ustiapen aldian, aurreikusten da ukitutako azalera guztian landare estaldura mantentzea, lastodunez, hirustez eta askimotzez osatua, zeinak mantentze-lan eskasak eta ureztapen gutxi beharko dituen. Aldizkako mozketak lurrean utziko dira, lurzoruari materia organikoko ekarpena egin diezaioten, eta, behar izanez gero, materia organikoa gehituko da konpostez, hurbileko ganadutegietako simaurrez edo noizean behin zisternaz ureztatuz.

Espedienteak Erriberriko Udalaren aldeko hirigintza txostena eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena jasotzen ditu.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erriberriko udal-mugartean sarearekiko konexioa duen parke fotovoltaiko bat, 1.920 kWp-koa, ezartzeko proiektuari. Cárcar Gaya A., Escalera Galar E. I., Escalera Landivar F. eta Nuin Valencia J. dira sustatzaileak.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Baimen honek 4.860 moduluko eguzki-parke fotovoltaiko bat ezartzeko babesa ematen du. Guztizko potentzia instalatua 1920 kW-eko potentzia nominala izanen da. Halaber, lotutako instalazioak eta konexio punturainoko lurpeko hustuketa linea ere ezartzea baimentzen du.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalaziotik edo azpiegituratik ateratzen diren elementuek 3 m-ko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Egin nahi den jarduerak uki edo oztopatu ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Proposamenak herri-lurrei eragiten dienez, Herri-lurren Atalaren 2021/06/16ko txostenari jarraituko zaio eta determinazio hau beteko da:

  • Obra-lizentzia eman aurretik, Erriberriko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien desafektaziorako eta ondorengo erabileraren lagapenerako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gainean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 143. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa gorabehera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta instalazio horiek baimentzeko prozedurak arautzen dituenak, zera ezartzen du energia instalazioen onura publikoaren deklarazioari buruz, 149. artikuluan: “berekin ekarriko du instalazio elektrikoa jabari, erabilera edo zerbitzu publikoko lurretan, estatuko edo autonomia-erkidegoetako ondare-lurretan zein probintziako edo udalerriko berezko edo herri-lurretako erabilerako publikoko lurretan, horietako obra eta zerbitzuetan eta zortasun publikoko eremuetan jartzeko edo horietatik igarotzeko baimena”.

Ondorioz, nahitaezko desjabetzea baliatzen bada, ez da beharrezkoa izanen udalak atal horri lurrak okupatzeko inolako baimenik eskatzea.

• Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honek babesten dituen jarduerak edo jarduketak baimena eman eta bi urteko epean gauzatu edo abiarazi beharko dira gehienez ere. Epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da. Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

Ingurumen arlokoak:

• Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du eta argi mugatuko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik.

• Obrak bukatu ondoren, ukituriko eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hastean, landare lurrezko geruza kenduko da, eta hondeaketaren gainerako materialetatik bereizita bilduko da, bukaeran lehengoratzeko erabiltze aldera.

• Proiektuan adierazitakoari jarraituz, erretenen eremuetan eta lurzatiaren mugetan zuhaiztia eta sastrakak ukitzea saihestuko da.

• Hesiak lurretik bereizita egon beharko du; hain zuzen, 15-20 cm-ko altuera utzi beharko da libre, fauna igarotzeko. Iragazkortasunaren alde egiteko, gomendatzen da bihurdura bakuneko sarearen ordez ehiza-hesia erabiltzea.

• Instalazioa paisaian integratzen laguntzeko, baina ez ezkutatzeko, kokatzen den nekazaritza eta landa eremuan olibondo edo almendrondo ilara bat landatu beharko da (altuera txikiko espezieak dira) zuhaitzik gabeko perimetroan. Aleen artean gutxi gorabehera 10 m-ko tartea egon beharko du, eta jarraitzaile fotovoltaikoetatik ere bereizita egonen dira, instalazioa ez iluntzeko. Eremuko berezko basa espezieak ere erabiltzen ahalko dira, adibidez, Alepo pinua edo zurbeltza (Quercus rotundifolia).

• Elektrokuzio arriskua murrizteko, 1106. euskarriaren aldaketan erabat isolatuko dira lineako eroaleen, ebakigailuen eta (halakorik bada) autobalbulen arteko lotura zubiak. Isolatzeko erabilitako materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira. Era berean, paratzeko eremuaren eta elementu eroaleen artean metro bateko luzera lortu beharko da, ainguraketa isolagailuak aldatuz edo oraingo isolagailuak mantenduz eta ainguraketa grapa eta eroalea forratuz, guztira metrora heldu arte.

• Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Taldeari inguruabarren bat (obra hasiera, etab.) ohartarazi behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Tafalla-Zangozako barrutiari (gmatafalla@navarra.es).

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 12.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Erriberriko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea), Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalari eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Nekazaritza Zerbitzuko Lurzoru eta Klimatologia Bulegoari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta interesdunari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2110536