178. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartua, Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroa) proiektuari Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren adierazpena ematen diona, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusten diren ondorioetarako. Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

2020ko urriaren 20an, Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak eta Iruñerriko Zerbitzuak SA erakundeko zuzendari-kudeatzaileak eskatu zuten Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren proiektuari (edo Iruñerriko Ingurumen Zentroa) Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren adierazpena ematea, eta orobat Interes Orokorraren adierazpena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 42.etik 47.era bitarteko artikuluetan eta haiekin bat datozen artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ondoren, 2021eko maiatzaren 5ean, erantzuna eman zieten Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusiak (Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak), 2020ko abenduaren 21ean eta 2021eko martxoaren 29an, hurrenez hurren, ezarritako bi errekerimenduri. Agiri horiek hasieran aurkeztutakoak ordezten dituzte, eta aldaketak eransten dituzte Parte-hartze Planean eta arautegian (determinazio lotesleetan zentratzen da); bideragarritasun ekonomikoari buruzko txosten bat eta jasangarritasunari buruzko memoria bat ere eransten dituzte, eta urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretua betetzeko egokitzen da (haren bidez arautzen dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua).

I.–Zentroaren xedea eta deskribapen laburra.

Lurralde antolamendurako tresna honen xedea da behar diren determinazio zehatzak ematea Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezarri ahal izateko Noaingo -Elortzibar- udalerrian, Iruñeko Garraioaren Hiria zabaltzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. Fasearen Birzatiketa Proiektuaren 4.1 lurzatian, Iruñerriko hiri-hondakinen tratamendu integrala egiteko.

Agiriaren memoriaren arabera, 2019an Iruñerriko Zerbitzuak SAk etxeko hondakinen 150.751 tona kudeatu zituen, gehienak bilduta eremu publikoan jarritako 5 edukiontzien ereduaren bidez, honako zatiki hauek biltzeko: errefusa, era bereiztuan bildutako gai organikoak, ontziak eta materialak, papera-kartoia eta beira.

Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean aurreikusitako helburuei erantzun ahal izateko, Iruñerriko Mankomunitateak, Iruñerriko Zerbitzuak SA erakundearen bidez, ontzat eman du funtzio anitzeko zentro bat ezartzea, zerbitzu horretara atxikirik dauden Iruñerriko 48 udalerrietan eremu publikoan ezarritako 5 edukiontzien eredu horretatik 4tan (papera-kartoia izan ezik) jasotzen diren hiri hondakinen zatikien tratamendu integrala egiteko.

Iruñerriko Ingurumen Zentroan, arestian zehaztutako hiri-hondakinen zatikiak tratatzeko behar diren instalazioetako eraikinak ezarriko dira, eta horiez gain:

–Digestio anaerobioan sortzen den biogasa arazteko instalazioa, biometanoa lortzeko eta gasaren sarean txertatzeko.

–Gas natural konprimatuaren (GNK) karga lasterra egiteko instalazioa, hondakinen kamioien eta ibilgailuen hornidurarako.

–Energia fotovoltaikoa plaka fotovoltaikoen bidez aprobetxatzeko instalazioa, Zentroko eraikinen estalkien zati handi bat hartuz, 1.180 Kw-eko potentzia nominal instalatua aurreikusten dela.

–Hondakinen bilketako kamioi eta ibilgailuentzako nabea.

Ez da aurreikusten kanpoko azpiegiturarik egitea, soilik dagoeneko han dauden edo Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasean aurreikusten diren azpiegitura edo zerbitzu sareetako harguneak edo loturak egiteko behar direnak.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala gauzatzeak soilik beharko du hark jasotzen dituen instalazioak garatzen dituzten eraikuntza-proiektuak idaztea eta tramitatzea, unean-unean Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko dituen faseen edo programazioaren arabera.

UPSak bi fasetako programazio orientagarri bat jasotzen du. 1. fasean aurreikusten da azpiegitura horren garapen ia osoa, eta orobat eraikin osagarriak, bideak, aparkalekuak, barneko urbanizazioa eta instalazio osagarriak. 2. faserako uzten dira egurra tratatzeko eta beira fintzeko eta biltzeko instalazioak eta eraikinak. Hondakinen bilketako ibilgailuen nabea, aurreikuspenen arabera, era independentean gauzatuko da, edo hasiera batean aurreikusten diren bi faseetako baten gauzapenarekin batera. Ez da ezarri denbora-programaziorik.

II.–Txosten sektorialak.

Espedientean jasota daude proiektuaren alde honako erakunde hauek emandako txostenak: Babes Zibileko Zerbitzua (2021eko martxoaren 23a); Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia (2021eko martxoaren 8a); Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegituren eta Garraioen Zuzendaritzak (2020ko azaroaren 19a eta 20a); eta Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Ikus-entzuneko Komunikazio Zerbitzuen Telekomunikazio eta Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia (2020ko azaroaren 22a).

Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenak baldintza jarri du zenbait xedapen eta plano eranstea zortasun aeronautikoen gaiari buruz, eta Babes Zibileko Zerbitzuaren txostenak, berriz, irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretua betetzea, eta horrez gain, etorkizunean baimenik ez ematea hauei:

–Lerrokatzeen aldaketei, eraikitzeko aukera ematen badute, industria establezimenduetako suteen aurkako segurtasun erregelamenduaren arabera C MOTAkoa den establezimendu batetik hiru metrora edo gutxiagora.

–Lurzatien banantzeei, horien ondorioz sortutako lurzatien muga berriak industria establezimenduetako suteen aurkako segurtasun erregelamenduaren arabera C MOTAkoa den establezimendu batetik hiru metrora edo gutxiagora badaude.

2020ko azaroaren 2an eskatu ziren eta artean jasotzeko daude Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Herrilanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostenak.

III.–Ingurumen arloko tramitazioa.

2021eko ekainaren 15ean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak bere txostena eman zuen, ondoko hauek ondorioztatuz:

–Iruñerriko Zerbitzuak SAk sustatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala ez dago behartuta egitera planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoa, ez eta proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ere, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

–Iruñerriko Ingurumen Zentroari dagokion jarduera-proiektua behartuta dago ingurumen baimen integratua lortzera, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera; haren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko Legearen testu bategina.

IV.–Kontuan hartu beharrekoak.

–Udalez gaindiko Proiektuaren adierazpena emateko arrazoien justifikazioa.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 42.4 artikuluaren arabera:

“Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bati udalez gaindiko adierazpena ematea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, honako hauek arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean:

a) Aurreikusitako jarduketek edo azpiegiturek udalez gaindiko esparruan eragiten diotela lurraldearen antolamenduari, eta baldintza hauetako bat betetzen dutela: lurraldearentzat antolatzaileak eta egituratzaileak izatea; edo baliagarriak izatea Nafarroako Gobernuaren, toki entitateen edo estatuaren politika sektorialak Foru Komunitatean garatu, ezarri edo exekutatzeko; edo foru legedi sektorialean ezarritako determinazioek agindutakoak izatea.

Horri dagokionez, UPSak badu berariazko atal bat, eta han egiten diren iruzkinetatik azpimarragarria da honako hau: Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana da Foru Komunitatean hurrengo urteetarako hondakinen prebentzioa eta kudeaketa antolatzeko politikaren oinarrizko tresna, eta han aurreikusten zenaren arabera, sortutako errefusa-zatikiaren %100 tratatzeko kudeaketa alternatiba bat eratu behar zen, materialen eta gai organikoen birziklatzea eta balorizazioa ahalik eta handienak egiteko, eta horretarako tratatuz isuri aurretik. Hori da, hain zuzen ere, UPS honek planteatzen duen Ingurumen Zentroaren helburua.

Beste alde batetik, ekainaren 15ean, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak bere txostenean esan zuen Ingurumen Zentroa egiteko jarduketa Nafarroako Gobernuaren hondakinen inguruko politika sektoriala gauzatzeko neurrietako bat dela, bereziki Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana gauzatzeko, eta horrek erraztuko duela Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean aurreikusitako helburuak betetzea.

–Parte hartzea:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. eta 42. artikuluen arabera, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko adierazpena edo onarpena eman aurretik, ezagutarazteko eta parte-hartzeko prozesu bat egin behar da, proiektuak ukitzen dituen lurraldeko eta gizarteko eragileekin.

Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuak bi txosten eman ditu UPSaren parte-hartze planari buruz, azkena 2021eko ekainaren 2an, aldeko iritzia emanez.

–Indarrean den planeamenduarekiko koherentzia.

UPS hau koherentea da Barruti Zentralaren Lurraldearen Antolamenduko Planarekin (POT3), hark bere egiten baitu Nafarroako hondakinen kudeaketarako plan integratua, eta haren aurreikuspenak eta helburuak betetzen baititu UPS honek.

Proiektu honek Iruñeko Garraioaren Hiriaren UPSaren 4. fasearen arautegiarekiko duen koherentziari dagokionez, (UPSa zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolaketari dagokienez aldatzeko espedientean jasotzen dira; sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da, eta Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez onartu zen - 2020ko otsailaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), justifikatu behar da:

–UPSaren memoriak jasotzen ditu 58.640,14 m²-ko eraikigarritasun konputagarria eta 1.380,87 m² ez konputagarria (ataripeak eta ebakuazioko eskailerak) eta okupazioa, berriz, 54.202,99 m² konputagarriak eta 1.380,87 m² ez konputagarriak (ataripeak eta ebakuazioko eskailerak). Argitu behar da ea zer irizpideren arabera dauden eraikin edo eremu ez konputagarriak.

–UPSak planteatzen ditu bi lokal Tentsio Altuko transformadoreak (CT2 eta CT3 izendatuak) sartzeko, lurzatiaren aurrealdean eraikitzeko gehieneko lerrokatzeak ezartzen duen muga baino hurbilago daudenak. Gai hori, hala badagokio, UPSa onartu baino lehen zuzendu beharko da.

Azkenik, adieraztea ezen, IGHaren UPSaren 4. fasearen arautegiak arautzen dituen gainerako gaiak, batez ere barneko urbanizazioari eta akaberei dagozkien gaiak, eta orobat, arautegi sektoriala betetzeari eta orain gutxi dela onartutako IGHaren 4. fasearen Birzatiketa eta Urbanizazio Proiektuen arabera egokitzeari dagozkienak, hartan jasotzen diren eta Iruñerriko Ingurumen Zentroaren exekuzioak beharrezkoak dituen instalazioen eraikuntza-proiektuen izapideetan baloratuko direla.

–Determinazioak eta dokumentazioa.

Dagoeneko adierazi denez, UPSaren xedea da egoki arautzea edo behar diren determinazioak zehaztea Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezartzeko Iruñeko Garraioaren Hiria Zabaltzeko UPSaren 4. fasearen Birzatiketa Proiektuaren 4.1 lurzatian. Horretarako, UPSak indarrean diren hirigintza antolamendurako determinazioak aldatu ez baina, determinazio gehiago ezartzen ditu, Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezarriko den eremu edo lurzatiari buruz; hauek zehazki:

–Erabilera nagusia: Iruñerriko Ingurumen Zentroa, Iruñerriko Hiri Hondakinen zatiki nagusien tratamendua egiteko.

–Erabilera bateragarriak: instalazioak behar dituen ibilgailuak, aldagaiak edo makineria osagarria gordetzeko eta konpontzeko lokalak eta tailerrak; bulegoak eta laborategiak; jantokiak, atseden guneak, lehen sorospeneko guneak, langileen komunak eta aldagelak; egiturak; beharrezkoak diren lokal teknikoak, instalazioak eta azpiegiturak; energia berriztagarria sortzeko eta bertan kontsumitzeko edo energia sareetara txertatzeko instalazioak; produktuak hirugarrenei saltzeko guneak; hondakinen zerbitzuak erabiltzen dituen ekipo eta materialen biltegiak.

–Zentroaren ezaugarriak hauei dagokienez: eraikin eta instalazioen banaketa eta kokapena, lurzatien okupazioa, eraikinen altuera, eraikitako azalera. Determinazio hauek dokumentazio grafikotik sortzen dira.

–Lurralde fisikoaren gaineko eraginaren analisitik eratorritako prebentzio eta zuzenketa neurriak; ingurumen eraginak eta horiek zuzentzeko edo minimizatzeko bitartekoak.

–Espazioa pertsonekiko eta inguruarekiko ikuspegi abegikor batetik egokitzeko eta eroso egiteko determinazioak, genero eraginaren txostena aintzat hartuta.

Gainera, UPSak baditu hirigintzari eta sektoreari dagokien legediaren arabera eskatzen ahal diren dokumentazio eta atal guztiak; hala ere, zuzendu edo osatu beharra da, ondoko gai hauei erantzuteko:

–Informazio Geografiko Bektoriala aurkeztu behar da, 253/2019 Foru Dekretua betez, haren 10. artikuluan eta Eranskinean aipatzen diren datu multzoei dagokien informazio bektoriala artxibo digitaletan jasoz.

–“10–ORD–ADECUAC PLANEAMIENTO-A1–1-750” planoa informazio gisa jaso behar da, ez arautzaile gisa. Era berean, nahasmendurik ez eragiteko, plano horretan “lurzatia ixteko gehieneko lerrokatzea” irudira eraman behar da, edo bestela, legendatik kendu.

–Zentroaren ezaugarriei dagokienez, UPSaren Arautegiaren 5. artikuluak aukera ematen du, zenbait muga jarrita, lanak exekutatzeko beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko. Eraikin eta instalazioen banaketari eta kokapenari dagozkien mugak araututako gainerako egokitzapenak bezala osatu edo zedarritu behar dira; eta lurzatien okupazioari, eraikinen altuerari eta eraikitako azalerari dagozkienak, berriz, eraikin bakoitzeko mugekin eta UPSan, 5.4.18 puntuan, eraikin bakoitzerako aurreikusten diren mugen zerrenda edo koadroarekin (Memorian, azaleren laburpen-koadroa, altuerari dagozkion datuak erantsita) osatu behar dira. Gainera, eraikinen barne antolaketari dagozkion mugak ezabatu behar dira, ez egokiak jotzen baitira tresna honetan, eta “eraikitako azalera” jarri beharrean “eraikigarritasuna” jarri behar da, IGHaren arautegian eta UPSaren memorian erabiltzen den terminologia bera erabiltzeko.

–6. artikuluan “Sor daitezkeen egokitzapenen justifikazioa eta baimena”, ondoko testu hau ezabatu behar da, 5. artikuluarekin bat ez datorrelako: “Berdin jokatuko da okupazio, eraikitako azalera edo eraikinen altuera murritzagoak egiteko egokitzapenekin, UPSan aurreikusitakoaren optimizazioa ekartzen badute, betiere proiektuaren morfologia, eraginkortasuna eta funtzioak mantenduta”. Gainera, artikulu horretan gehitu behar da eraikuntza-proiektuei atal berezi bat erantsi behar zaiela, hala behar denean, justifikatzeko bateragarria dela edo egokitzen dela 5. artikuluan ezarritako mugen arabera.

–3. artikuluaren (Arautegiaren Garapena) b) apartatua (Lanak exekutatzeko proiektuak eta baimena) osatu behar da, eta horretarako, ondoko hau esaten duen zatian: “Sustatzaileak bermatu beharko du aipatutako exekuzio-proiektuek Proiektu Sektorialaren determinazioak eta ingurumena zaintzeko arautegia atxikitzen dituztela, erakunde eskudunak lanak exekutatzeko baimena eman dezan”, Garraioaren Hiriaren 4. fasearen determinazioak ere gehitu behar dira, eta orobat aplikagarriak diren legedi sektorialak.

–Garapena.

Dagoeneko adierazi denez, UPSaren xedea da behar diren determinazioak zehaztea Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezartzeko Iruñeko Garraioaren Hiria Zabaltzeko UPSaren 4. fasearen Birzatiketa Proiektuaren 4.1 lurzatian, hain zuzen ere, dagoeneko birzatitua dagoen eta urbanizazioa onartua duen lurzatian.

Testuinguru horretan, UPS honek ez du garapen planeamendurik behar, ez eta birzatiketa edo urbanizazio tresnen izapiderik ere. Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala gauzatzeak soilik beharko du hark jasotzen dituen instalazioak garatzen dituzten eraikuntza-proiektuak tramitatzea, horretarako unean-unean Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko dituen faseen edo programazioaren arabera.

Bestalde, gogoratu daiteke ezen, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen urbanizazio-lanak artean egiteko daudelarik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 105. artikuluaren arabera (Urbanizazioa eta eraikuntza bateratuak), “Administrazioak baimena ematen ahalko du urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egin daitezen, betiere horretarako behar diren berme proportzionatuak eskatuz –ezin izanen baitira izan lurzatiaren edo esparruaren hirigintza-kargaren % 30 baino handiagoak–, abal ekonomikoaren bidez edo zuzenbidean onartzen diren bermeetako edozein erabiliz”.

–Interes orokorraren adierazpena.

Mankomunitate sustatzaileak interes orokorraren adierazpena eskatzen du Iruñerriko Ingurumen Zentroarentzat “hala zehazten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. artikulutik 47.era eta haiekin bat datozen artikuluetan”, eta argudio hau azaltzen du:

“Azpiegitura hau interes orokorreko gisa kalifikatzea zalantzarik eragin behar ez duen erabakia da, berau gauzatzea zuzen-zuzen txertatzen delako ingurumenari lotutako europar politika handien esparruan; hona politika horien azalpen xehea:

–Klima aldaketaren aurkako borroka.

–Ekonomia zirkularra.

–Zero isuriak.

Azpiegitura publiko baten interes orokorra asmoa sortzen den une beretik sortzen da, izan ere, guztiak administrazio publikoek sustatu beharrak baitira, herritar guztien onerako, interes partikularren gainetik. Hala ere, Administrazio publikoak berak atxiki du beretzat interes orokorraren adierazpena espresuki ematea babes erantsi bat behar duten hainbat jarduketa publikorentzat, hain zuzen ere, horiek ez gauzatzeak kalte izugarria ekarriko liokeelako gizarte osoari.

Kasu honetan, gainera, Administrazio publikoa bera da behartuta dagoena hondakinak tratatzeko azpiegitura hori bere hornigai gisa sortzera, gainetik duen legediak ezinbestez hala behartzen baitu eta, beraz, ez baitago haren esku bestelako zentzu batean hartzea erabakia.

Horrez gain, hondakinak tratatzeko azpiegiturak hondakin horiek sortzen diren eremu geografiko berean kokatzea, kasu honetan Iruñerriko Mankomunitatearen eremuan, bete-betean sartzen da jarraibide europar hauen inguruan eta hondakinen gaiari buruzko legediari dagokionez Europa osoan gauzatzen ari diren jardunbide ugarien esparruan.

Ildo beretik, azpiegitura publiko hori babesteko interes orokorraren adierazpena emateak motibazio ezin argiagoa du, toki entitate eskudunarentzat nahitaez bete beharrekoa baita defendatzen dena, eta guztiz bat datorrelako zerbitzua hartzen duten herritarren interes orokorrarekin. Izan ere, era horretan, herritarrak, administrazio publikoaren bidez, beren hiri-eremuan sortzen diren hondakinak modurik onenean ezabatzeko bitartekoez hornitzen dira. Jarduketa hau, gainera, zuzen lotzen da maila altuagoko interes batekin, alegia, klimaren aldaketaren aurkako borrokarekin, nazio batuen esparruan, eta Europako Batasunak ekonomia zirkularra sustatzearen eta materialak eta lehengaiak berreskuratzearen alde egin duen hautuarekin.

Lehen esan dugunez, proiektu publiko zehatz baten gainean interes orokorraren adierazpena ematea horri bultzada eta babesa ematea da, berariaz jasoa dagoena Europako, estatuko eta Foru Komunitateko legedian, unean uneko interesetik harago doazen azpiegitura publikoak babesteko. Justifikatu den bezala, azpiegitura hau nahitaezkoa da, ezinbestekoa da, ez da kaltegarria, eta onura ukaezina ekartzen die herritar guztiei; beraz, babesa eta bultzada emateko interes orokorraren adierazpena ematea, justifikatuta ez ezik, halabeharrez onartua behar du izan, erakunde eskudunaren aldetik, hau da, Nafarroako Gobernuaren aldetik.

Iruñerriko Ingurumen Zentroa zalantzarik gabeko interes orokorra duen zerbitzu publikoa da, hondakinen kudeaketarako politika ezin egokiago batean txertatua, eta azken xedea duena ingurumena zaintzea”.

Adierazpena emateko erabakia espedientea behin betiko onartzean hartzen ahalko du Nafarroako Gobernuak, egoki bazaio.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2021eko ekainaren 18ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren proiektuari (Iruñerriko Ingurumen Zentroa, Iruñerriko Zerbitzuak SAk sustatzen duena) Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren adierazpena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusten diren ondorioetarako.

2. Txostenari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileak erabaki honen Kontuan Hartu Beharrekoak atalean aztertutako eta deskribatutako alderdiak berrikusi beharko ditu eta, hala behar bada, proiektu sektorialean sartu.

3. UPSak eta bertan jasotako obrak egiteko prestatzen diren eraikuntza-proiektuek hari buruzko ebazpenean eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dute.

Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

4. Espedientea hilabetez jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzutea ematea ukitutako udalari.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan: Gonzalez Tablas kalea 9, 3. solairua, 31005 Iruña, eta epe horretan zilegi izanen da aurkeztea, idatziz, egoki irizten diren alegazioak.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es

5. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan, eta jakinaren gainean jartzea erakunde hauek: Babes Zibileko Zerbitzua; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Ikus-entzuneko Komunikazio Zerbitzuen Telekomunikazio eta Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua; Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atala; Herrilanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Noain-Elortzibarko Udala; eta sustatzailea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2110533